2026/04/01

B2.2 mailako 44. eskola, 2026ko martxoaren 25ekoa (Aste Santu aurretikoa)

 

44. eskola: 2026ko martxoaren 25ekoa

-   Historian zeresana eman duten emakumeen lana eta meritua aitortze aldera, Elbira edo Elbire Zipitria izan dugu aipagai. Zipitria bere garaian aitzindaria, aurrendaria, bide-urratzailea izan zen eta ikastolen sortzaileetako bat izan zela baiezta liteke. Idatziaren ulermen jarduera zuzendu dugu, testua irakurri ahala.

     Lexikoa: “artekari” (“intermediario”, “mediador”): Bidezko Merkataritzaren helburua ekoizleek euren produktuak zuzenean erosleei saltzea da, artekaririk (= bitartekaririk) gabe. X presidentea artekari aritu da Errusia eta Ukraina arteko gatazkan.

-       Konparaziozkoak lantzeko berariaz prestatutako errepaso-testa (Etxebizitzak alderatzen. Testa) zuzendu dugu.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izanez gero, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-       Konparaziozkoak eginez salgai dauden etxebizitzak alderatzen aritu ginen; gaur, berriz, errepaso testa zuzendu dugu. Ondoren, honako hau galdetu diet. Zein da zuzena?

Etxebizitzetako prezioa? / Etxebizitzen prezioa?

 

Halaber, ikasleen idazlanetako zenbait esaldi jarri dizkiet arbelean, ea NOREN / NONGO artean egokia aukeratzen zuten. Ozenki aritu gara eta nahasmena izan da nagusi. Batzuek senez bata ala bestea aukeratzen zuten, baina arrazoi garbirik gabe.

·         Geletako / Gelen kalitatea ez zetorren bat ordaindu genuenarekin.

·         Nire ustez, aurreikusita dagoen Hilton hotela zabalduko balute, Hondarribia herriko / herriaren nortasuna eta xarma galduko lirateke.

·         Bestalde, hoteleko / hotelaren kokapena ez zen aproposena, eta garraio publikoa hartu behar izaten genuen joan-etorrietarako.

·         Gazteak hain berandu emantzipatzeko arrazoietako bat honako hau izan liteke: etxebizitzako / etxebizitzaren prezioa gorantz doa eten gabe.

·         Baserriko  / Baserriaren kokapena aproposa da landetxe bat zabaltzeko.

·         Etxeetako / etxeen prezioa edo alokairukoa / alokairuarena jaitsiko balitz, gazteek gurasoenetik lehenago egingo lukete alde.

·         Nork finkatzen du gaur egun lurreko / lurraren salneurria ? Erakunde publikoek ? Espekulatzaileek ?

·         Gizarte kontsumista honetan, arropa asko botatzen dugu jantzietako /jantzien edukiontzira.

·         Udal agintari guztiak bat datoz honetan : zaborraren / zaborreko kudeaketa hobetu beharra dago.

·         Garraio publikoa erabiltzeko Mugi txartelaren / txarteleko abantailak handiak dira.

·         Herri txikiak eta hiriak alderatzen (=konparatzen) baditugu, nire ustez, hirien / hirietako abantailak askoz gehiago dira.

Baina zergatik “ZaborrAREN kudeaketa”, “etxebizitzAREN prezioa edo balioa”  eta “txartelAREN abantailak”

 eta ez

“zaborrEKO kudeaketa”, “etxebizitzaKO prezioa edo balioa” eta “txartelEKO abantailak”?

Zergatik “HiriAREN edo hirian bizitzeAREN abantailak”

eta ez

“HiriKO abantailak”?

Bada, abantailak ez daudelako txartelean, txartelAK dauzka abantailak; prezioa edo balioa ez dago etxebizitzan, etxebizitzAK dauka prezio edo balio bat; abantailak ez daude  hirian zuhaitzak, eliza, udaletxea eta parkeak bezala; abantailak hiriAK edo hirian bizitzeAK ( zerk edo nork) dauzka edo ditu.

Beste modu batera adierazita: erlatibozko bat egin beharko bagenu, honako hauek egingo genituzke: “Mugi txartelAK (zerk) dauzkan edo dituen abantailak”, “etxebizitzAK (zerk) daukan edo duen prezioa edo balioa”, HiriAK edo hirian bizitzeAK (zerk edo nork) dauzkan edo dituen abantailak” eta ez “EtxebizitzaN (non) dagoen prezioaedo HiriAN dauden abantailak”.

Esaldi horietatik abiatuta, bi deklinabide kasu hauen azalpena egin diet. NOREN (=ZEREN) eta NONGO kasuak behar bezala erabiltzeko zertzelada nagusi batzuk eman dizkiet eta zenbait adibide jarrita, kasu egokia aukeratzen jardun dugu denon artean.

1. Pertsonek eta animaliekin, hau da, bizidunekin,  beti NOREN kasua erabiliko dugu,  ez NONGO (salbuespenen bat bada. Adib. “gazteetako bat hurbildu zitzaigun” (“uno de los jóvenes”).

2. Baina horrek ez du esan nahi NOREN kasua  bizidunekin bakarrik erabiltzen denik. Adib.: EskolaREN izen ona zabaldu da Irun osoan. ZaborrAREN kudeaketa gai kezkagarria bihurtu da. HiriAREN abantailak askoz gehiago dira herri batENAK baino. EtxebizitzEN prezioa gora doa eten gabe.

3. Kolorea, tamaina, altuera, sakonera, izena, usaina, dimentsioak, egoera, kokapena, ospea edo fama, kalitatea, kualitateak,  propietateak, nortasuna, ezaugarriak, prezioa, balioa, abantailak, eragozpenak, alde onak, alde txarrak...  NOREN kasuan.

4. NONGO kasuak lekua adierazten du.

5. NOREN kasuak, berriz, jabetza edo propietatea adierazten du.

6. NOREN eta NONGO kasuak erlatibozko perpaus batekin interpretatu beharko bagenitu:

NOREN: NORK duen, daukan…zerbait edo norbait adierazten du: Aitona-amonEN baserria: Aitona-amonEK DAUKATEN baserria.

NONGO: NON dagoen, dabilen….zerbait edo norbait adierazten du: AlkizaKO eliza: AlkizaN DAGOEN eliza.

Beraz, adibideokin, ikasle batzuek duten uste okerra – NOREN kasua bizidunekin bakarrik erabiltzen delakoa – baztertu dugu, gela, herria, baserria, hotela, lurra, zaborra, jantziak, etxebizitza, txartela eta hiria ez baitira izen bizidunak. Gatozen bada,

-   AHOZKO BITARTEKOTZA: Bideo-jokoen mitoak ezeztatzen / Emakumeak zientzia arloan.

-      ORAINALDIKO AHALERA. Hasteko, joan den asteko azalpena laburbildu eta Gramatika eta ariketak II liburuko 11. orrialdeko 1. eta 2. ariketetan zalantzarik baduten galdetu diet (erantzun-orrian dituzte erantzunak). 2. ariketari dagokionez, ahalera adizki horiek orainaldikoak, alegiazko = hipotetikoak ala iraganekoak diren adierazi behar izan dute. Pistatxo bat:

Hasieran D- baldin badauka, orainaldia den seinale; hasieran L- baldin badauka, alegiazko edo hipotetikoa den seinale (3. pertsona) eta amaieran –EN baldin badarama, iraganekoa den seinale. 

-      Gramatika eta ariketak II  liburuko 11. orrialdeko  3. ariketan – ezintasuna nola adierazi – aukera bat baino gehiago daudenez, erantzunak banatu dizkiet (izan ere, askok ez zuten egina) Arbelean ere jar dakieke zuzentzeko, esaldi bakoitza lau modutan adieraziz.

Ohar bitez honako honetaz:

Indikatiboa darabilgunean (“dut”, “naiz”…), partizipioa gehitu beharko diogu: “hartu”, “kontzentratu”.

Ahalerako adizkiak (“naiteke”, “dezaket”…) erabiltzean, aldiz, aditzoina: “”har__”, “kontzentra__”.

EZIN DUT kaferik HARTU           EZIN NAIZ kontzentraTU

EZ DEZAKET kaferik HAR_        EZ NAITEKE kontzentra_

EZIN DEZAKET kaferik HAR_    EZIN NAITEKE kontzentra_

EZIN HAR_ DEZAKET kaferik  EZINKONTZENTRA_ NAITEKE

-   Gramatika eta ariketak II liburuko 12. orrialdean, orainaldiko ahaleraren erabilera eta taula ezagunenak dituzte: NOR eta NOR-NORK 3. pertsonakoak. Orainaldiko ahalera zertarako erabiltzen den ere azaltzen du (eurek etxean irakurria izan behar lukete):

a.       Posibilitate hurbila, gerta daitekeen zerbait eta ahalmen edo gaitasun egiaztagarri bat adierazteko.

b.      Baimena eskatzeko.

c.       Mesedea eskatzeko.

d.      Proposamenak nahiz planak egiteko.

 

-       Horiek lantzeko, 13. orrialdeko ariketak (erantzunak banatu dizkiet eurek etxean zuzen ditzaten) eta nik emandako ariketa analitiko osagarriak egin dituzten galdetu diet eta zalantzarik baduten. Izanez gero, argitu.

OHARRA:  Errepara diezaiotela 13. orrialdeko 2. ariketako adibideari:

 Ingelesez astiro hitz egiten badiote, dena ulertzen du.  

= Ingelesez astiro hitz egiTEN BAdiote, dena uler dezake.

 

Hemendik zer ondorio atera daiteke? Ba, ahalera hau erabil daitekeela baldintza errealaren bigarren zatian, ondorio gisa:

Euria egiTEN BAdu, busti egingo gara.

= Euria egiTEN BAdu, busti egin_ gaitezke.

UlerTZEN ez BAduzu, irakasleari galdetu behar diozu.

 = UlerTZEN ez  BAduzu, irakasleari  galde_ diezaiokezu.

Antsietateak jota baldin BAzabiltza, pastilla hau har ezazu.

 = Antsietateak jota baldin BAzabiltza, pastilla hau har_ dezakezu. 

- Ondoren, Gramatika eta ariketak II liburuko 14. orrialdera jo dugu. Orainaldiko ahalerarekin jarraitu dugu, bai, baina oraingoan, sistema guztiak ikusi ditugu: nor / nor-nori / nor-nork (pertsona guztiak) / nor-nori-nork. Hau arbelean azaldu diet, nire azalpena (“Orainaldiko ahalera igarobidea”) eta eskema (“Indikatibotik ahalerarako urratsak orainaldia”) arbelean jarrita, urratsez urrats edo pausoz pauso. Laburbilduz, Indikatiboko adizkietatik Ahalerako adizkietara igarotzeko urrats nagusienak honakook dira:

Nor orainaldiko adizkiak (ez dute zailtasunik eta honezkero badakizkizue). 14. orrialdeko lehenengo taulari erreparatu diogu.

 

Nor-nori orainaldikoak, singular nahiz pluralean (baina nor = zer 3. pertsona dutenak bakarrik) (14. orrialdeko 2. taula):  Indikatiboko orainaldiko  ZAI > DAKI bihurtzen da + nori pertsona marka + -KE. Adib.: zait > dakiDAke; zaizu> dakiZUke; zaie > dakiEke; zaizkigu > dakizkiGUke; zaizkio > dakizkiOke… Adib.: mugikorra lurrera erori ahal zaizu = mugikorra lurrera eror_ dakiZUke; orain hartzen ez badituzu, giltzak bulegoan ahaztu ahal zaizkizu = …giltzak bulegoan ahaztu dakizkiZUke; eskale hori diru eske hurbildu ahal zaigu = eskale hori diru eske hurbil_ dakiGUke                                      

 

Nor-nork orainaldikoak: horretarako, Indikatiboko erroa -U- automatikoki –ZAKE bihurtzen da. Gainerakoan, ez da ezer aldatzen, ez pertsona marken ordena, ez deus. 14. orrialdeko 3. taulako adizkiei banan-banan erreparatu diegu, ikasleak ohar daitezen, alde batetik, aipatutako aldaketa hori gertatu dela denetan (Indikatiboko U> ahalerako ZAKE) eta, bestetik, pertsonen markek Indikatiboko orainaldiko nor-nork adizkietako ordena bera jarraitzen dutela, hau da,  hasieran nor pertsona markak datozela eta amaieran, nork edo subjektuaren markak. Adib.: naUzu > naZAKEzu; zaitUgu > zaitZAKEgu; dUzu > deZAKEzu; gaitUzte > gaitZAKEte; zaitUztet > zaitZAKEtet; ditUzue > ditZAKEzue… Adib.: Eraman ahal naUzu autoz eskolaraino? = Eraman naZAKEzu autoz eskolaraino?; nahi baduzu, guk zu bazkaltzera gonbidatu ahal zaitUgu = …guk zu bazkaltzera gonbida­_ zaitZAKEgu; irakasleak ariketak egitera derrigortu ahal gaitU = irakasleak ariketak egitera derrigor_ gaitZAKE > haiek zuek  haserrarazi ahal zaitUztete > haiek zuek haserraraz_ zaitZAKEtete 

 

Nor-nori-nork orainaldikoak. Aditz hauek nola daude osatuta Indikatiboko orainaldian? Lehenik, NOR=ZER (beti 3. pertsona, singularra nahiz plurala); gero, NORI pertsona morfema eta, azkenik, NORK edo subjetuaren marka: dizut, didazu, diguzu, diet, diegu…Ordena horretatik datorkio aditzari NOR-NORI-NORK izena. Ba ahaleran ez dugu ordena aldatuko. Bi aldaketatxo bakarrik egingo ditugu: DI horri –EZA gehituko diogu (pluralean ere bai) eta NORI eta NORK pertsona marken artean, -KE tartekatuko dugu:                               

Beraz:       DIEZA(zki) + NORI pertsona marka + KE + NORK pertsona marka. (14. orrialdeko laugarren taula) Adib: dizut > diEZAzuKEt; diguzue > diEZAguKEzue; didate > diEZAdaKEte; dio > diEZAioKE; dizuegu > diEZAzueKEgu… Adib.: Dabid, fotokopia bat eman ahal didazu? = Dabid, fotokopia bat eman diEZAdaKEzu?; nik zuei materiala blogean ipini ahal dizuet = nik zuei materiala blogean ipin_ diEZAzueKEt; haiek guri lagundu ahal digute = haiek guri lagun_ diEZAguKEte; zuk guri zalantzak argitu ahal dizkiguzu = zuk guri zalantzak argi_ diEZAzkiguKEzu; haiek haiei apunteak utzi ahal dizkiete = haiek haiei apunteak utz_ diEZAzkieKEte

-     Sistema bakoitzean Indikatiboko adizkietatik Ahalerako adizkietara igarotzeko urrats nagusiak azaldu ahala, ariketa praktiko bat egin behar izan dute ikasleek klasean, taulei erreparatu gabe eta nik emandako trikimailuak aplikatuz. Egin ahala, zuzendu egin dugu (NOR-NORI-NORK sistema zuzentzea falta zaigu).

 OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izanez gero, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-                 Etxerako lanak:

-      NOREN vs. NONGO deklinabide kasuak bereizteko berariaz prestatutako ariketa bidali nien. Gaurko azalpena kontuan izanik, begira dezatela ongi egin duten eta erantzunen bat aldatuko luketen.

-      Alegiazko Baldintza edo Hipotetikoa vs. Iraganeko Baldintza edo Irreala. Alegiazko Baldintza edo Hipotetikoa eta Iraganeko Baldintza edo Irreala bereizteko hamar ariketa (erantzun-orriekin doakizue).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

Orainaldiko Ahalera lantzeko indartze-ariketa. Bertan, 50 esaldi ipini dizkizuet, AHAL + Indikatiboa erabiliz. Zuek horren baliokidea den Ahalerako adizkia erabili beharko duzue (ahaztu gabe aditzari –I /-TU kentzea, hau da, “aditzoina” erabiltzea, salbuespenak salbuespen). Nahasian dituzue NOR, NOR-NORI (3. pertsonak), NOR-NORK (guztiak) eta NOR-NORI-NORK sistemak. Egin eta zuzen itzazue (erantzunak ere badituzue).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-     Egitura, esapide eta esamolde jatorrak euskaraz (I) (gelan zuzenduko dugu).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-    ENTZUNAREN ULERMENA: Zerbitzu enpresak. (entzungaia eta erantzun-orria, blogean eskuragarri).

-       Genero berdintasuna. Josebe Iturriozi egindako elkarrizketa: Josebe Iturrioz: “Denok izan beharko genuke oso feminista”. Ulermen jarduera honetan, erantzun bakoitzari dagokion galdera hautatu behar da.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-    Genero berdintasuna. Euskal Herritik haratago, beste emakume bide-urratzaile bat Coco Chanel izan zen. Berari buruzko ulermen-jarduera (Coco Chanel: moda-diseinatzaile ausarta baino zerbait gehiago). Testua osatu behar da, bertatik ateratako 14 esaldiak hutsune egokietan txertatuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-    Genero berdintasuna: Beste emakume aitzindari = aurrendari = bide-urratzaile bat: Remigia Etxarren. Berari buruzko cloze-testa (erantzunak eta azalpenak ere banatu dizkizuet, zuek zuzen dezazuen eta zuzentzeaz gain, nik idatzitako azalpenei arretaz errepara diezaiezuen): Remigia Etxarren, bizitza hari-harian.

-      Genero berdintasuna. Irakurgaia: Gaztea, argala eta liraina izan behar duzu…emakumea bazara”.

-  AUKERAKO JARDUERA-SORTA: Hilekoagatik baja eman behar LITZATEKE? izeneko jarduera multzoa (bideo-pasartea eta erantzunak, blogean eskuragarri):

o   Lehenik, IKUS-ENTZUNAREN ULERMENA: Hilekoagatik baja emateko Italian egindako proposamena. Itemak irakurri ostean, hirutan ikusi bideo-pasartea eta, jarraian, zuzendu, erantzun orriak erabiliz.

o   Zer diote italiar emakumeek? Bideo-pasartearen zati hori berriro ikusi eta ariketa honetako bi galderei erantzun.

o   Testua osatzen. Ikusitako bideo-pasartearen transkripzioa da eta testutik ateratako zatiekin osatu behar duzue berau.

-          IDAZLANA: Iritzi artikulua. Aukeratu bi gaietako bat:

o   Ezkondu? Zertarako, baina?

o   Tabakoa, etsai isil bezain hilgarria