2026/05/05

B2.2 mailako 51. eskola, 2026ko maiatzaren 4koa

 

51. eskola: 2026ko maiatzaren 4koa

  - Idatziaren ulermena, lexikoa eta zenbait egitura lantzeko, Lacoste eta bere krokodilo famatua jarduera-multzoa bidali nien etxerako. Honako hiru jardueraz osatua:

·         Ulermen jarduera (testua esaldiekin osatzekoa)

·         Lexiko jarduera (sinonimoak)

·         Berridazketak.

Zuzendu egin dugu. Berridazketen zuzenketei dagokienez, zuzenketa-oharrak banatu eta azaldu dizkiet. Ohar horiek guztiak ikasturtean zehar agertu izan zaizkigun arren, on egin die gogorarazteak.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, IU jarduera H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-     Gorpuzkera ona izateko eta osasuntsu egoteko, kirola egitea bezain garrantzizkoa da elikadura zaintzea. Horren harira, elikaduraz jardun dugu gaurkoan. AHOZKO ADIERAZPENA II: Elkarrizketa (45´): Elikadura osasungarria, osasuntsu egon gaitezen.

                                        Elikadura osasunGARRIA[1], osasunTSU egon gaitezen

§  Oreka: equilibrio

§  Dilistak = lentejak

§  Zuntza: fibra

§  Koipea = Gantza: grasa > gantz saturatuak

§  Lekaleak: legumbr

§  Otorduak (ogi + orduak):comidas (gosaria + bazkaria + afaria).

§  Nagikeria: pereza; nagia: perezoso

§  Nagia: perezoso

§  Presio-eltzea: olla a presión

-     Joan den astean, Lehenaldiko Ahalera azaldu nien, Hipotetikoarekiko aldea nabarmenduz. Horretarako, Gramatika eta ariketak II liburuko 20. eta 22. orrialdeetara jo genuen.

§  Gainetik erreparatuta, Iraganeko Ahalera (22. orrialdean datorkiena) eta Ahalera Hipotetikoa (18.orrialdean datorrena) alderatuz gero,  arau pare bat eman beharko bagenu, honakook izango lirateke:

§  Iraganekoak, amaieran eN darama (-te amaiera dutenek, -N baino ez dute hartzen).

§  Hirugarren pertsonek, hasieran L- eraman beharrean, Z.  Beraz, Alegiazko Ahalera edo Hipotetikotik Lehenaldiko Ahalerara igarotzea nahiko erraza da, bi aldaketa horiek egitea aski baita.

Adib.:

§  Agian bihar zurekin afaltzera joan NINTEKE (“podría ir”), deituko dizut berresteko (alegiazko ahalera edo hipotetikoa, ni joateko aukera badagoelako).

§  Atzo zurekin afaltzera joan NINTEKEEN (=joan ahal nintzen) (“podía ir”, “podía haber ido”), baina ez joatea erabaki nuen” (iraganeko ahalera edo lehenaldikoa).

§  Mikel gehiago saiatuko balitz, egunen batean abokatu bikaina izan LITEKE (“podría ser”)(alegiazko ahalera edo hipotetikoa, abokatu izateko aukera badagoelako).

§  Mikel abokatu bikaina izan ZITEKEEN (=izan ahal zen) (“podía ser”, “podía haber sido”), baina albaitari (bezala) lan egitea erabaki zuen (iraganeko ahalera edo lehenaldikoa, jada abokatu izateko aukerarik ez daukalako, beste lanbide bat hautatu baitzuen, albaitariarena).

§  Bestalde, gogorarazi diet Iraganeko Ahalerako adizkiak AHAL + Indikatiboa egituraren parekoak direla (ezezkoetan EZIN + Indikatiboaren parekoak):

§  NOR: Gu bilera hartara joan_ GINTEZKEEN (= joan ahal ginen); Mikel gurekin bazkaltzera etor_ZITEKEEN (= etorri ahal zen).

§  NOR-NORI: Kontuz ibili ezean, niri giltzak gal_ ZEKIZKIDAKEEN (= galdu ahal zitzaizkidan); Eskerrak ertzainek geldiarazi zuten! Bestela, edanda zihoan gidari hari istripu bat gerta_ ZEKIOKEEN (= gertatu ahal zitzaion).

§  NOR-NORK: Zuk ni txikitan airean altxa_ NINTZAKEZUN (= altxatu ahal ninduzun), baina orain asko pisatzen dut; Guk zu ezin ZINTZAKEGUN behar bezala babes_ (= ezin zintugun behar bezala babestu); Bizilagunek gu sala_ GINTZAKETEN (= salatu ahal gintuzten), baina, zorionez, azkenean onez onean konpondu genuen arazoa; Mattinek lan hori azkarrago egin_ ZEZAKEEN (= egin ahal zuen), horrelako lanetan oso iaioa = trebea baita.

§  NOR-NORI-NORK: Barkadazu, atzo deitu zenidanean ezin NIEZAZUKEEN kasurik egin_ (= ezin nizun kasurik egin); Guk berari lagun_ GENIEZAIOKEEN (= lagundu ahal genion), baina ez genion lagundu, ez baitzuen merezi; Ikuskizunerako sarrera erdi prezioan lor_ ZIEZADAKEEN (= lortu ahal zidan), baina ez zuen hala egin.

§  Liburuan jartzen duen bezala, Ahalerako Iraganeko adizkiek aditz nagusiak aipatzen duen ekintza iraganean egiteko ahalmena edo gaitasuna eta iraganean zerbait gertatzeko aukera edo posibilitatea adierazten dute. Baina ez dakigu azkenean egin zen ala ez. Hortxe dago koska!

§  Arestian esan bezala, Iraganeko ahalerako adizkiak AHAL + Indikatiboa egituraren parekoak dira: joan_ gintezkeen = joan ahal ginen; egin_ zenezakeen = egin ahal zenuen; eros_ zitzakeen = erosi ahal zituen; har_ nitzakeen = hartu ahal nituen…; ikus_ nintzakezun = ikusi ahal ninduzun; ekar_ zeniezadakeen = ekarri ahal zenidan…eror zekidakeen = erori ahal zitzaidan

-          Baina ez  ditzatela nahas:

§  A) Iraganeko ahalera: “etor zitekeen = etorri ahal zen” (“podía venir” edo “podía haber venido”) (etortzeko aukera edo ahalmena adierazten du, baina ez dakigu azkenean etorri zen ala ez, ez dakigu ekintza burutu zen ala ez) eta

§  B)“etorri ahal IZAN zen” (“pudo venir”) (hemen, etorri zela adierazten dugu, ekintza amaitua dago eta, horregatik, IZAN hartu du, aditz konposatua delako, ahal izan, behar izan, nahi izan, ezin izan, balio izan, axola izan, merezi izan, inporta izan, bizi izan… aditzen familiakoa: ezin izan nintzen joan (“no pude ir”), ezin izan nuen egin (“no pude hacer”), joan behar izan genuen (“tuvimos que ir”), merezi izan zuen (“mereció”), bizi izan zen (“vivió”)….

-                       Atzo lanetik ordu bietan irten nintzenez, erosketak egitera joan NINTEKEEN = joan AHAL NINTZEN (podía ir) (baina ez dakigu joan nintzen, dakigun gauza bakarra da astia banuela joateko).

-                       Atzo lanetik ordu bietan irten nintzenez, erosketak egitera joan AHAL IZAN NINTZEN (pude ir) (kasu honetan, erosketak egitera joateko aukera bete edo gauzatu zela adierazten da, erosketak egitera joan zela, alegia).        

-   Ondoren, berariaz prestatu diedan orria banatu eta ahalmena denboran zehar nola  adierazten den azaldu diet, adibideak irakurri ahala.

Part. + AHAL naiz / dut

Part. + AHAL IZAN naiz / dut

Part. + AHAL IZATEN naiz / dut

Part. + AHAL IZANGO naiz / dut = AHALKO naiz / dut

Part. + AHAL nintzen / nuen

Part. + AHAL IZAN nintzen / nuen

Part. + AHAL IZATEN nintzen / nuen

Part. + AHAL IZANGO nintzen / nuen = AHALKO nintzen / nuen

-    Jarraian, familia edo multzo horretako aditz konposatuek (AHAL IZAN, EZIN IZAN, NAHI IZAN, BEHAR IZAN, BIZI IZAN, BALIO IZAN, MEREZI IZAN, FALTA IZAN, USTE IZAN...) berdin jokatzen dutela adierazi diet, hots, ekintza amaitua dagoela adierazteko IZAN hartu behar dutela; maiztasuna adierazteko, IZATEN, eta geroa adierazteko, IZANGO: ezin izan nintzen joan (“no pude ir”), ezin izan nuen egin (“no pude hacer”), joan behar izan genuen (“tuvimos que ir”), merezi izan zuen (“mereció”), bizi izan zen (“vivió”)…. Txostena eman diet hauen guztien adibide eta itzulpenekin. Amaieran, Gramatika liburuko taula bat atxiki diet; bertan ikus dezakete zein aditz diren multzo honetakoak eta, denek IZAN laguntzailearen beharra duten arren, ondoren UKAN /IZAN adizki jokatua daramaten, alegia, transitiboak diren ala ez.

OHARRA: Bizi izan aditzak ez darama IZATEN, denboraz kanpoko ekintza adierazten duenean: Ni Irunen BIZI NAIZ (“vivo”)  (bizi izaten naiz: “suelo vivir”).

IZATEN darama, inpertsonala denean (Adibidez: Euskal Herrian oso ongi BIZI IZATEN DA (“se vive”) beste erkidego batzuekin alderatuta) edo ohitura adierazten duenean (Adibidez: Dortokak urte askotan BIZI IZATEN DIRA (“suelen vivir durante muchos años”).

Bestalde, BIZI IZAN + UKAN ere ikus dezakegu inoiz. Noiz? Bada, “Bizi” horrek “pasa(tu)” edo “jasan” adierazi nahi duenean.

Errealzaleok emozio handiak BIZI IZAN GENITUEN joan den asteko partiduan. Inori ez dizkiot aitortuko lantoki horretan BIZI IZAN DITUDAN gehiegikeriak eta mespretxuak.

-          Etxerako lanak:

§  EKARRI “Sasoian sasoikoa”!!! (172. fitxa)

§  AHAL IZAN, EZIN IZAN, BEHAR IZAN, NAHI IZAN eta kidekoak lantzeko ariketa ( + ebazpena)

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  Subjuntiboaren teoria irakur dezatela. Hurrengo egunean azalduko dut.

§  Garaian garaikoa: Ama izeneko ulermen-jarduera, atzo, maiatzeko lehenengo igandea izanik, ospatu baikenuen Amaren Eguna.

§  AUKERAKO JARDUERA -ARAZI aditz arazlea lantzeko indartze-ariketa. Gaurkoan, espreski prestatu dizuedan indartze-ariketa dakarkizuet (ariketa aproposa eta egokia da guztiz, baina luzea ere bada, eta astuna gerta dakizueke; horregatik, nik egunero esaldi batzuk baino ez nituzke egingo). Jarduera bikoitza da:

a.  batetik, Indikatiboko orainaldiko nahiz lehenaldiko  nor-nork adizkiekin osatzeko hainbat esaldi dituzue, BEHARTU, BULTZATU (=animatu) eta GONBIDATU aditzak dituztenak eta, beraz, -T(Z)ERA nominalizazioa eskatzen dutenak

b.    eta bestetik, esaldi horietako batzuk – ez denak –  -ARAZI erabiliz berridazteko jarduera. Horretarako, neuk eman dizkizuet oinarrian dauden esaldiak (parentesi artean dauzkazue), beharrezko aldaketak eginez esaldi horiek  arazle bihur ditzazuen (bestela, hutsetik egitea zailegia izan litekeelakoan).

OHARRA: kontuan izan, “bultzatu”, “behartu” nahiz “gonbidatu” aditzekin BETI NOR-NORK erabili behar dela!!!! (beraz, alde horretatik, ez duzue inolako zalantzarik izan behar).

–ARAZIrekin, berriz, jatorrizko aditzaren arabera (nor + -ARAZI > nor-nork) (nor-nork + -ARAZI > nor-nori-nork).

Adibidez:

Zuk (nork) ni (nor, osorik) kristalak garbiTZERA BEHARTU NAUZU (didazu).

Nik (nork) kristalak (zer) garbitu ditut, nahi nuelako >

Zuk (nork) niri (nori) kristalak (zer) garbiARAZI DIZKIDAZU.

Garrantzitsua da hau oso argi edukitzea; osterantzean, kosta egin dakizueke ariketa behar bezala egitea. Horregatik eman dizuet nik bigarren ariketa egiteko oinarrizko esaldia, hortik abiatuta –ARAZI erants diezaiozuen.

-          Biltegia: EGINAK BEHAR LUKETE:

§  AUKERAKO JARDUERA: Botiken publizitatea izeneko cloze-testa (EBAZPENA +  AZALPENAK ere banatu dizkiet).

§  AUKERAKO JARDUERA: Ontziak birziklatzeko makina (entzungaia eta ebazpen orria, blogean eskuragarri).

§  AUKERAKO JARDUERA: Ahalera (orainaldia / alegiazkoa edo hipotetikoa / iragan edo lehenaldikoa) errepasatzeko Gramatika eta ariketak II liburuko 24-25. orrialdeetako errepaso-testa, liburuko 1-7 unitateei dagokiena (erantzun-orriak banatu ditut).

§  Andreak (Karmele Jaio) izeneko jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa.

§  Egitura, esapide eta esamolde jatorrak euskaraz (II) (gelan zuzenduko dugu).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  Sasoian sasoikoa deritzon jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  Perpaus kontzesiboei buruzko teoria (Gramatika eta ariketak II liburuko 42. gaia) irakur dezatela. Hurrengo egunean azalduko diet.

§  Bakarrizketa fitxak presta ditzatela: Medikuntza Naturista eta Akupuntura.



[1] OsasunGARRIa: osasuna eragiten edo ematen duena.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina