21. eskola: 2025eko abenduaren 10ekoa.
- Genero
indarkeriaren azpigaiari amaiera ematearren, Emakume bati sexu erasoak
egin izana egotzita, hiru gazte atxilotu dituzte izeneko jarduera
zuzendu dugu, esaldiak testuan txertatzekoa, oharrak eginez. Ohar horien
kopia bana eman diet eta zuzenketa egin ahala, azaldu egin dizkiet. Hona hemen
aipagarrienak:
1. Sexu
erasoak egin zizkioteLAKOAN (= zizkiotelako ustean = zizkiotela pentsatuz).
USTEA adierazten du.
·
Batzuetan, kasu honetan bezala,
beste aditz batekin doa:
Gaur
nik liburua klasera ekarri dut, erabiliko duguLAKOAN = erabiliko duguLAKO
USTEAN = erabiliko duguLA PENTSATUZ.
Maila
honetan matrikulatu gara,
aurten asko ikasiko duguLAKOAN = ikasiko duguLAKO USTEAN = ikasiko duguLA
PENTSATUZ.
Ertzaintzak hiru gazte atxilotu zituen, emakume bati sexu erasoak egin zizkioteLAKOAN = egin zizkioteLAKO USTEAN = zizkioteLA PENTSATUZ.
·
Beste batzuetan, berak darama EGON
aditza:
Alderdi
politiko horiek luze baino lehen adostasun batera iritsiko dirELAKOAN NAGO. = iritsiko
dirELA USTE DUT.
Iparraldeko
herrialdeetako bizitza-kalitatea gurea baino askoz hobea dELAKOAN NAGO = dELA
USTE DUT.
Sindikatuek
datorren iganderako deitu duten manifestazioan istiluak sortuko dirELAKOAN
GAUDE = sortuko dirELA USTE DUGU.
Txertoak
eraginkorrak dirELAKOAN ZAUDETE?= txertoak eraginkorrak dirELA USTE DUZUE?
2.
Autostop egiten ari zeLA(RIK). Denbora
adierazten du, baina puntukaria da; beraz,
a)
edo ARIrekin erabiliko dugu: dutxatzen ari nintzela(rik), deitu zenuen. Afaltzen ari
ginela(rik) argindar-hornidura moztu ziguten.
b)
edo aditz trinko batekin:
sofan nengoela(rik), txirrina jo
zuten. Eskolara nentorrela(rik) /nindoala(rik) istripua izan nuen. Korrika
nenbilela(rik), orkatila bihurritu
nuen. Zure zain geundela(rik), sexu
eraso baten lekuko izan ginen. Testuan
bertan baditugu adibide gehiago: zirela(rik), zihoala(rik).
Gutun honen
bidez, jakinarazi nahi nizuke (=jakitera eman nahi nizuke) erositako telebista
ez dabilela.
Zuzendariak
Eskola Kontseiluko kideei jakinarazi die (=jakitera eman die) ikasle kopuruak
behera egin duela.
OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
-
Kohesioa lantzen:
Peñiscolatik bidalitako gutuna, lokailuekin osatzekoa, zuzendu dugu, astiro,
beharrezko azalpenak emanez. Ikasleei ohartarazi diet gutun horretako ideiak
– esaldi nahiz paragrafoak – zein ongi dauden uztartuta, euren arteko erlazioa
adierazten duten lokailuekin, hauek ideiak lotzeko klipak balira bezala.
-
Oharra:
Esana[1]
ziguten Peñiscola ikusgarria dela eta hona etortzea merezi duela, baina ez genuen
uste horrenbesterako (=hainbesterako) zenik.
Partizipioak (“esan”, kasu
honetan) -A
edo -AK
determinatzailea daramanean, ekintza burutua dagoela azpimarratzen da.
Determinatzaile hori “jada(nik)” edo “dagoeneko” erabiltzearen parekoa da.
Horren harira, ikasle batek bere idazlanean idatzitakoa irakurri diet: Gurearen
gaineko pisuaren jabea, nahiz eta pisu turistikoa abian jartzeko baimena onartzeko
zain egon, dagoeneko hasi da bezeroei harrera egiten = bezeroak hartzen.
Ongi dagoen arren, hona
beste aukera bat: Gurearen gaineko pisuaren jabea, nahiz eta…onartzeko zain
egon, hasiA
da bezeroei harrera egiten = bezeroak hartzen.
Hona hemen beste adibide bat: Arotzaren Eskua liburua irakurri dut (“he leído”) / Arotzaren Eskua liburua irakurriA dut = irakurriA daukat (“ya lo tengo leído”). Liburu horiek irakurriAK ditut = irakurriAK dauzkat (“ya los tengo leídos”).
- ENTZUNAREN ULERMENA: Turismoa
Euskal Herrian (x 0´9). Itemak azaldu ondoren, birritan entzun dugu audioa. Gero, zuzendu egin
dugu eta zalantza gehien sortu duten itemetan, entzungaiaren zati hori
hirugarrenez entzun dugu. Itemetan agertu direnez, honako egitura hauek gogorarazi
dizkiet; lehendik ere ezagunak izan behar lituzkete, aurten agertu baitzaizkigu
jada:
“Bere horretan + utzi /
egon / geratu / jarraitu / eutsi...”: lehen zegoen bezala, ukitu gabe,
inongo aldaketarik egin gabe. Aurten
etxeko horma guztiak margotu ditugu, nire logelakoa izan ezik; nire logelakoa
bere horretan utzi dugu.
a EZ EZIK, b ERE. Egitura honek bi osagai elkartzen ditu: “Turismoa ez ezik, beste jarduera ekonomikoak
ere…”
Honen parekoa da: “Ez bakarrik turismoa, beste jarduera ekonomikoak ere…” = “Turismoa eta beste jarduera ekonomikoak…” = “Bai turismoa, bai beste jarduera ekonomikoak…”= “Nola turismoa, hala beste jarduera ekonomikoak…” = “Turismoa nahiz beste jarduera ekonomikoak…” = “Turismoa zein beste jarduera ekonomikoak…”
EZ BEZALA(KOA). Ezezko konparazioa da. Gaztainei eta gaztainondoei buruzko entzungaian (36. fitxa) agertu zitzaigun. Azalpena 37. fitxan duzue eta eduki hau lantzeko ariketak 44. fitxan (ebazpena: 44(bi)).
Hemen (gaur) egun dauzkagun gaztainondoak (a) ez dira orain dela 4.000-5.000 urteko gaztainondoak (b) bezalakoak.
Hemen (gaur) egun dauzkagun gaztainondoak (a) orain dela 4.000-5.000 urteko gaztainondoak (b) ez bezalakoak dira.
Erleei buruzko testutik ateratako berridazketetan ere agertu zitzaigun (54(bi) fitxa):
Heriotzaren berri emateko garaian, erleak (a) ez ziren gainerako etxe-abereak (b) bezalakoak.
= Heriotzaren berri emateko garaian, erleak (a) gainerako etxe-abereak (b) ez bezalakoak ziren.
Konparazioa egiteko modu honetan, bi konparagaiak elkarren ondoan jartzen dira, hots, baiezko konparazioek bezalako ordena du:
Gela hau (a) gela hori (b) BEZALAKOA da.
Gela hau (a) gela hori (b) EZ BEZALAKOA da.
= Gela hau (a) EZ da gela hori (b) BEZALAKOA.
Kristauen ohiturak (a) musulmanenak (b) EZ BEZALAKOAK dira.
= Kristauen ohiturak (a) EZ dira musulmanenak (b) BEZALAKOAK.
Euskal usadioak (a) Andaluziakoak (b) EZ BEZALAKOAK dira.
= Euskal usadioak (a) EZ dira Andaluziakoak (b) BEZALAKOAK.
Nire hileroko soldata (a) zurea (b) EZ BEZALAKOA da.
= Nire hileroko soldata (a) EZ da zurea (b) BEZALAKOA.
Nerabeen kezkak (a) helduenak (b) EZ BEZALAKOAK izaten dira.
= Nerabeen kezkak (a) EZ dira (izaten) helduenak (b) BEZALAKOAK (izaten).
Nik (a) zuk (b) BEZALA hitz egiten dut frantsesez. >>
Nik (a) zuk (b) EZ BEZALA hitz egiten dut frantsesez.
= Nik (a) EZ dut zuk (b) BEZALA hitz egiten frantsesez.
Gazteak ginenean, guk (a) gaur egungo gazteek (b) EZ BEZALA gozatzen genuen asteburuetan.
Afrikako hainbat herritan (a) Europan (b) EZ BEZALA bizi dira.
= Afrikako hainbat herritan (a) EZ DIRA (bizi) Europan (b) BEZALA (bizi).
OHARRA: Azalpena (37. fitxa), EZ BEZALA(KOA) lantzeko ariketa (44. fitxa) eta ariketen ebazpena (44(bi)) berriro ipini dizkizuet blogean, norbaitek berriro egin nahi baditu errazago topa ditzan.
- AHOZKO BITARTEKOTZA (1. saioa): Euskararen Eguna igaro berria dela eta, bi infografia hauek banatu dizkiet: “UEMAko herrietan, lau ikasletik hiruk gaztelaniaz ikusi dute azkenekoz telesail bat” eta “Euskararen kaleko erabilera Tolosaldeko herrietan”. Jarduerari ekin aitzin, grafikoak interpretatzeko jarraibideak eta zenbait gomendio biltzen dituen orria banatu eta azaldu diet. Ondoren, binaka bilduta, elkarri hor dituzten infografiak ahoz interpretatu edo azaldu behar izan dizkiote.
Etxerako lanak:
- Alberto Ladron Aranaren
nobela beltz bat – norberak nahi duena aukera lezake – irakurtzen
has daitezela. Liburutegian dituzte
hainbat ale eskuragarri.
-
Kausazkoei buruzko teoria irakurri.
- Iritzi artikulua. Honako bi gai hauetako baten gainean idatzi: Zoritxarreko
(=zorigaitzeko) sexu jazarpena eta genero indarkeria / Erosketen
zurrunbiloan buru-belarri sartzera garamatzaten egun seinalatu horiek…
- JARRAITU EGITEN:
Iraganeko NOR-NORK adizkiak
lantzeko ariketak, Bakarka liburukoak
(194, 195, 170, 171. orrialde osagarriak) (erantzunak ere banatu dizkiet).
Denak hurrengorako ez egiteko aholkatu diet,
nahieran administra ditzatela ariketa hauek.
OHARRA: ariketa
hauek blogean ere topa ditzakezue H5P formatuan, “Indikatiboko Iraganeko NOR-NORK (1) eta (2)” izenpean.
Biltegia:
Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio. Ulermen-jarduera
honetan, batetik, hitz bankuko hitzak txertatu behar dituzte aholkuen
hutsuneetan eta, bestetik, a), b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo
deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko eta mugagabea errepasatzeko, ariketa
egokia da guztiz.
Erlatibozko perpausak
lantzen V
Bidaiatzeko modu berrien
bila: Ikasleek testua osatu behar dute, bertatik
ateratako 14 esaldiak hutsune egokietan txertatuz.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- NOIZNAHI EGITEKOA: Garaian
garaikoa: Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako
Nazioarteko Eguna, dela-eta, horrekin lotura estua duen jarduera, tratu txarrei buruzko cloze-testa (Eguneroko albisteak, Maite
Asensio) (ebazpena ere banatu
diet erantzunekin eta beharrezko azalpenekin).
[1] OHARRA:
esanA zidaten: Partizipioak
daraman -A horrek, ekintza amaitua dagoela azpimarratzen du. Gaztelaniaz: “ya
me habían dicho”
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina