Páginas

2025/11/25

B2.2 mailako 17. eskola, 2025eko azaroaren 24koa

 

17. eskola: 2025eko azaroaren 24koa

-     Ikasleen ekoizpen idatzian nahiz ahozkoan, gramatika zuzentasuna, aberastasuna eta ideien arteko koherentzia bezain garrantzitsua da ideia horiek (esaldi nahiz paragrafoak) behar bezala uztartzea (=lotzea), horretarako testu antolatzaileak (lokailuak,…) erabiliz, “klipak” balira bezala. Ikasleak ideia, esaldi nahiz paragrafoen arteko kohesioaren garrantziaz ohartarazi ondoren, euskarazko lokailuen azalpen zehatza egin diet, etxean irakurria izan behar luketen txostena baliatuz.

Lokailuok multzoka eta azpimultzoka sailkatuta dauzkate, ideien artean dagoen erlazioaren arabera:

·        Emendiozko lokailuak (ere, gainera, bestalde, behintzat…)

·        Hautakariak (bestela, osterantzean)

·        Aurkaritzakoak (ordea, berriz, dena den, hala ere, edonola ere, nolanahi ere…)

·        Ondoriozkoak (beraz, orduan, hortaz, ondorioz…)

·        Kausazkoak (zeren, izan ere)

·        Azalpenak ematekoak (hots, hau da, alegia)

·        Adibideak ematekoak (esate baterako, hala nola, besteak beste…)

·        Informazioa zehaztekoak (hain zuzen ere)

·        Sintesi bat egitekoak (azken finean…) 

Arreta berezia merezi izan du ondoriozkoen eta kausazkoen arteko aldeak. Ez ditzatela bi multzo hauetako lokailuak nahastu, justu aurkakoak baitira!!:

·        Lo egiteko arazoak izaten ditut;

BERAZ = HORREGATIK = HORTAZ = HORI DELA ETA =    ONDORIOZ = HORREN ONDORIOZ,

lotarako pilulak hartzen ditut.

    (AZALPENA: kausa lehenengo doa eta ondoriozko lokailu hauen jarraian, ondorioa dator).

__________________________________________

·        Lotarako pilulak hartzen ditut;

IZAN ERE,

lo egiteko arazoak izaten ditut.

      (AZALPENA: justu alderantziz. Ondorioa aurrean doa eta IZAN ERE lokailuaren jarraian kausa dator) (“Zergatik hartzen dituzu lotarako pilulak?” galderari erantzuten dio ondoren datorren kausazko esaldiak eta beraz, kausazko lokailu bat beharko dugu: IZAN ERE (= ZEREN lo egiteko arazoak izaten ditut = lo egiteko arazoak izaten ditudaLAKO = ditut ETA = BAITitut).

-    Turismoaz mintzo garelarik, gaurkoan, haurrik onartzen ez duten hotelei buruz, “adult only” izenez ezagutzen direnei buruz, arituko gara. Egun, gero eta gehiago dira haurrik onartzen ez duten hotelak, turista batzuen lasaitasuna bermatzeko (=ziurtatzeko) aitzakiarekin, baina gaia aski eztabaidagarria da; izan ere, batzuen ustetan, neurri diskriminatzailea edo baztertzailea da hori. IKUS-ENTZUNA: Umerik gabeko hotelak: ikasleek birritan ikusi behar zuten bideoa eta, ikusi ahala, zortzi esaldiak ordenatu behar zituzten. Ondoren, 2. jarduera egin behar zuten: IDATZIAREN ULERMENA: Umerik gabeko hotelak. Artikulu osoa irakurri eta hamabi esaldi osatu, esaldien lehen zatia eta bigarrena uztartuz (=lotuz). Bi ariketak gelan zuzendu ditugu.

-     AHOZKO ADIERAZPENA I (0,30´): Umerik gabeko hotelak. Haur / animaliarik onartzen ez duten hotelei buruz jardun dugu solasean.

1. Ezagutzen al duzue umerik onartzen ez duten hotelik? Eta izan al zarete inoiz halako batean?

2. Zer deritzezue horrelako hotelei?[1] Diskriminatzaileak direla iruditzen zaizue? Legea urratzen [2]ote dute? Ala ulertzen al duzue bezero batzuek haurrak inguruan nahi ez izatea?

3. Horrelako ostatuen aldekoa bazara, non gehiago ukatu behar litzaieke sarbidea haurrei?

4. Eta animaliei dagokienez? Ongi iruditzen zaizue hainbat ostatu eta hoteletan – oraindik, gehienetan – ez onartzea? Eta onartzeagatik gehigarri bat ordaindu behar zatea?

5. Non debekatu behar litzateke animaliekin ibiltzea eta non ez? (garraio publikoan, jatetxeetan, dendetan, hondartzan...)

-       AHOZKO ADIERAZPENA II: Hondarribia Hilton (0´25) (bateratze-saioa). Ikasleak hirunaka bildu eta honako balizko egoera honi heldu zioten:

Demagun[3] Hondarribiko  hondartzan luxuzko hotel bat eraiki nahi duela Hilton kateak (talasoterapia, bezeroentzako kai propioa, palmondoz eta hainbat espezie exotikoz betetako lorategiak,  hondartzan etzaulki nahiz eguzkitakoak…eta guzti).


Hirukote bakoitzean, rolak banatu genituen: Batetik, proiektua gauzatzearen aldekoa/k (enpresa sustatzaileko zuzendaritza taldea) eta, bestetik, proiektua gaitzesten[4] zuena / zutenak, IHEIEko (Ingurumenaren aldeko Herritar Ekologista Iraultzaileen Elkartea) kideak.

Hirukote bakoitzean, ikasleek euren artean eztabaidatu behar izan zuten proiektua gauzatzeak nolako ondorioak izan litzakeen herrian eta inguruan (zarata, zikinkeria, prezioen igoera, bertako biztanleen bizi-kalitatearen aldaketa, paisaia eta natura, garraio zerbitzuak, lanpostuen sorrera eta hauen kalitatea, bezeroen / jabeen diru-ekarpena herriko ostatu nahiz dendetan…), euren iritziak behar bezala argudiatuz.

Irakasleak alkatearena egingo du eta berari dagokio, aldeko eta aurkako argudioak entzun eta kontuan hartuta, enpresa sustatzaile-eraikitzaileari jarduera-baimena eman ala ez erabakitzea.

Gaurko klasean, bi alderdien argudioak bateratu eta eztabaidatu ditugu denon artean. Ikasleek egitasmoaren aldeko / aurkako argudioak eman ahala, taulan jaso ditut. Halaber, zenbait alde on eta txar planteatu dizkiet, euren iritzia eman zezaten.

o   Etxerako lanak:

-   Garaian garaikoa: Ostiral Beltza: kontsumismoak ingurumenean eragiten dituen ondorio larriak. Testua osa dezatela, bertatik ateratako zazpi esaldiak hutsune egokietan txertatuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau – osatuagoa, esaldi berriekin –  H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-      Erlatibozko perpausak: Berriki (=duela gutxi) zuzendutako “Erlatibozkoak perpausak lantzen III” ariketa ikasle batzuei asko kosta zitzaienez, horren pareko beste ariketa bat bidali diet: “Erlatibozko perpausak lantzen IV” (ebazpen orria ere banatu / banatuko diet).

-     Kohesioa: Lokailuekin esaldiak osatzeko ariketa. 33 esaldi dira, ideien arteko erlazioa kontuan izanik lokailu egokia sar dezaten ideia horiek elkarri lotzeko (=uztartzeko). EBAZPEN orria ere eman diet.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

NOIZNAHI EGITEKOA: Garaian garaikoa: Perretxikotara joateko garai berriak deritzon cloze-testa, udazkenerako aproposa. Honekin batera, ebazpen orriak eta azalpenak ere banatu nizkien, azalpen guztiekin argudiatuta, jarduera eurek zuzen dezaten; dena den, zalantzarik izanez gero, galde diezadatela nahi dutenean, eta argituko diet.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

JARRAITU EGITEN: Iraganeko nor-nori-nork lantzeko berariazko ariketa analitikoak, Bakarka liburukoak  (erantzun-orriak ere banatu nizkien). Euren nahieran administra ditzatela ariketa hauek. OHARRA: ariketa hauek ez dira blogean eskuragarri egongo.

JARRAITU EGITEN: Erlatibozko perpausari edota honek daraman ondoko izenari kasu-marka egokia ipintzen trebatzeko berariaz (=espreski) prestatutako indartze-ariketa, hau da, erlatibozko deklinatuak lantzekoa, erlatibozkoa deklinatzeko arazoak dituztenentzat oso egokia. Errepara diezaiotela beltzez dagoen aditz nagusiari kasu egokia hautatzeko. Erantzunak ere banatu nizkien, egin ostean eurek zuzentzeko.

Ederki asperrarazi …nautenei / nautenak (nor plurala) / nautenek …nire lagunak dira.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau – osatuagoa, esaldi berriekin –  H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

EKARRI:

§  Liburuko 41. gaia (erlatibozko perpausena)

§  Erlatibozko perpausen azalpenerako nire txostena (26. fitxa).

o   Biltegia:

1.      Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio. Ulermen-jarduera honetan, batetik, hitz bankuko hitzak txertatu behar dituzte aholkuen hutsuneetan eta, bestetik, a), b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko eta mugagabea errepasatzeko, ariketa egokia da guztiz.



[1] Zer deritzezue horrelako hotelei? = Zer irizten diezue horrelako hotelei? = Zer iruditzen zaizkizue horrelako hotelak?

[2] Gogoratu: legea urratzea = legea ez betetzea

[3] Demagun = suposa dezagun…

[4] Gaitzetsi: txartzat eman edo txartzat jo, ez onartu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina