Páginas

2020/03/17

B2.2ko 42.eskola, 2020ko martxoaren 17 eta 18koa (on-line)


42. eskola (on-line): 2020ko martxoaren 17 eta 18koa

-     Iraganeko baldintza edo irreala lantzeko ariketetan zalantzarik baduzue? Hala balitz, galdetu blogaren bidez edota nire e-posta helbidera idatzita. Honako hau gogorarazi nahi nizueke: hamaika bider esana dugu baldintza hipotetikoak derrigorrez ondorio hipotetikoa eskatzen duela; baldintza irrealak edo lehenaldikoak, orain lantzen ari garen honek, alegia, gehienetan, lehenaldiko ondorioa darama, baina badira salbuespenak: litekeena da baldintza zatia iraganean egotea, hau da, irreala izatea, baina ondorioa hipotetikoa, denbora jauzia gertatu delako (hipotetikotik iraganerako jauzirik sekula ez).  

-    Nik Filologia ikasi beharrean, Zuzenbide-ikasketak egin (izan) banitu, orain abokatu ospetsua izango NINTZATEKE, irakasle xume bat izan beharrean (IRREALA > HIPOTETIKOA, denbora jauzia gertatu delako).
Zuen ariketa horietan baziren horrelako lauzpabost kasu, erantzun orrietan berariaz adierazi nizkizuenak.

-    Azkenaldi honetan, genero berdintasunaren eta genero indarkeriaren inguruan gabiltza. Etxerako zenuten euskal emakume aitzindari bati buruzko ulermen jarduera, Elbira (=Elbire) Zipitriari buruzkoa. Zuzendu eta erantzunen batekin ados egon ezean, galdetu.

-    IKUS-ENTZUNAREN ULERMENA: Emakunderen kanpaina. Bi jarduera egin behar dituzue; lehenengoan (A), hainbat adierazpen egiazkoak diren ala ez adierazi behar duzue (horretarako, bitan ikus ezazue bideo-pasartea); bigarrenean (B), esaldiak osatu behar dituzue falta den informazioarekin. Horretarako, beste bizpahiru aldiz ikus dezakezue bideoa. Jarraian zuzen ezazue, lehenik, A jarduera eta, ondoren, B jarduera. Amaitzeko, eta erantzun zuzenak berresteko, behin entzuteko gomendatzen dizuet.

-          Honako egitura honetaz ohartarazi ditut: PARTIZIPIOA + EZINIK
Gaur berandu iritsi naiz klasera, autoa aparkatu EZINIK ibili naizelako
Lorena armairura joan da eta atea ireki EZINIK geratu da, giltzarik ez zeukalako.
Gau osoa pasa dut lo egin EZINIK.

-         EZ BEZALA eta  EZ BEZALAKOA  moduzko egiturak gogorarazi dizkiet:

-          Nire bizimodua zurea baino desberdinagoa da**
-          Nire bizimodua zurea desberdina da **
-          Nire bizimoadua zurearen (noren) desberdina da **
-          Herrietako bizimodua hirietakoa baino desberdinagoa da **

-          Nire bizimodua (a) zurea (b) EZ BEZALAKOA da = Nire bizimodua (a) EZ DA zurea (b) BEZALAKOA.
-          Herrietako bizimodua (a) hirietakoa (b) EZ BEZALAKOA da = Herrietako bizimodua (a) EZ DA hirietakoa (b) BEZALAKOA.
-          Nire eskarmentua (a) zurea (b) EZ BEZALAKOA da = Nire eskarmentua (a) EZ DA zurea (b) BEZALAKOA.
-          Gure aitona-amonen garaiko familia eredua (a) gaur egungoak (b) EZ BEZALAKOA zen = Gure aitona-amonen garaiko familia eredua (a) EZ ZEN gaur egungoak (b) BEZALAKOA.
-          Gaur egun (a), garai batean (b) EZ BEZALA, ez dago gaizki ikusia 40 urte izanda ere ezkongabe egotea.

-          Ni (a) zu( b) bezalakoa naiz (nolakoa?).
-          Ni (a) ez naiz zu (b) bezalakoa = Ni (a) zu(b) EZ BEZALAKOA naiz.
-          Ni (a) zu (b) bezala sentitzen naiz (nola?).
-          Ni (a) ez naiz sentitzen zu (b) bezala = Ni (a) zu(b) EZ BEZALA sentitzen naiz.

Oharrok zabalago eta adibde gehiagorekin biltzen dituen orri osagarria ere atxiki dizuet blogean.

-      Baina…emakumezkoen eta gizonezkoen artean beti izan behar litzateke berdintasuna? Ziur zaudete? Entzun ondoren datorren entzungaia. ENTZUNAREN ULERMENA: Berdintasuna ez da dena berdin (gomendatutako abiadura:0,9,0,9). Itemak arretaz irakurri ostean, bi aldiz entzun eta, guk klasean, hirugarren entzunaldia egin ahala, zuzendu egingo genuke. Beraz, hiru aldiz entzun ezazue. Azkenik, behin osorik entzun liteke, auziaren ikuspegi orokorra uler dezazuen. Ondoren, albistea ongi ulertu duzuen egiaztatzeko, azpiko taulatxoan ageri den laburpena irakur dezakezue.

-  AHOZKO ADIERAZPENA: Emakumeak…gizonen pare…ala menpe?  Bikoteka, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren nazioarteko egunaren harira,  mintza-fitxa bereko 6., 7. eta 8. puntuak  izango genituzke  mintzagai, hots, genero indarkeria edo bortizkeriari buruzkoak. Hipotetikoa erabili dut, telelana dela-eta, ezin baitugu mintza-saiorik egin. Itzultzen garenerako gorde beharko dugu, beraz.

-    Lokailuak. Gramatika eta ariketak II liburuko 57. gaian – 210-211. orrialdeak – zalantzarik bai? Hala balitz, galdetu. Ez nahastu bi hauek:
o   Ainararen autoa etxe ondoan dago aparkatuta; HORTAZ = BERAZ, ez dago dudarik, autobusez joan da lanera.
o   Argi dago, Ainara autobusez joan da lanera; IZAN ERE, autoa etxe ondoan aparkatuta dago.

-   Gramatika eta ariketak II liburuko 239. orrialdeko ariketak – diskurtsoaren kohesio elementuak lantzeko errepaso ariketak – zuzentzeke ditugu, klasean zuzentzeko asmoa bainuen. Zeuek zuzen itzazue erantzun-koadernoa erabiliz eta, zalantzarik izanez gero, galdedazue.  Hona hemen nik klasean egingo nizkizuekeen zenbait ohar. 3. ariketan:

Erretzaileak bere osasuna hondaTZEAZ GAIN, ondoan dituen beste pertsona guztiena ere kaltetzen du.
= Erretzaileak bere osasuna EZ EZIK, ondoan dituen beste pertsona guztiena (< guztien osasuna) ERE kaltetzen du.
= Erretzaileak EZ BAKARRIK bere osasuna, ondoan dituen beste pertsona guztiena ERE kaltetzen du.

-          Ariketa berean, 10. lerroan, honako esaldi hau agertu zaigu:

Azkenik, nire iritziz, inork EZ DAUKA (= ez du) ZERTAN arriskuan JARRI bere osasuna, beste norbaiten bizio eta ohitura txarrengatik.

Esaldi hau honen parekoa litzateke:

Azkenik, nire iritziz, inork EZ DAUKA (= ez du) arriskuan JARRI BEHARRIK bere osasuna, beste norbaiten bizio eta ohitura txarrengatik.

Honako esaldi honek, ordea, esanahi edo adiera desberdina dauka:
Azkenik, nire iritziz, inork EZ DU arriskuan JARRI BEHAR bere osasuna (hemen, debekatzen ari gara).

Bere garaian azalpen hau luze eta zabal eman genuen arren, hona hemen taula, berriro errepasatzeko, azaletik bada ere.

·         BEHAR  vs. BEHARRIK arteko desberdintasuna

-        Inork EZ DAUKA (=ez du) ZERTAN arriskuan JARRI = Inork EZ DAUKA (=ez du) arriskuan JARRI BEHARRIK (debekurik ez dago).
-        Inork ez du arriskuan jarri BEHAR (debekua adierazten du).
 
-      Liburutegian liburu bat mailegatzeko EZ DAUKAZU (=ez duzu) ZERTAN eskolara ETORRI = EZ DAUKAZU (= ez duzu) eskolara ETORRI BEHARRIK (baina, nahi baduzu, etor zaitezke).
-        Ez duzu eskolara etorri BEHAR (debekua adierazten du).

-      Agiri horiek entregatzeko EZ DAUKAZU (=ez duzu)  ZERTAN udaletxera JOAN = EZ DAUKAZU (= ez duzu) udaletxera JOAN BEHARRIK, Internet bidez bidal ditzakezu (baina nahi baduzu, joan zaitez udaletxera).
-        Agiri horiek entregatzeko ez duzu udaletxera joan BEHAR, Diputaziora baizik.

-     Gaurko idazlana egin behar zenuten, baina EZ DAUKAZUE (=ez duzue) ZERTAN gaur EMAN = Idazlana EZ DAUKAZUE (= ez duzue) gaur eman BEHARRIK (baina nahi baduzue, eman gaur eta hartuko dizuet).
-          Idazlana ez duzue gaur eman BEHAR.

-       Gaur egungo bikoteek EZ DAUKATE (= ez dute) seme-alabak ZERTAN EKARRI familia bat osatzeko, garai batean ez bezala = Gaur egungo bikoteek EZ DAUKATE (=ez dute) seme-alabak EKARRI BEHARRIK familia bat osatzeko, garai batean ez bezala.
-      Gaur egungo bikote askok ez dute = ez lukete seme-alabarik ekarri BEHAR, gero ez dakite behar bezala hezten eta.

-       Gaur egun haur bat izateko emakume batek EZ DAUKA (=ez du) ZERTAN gizon bat BILATU, intseminazio bidez izan dezake = Gaur egun haur bat izateko emakume batek EZ DAUKA (= ez du) gizon bat BILATU BEHARRIK, intseminazio bidez izan dezake.
-        Gaur egun haur bat izateko emakume batek ez du gizonik bilatu BEHAR.

Halabeharrez edo kasualitatez, ikasleetako baten idazlanean honako esaldi hau  irakurri nuen:    

* Egia esan, Eguberriak beste edozein egun bezalakoak dira, eta EZ DITUGU gehiegikeria izugarriak EGIN BEHAR.

Debekatuta al dago ba, gehiegikeriak egitea? Ez, ezta? Hona esaldi zuzena:

Egia esan, Eguberriak beste edozein egun bezalakoak dira, eta EZ DAUKAGU (= ez dugu) gehiegikeria izugarriak EGIN BEHARRIK.

Alegia, ez daukagula gehiegikeriak egin beharrik, baina norbaitek nahi badu, egin ditzala. Ez dago debekurik.

Inpetsonala egiteko: EZ DAGO  (= ez da) ZERTAN + partizipioa = EZ DAGO  (= ez da) + partizipioa + BEHARRIK.

Gaur egun, medikuarenean hitzordua hartzeko EZ DAGO (=ez da) ZERTAN anbulategira JOAN, Internet bidez har daiteke = Gaur egun, medikuarenean hitzordua hartzeko EZ DAGO (=ez da) anbulategira JOAN BEHARRIK, Internet bidez har daiteke.

-          ETXERAKO BIDALIKO NITUZKEEN LANAK:
 o   Ez bezala eta Ez bezalakoa lantzeko ariketak (erantzunekin), Atalak liburukoak.
o   Hilekoagatik baja eman behar LITZATEKE?” izeneko jarduera multzoa:
§  Lehenik, IKUS-ENTZUNAREN ULERMENA: Hilekoagatik baja emateko Italian egindako proposamena. Itemak irakurri ostean, hirutan ikus ezazue bideo-pasartea eta, jarraian, zuzendu, erantzun orriak erabiliz.
§  Zer diote italiar emakumeek? Bideo-pasartearen zati hori berriro ikusi eta ariketa honetako bi galderei erantzun.
§  Testua osatzen. Ikusitako bideo-pasartearen transkripzioa da eta testutik ateratako zatiekin osatu behar duzue berau.
o   Giza harremanei buruzko zenbait testutxo, testutxo horien ideia nagusia  adierazten duen esaldia aukera dezazuen, distraktoreak saihestuta.
o   AUKERAKOA: Behar vs. Beharrik eta partizipioa + beharrik  = zertan  + partizipioa errepasatzeko ariketak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina