AISIALDIA

  1. Nafarroako Erribera ezagutu nahi izanez gero, hona hemen modu onean ostatu hartzeko aukera egokia, Cascanten. Hotel bereziagoa nahi izanez gero, berriz, honako hau aholkatzen dizuet Tuteran, Nafarroako Bardeen atarian. Benetan, bitxia, ikusgarria, erlaxagarria...Merezi du web-orri horretan sartzea, argazkiak ikusteko bakarrik bada ere. Diruz ongi zabiltzatenok Ablitaseko gaztelu batean har dezakezue ostatu eta Erribera osoaren jaun eta jabe zaretela amestu dezakezue bertako logela historikoetan lihozko izara artean.
         Nafarroako Erriberan zer egin daitekeen? Bada, makina bat gauza bai. Esaterako, Cascanteko termetara joan zaitezkete arratsalde-pasa. Gune termoludiko honetatik guztiz erlaxatuta irtengo zarete, ez izan zalantzarik. Urte osoan barneko txorrotak, jakuzziak, sauna, turkiar bainua, gimnasioa, etab. aprobetxa ditzakezue eta udan, horiezaz gain, kanpoko solariumean nahiz belardian etzan eta kanpoko igerilekuetan egin diezaiokezue aurre Erriberako uda kiskalgarriari.Cascante hiriak berak ere merezi du ikustea.
         Mendiko bizikletan ibiltzea atsegin baduzue, berriz, aukera paregabea eskainiko dizue Erriberak; izan ere, bertan duzue Tutera eta Aragoiko Tarazona herria batzen dituen naturbidea, garai batean Tarazonica  zeritzonaren trenbidea zena. 22 kilometro luze den naturbide hau oso ongi egokitua dago bizikletaz nahiz oinez ibiltzeko. Nonahi topa ditzakezue mahai eta eserlekuak mokaduren bat jan eta indarberritzeko; baita iturriak ere. Eta paisaia ikusgarria da. Olibondo sailak, mahastiak eta Queiles errekastoak ureztaturiko baratzeak albo bietara. Ezkai (tomillo), erromero eta kamamila usaina airean. Urrunean, berriz, naturbidearen amaieran gure zain balego bezala, Moncayo mendi izugarria, gailurra ia urte osoan elurrak zuritua duena.
          Baina Nafarroako Erriberan bada aipatzeke utzi ezin den ingurune paregabe bat: Nafarroako Bardeak. Europan parekorik ez duen paisaia ikusgarria osatzen dute Bardeek.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina