19. eskola: 2025eko abenduaren 1ekoa
- Garaian garaikoa: Joan den asteartean, azaroak
25, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan
genuen. Horren harira, Andoaingo adierazpen
instituzionala, Andoaingo udalak
herrian izandako sexu erasoen harira plazaratutako ohartarazpena edo
adierazpen instituzionala zuzendu dugu. Lexikoa ikasteko jarduera honetan,
ikasleek testuko hutsuneak bete behar zituzten hitz-bankuko hitzak hutsune
egokietan txertatuz.
OHARRA: Norbaitek
berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura
dago blogean.
Irmoki: “firmemente”, “categóricamente”
Arbuiatu (=gaitzetsi = ez onartu = txartzat jo): “rechazar”,
“condenar”
Parekidea: “paritario”
Erantzukizun = ardura
Hein = neurri. Hein handi batean = neurri handi batean. Denborazko perpausak egiteko erabil daiteke: Urteetan aurrera noan heinean = … noan heinean, gero eta ile zuri gehiago dauzkat.
- Gaur goizean, 2018ko
irailaren 25ean, gure herrian gertatu (=jazo) diren bi eraso sexisten inguruan,
ZERA adierazi nahi genuke udaleko udal talde guztiok:
Esaldi hori abiapuntutzat hartuta, ZERA testu antolatzailea azaldu diet. Elementu fokalizatzaile honek, foko bat balitz bezala, ondoren datorren informazioa aurreratzen du eta esaldiari zama kentzen dio, arinagoa eta ulergarriagoa gerta dadin. Orri osagarria banatu diet azalpenerako.
- Garaian garaikoa: Ondoren, Ciudad
de Juarezen emakumeak hiltzen deritzon jarduera, genero indarkeriaren
gaia eta testu antolatzaileen erabilera
uztartzen dituena, zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.
OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
1. Kontuz 6. itemarekin. Erantzun zuzena IZAN ERE da, ondoren datorren ideia aurrekoaren kausa baita (ez ondorioa):
i.
Askok ez dute familiarik;
izan ere,
mugan bizi dira eta gurasoak AEBetara joanak dira.
(familiarik ez edukitzearen kausa, gurasoak AEBetara joan izana da).
ii.
Asko mugan bizi dira eta gurasoak AEBetara
joanak dira;
hortaz = beraz = ondorioz,
askok ez dute familiarik.
(familiarik ez edukitzea, gurasoak AEBetara joan izanaren ondorioa da).
Ez dute
familiarik; IZAN ERE, mugan bizi dira eta gurasoak AEBetara joanak dira
= Ez dute
familiarik, ZEREN mugan bizi dira eta
gurasoak AEBetara joanak dira
= Ez dute
familiarik, mugan bizi dirELAKO eta gurasoak AEBetara joanak dirELAKO.
Mugan bizi dira
eta gurasoak AEBetara joanak dira; HORTAZ = ONDORIOZ = BERAZ =HORREGATIK
=HORRENBESTEZ = HORI DELA ETA, ez dute familiarik.
2. Azalpenen artean,
arreta berezia eskaini diogu hiru denborazko hauen arteko aldeari: -T(z)ERAKOAN / -T(z)EAN
/ -TAKOAN. Orri osagarri bat eman diet, hirurak bereiz
ditzaten, ikasleen zenbait oker eta beste zenbait adibide zuzen biltzen
dituena. Horko hainbat adibide irakurri ditugu.
Oker egiten
duten ikasleek -T(z)ERAKOAN gerokotasuna
adierazteko erabiltzen dute (etxera iristerakoan, telebista pizten dut) eta ez da
hala; -T(z)ERAKOAN denborazkoak
justu aurretik gertatzen dela adierazten dut (etxera iristerakoan, ogia erosten dut atari ondoko okindegian).
Gerokotasuna adierazteko, erabili -TAKOAN (etxera iritsitakoan, telebista pizten dut). Bereizketa hau hamaika bider azaldua dudanez,
eurek adibide horiek astiro irakur ditzatela esan diet.
Laburbilduz:
–T(z)ERAKOAN (justu aurretik) /-T(z)EAN
(bitartean) /-TAKOAN (justu ondoren) denborazkoak:
BazkalTZERAKOAN (= justu
bazkaldu aurretik, bazkaldu baino lehen), eskuak garbitu behar dira.
BazkalTZEAN (bazkaltzen
ari zarenean, bazkaldu bitartean), janaria ongi murtxikatu behar da.
BazkalduTAKOAN (=bazkaldu ondoren, bazkaldu ostean, bazkaldu eta gero), hortz-haginak garbitu behar dira.
Emakume hauek hiltzen dituzte, torturak jasanDAKOAN (=torturak jasan eta gero, torturak jasan ondoren). Izan liteke
torturak jasaTEAN hiltzea
ere, hau da, torturak jasaten ari diren bitartean.
Baina ***torturak
jasaTERAKOAN (= jasan baino lehen) hiltzea ezinezkoa da.
3. ORO = GUZTIA > OROTARA = GUZTIRA. Nire arazo guztiak = nire arazo_ oro = nire arazoak oro.
4. Ciudad de
Juarezeko egoeraren balizko konponbideak datoz testuaren amaieran. Konponbideen
enumerazio edo zerrendaketa bat denez, euren artean ez dago kausa /ondorio
harremanik, EMENDIOZKOA baizik:
iii.
Alde batetik, borroka sozialerako
fronteak sortu.
iv.
Bestetik, gobernuei presioa egin.
v.
Halaber = gainera, haurrak
berdintasunean hezi.
vi.
Gainera, emakumeek berdintasun ekonomikoa lortu behar
dute.
vii. Inpunitateari dagokionez, nazioarteko auzitegiak sortu.
- Garaian garaikoa: AHOZKO ADIERAZPENA: Elkarrizketa (45`): Zoritxarreko
genero indarkeria. Urtero, azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako
Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Ikusia dugu Ciudad De
Juarezeko emakumeen egoera lazgarria. Baina hurbilago ere badira kasuak,
Andoainen, esaterako, gaur zuzendu dugun adierazpenean irakurri ahal izan
dugunez. Horren harira, zoritxarreko genero indarkeriari buruz aritu gara
solasean.
1.
2.
Orain dela urte batzuetatik
hona, zoritxarrez, etengabeak dira indarkeria jasan duten emakumeei buruzko
berriak; horietako asko senarrek akabatuta hiltzen dira; beste batzuk bortxatu
egiten dituzte. Lehen ez al zen horrelakorik gertatzen ala isilpean sufritzen
zuten emakumeek?
3.
Egokia al da hedabideek
horrelako albisteak lau haizetara hedatzeko daukaten joera? Komeni al da
horrelakoak zabaltzea? Zergatik? Morbo bila ote dabiltza? Ala emakumeen hobe
beharrez egiten dute? (egoera horretan dauden gainerako emakumeei lagundu
nahian eta emakume horiek euren bikotekidea salatzera bultzatu nahian).
4. Nola jokatu behar luke, zure ustez, horrelako tratu txarra pairatzen dituen emakumezko batek? Izan ere, erraza da esatea, baina makina bat gauza hartu behar da kontuan: senarrarekiko menpekotasuna, senarrari dion beldurra, bizimodua berak bakarrik aurrera ateratzeko zailtasunak… Eta horrelako jazarpenen lekuko izanez gero, nola jokatzen dugu gainerakook?
Norbaiten HOBE
BEHARREZ: esapide honen esanahia hauen parekoa litzateke: norbaitentzat hobe
delakoan, hobe delako ustean. Norbaiten
hoberako edo norbaiten mesedetan. Hona hemen
zuetako batek bere idazlanean idatzitakoa. Euskarako irakasleari buruz ari da: Etxerako
lan asko bidaltzen di(zki)t, baina badakit nire
hobekuntzarentzat egiten duela > … baina badakit nire HOBE BEHARREZ egiten duela;…badakit niretzat hobe delakoan egiten
duela; …badakit nire
hoberako egiten duela;…badakit nire mesedetan egiten duela.
- Garaian
garaikoa: Ostiral
Beltza: kontsumismoak ingurumenean eragiten dituen ondorio larriak. Testua osatu behar zuten, bertatik
ateratako zazpi esaldiak hutsune egokietan txertatuz. Testua irakurri ahala,
zuzendu egin dugu.
OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau – osatuagoa, esaldi berriekin – H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
o
Etxerako lanak:
-
Erlatibozko perpausak
lantzen V
- Bidaiatzeko modu berrien bila: Ikasleek testua osatu behar dute, bertatik
ateratako 14 esaldiak hutsune egokietan txertatuz.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
JARRAITU EGITEN eta AMAITU EGITEN: Iraganeko nor-nori-nork lantzeko berariazko ariketa analitikoak, Bakarka liburukoak (erantzun-orriak ere banatu nizkien). Euren nahieran administra ditzatela ariketa hauek. OHARRA: ariketa hauek ez dira blogean eskuragarri egongo.
JARRAITU
EGITEN: Erlatibozko perpausari edota honek
daraman ondoko izenari kasu-marka egokia ipintzen trebatzeko berariaz
(=espreski) prestatutako indartze-ariketa, hau da, erlatibozko deklinatuak lantzekoa,
erlatibozkoa deklinatzeko arazoak dituztenentzat oso egokia. Errepara
diezaiotela beltzez dagoen aditz nagusiari kasu egokia hautatzeko. Erantzunak
ere banatu nizkien, egin ostean eurek zuzentzeko.
OHARRA: Norbaitek
nahiago badu, ariketa hau – osatuagoa, esaldi berriekin – H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago
blogean.
o Biltegia:
1. Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio. Ulermen-jarduera
honetan, batetik, hitz bankuko hitzak txertatu behar dituzte aholkuen
hutsuneetan eta, bestetik, a), b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo
deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko eta mugagabea errepasatzeko, ariketa
egokia da guztiz.
2. Kohesioa: Sailkatu lokailuak (Lumi). Ikasleen ekoizpen
idatzian nahiz ahozkoan, gramatika zuzentasuna, aberastasuna eta ideien arteko
koherentzia bezain garrantzitsua da ideia horiek (esaldi nahiz paragrafoak)
behar bezala uztartzea (=lotzea), horretarako testu antolatzaileak
(lokailuak,…) erabiliz, “klipak” balira bezala. Funtsezkoa da
ikasleak ideia, esaldi nahiz paragrafoen arteko kohesio edo loturaz
ohartaraztea. Lokailurik erabilienen teoria azaldu nien joan den egunean.
Orain, Lumi bidez sortutako ariketa bat bidali diet etxerako. Bertan, 30 lokailu
dauzkate eta esanahiaren arabera, sailkatu egin behar dituzte.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere
eskura dago blogean.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina