50. eskola: 2026ko apirilaren 29koa
- Joan den egunean, -ARAZI aditz erazlearen erabilera azaldu nien
ikasleei. NOR motako adizkiak -ARAZI gehituta NOR-NORK bilakatzen direla azaldu
nien eta aditza
NOR-NORK sistemakoa denean, -ARAZI atxikitzean (=eranstean), automatikoki
NOR-NORI-NORK bihurtuko dela. Hemen ere eragile edo
“agente” bat (nork edo zerk) gehituko dugu eta aurretik
geneukan NORK kasua, automatikoki NORI bihurtuko da, ezin baitira bi NORK egon.
Alaznek (nork) koadernoa (zer) ireki du (berak nahi duelako)
> Dabidek (nork) Alazneri (nori) koadernoa (zer) irekiARAZI
DIO (irekiARAZTEN dio, irekiARAZIKO
dio…) (=Dabidek Alazne koadernoa irekitzera behartu edo derrigortu du).
Klasean bero egiten
duenez, Begoñak (nork) leihoa
(zer) zabaldu = ireki du (berak
erabaki du, berak nahi duelako ireki du)
> Gainerako
ikasleek (nork) Begoñari (nori) leihoa (zer) zabalARAZI
= irekiARAZI DIOTE (=zabaltzera
behartu dute).
Zuk (nork) atzo goizean komuna
(zer) garbitu zenuen (zuk hala erabaki zenuelako)
> Amak (nork) zuri (nori) komuna (zer) garbiARAZI ZIZUN (= amak zu komuna garbitzera behartu zintuen).
- Azalpena ulertu eta eurenganatu zuten ikusteko,
ariketa praktiko bat egin genuen klasean. Ikasleei zazpi esaldi eman nizkien,
NOR aditza zeramatenak, eta gaztelaniaz zutena euskaratu behar izan zuten,
ezinbestean, -ARAZI erabiliz. Argi geratu zitzaien, beraz, NOR aditza dutenak gradu bat igo eta NOR-NORK
bihurtzen direla. Ariketaren 2. Zatia etxerako bidali nien. Oraingoan, beste
zazpi esaldi zituzten, baina NOR-NORK aditza dutenak. Eurek -ARAZI gehitu behar
zieten, gaztelaniaz duten esaldia euskaratzeko. Gaurkoan, zuzendu egin dugu, astiro,
beharrezko azalpenak emanez.
·
Alabak
(nork) soinekoa (zer) aldatu du >
“los padres le han hecho cambiar el vestido a la hija”
> Gurasoek = aita-amek (nork pl.) alabari (nori) soinekoa (zer) aldARAZI DIOTE.
·
(Guk)(nork)
2 orduz itxaron dugu > “Ellos nos
han hecho esperar durante dos horas”
> Haiek (nork) guri (nori) bi orduz itxaronARAZI DIGUTE
(1.
OHARRA: singularrean – “DIGUTE” – ”bi orduz”
ez baita objektua edo “zer?” galderaren erantzuna, iraupena edo “zenbat
denbora?” galderarena baizik).
(2. OHARRA: “itxaron” aditza nor-nori-nork “faltsua” denez, ez dauka “zer?” galderari erantzuten dion objekturik).
· Ikasleak
(nork sing.) ariketak (zer) errepikatu
ditu > “Dabid le ha hecho repetir
los ejercicios al alumno”
> Dabidek (nork) ikasleari (nori) ariketak (zer pl.) errepikARAZI (egin) DIZKIO.
·
(Zuk)
(nork) zer gogoratzen duzu? > “Esta música qué te hace recordar?”
> Musika honek (zerk) zuri (nori) zer gogorARAZTEN DIZU?
· Ikasleek (nork
pl.) matrikula-orriak beteko dituzte > “La secretaria hará que los
alumnos y las alumnas rellenen los impresos de matrícula”
> Idazkariak (nork sing.) ikasleei (nori pl.) matrikula-orriak (zer pl.) beteARAZIKO DIZKIE.
- Alegiazko Ahalera edo
Hipotetikoa. Gramatika
eta ariketak II liburuko 19. orrialdeko ariketetan zalantzarik izan
duten galdetu eta, hala balitz, argitu. Ariketa horietan, hiru ohar egin dizkiet:
a.
3. ariketan: “Aizu, Idoia, ez dakit ariketa nola egin. (Zer egin behar den)
azal_ ZENIEZADAKE (zer egin behar den)?”
Galdetzailearen
(zer, noiz, nola, norekin, nondik…) ondoren, adizki jokatua erabiltzen badugu, zehar-galdera
denez, -(e)N gehitu behar zaio: Azal zeniezadake ZER egin behar
dEN? = … ZER egin behar dudaN?; azal zeniezadake NOLA egin behar dEN?= …NOLA egin behar dudaN?
Norbaitek ba al daki horrelako egoeren aurrean NOLA jokatu behar dEN?
Bada galdetzaileekin erabiltzeko beste aukera bat:
partizipioa. Hori bai, galdetzailea + partizipioa erabiltzeko, inpertsonala ez
denean, subjektu bera izan behar dute bi aditzek; bestela, ezin da
egitura hori erabili.
Ez dakit (nik) ZER egingo dudaN (nik) = Ez dakit ZER
egin (part.).
Ez dakit (nik) ZER egingo duzuN (zuk) = EZ dakit ZER egin.
Nik badakit horrelako egoeren aurrean (nik) NOLA
jokatu behar dudaN = nik badakit horrelako egoeren
aurrean NOLA jokatu (part.)
Nik badakit horrelako egoeren aurran zuek NOLA
jokatu behar duzueN = Nik
badakit horrelako egoeren aurrean zuek NOLA jokatu.
Galdetzaileekin
sekula erabili behar ez duguna nominalizazioa da: Zuk argi al daukazu ZEIN karrera egin? (zein karrera egitea).
Ez dakit berarekin NOLA hitz
egin (part.) (nola hitz egitea)
nire hitzekin ez mintzeko. Ez dakit
gai honetaz NOREKIN hitz egin
(part.) (norekin hitz egitea)
= Ez dakit gai honetaz NOREKIN hitz
egingo dudaN.
Ez dakit horrelako opari bitxiak NON erosi (part.) (non erostea) = Ez dakit horrelako opari
bitxiak NON eros daitezkeEN.
Zineman ez dakit ZER ikusi (part.) (zer ikustea)
= Zineman ez dakit ZER ikusiko dudaN.
Guk badakigu horrelako egoeren aurran NOLA
jokatu (part.) (nola jokatzea)
= Guk badakigu horrelako egoeren aurrean NOLA jokatu behar deN / duguN.
b. 2. ariketan: “Trena barik (=trena hartu beharrean) autobusa hartuko
bazenu, zer ordutan hel_ ZINTEZKE?”
TrenaREN ORDEZ
Trena HARTU BEHARREAN (Trena HARTU ORDEZ¿?)
Esaldi
honek horretarako aitzakia eman didanez, BEHARREAN
azaldu diet. Nahiz eta esanahi
bakarra duen, hiru erabilera desberdin ditu:
i.
Bi osagai aurkajarriz (adiz bera dutelarik).
ii.
Bi aditz desberdin aurkajarriz eta bigarren
aditza EGINekin indartuz,
predikatuan beste osagairik ez dagoenez, aditza delako galdegai edo
protagonista eta beraz, derrigorrez markatu behar delako.
iii. Bi aditz aurkajarriz baina bigarrena indartu gabe, bigarren aditz horrek badaramalako beste osagairen bat eta beraz, aditza ezin delako izan protagonista edo galdegaia, beste osagai hori baizik. Ondorioz, aditz partizipio horrek ez darama EGIN indartzailerik.
c. Ikusi genuen Orainaldiko Ahalera erabil daitekeela
Baldintza Errealarekin konbinatuta (Ingelesez astiro hitz egiten badiote,
dena uler_ dezake; gaixorik sentitzen bazara, medikuarenera joan zaitezke;
ulertzen ez baduzu, irakasleari galde_ diezaiokezu).
Bada, gauza bera gertatzen da Alegiazko Ahalera edo
Hipotetikoarekin: Alegiazko
Baldintza edo Hipotikoaren (2. baldintza) ondorio gisa erabil daiteke Alegiazko
Ahalera edo Hipotetikoa (ekialdeko
euskalkietan joera hori dute), Ondorioko adizki hipotetikoen ordez (guk,
hegoaldean, gehiago erabiltzen dugu ondorioko aditz hipotetikoa).
Bihar jai
izango bazenu,
elkarrekin egun pasa egingo genuke
(ondorio hipotetikoa) (“haríamos”)
= Bihar
jai izango bazenu, elkarrekin
egun pasa egin genezake (ahalera hipotetikoa) (“podríamos hacer”).
Autoz joango banintz, garaiz
iritsiko nintzateke
bilera horretara (ondorio hipotetikoa) (“llegaría”)
= Autoz joango banintz, garaiz
irits_ ninteke
bilera horretara (ahalera hipotetikoa) (“podría llegar”)
Hona hemen adibide gehiago:
Ikasleak
gehixeago saiatuko
balira, emaitza hobeak lortuko lituzkete (ondorio
hipotetikoa) (“conseguirían”).
= Ikasleak gehixeago saiatuko balira, emaitza
hobeak lor_ litzakete (ahalera hipotetikoa) (“podrían
conseguir”).
Datorren astebururako eguraldi
ona iragarriko balute, Urbasan
mendi-ibilia egitera joango ginateke
(ondorio hipotetikoa) (“iríamos”).
= Datorren astebururako
eguraldi ona iragarriko balute, Urbasan mendi-ibilia egitera joan_ gintezke (ahalera hipotetikoa)
(“podríamos ir”).
Erosleentzat aparkatzeko lekua
nonbait BALEGO (=egongo BALITZ),
auzoko erdigunean ez LITZATEKE
arazorik izango eta auzokoek eta
eskolako irakasle-ikasleok kotxeak hobeto aparkaTUKO
GENITUZKE (ondorio hipotetikoa) (“aparcaríamos”)
=…auzokoek eta eskolako irakasle-ikasleok kotxeak hobeto aparka_ GENITZAKE (ahalera hipotetikoa)(“podríamos aparcar”).
ERNE!!! Ohar zaitezte, ordea, baldintzaren ondorioan (egingo, iritsiko, etorriko, ikusiko…) ez bezala, ahalera erabiltzen dugunean aditzoina (egin_, irits_, etor_, ikus_…) baliatuko dugula, -I edo –TU aditz-aspektu markarik gabe, alegia.
-
Ahalera ikusten ari gara eta ikusiak nahiz
landuak ditugu,
bai Orainaldia
(naiteke,
dakiguke, dezakezu, zaitzakegu, diezaioket...),
bai Alegiazkoa
edo Hipotetikoa (ninteke, lekiguke, zenezake, zintzakegu, niezaioke...).
Gaurkoan
Lehenaldiaren azaleko aipamena egin diet, Hipotetikoarekiko aldea nabarmenduz.
Horretarako, Gramatika eta ariketak II liburuko 20. orrialdean ditugu Iraganeko
edo Lehenaldiko Ahalerako adizki errazenak: NOR sistema eta NOR-NORK
sistemako 3. pertsonak. Gramatika
eta ariketak II liburuko 22.
orrialdean, berriz, gainerako guztiak (nor, nor-nori sistemako 3. pertsonak, nor-nork sistemako pertsona guztiak
eta nor-nori-nork
adizkiak).
§ Hasteko, Gramatika eta ariketak II
liburuko 20. orrialdera jo dugu; aldi berean, 16. orrialdea ere irekiarazi
diet eta, honela, Alegiazko Ahalera (edo
Hipotetikoa) eta Iraganekoaren (edo
Lehenaldikoaren) arteko aldeez ohartarazi ditut. Bai, formalki, bien artean
ez dago desberdintasun handirik (esanahi aldetik bai, noski).
§ Ondoren,
Gramatika eta ariketak II liburuko
22. orrialdera jo dugu (7. gaia). Bertan datozkigu Iraganeko edo Lehenaldiko Ahalerako
adizki guztiak (nor, nor-nori sistemako 3. pertsonak, nor-nork sistemako pertsona guztiak
eta nor-nori-nork
adizkiak). Lau sistema horietako adizkiei erreparatu eta zera
gogorarazi diet: gainetik erreparatuta, Iraganeko Ahalera eta Ahalera Hipotetikoa
(18.orrialdean datorrena) alderatuz gero,
arau pare bat eman beharko bagenu, honakook izango lirateke:
§ Iraganekoak, amaieran
–eN darama (-te amaiera dutenek, -N baino ez dute hartzen).
§ Hirugarren pertsonek,
hasieran L- eraman beharrean, Z. Beraz, Alegiazko Ahalera edo Hipotetikotik
Lehenaldiko Ahalerara igarotzea nahiko erraza da, bi aldaketa horiek egitea
aski baita.
Laburbilduz, Iraganeko
edo Lehenaldiko Ahalerak, amaieran –eN darama (-te
amaiera dutenek -N baino ez dute hartzen) eta hirugarren pertsonek, hasieran L- eraman beharrean, Z-daramate.
Adib.:
§
Agian
bihar zurekin afaltzera joan
NINTEKE (“podría ir”), deituko dizut berresteko (alegiazko ahalera edo
hipotetikoa, ni joateko aukera badagoelako).
§
Atzo
zurekin afaltzera joan NINTEKEEN (=joan ahal
nintzen) (“podía ir”, “podía haber ido”), baina ez joatea erabaki nuen” (iraganeko
ahalera edo lehenaldikoa).
§
Mikel gehiago saiatuko balitz, egunen batean abokatu bikaina izan LITEKE (“podría ser”)(alegiazko
ahalera edo hipotetikoa, abokatu izateko aukera badagoelako).
§
Mikel abokatu bikaina izan ZITEKEEN (=izan ahal zen) (“podía ser”, “podía haber sido”),
baina albaitari (bezala) lan egitea erabaki zuen (iraganeko ahalera edo lehenaldikoa, jada abokatu izateko
aukerarik ez daukalako, beste lanbide bat hautatu baitzuen, albaitariarena).
§ Bestalde, Iraganeko Ahalerako adizkiak AHAL + Indikatiboa egituraren parekoak dira (ezezkoetan EZIN + Indikatiboaren parekoak):
§ NOR: Gu bilera hartara joan_ GINTEZKEEN (= joan ahal ginen);
Mikel gurekin bazkaltzera etor_ ZITEKEEN
(= etorri ahal zen).
§ NOR-NORI: Kontuz ibili ezean, niri giltzak gal_ ZEKIZKIDAKEEN (= galdu
ahal zitzaizkidan); Eskerrak ertzainek geldiarazi zuten! Bestela, edanda
zihoan gidari hari istripu bat gerta_ ZEKIOKEEN (= gertatu ahal zitzaion).
§ NOR-NORK: Zuk ni txikitan airean altxa_ NINTZAKEZUN (= altxatu ahal ninduzun), baina orain asko pisatzen dut; Guk zu ezin ZINTZAKEGUN behar
bezala babes_ (= ezin zintugun behar
bezala babestu); Bizilagunek gu sala_ GINTZAKETEN (= salatu ahal gintuzten), baina,
zorionez, azkenean onez onean konpondu genuen arazoa; Mattinek lan hori
azkarrago egin_ ZEZAKEEN (= egin ahal
zuen), horrelako lanetan oso iaioa = trebea baita.
§ NOR-NORI-NORK: Barkadazu, atzo deitu zenidanean ezin NIEZAZUKEEN kasurik egin_ (= ezin nizun kasurik egin); Guk berari lagun_ GENIEZAIOKEEN (= lagundu ahal genion), baina ez genion lagundu, ez baitzuen merezi; Ikuskizunerako sarrera erdi prezioan lor_ ZIEZADAKEEN (= lortu ahal zidan), baina ez zuen hala egin.
-
Fashion izan nahi, kosta ahala kosta
izeneko ulermen-jarduera zuzendu dugu, beharrezko azalpenak emanez. Zuzenketa-oharren
ale bana eman diet.
-
NOLA edo HALA = ALDEZ edo MOLDEZ = KOSTA AHALA
KOSTA
-
Ziztu bizian = ziztu batean etorri naiz (= oso azkar).
-
Jo! Autoa bi minutuz utzi (dut) eta isuna jarri didate!
Marka da, gero!! =
Hori ere ikusi behar!
= Hamaika ikusteko / entzuteko jaioak gara!
-
Bertsua (=beretsua) = antzekoa
-
Istripu baten berri izan dut = jakin
dut istripu bat gertatu dela
-
Istripu baten berri eman dizuet
= jakinarazi dizuet istripu bat gertatu dela.
OHARRA: ZEREN +
BERRI +IZAN / EMAN egiturak aditza beti singularrean darama, nahiz eta ZEREN
kasua pluralean egon: Arazo batzuEN (pl.) BERRI EMAN DIT (dizkit); Ingurukoei gure asmoEN (pl.) BERRI
EMAN GENIEN (genizkien); Hilabete
honetako gastuEN (pl.) BERRI EMAN ahal DIDAZU? (dizkidazu).
-
Gai honen harira / harian / haritik = ildo berean /
beretik = honekin
lotuta = gai
honekin duen zerikusiagatik… (euren idazlanetarako lokailu
egokia).
- Azkenik,
jardueraren amaieran
duten taulatxoari arretaz erreparatu diogu; bertan datorkie GERO(Z) ETA... –AGO/-AGOA/-AGOAK
konparaziozko egitura, bilakaera adierazten duena. Behin baino gehiagotan
ohartarazi izan ditut ohiko akats honetaz ere: zenbat eta...
gero eta... Gaurkoan, ordenaz aritu natzaie:
GERO(Z) ETA…-AGO/A/AK + aditza. Hona
hemen ikasleen idazlanetako zenbait akats:
Egun, gero eta gehiago hegazkinez bidaiatzen dugu.
> Egun, gero eta gehiago bidaiatzen dugu hegazkinez.
Egungo
gaztetxoak gero eta lehenago ordenagailua
erabiltzen hasten dira.
>
Egungo gaztetxoak gero
eta lehenago hasten dira ordenagaiua erabiltzen. Gero eta gutxiago kotxeak lorez beteta ikusten dira.
> Gero eta gutxiago ikusten dira kotxeak lorez beteta = Gero eta kotxe gutxiago ikusten dira lorez beteta.
- AHOZKO ADIERAZPENA: Fashion izan nahi kosta ahal kosta (35-40´). Mintza fitxako lehenengo lau puntuak izan dituzte hizpide, bakoitzerako denbora-tarte mugatua utzita.
-
Etxerako lanak:
§ Gutun
formalaren azalpen orriak irakur ditzatela: Gutun edo e-mail formala idazteko
jarraibideak II.
§ Erreklamazio gutuna. Amesgaiztoko
bidaia. Hau idatzi aurretik, erreparatu arretaz jarraibideei
§ Idatziaren ulermena, lexikoa eta zenbait
egitura lantzeko, “Lacoste eta
bere krokodilo famatua” jarduera:
·
Ulermen
jarduera (testua esaldiekin osatzekoa)
·
Lexiko
jarduera (sinonimoak)
·
Berridazketak.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
§ AUKERAKO
JARDUERA: Botiken publizitatea izeneko cloze-testa
(EBAZPENA + AZALPENAK ere banatu
dizkiet).
§
AUKERAKO JARDUERA: Ontziak birziklatzeko
makina (entzungaia eta ebazpen orria, blogean eskuragarri).
§ Iraganeko
Ahalera. Gramatika eta ariketak II liburuko 21. eta 23.
orrialdeetako ariketak (erantzun-orriak ere banatu dizkiet). Gramatika
eta ariketak II liburuko 21.
eta 23. orrialdeetako ariketak (norberak zuzen ditzala, neuk banatu dizkiedan
erantzun-orriekin), Iraganeko edo Lehenaldiko Ahalerako adizkiak lantzekoak.
21.
orrialdeko ariketen oharrak:
§
2. ariketan: 1. esaldian: ZENEZAKETEN + ela >
ZENEZAKETELA
§
2. ariketan: 3. esaldian: eros_ ZITEZKEEN
(“erosi” aditza transitiboa, UKAN, den arren, hemen IZAN darama, balio inpertsonala duelako: “se
podían comprar”).
§
2. ariketan: 5. esaldian: lau aukera desberdin: EZIN NEZAKEEN azterketa hura GAINDI_;
EZ NEZAKEEN azterketa hura GAINDI_; EZIN GAINDI_ NEZAKEEN azterketa hura;
azterketa hura EZIN GAINDI_ NEZAKEEN.
§
2. ariketan: 6. esaldian: aukera bat baino gehiago: EZIN ZEZAKEEN koilara ahora
ERAMAN_; EZ ZEZAKEEN koilara ahora ERAMAN_; (koilara) (ahora) EZIN ERAMAN_
ZEZAKEEN (koilara) (ahora).
§
2. ariketan: 7. esaldian: autoa barrura sar_
ZITEKEEN, baita sua piztu ere = autoa barrura sar_ ZITEKEEN eta sua piztu ere
bai = autoa barrura sar_ ZITEKEEN eta sua piz_ ZITEKEEN.
§
2. ariketan: 8. esaldian: (lagunekin) EZIN
GINTEZKEEN (lagunekin) hain erraz GERA_; (lagunekin) EZ GINTEZKEEN (lagunekin)
hain erraz GERA_; (lagunekin) EZIN GERA GINTEZKEEN (lagunekin) hain erraz.
§ AUKERAKO JARDUERA: Ahalera (orainaldia / alegiazkoa edo hipotetikoa / iragan edo lehenaldikoa) errepasatzeko Gramatika eta ariketak II liburuko 24-25. orrialdeetako errepaso-testa, liburuko 1-7 unitateei dagokiena (erantzun-orriak banatu ditut).
-
Biltegia: EGINAK
BEHAR LUKETE:
§
Andreak (Karmele Jaio) izeneko
jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa.
§ Egitura, esapide eta esamolde jatorrak
euskaraz (II) (gelan
zuzenduko dugu).
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
§ Sasoian sasoikoa deritzon jarduera, idatziaren ulermena
lantzekoa.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
§ Perpaus kontzesiboei buruzko teoria (Gramatika eta ariketak II liburuko 42. gaia) irakur dezatela. Hurrengo
egunean azalduko diet.