2026/05/10

B2.2 mailako 52. eskola, 2026ko maiatzaren 6koa

 

52. eskola: 2026ko maiatzaren 6koa

-       Perpaus kontzesiboak nola egiten diren azaldu diet. Gramatika eta ariketak II liburuko 160-161. orrialdeetan duten teoria (42. gaia) etxean irakur zezatela agindu nien. Gaur, neure hitzekin azaldu dizkiet orrialde horiek: Sarrera – perpaus kontzesiboak noiz eta zertarako erabiltzen diren – eta perpaus kontzesiboak osatzeko menderagailu nagusiak:

a.       Partizipioa + ARREN

b.      Aditz jokatua + -(e)n + ARREN

c.        NAHIZ ETA+ partizipioa

d.      NAHIZ ETA+ aditz jokatua + -(e)N

e.       BA-…ERE

f.        Partizipioa + -TA ERE = Partizipioa + -RIK ERE

g.      Partizipioa +  -AGATIK (ERE)

h.      Izena + GORABEHERA =  izena + ETA GUZTIZ ERE = IZENA + -AK + IZEN BERA     

i.        partizipioa + GABE ERE (bizkaieraz, partizipioa + BARIK ERE). (ez datorkie liburuan). Azken hau, ezezkoetan bakarrik erabil daiteke. Azalpenerako, neuk prestatutako txostena erabili dut, arbelean ipinita.

-       Beno, ba… iritsi da ikasturte osoan zehar behin eta berriro hainbat testutan agertuz joan zaigun euskal subjuntiboa ikusteko garaia. SUBJUNTIBERA: Gramatika eta ariketak II 8. eta 9. gaian datorkie. Hasteko, 8. gaian (26-27. orr.), A atalean sarrera dator, baina hor daukaten taula gris hori ezabarazi diet, nahasgarria izan daitekeelakoan. B atalean, euskal subjuntiboa zertarako erabiltzen den azaltzen da. C atalean, nola osatzen diren adizki hauek. D atalean, taulak. Ondoren, liburuko 9. gaian (30 eta 31. orrialdeetan), azalpenerakin jarraitzen du eta euskaraz subjuntibo adizkiek dituzten lau erabilera esparruak azaltzen dira. Dena den, nire apunteak orrialde horiek baino egokiagoak direlako ustean, horiek banatu eta azaldu dizkiet: “Subjuntiboa. Teoria”: batetik Orainaldiko Subjuntiboa eta Iraganekoa (nor sistema eta nor-nork sistemako 3. pertsonak baino ez); bestetik, lau erabilerak:

o  Hasteko, ohar bitez Ahalera / Subjuntiboaren arteko aldeaz:  Ahalerako adizkiek derrigorrez –KE daramate (etor naiteke, egin dezaket, eraman nazakezu, eros diezaiokegu, hurbil dakiguke…)  Subjuntibokoek, berriz,  -ke horren ordez,  –(e)N daramate, bai orainaldian, bai lehenaldian (etor nadin, egin dezadan, eraman nazazun, eros diezaiogun, hurbil dakigun…). Gainerakoan, Ahalerako adizkiak eta Subjuntibokoak, formalki nahiko antzekoak dira eta Subjuntiboko adizkiek, Ahalerakoek bezalaxe, aurrean aditzoina daramate (-i eta  –tu gabe, alegia), salbuespenak salbuespen: etor_ zaitezen, ikus_ ditzadan, hurbil_ dakigun, bidal_ diezazkiogun…).

o  Erabilerari dagokionez, Ahalerak zerbait gertatzeko aukera edo posibilitatea edota zerbait egiteko ahalmena edo gaitasuna adierazten du. Subjuntiboak, berriz, zer adierazten du? Zertarako erabiltzen dira subjuntiboko adizkiak euskaraz? Esan dezagun, lau erabilera esparru dituela.

1. Helburuzkoa:

Zertarako? galderari erantzuten dio.

-T(Z)EKO nominalizazioaren parekoa da.

Amaieran –(e)N darama.

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, ni lehenbailehen joateko = joan nadiN (zaitezen, dadin, gaitezen, zaitezten, daitezen)

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik nortasun agiria eramateko = eraman dezadaN (dezazun, dezan, dezagun, dezazuen, dezaten)

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik agiriak aurkezteko = aurkez ditzadaN (ditzazun, ditzan, ditzagun, ditzazuen, ditzaten).

Eskolako idazkaritzatik deitu didate, nik haiei nire datu eguneratuak eman diezazkiedaN.

Agian, ikasleei erabilerarik ezagunena lehenengoa egingo zaie; izan ere, ikasturtean zehar askotan agertu izan zaigu helburuzko subjuntiboa, helburua edo xedea adierazteko helburuzko esaldietan erabiltzen dena, alegia (“zertarako?” galderari erantzuten diona):

2. Nahia edo desioa adierazten duena:

Zer? galderari erantzuten dio.

Nahia adierazten duten aditzekin erabiltzen da.

-T(z)EA nominalizazioaren parekoa da.

Amaieran –(e)N darama.


                        Zuek guztiok azterketa gaindi dezazuEN nahi nuke.

                        Eguberri jai zoriontsuak igaro ditzazuN opa dizut.

 

3. Aginduak ematekoa:

Lehenengo pertsonan: Has gaitezEN lanean! Ikus dezaguN zer dagoen barruan.

Hirugarren pertsonan: Etor dadiLA medikuren bat lehenbailehen!! Isil daitezELA behingoz, han atzean dauden ikasleak!

 

4. Zehar-aginduak adieraztekoa:

Azpian agindu bat dauka.

Esan, eskatu, aholkatu, gomendatu, agindu, erregutu…

Zer? galderari erantzuten dio.

-T(z)EKO nominalizazioaren parekoa da.

Amaieran –(e)LA darama.


                                    Dabidek hiztegia erabil dezaguLA aholkatu digu.

                                    Irakasleak ikasleei lanean has daitezELA agindu die.

                                    Liburutegian ondokoari mesedez isilik egon dadiLA eskatu diot.


Gramatika eta ariketak II liburuko taulei erreparatuz gero, begiratu hutsarekin jabetuko dira Ahalera eta Subjuntiboa oso antzekoak direla itxura aldetik, baina Ahalerak –KE daramala; Subjuntiboko adizkiek, berriz,  amaieran         -(e)N (orainaldian nahiz lehenaldian). Hau bitxia da, zeren orain arte, aditz batek amaieran  –(e)N baldin bazeukan, lehenaldia zen seinale. Orain, berriz, ikus dezaketenez, Subjuntiboko adizkiek orainaldian ere –(e)N daramate (nadin, dakigun, gaitzazuen, diezaiodan…) baina…beti??? Ezzzzzzzz. Batzuetan –(e)LA baitaramate (nadila, dakigula, gaitzazuela, diezaiodala…). Arestian azaldutako lau erabilera horietan argi ikus dezakete noiz bata eta noiz bestea.

-      Urtero, maiatzeko lehenengo igandean, Amaren Eguna ospatzen da. Horren harira, idatziaren ulermena lantzeko bidali nien jarduera zuzendu dugu (ez dugu zuzentzen amaitu) Ama izenekoa. Honako oharrok egin dizkiet (eurei kopia bana eman diet):

a.  Miretsi (“admirar”) > miresgarria: mirestea merezi duena (“admirable”); mirespena: (“admiración”)

b.      Miretsi = goraipatu = laudoriotu (laudorioa: “elogio”)

c.       Leporatu: errua bota edo egotzi.

d.    Larre motzean haziak dira” (gutxirekin ohituak)  // “esne-mamitan bizi izan da” (oparotasunean: “en la abundancia”)

e.       Bapo jan dut : bete arte jan dut

f.        Artoa jorratu, babarruna jorratu, gai bat jorratu: aitzurraz belarrak kentzea da. Baserri giroko aditza da, jatorriz. Baina gaur egun, baserri giroan ez ezik, beste arlo batzuetan ere erabiltzen da, “landu” adierazteko. Gaurko klasean, kausazko perpausak jorratuko ditugu =landuko ditugu. Biharko hitzaldian gai hau jorratuko dut = gai honetaz arituko dira.

g.      Potro-jorran zaude: alferkerian zaude.

h.      Garoa = iniztorra = iratzea: helecho. Gero eta baserri gutxiagotan ikusten dira egun garo-metak.

i.        Hostoa (zuhaitzean dagoena, berdea) > orbela (udazkenean, zuhaitzetik erori eta ihartua, lehortua, marroia)

j.        Jo eta ke = buru-belarri. Jo eta ke ari gara euskara ikasten = Buru-belarri ari gara euskara ikasten.

k.      Izan ezik (=salbu) (salbuespena adierazten du) // ez ezik …ere (=ez bakarrik…ere) (bi osagai uztartzen ditu) (ez nahastu, badakizue esanahi desberdina dutela).

l.     Errieta ematea = errieta egitea (“echar la bronca”), bronka botatzea. Honen antzekoa da “kargu hartzea” (“llamar la atención”): Ikasle bat Dabiden azalpenaren erdian whattsap bat idazten hasi da eta Dabidek kargu hartu dio.

m.    Marmar batean = marmarka = marmarrean 

-   Bertan agertu zaigu IZAN EZIK eta EZ EZIK…ERE arteko aldea, ikasturtean zehar askotan azaldu dudana. Gogorarazi egin diet, berariaz prestatutako azalpen orria baliatuz. Gogora ekarri diet Partizipioa + EZIK = EZEAN baldintzazko egitura ere. Horretatik abiatuta, gogorarazi diet ez dituztela nahasi behar:

A) Ezezko baldintza egiteko erabiltzen den EZIK = EZEAN.

B) Salbuespenak adierazteko IZAN EZIK.

C) Bi osagai uztartzeko erabiltzen den EZ EZIK…ERE.

 EZ EZIK…ERE erabiltzeko ikasle batzuek dituzten zailtasunak ikusirik, gogorarazi diet:

§  (a) EZ EZIK, (b) ERE egitura erabiltzen dugunean, aditza (b) osagaiarekin komunztatu behar dela:

Alvaro eta Iban atzean eserita daude (plurala).

Baina…

Alvaro (a) EZ EZIK, Iban (b) ERE atzean eserita dago.

Alvaro (a) EZ EZIK, ni (b) ERE atzean eserita nago.

Alvaro (a) EZ EZIK, zu (b)ERE atzean eserita zaude.

Alvaro (a) EZ EZIK, David eta Iban (b) ERE atzean eserita daude.

§  bi osagai elkartzeko, lotzeko edo uztartzeko erabiltzen dela egitura hau eta bi osaga horiek ezinbestean kategoria gramatikal berekoak izan behar dutela (bi izen, bi izenondo, bi aditzondo, bi aditz partizipio…). Beste modu batera esanda, “ez ezik” eta “ere”ren aurreko bi osagaiek galdera berari erantzun behar diote (Zer? Noiz? Nola? Norekin? Zer ekintza?...).

§  Gainera, uztartzen diren bi osagaiak aditzak direnean, lehenengoa derrigorrez partizipioa izaten da (ez aditz jokatua!!!: joan naiz ez ezik, ikusi dugu ez ezik, egin ditugu ez ezik…) eta bigarrena nahitaez indartu egin behar da, EGIN indartzailea erabiliz edo aditz bera errepikatuz.

§  Azkenik, aipatu diet EZ EZIK…ERE egitura, oro har, ongi erabiltzen dutela beste edozein kategoria uztartzeko, baina bi aditz lotzerakoan askotan oker egiten dutela; izan ere, ez da batere erraza: batetik, kontuan izan behar da bi aditz horiek partizipioak izan behar dutela eta ez adizki jokatuak; bestetik, derrigorrezkoa da bigarrena indartzea:

Etorkinek hona etortzen direnean, edozein lan onartu (part.) (1. osagaia) EZ EZIK, hemengo askoren mespretxua jasan (part.) (2. osagaia) ERE egiten dute = …jasan (part.) (2. osagaia) ERE  jasaten dute.

Horrelako ur handietan sartu nahi izan ezean, hona hemen beste aukera bat gauza bera adierazteko, samurragoa dena:

Etorkinek hona etortzen direnean, edozein lan onarTZEAZ GAIN, hemengo askoren mespretxua jasaten dute.

Ahalera hipotetikoa errepasatu (part.) EZ EZIK, lehenaldiko ahalera azaldu (part.) ERE egingo dizuet = … lehenaldiko ahalera azaldu (part.) ERE azalduko dizuet.

= Ahalera hipotetikoa errepasaTZEAZ GAIN, lehenaldiko ahalera azalduko dizuet.

-     AHOZKO ADIERAZPENA: Diogenesen ondorengoak. Zaborraren kudeaketa mintzagai. Gaur egun, gure itxura zaintzeak, batzuetan bulkadaz erostera garamatza (arropa, osagarriak, lurrinak nahiz kremak…). Baina, bestelako erosketak ere maiz egiten ditugu, batez ere, egun seinalatuak (Black Friday, Eguberriak, Aitaren eta Amaren Eguna…) baliatuz (=aprobetxatuz). Erosi, erosi eta erosi; kontsumitu, kontsumitu eta kontsumitu. Eta  jakina, horrekin batera, zaborra sortu, sortu eta sortu. Oharkabean[1] egiten dugu ala jakinaren gainean? Klimaren aldaketan eragin nabarmena dute guk, gizakiok, sortzen ditugun hondakinek.  Hain zuzen, gure herri nahiz hiriek (gaur) egun duten arazo larrienetako bat zaborraren kudeaketa da: zer egin horrenbeste zaborrekin. Erraustegiak, atez ateko zabor-bilketa, bosgarren edukiontzia eta norberaren jokaera zein azturak izan dituzte mintzagai. 

-       Etxerako lanak

o  Edertasuna izeneko ulermen jarduera.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o  BAKARRIZKETA FITXAK: Medikuntza naturista / Akupuntura. Binaka adostuta, bat presta dezatela. Medikuntza tradizionaletik haratago badira bestelako sendabideak ere, medikuntza naturista eta akupuntura, besteak beste. Horiei buruzko bakarrizketa fitxak eman dizkiet, binaka adostuta, hurrengo eskolan elkarri horretaz hitz egin diezaioten.

o  EZIK / IZAN EZIK / EZ EZIK…ERE bereizteko berridazketak (azalpen orriaren atzean).

o  Perpaus kontzesiboak lantzeko indartze-ariketak (+ EBAZPEN orriak).

o  Orainaldiko Subjuntiboa. Neuk prestatu dizkiedan ariketekin hasiko gara: “Orainaldiko Subjuntiboa langai”.  Ariketa horietako subjuntibo adizkiei dagokienez:

o  Denak dira Orainaldiko Subjuntiboa lantzeko ariketak.

§ Lehenengo bietan, NOR sistema praktikatuko dute.

§ Beste bietan, NOR-NORK (baina 3. pertsonak bakarrik jarri ditut, zalantzarik gabe, gehien erabiltzen direnak baitira).

§ Esaldi bakoitzaren ondoren jar dezatela, parentesi artean, subjuntiboko adizkiak ikusi ditugun lau erabilera horietako zein duen eta, halaber, saia daitezela nominalizazio batekin berridazten. Adib.: “Oso eguraldi ona egin behar du ni hondartzara hurbil NADIN” (=”Oso eguraldi ona egin behar du ni hondartzara hurbilTZEKO” (1. erabilera, helburuzkoa, “zertarako?” galderari erantzuten diona).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-      AUKERAKO JARDUERA: -ARAZI aditz arazlea lantzeko indartze-ariketa. Gaurkoan, espreski prestatu dizuedan indartze-ariketa dakarkizuet (ariketa aproposa eta egokia da guztiz, baina luzea ere bada, eta astuna gerta dakizueke; horregatik, nik egunero esaldi batzuk baino ez nituzke egingo). Jarduera bikoitza da:

a.       batetik, Indikatiboko orainaldiko nahiz lehenaldiko  nor-nork adizkiekin osatzeko hainbat esaldi dituzue, BEHARTU, BULTZATU (=animatu) eta GONBIDATU aditzak dituztenak eta, beraz, -T(Z)ERA nominalizazioa eskatzen dutenak

b.       eta bestetik, esaldi horietako batzuk – ez denak –  -ARAZI erabiliz berridazteko jarduera. Horretarako, neuk eman dizkizuet oinarrian dauden esaldiak (parentesi artean dauzkazue), beharrezko aldaketak eginez esaldi horiek  arazle bihur ditzazuen (bestela, hutsetik egitea zailegia izan litekeelakoan).

OHARRA: kontuan izan, “bultzatu”, “behartu” nahiz “gonbidatu” aditzekin BETI NOR-NORK erabili behar dela!!!! (beraz, alde horretatik, ez duzue inolako zalantzarik izan behar).

–ARAZIrekin, berriz, jatorrizko aditzaren arabera (nor + -ARAZI > nor-nork) (nor-nork + -ARAZI > nor-nori-nork).

Adibidez:

Zuk (nork) ni (nor, osorik) kristalak garbiTZERA BEHARTU NAUZU (didazu).

Nik (nork) kristalak (zer) garbitu ditut, nahi nuelako >

Zuk (nork) niri (nori) kristalak (zer) garbiARAZI DIZKIDAZU.

Garrantzitsua da hau oso argi edukitzea; osterantzean, kosta egin dakizueke ariketa behar bezala egitea. Horregatik eman dizuet nik bigarren ariketa egiteko oinarrizko esaldia, hortik abiatuta –ARAZI erants diezaiozuen.

-          Biltegia: EGINAK BEHAR LUKETE:

o   Andreak (Karmele Jaio) izeneko jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa.

o   Egitura, esapide eta esamolde jatorrak euskaraz (II) (gelan zuzenduko dugu).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Sasoian sasoikoa deritzon jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   AUKERAKO JARDUERA: Botiken publizitatea izeneko cloze-testa (EBAZPENA +  AZALPENAK ere banatu dizkiet).

o   AUKERAKO JARDUERA: Ontziak birziklatzeko makina (entzungaia eta ebazpen orria, blogean eskuragarri).

o   AUKERAKO JARDUERA: Ahalera (orainaldia / alegiazkoa edo hipotetikoa / iragan edo lehenaldikoa) errepasatzeko Gramatika eta ariketak II liburuko 24-25. orrialdeetako errepaso-testa, liburuko 1-7 unitateei dagokiena (erantzun-orriak banatu ditut).



[1] Oharkabean: ohartu gabe, konturatu gabe

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina