2026/05/12

B2.2 mailako 53. eskola, 2026ko maiatzaren 11koa

 

53. eskola: 2026ko maiatzaren 11koa

-      ENTZUNAREN ULERMENA: Zer berri? (1). Zazpi albistetxo entzun dituzte eta  bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza  albiste horren gaiarekin uztartu behar izan dute, alegia, berri bakoitza zeri buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute; bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein hiztunek esan edo aipatu dituen aukeratu behar izan dute, beti ere, dauden distraktoreak saihestuz. Ariketa bakoitzerako, behin entzun behar da entzungaia; azken finean, entzungai berak direnez, bi ariketak egitean, azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Nahi izatera, zuzendu ostean, berriro entzun daitezke. Oharra:

“Zaharrak berri”. Norbaitek “zer berri?” galdetzen dizunean, “zaharrak berri” erantzun diezaiokezu, ez dagoela berririk, ezer ez dela aldatu adierazteko. Gaztelaniazko “sin novedad” euskaraz modu txukunean adierazteko modua.

-    Ikusiak ditugun egitura kontzesiboak errepasatze aldera, Gramatika eta ariketak II liburuko 160-161. orrialdeetako teoria laburbiltzen duen errepaso-eskema banatu eta azaldu diet. Ondoren, etxerako bidalitako ariketetan izan litzaketen balizko zalantzak argitu ditugu.

1.         ARREN

·         Aditz jokatua + (E)N  + ARREN: Lanez gainezka nabilEN ARREN, zurekin geratzeko tartetxo bat hartuko dut.

·         Partizipioa + ARREN: Lanez gainezka IBILI ARREN,…

2.         NAHIZ ETA

·         NAHIZ ETA…+ aditz jokatua + (E)N: NAHIZ ETA lanez gainezka nabilEN,..

·         NAHIZ ETA…+ partizipioa: NAHIZ ETA lanez gainezka IBILI,…

3.         BA-  + aditz jokatua + ERE

Lanez gainezka BAnabil ERE, zurekin geratzeko tartetxo bat hartuko dut.

4.         Partizipioa + -AGATIK (ERE)

 Etorriagatik (ere), ikusiagatik (ere), eginagatik (ere), ibiliagatik (ere), joanagatik (ere), hartuagatik (ere)…Lanez gainezka ibiliAGATIK (ERE),…

-AGATIK (ERE) kontzesiboa da ////// -T(Z)EAGATIK (kausazkoa da)

-          Zinemara beranduegi iritsiAGATIK (ERE), aretora sartzen utzi diote. = zinemara beranduegi iritsi dEN ARREN, aretora sartzen utzi diote.

-          Zinemara beranduegi irisTEAGATIK, ez diote aretora sartzen utzi, gainerako ikusleei trabarik ez egiteko.

       = zinemara beranduegi iritsi dELAKO, ez diote aretora sartzen utzi, gainerako ikusleei trabarik ez egiteko.

5.         Partizipioa + –TA  ERE  = partizipioa + -(R)IK ERE

Lanez gainezka ibiliTA ERE = ibiliRIK ERE, zurekin geratzeko tartetxo bat hartuko dut.

6.      Partizipioa + GABE ERE = partizipioa + BARIK ERE (ezezkoetan bakarrik)

Zuk esan GABE ERE, badakit nitaz gaizki-esaka dabilela.                                 

Ikusi GABE ERE, asmatuko nuke zertan ari den une honetan.

7. ADITZIK GABEKO KONTZESIBOAK

IZENA + GORABEHERA  = IZENA + ETA GUZTIZ ERE   = IZENA + -AK + IZEN bera

Buruko mina GORABEHERA, lanean jarraituko dut = Buruko mina ETA GUZTIZ ERE, lanean jarraituko dut.

Autobusek tarteka izaten dituzten atzerapenak GORABEHERA, gustura daude erabiltzaile gehienak zerbitzu horrekin.

Azken urteotako lorpenak GORABEHERA, oraindik zeregin handia dago gizon eta emakumeen artean erabateko berdintasuna lortzeko.

Etxebizitzen prezioaren jaitsiera GORABEHERA, oraindik makina bat etxe dago salgai = Etxebizitzen prezioaren jaitsiera ETA GUZTIZ ERE, oraindik…        

Euskal Herrian saltokiak ez dira jaiegunetan irekitzen, salbuespenAK salbuespen.

-   Joan den egunean Subjuntiboko orainaldiko adizkien osaera eta lau erabilera esparruak azaldu nizkien zehatz-mehatz. Gaurkoan, hasteko, errepaso gisa, joan den eguneko teoria laburbildu diet. Eurei kopia bana eman diet. Zertarako erabiltzen dira Subjuntiboko adizkiak euskaraz? Esan dezagun, lau erabilera-kasu edo esparru ditugula:

-          1. Helburuzkoa:

o   Zertarako? galderari erantzuten dio.

o   -T(Z)EKO nominalizazioaren parekoa da.

o   Amaieran –(e)N darama.

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, ni lehenbailehen joateko = joan nadiN (zaitezen, dadin, gaitezen, zaitezten, daitezen)

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik nortasun agiria eramateko = eraman dezadaN (dezazun, dezan, dezagun, dezazuen, dezaten)

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik agiriak aurkezteko = aurkez ditzadaN (ditzazun, ditzan, ditzagun, ditzazuen, ditzaten).

Eskolako idazkaritzatik deitu didate, nik haiei nire datu eguneratuak eman diezazkiedaN.

-          2. Nahia edo desioa adierazten duena:

o   Zer? galderari erantzuten dio.

o   Nahia adierazten duten aditzekin erabiltzen da.

o   -T(z)EA nominalizazioaren parekoa da.

o   Amaieran –(e)N darama.

Zuek guztiok azterketa gaindi dezazuEN nahi nuke.

Eguberri jai zoriontsuak igaro ditzazuN opa dizut.

 

-          3. Aginduak ematekoa:

o   Lehenengo pertsonan: Has gaitezEN lanean! Ikus dezaguN zer dagoen barruan.

 

o   Hirugarren pertsonan: Etor dadiLA medikuren bat lehenbailehen!! Isil daitezELA behingoz, han atzean dauden ikasleak!

 

-          4. Zehar-aginduak adieraztekoa:

o   Azpian agindu bat dauka.

o   Esan, eskatu, aholkatu, gomendatu, agindu, erregutu

o   Zer? galderari erantzuten dio.

o   -T(z)EKO nominalizazioaren parekoa da.

o   Amaieran –(e)LA darama.

Dabidek hiztegia erabil dezaguLA aholkatu digu.

Irakasleak ikasleei lanean has daitezELA agindu die.

Liburutegian ondoko mutilari mesedez isilik egon dadiLA eskatu diot.

-     Honekin batera,Orainaldiko Subjuntiboa langai” izeneko ariketa-sorta zuzentzeko erantzun-orriak banatu dizkiet, eurek etxean zuzen ditzaten.

OHARRA: Norbaitek oraindik ariketa hauek egin ez baditu edo berriro egin nahi baditu,  H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura daude blogean.

-      Urtero, maiatzeko lehenengo igandean, Amaren Eguna ospatzen da. Horren harira, idatziaren ulermena lantzeko bidali nien jarduera zuzentzen amaitu dugu, Ama izenekoa. Honako oharrok egin dizkiet (eurei kopia bana eman nien joan den egunean):

a.       Izan ezik (=salbu) (salbuespena adierazten du) // ez ezik …ere (=ez bakarrik…ere) (bi osagai uztartzen ditu) (ez nahastu, badakizue esanahi desberdina dutela).

b.      Errieta ematea = errieta egitea (“echar la bronca”), bronka botatzea. Honen antzekoa da “kargu hartzea” (“llamar la atención”): Ikasle bat Dabiden azalpenaren erdian whattsap bat idazten hasi da eta Dabidek kargu hartu dio.

c.       Marmar batean = marmarka = marmarrean

-    Testu hori abiapuntutzat hartuta, joan den astean, ezezko baldintza egiteko erabiltzen den EZIK = EZEAN, salbuespenak adierazteko IZAN EZIK eta bi osagai uztartzeko erabiltzen den EZ EZIK…ERE arteko aldea azaldu nien. Etxerako bazuten hauek bereizteko berariaz prestaturiko ariketa bat. Hura zuzendu dugu. EZIK = EZEAN / IZAN EZIK / EZ EZIK…ERE bereizteko ariketa honetan,  16 esaldi berridatzi behar zituzten eta ongi etorri zaie hiru horien arteko aldeaz ohartzeko (erantzun-orriaren ale bana eman diet). Ez ditzatela nahas, beraz:

-          A) Ezezko baldintza egiteko erabiltzen den EZIK = EZEAN.

-          B) Salbuespenak adierazteko IZAN EZIK.

-          C) Bi osagai uztartzeko erabiltzen den EZ EZIK…ERE.

a) Ohar berezia merezi izan du aditz trinkoetan ageri den BA- horrek: Eskua topatu duen arkeologoa  lanean bikaina ez ezik, oso umila ere bada.

 

Izan ere, ERE lokailuaren urrezko arauetako bat honako hau da:                 

ERE lokailua aditz trinko baten aurrean – justu aurrean – doanean, aditz hori derrigorrez indartu egin behar da BA- erantsiz:

Zu bihar Oiasso museorako txangora zoaz? Ni ERE Banoa.

Zure amak ez ezik, nik ERE Badakit zer gertatzen zaizun.

Apartamentu bat daukazue Saloun? Guk ERE Badaukagu.

Donostia hiri ikusgarria da, baina garestia ERE Bada.

Baina… ERE eta aditz trinkoaren artean zerbait tartekatzen badugu, tarteko osagai horrek hartzen du “protagonismoa” – galdegai bihurtzen da –  eta, beraz, ez dugu aditza indartuko, hau da, aditzari ez diogu BA- erantsiko:

Nik ERE asko (zenbat) dakit gai horri buruz.

Ni ERE Errealeko bazkidea (zer) naiz.

Ni ERE jaio nintzenetik (noiztik) naiz Errealeko bazkidea.

Zuk ez ezik, guk ERE pazientzia handia (zer) daukagu.

Gehienak autobusez joango dira. Zu ERE autobusez (nola)  zoaz?

Ala gurekin autoz?

-    Berridazketak zuzentzen aritu garenean, argi geratu da ikasleek zailtasunak dituztela EZ EZIK…ERE emendiozko egitura erabiltzeko. Gogorarazi diet:

o   Bi osagai elkartzeko, lotzeko edo uztartzeko erabiltzen dela egitura hau eta bi osagai horiek ezinbestean kategoria gramatikal berekoak izan behar dutela (bi izen, bi izenondo, bi aditzondo, bi aditz partizipio…). Beste modu batera esanda, “ez ezik” eta “ere”ren aurreko bi osagaiek galdera berari erantzun behar diote (Zer? Noiz? Nola? Norekin? Zer ekintza?...).

o  Gainera, uztartzen diren bi osagaiak aditzak direnean, lehenengoa derrigorrez partizipioa izaten dela (ez aditz jokatua!!!: joan naiz ez ezik, ikusi dugu ez ezik, egin ditugu ez ezik…) eta bigarrena nahitaez indartu egin behar dela, EGIN indartzailea erabiliz edo aditz bera errepikatuz.

o  (a) EZ EZIK, (b) ERE egitura erabiltzen dugunean, aditza (b) osagaiarekin komunztatu behar dela:

Alvaro eta Iban atzean eserita daude (plurala).

Baina…

Alvaro (a) EZ EZIK, Iban (b) ERE atzean eserita dago.

Alvaro (a) EZ EZIK, ni (b) ERE atzean eserita nago.

Alvaro (a) EZ EZIK, zu (b)ERE atzean eserita zaude.

Alvaro (a) EZ EZIK, David eta Iban (b) ERE atzean eserita daude.

Azkenik, gogoan izan dezatela behin aipatu niena: EZ EZIK…ERE egitura, oro har, ikasle askok ongi erabiltzen dutela beste edozein kategoria uztartzeko, baina bi aditz lotzerakoan askotan oker egiten dutela; izan ere, ez da batere erraza: batetik, kontuan izan behar da bi aditz horiek partizipioak izan behar dutela eta ez adizki jokatuak; bestetik, derrigorrezkoa da bigarrena indartzea:

Etorkinek hona etortzen direnean, edozein lan onartu (part.) (1. osagaia) EZ EZIK, hemengo askoren mespretxua jasan (part.) (2. osagaia) ERE egiten dute = …jasan (part.) (2. osagaia) ERE  jasaten dute.

Horrelako ur handietan sartu nahi izan ezean, hona hemen beste aukera bat gauza bera adierazteko, samurragoa dena:

Etorkinek hona etortzen direnean, edozein lan onarTZEAZ GAIN, hemengo askoren mespretxua jasaten dute.

Ahalera hipotetikoa errepasatu (part.) EZ EZIK, lehenaldiko ahalera azaldu (part.) ERE egingo dizuet = … lehenaldiko ahalera azaldu (part.) ERE azalduko dizuet.

= Ahalera hipotetikoa errepasaTZEAZ GAIN, lehenaldiko ahalera azalduko dizuet.

Jarraian datozen adibideak arbelean jarrita, emandako oharrez ohartarazi ditut:

a.       Istripuan autoko giltzak (zer?) EZ EZIK, etxekoak (zer?) ERE galdu nituen, eta ez nituen aurkitu.

b.      Istripuan autoko giltzak galdu (nituen) EZ EZIK, aurkitu ERE egin nituen

= …aurkitu ere aurkitu nituen. Gaitzerdi!! (=Eskerrak!!).

c.       Ni (nor? Izenordea) EZ EZIK, zu (nor? Izenordea) ERE pozik zaude.

d.      Polita (nolakoa? Adjektiboa edo izenondoa) EZ EZIK, azkarra (nolako? Adjektiboa edo izenondoa) ERE bada neska hori.

e.       Hemen (non? Leku aditzondoa edo adberbioa) EZ EZIK, han  (non? Leku aditzondoa edo adberbioa) ERE liskarrak (=istiluak) sortu dira.

f.        Gaur (noiz? Denbora aditzondoa edo adberbioa) EZ EZIK, atzo (noiz? Denbora aditzondoa edo adberbioa) ERE ateri egin zuen.

g.      Sukaldea (zer?) EZ EZIK, etxeko zoko guztiak (zer?) ERE hutsik zeuden.

h.      Sukaldea hutsik (nola? Moduzko aditzondoa edo adberbioa) EZ EZIK, zikin (nola? Moduzko aditzondoa edo adberbioa) ERE bazegoen.

i.        Atzo gramatika ariketak egin (nituen) EZ EZIK, iritzi artikulu bat idatzi ERE egin nuen = …idatzi ERE idatzi nuen.

-       AHOZKO ADIERAZPENA: Bakarrizketa / elkarrizketa. Gaurko Medikuntza Naturistari eta Akupunturari buruzko bakarrizketak prestatzekotan geratu ziren ikasleak, baina gutxi batzuek baino ez dituzte prestatu. Hortaz, horiek aritu dira bakarrizketan eta, gainerakoek, elkarrizketan jardun dute banatu diedan fitxaren gainean: Adin txikikoak eta mugikorren arriskuak.

-       Etxerako lanak

-  EZEAN = EZIK // IZAN EZIK // a EZ EZIK, b ERE. Hiru hauek bereizten eta behar bezala erabiltzen treba zaitezten, 40 esaldi sortu dizkizuet, zuek berridatz ditzazuen (erantzun-orriak ere banatu dizkizuet). Nolanahi ere, denak egun berean ez egiteko aholkatzen dizuet, pixkanaka eginez joan zaiteztela. Zuek ikusi zenbat egin. Norberak zuzentzekoa.

-  Orainaldiko Subjuntiboko adizkiak lantzeko ariketak I: Orainaldiko subjuntiboa langai”.  Joan den astean bidali nizkien. Eginak dituenak zuzen ditzala gaur banatu dizkiedan erantzun-orriekin eta eginak ez dituenak egin eta zuzen ditzala. Hurrengo egunean argituko ditugu balizko zalantzak.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-  Orainaldiko Subjuntiboa lantzeko ariketa II: Subjuntiboko adizkiek eragiten dizkiguten buruhausteak

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-  Arrasto digitala, gure informazioa besteen esku(ra) izeneko cloze-testa.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-  AUKERAKO ERREPASO ARIKETA: Baldintza ahaztuko balitzait Alegiazko Baldintza edo Hipotetikoaren lau sistemak (NOR, NOR-NORI, NOR-NORK eta NOR-NORI-NORK) errepasatzeko, aproposa.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-  AUKERAKO ENTZUMEN JARDUERA: Haurrak eta mugikorra (audioa eta ebazpen-orria eskuragarri blogean).

-          Biltegia: EGINAK BEHAR LUKETE:

o   Edertasuna izeneko ulermen jarduera.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Egitura, esapide eta esamolde jatorrak euskaraz (II) (gelan zuzenduko dugu).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Sasoian sasoikoa deritzon jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Perpaus kontzesiboak lantzeko indartze-ariketak (+ EBAZPEN orriak).

o   Orainaldiko Subjuntiboa. Neuk prestatu dizkiedan ariketekin hasiko gara: “Orainaldiko Subjuntiboa langai”. 

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

Ariketa horietako subjuntibo adizkiei dagokienez:

Denak dira Orainaldiko Subjuntiboa lantzeko ariketak.

§ Lehenengo bietan, NOR sistema praktikatuko dute.

§ Beste bietan, NOR-NORK (baina 3. pertsonak bakarrik jarri ditut, zalantzarik gabe, gehien erabiltzen direnak baitira).

§ Esaldi bakoitzaren ondoren jar dezatela, parentesi artean, subjuntiboko adizkiak ikusi ditugun lau erabilera horietako zein duen eta, halaber, saia daitezela nominalizazio batekin berridazten. Adib.: “Oso eguraldi ona egin behar du ni hondartzara hurbil NADIN” (=”Oso eguraldi ona egin behar du ni hondartzara hurbilTZEKO” (1. erabilera, helburuzkoa, “zertarako?” galderari erantzuten diona).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

AUKERAKO JARDUERA: -ARAZI aditz arazlea lantzeko indartze-ariketa. Gaurkoan, espreski prestatu dizuedan indartze-ariketa dakarkizuet (ariketa aproposa eta egokia da guztiz, baina luzea ere bada, eta astuna gerta dakizueke; horregatik, nik egunero esaldi batzuk baino ez nituzke egingo). Jarduera bikoitza da:

batetik, Indikatiboko orainaldiko nahiz lehenaldiko  nor-nork adizkiekin osatzeko hainbat esaldi dituzue, BEHARTU, BULTZATU (=animatu) eta GONBIDATU aditzak dituztenak eta, beraz, -T(Z)ERA nominalizazioa eskatzen dutenak

eta bestetik, esaldi horietako batzuk – ez denak –  -ARAZI erabiliz berridazteko jarduera. Horretarako, neuk eman dizkizuet oinarrian dauden esaldiak (parentesi artean dauzkazue), beharrezko aldaketak eginez esaldi horiek  arazle bihur ditzazuen (bestela, hutsetik egitea zailegia izan litekeelakoan).

OHARRA: kontuan izan, “bultzatu”, “behartu” nahiz “gonbidatu” aditzekin BETI NOR-NORK erabili behar dela!!!! (beraz, alde horretatik, ez duzue inolako zalantzarik izan behar).

–ARAZIrekin, berriz, jatorrizko aditzaren arabera (nor + -ARAZI > nor-nork) (nor-nork + -ARAZI > nor-nori-nork).

Adibidez:

Zuk (nork) ni (nor, osorik) kristalak garbiTZERA BEHARTU NAUZU (didazu).

Nik (nork) kristalak (zer) garbitu ditut, nahi nuelako >

Zuk (nork) niri (nori) kristalak (zer) garbiARAZI DIZKIDAZU.

Garrantzitsua da hau oso argi edukitzea; osterantzean, kosta egin dakizueke ariketa behar bezala egitea. Horregatik eman dizuet nik bigarren ariketa egiteko oinarrizko esaldia, hortik abiatuta –ARAZI erants diezaiozuen.