1. saioa: 2023ko irailaren 28koa (lehenengo eskola-eguna)
- Irakaslearen aurkezpena.
- Hasteko, eskolako araudiaren berri eman diet (araudia eskolaren web-orrian – eoiirunheo.hezkuntza.net – dute ikusgai, “ikasleak” atalean eta inprimakiak, berriz, “on-line idazkaritza” atalean).
- Gure B2.2 mailako ohar eta gomendioak jakinarazi dizkiet (kopia bana eman diet).
- Erosteko aholkatu diedan testuliburua zein den adierazi diet.
- 1. gaiari ekin diogu: IDENTIFIKAZIO PERTSONALA: Euskara eta euskaldunok
Ni naiz ikasturte honetan
euskarako eskolak emango dizkizueNA (< dizkizueN pertsonA) (dizkizueLA)
o “Zu (al) zara…-(e)NA?” izeneko jarduera egin dugu, ikasleek elkar ezagut dezaten eta –(e)NA erlatibozkoaren erabileran treba daitezen, -(e)LA konpletiboa saihestuz (ohiko akatsa izan ohi da maila honetan).
Lehenik, nork bere fitxa bete behar izan du datu pertsonalekin (izena eta adina salbu). Ondoren, fitxa guztiak jaso ditut eta nahastu ondoren, ikasle bakoitzari berea ez den fitxa banatu diot. Ikasleek zutitu eta esku artean duten fitxaren jabea topatu behar izan dute gelako ikasleen artean, erlatibozko galderak eginez. Adib. “Zu (al) zara Jaizubia auzoan bizi dENA? = zarENA?” (galderen eredu bana jarri diet arbelean). Solaskideak osorik erantzun beharko dio. Erantzuna ezezkoa bada, ikasle horrek beste ikasle batengana jo beharko du, fitxaren jabea aurkitu arte. Erantzuna baiezkoa bada, fitxa horren jabea aurkitu duela berresteko, galdera guztiak egin beharko dizkio, beti ere, -(e)NA erlatibozkoa behar bezala erabiliz.
o Jarduera honen bigarren zatia eserita egin dugu. Ikasleek ondoko ikaslearen fitxa eskuratu eta haren datu pertsonalekin (batekin edo gehiagorekin, ikasle kopuruaren arabera) erlatibozko perpausak egin behar izan dituzte ozenki. Gurpilean egin dugu, gela osoan. Nik esaldi guztiak ordenagailuan bildu ditut eta, idatzi ahala, aipagarriak diren oharrak egin dizkiet. Beharrezko orrazketa egin ondoren, inprimatu eta ale bana ematekotan geratu naiz, euren ekoizpena denez, txukun-txukun koadernoan jaso dezaten. Ariketa honen bidez, erlatibozkoak nola egin dituzten kontrolatu ahal izan dut (lehen zatian, zutik zebiltzanean, zaila baitzen denak kontrolatzea).
EZ NAHASTU!!!!!!!!!
· Gillermo da Lepanto kalean bizi dENA (<dEN ikaslea) (erlatibozkoa da, ikasle hori zehazten, definitzen ari gara).
· Nik uste dut Gillermo Lepanto kalean bizi dELA (konpletiboa da, ustea edo iritzia adierazten ari gara).
- AHOZKO ADIERAZPENA: Elkar ezagutzen. Ikasleak, lehenengo eskola-eguneko lotsari aurre egiteko, euren inguruko ikaskide berriekin mintza-fitxa horretako puntuen gainean aritu dira hizketan. Ikasle gutxi izanez gero, denen artean egin liteke.
- ETXERAKO LANAK:
o Pozten naiz zu ezagutzeaz izeneko jarduera. Bertan ageri den elkarrizketan, ezagunak agurtzeko, ezezagunak agurtzeko eta norbere nahiz besteen aurkezpena egiteko egiturak txertatu behar dituzte, kontuan izanik, elkarrizketa horretako partaideek lehendik elkar ezagutzen duten ala ez. Lehen eskola egunerako oso aproposa.
o Euskal hiztunaren dekalogoa (IU). Hor dituzten hamar irakaspenak osatu behar dituzte, esaldiaren lehenengo zatia eta bigarrena elkarrekin uztartuz.