17. eskola: 2025eko azaroaren 24koa
- Ikasleen ekoizpen idatzian nahiz ahozkoan,
gramatika zuzentasuna, aberastasuna eta ideien arteko koherentzia bezain
garrantzitsua da ideia horiek (esaldi nahiz
paragrafoak) behar bezala uztartzea (=lotzea), horretarako testu antolatzaileak
(lokailuak,…) erabiliz, “klipak” balira bezala. Ikasleak ideia, esaldi nahiz paragrafoen
arteko kohesioaren garrantziaz ohartarazi ondoren, euskarazko lokailuen azalpen zehatza egin diet, etxean irakurria izan behar
luketen txostena baliatuz.
Lokailuok multzoka eta azpimultzoka sailkatuta dauzkate, ideien artean dagoen erlazioaren arabera:
· Emendiozko lokailuak (ere, gainera, bestalde, behintzat…)
· Hautakariak (bestela, osterantzean)
· Aurkaritzakoak (ordea, berriz, dena den, hala ere, edonola ere, nolanahi ere…)
· Ondoriozkoak (beraz, orduan, hortaz, ondorioz…)
· Kausazkoak (zeren, izan ere)
· Azalpenak ematekoak (hots, hau da, alegia)
· Adibideak ematekoak (esate baterako, hala nola, besteak beste…)
· Informazioa zehaztekoak (hain zuzen ere)
· Sintesi bat egitekoak (azken finean…)
Arreta berezia merezi izan du ondoriozkoen eta kausazkoen arteko aldeak. Ez ditzatela bi multzo hauetako lokailuak nahastu, justu aurkakoak baitira!!:
·
Lo egiteko arazoak izaten ditut;
BERAZ = HORREGATIK = HORTAZ = HORI DELA
ETA = ONDORIOZ = HORREN ONDORIOZ,
lotarako pilulak hartzen ditut.
(AZALPENA: kausa lehenengo doa eta ondoriozko lokailu hauen jarraian, ondorioa dator).
__________________________________________
·
Lotarako pilulak hartzen ditut;
IZAN ERE,
lo egiteko arazoak izaten ditut.
(AZALPENA: justu alderantziz. Ondorioa aurrean doa eta IZAN ERE lokailuaren jarraian kausa dator) (“Zergatik hartzen dituzu lotarako pilulak?” galderari erantzuten dio ondoren datorren kausazko esaldiak eta beraz, kausazko lokailu bat beharko dugu: IZAN ERE (= ZEREN lo egiteko arazoak izaten ditut = lo egiteko arazoak izaten ditudaLAKO = ditut ETA = BAITitut).
- Turismoaz mintzo garelarik, gaurkoan, haurrik onartzen ez duten hotelei buruz, “adult only” izenez ezagutzen direnei buruz, arituko gara. Egun, gero eta gehiago dira haurrik onartzen ez duten hotelak, turista batzuen lasaitasuna bermatzeko (=ziurtatzeko) aitzakiarekin, baina gaia aski eztabaidagarria da; izan ere, batzuen ustetan, neurri diskriminatzailea edo baztertzailea da hori. IKUS-ENTZUNA: Umerik gabeko hotelak: ikasleek birritan ikusi behar zuten bideoa eta, ikusi ahala, zortzi esaldiak ordenatu behar zituzten. Ondoren, 2. jarduera egin behar zuten: IDATZIAREN ULERMENA: Umerik gabeko hotelak. Artikulu osoa irakurri eta hamabi esaldi osatu, esaldien lehen zatia eta bigarrena uztartuz (=lotuz). Bi ariketak gelan zuzendu ditugu.
- AHOZKO ADIERAZPENA I (0,30´): Umerik gabeko hotelak. Haur / animaliarik onartzen ez
duten hotelei buruz jardun dugu solasean.
1. Ezagutzen al duzue umerik onartzen ez duten
hotelik? Eta izan al zarete inoiz halako batean?
2. Zer deritzezue horrelako hotelei?[1] Diskriminatzaileak direla iruditzen zaizue? Legea urratzen [2]ote dute? Ala ulertzen al duzue bezero batzuek haurrak inguruan nahi ez izatea?
3. Horrelako ostatuen aldekoa bazara, non gehiago ukatu behar litzaieke sarbidea haurrei?
4. Eta animaliei dagokienez? Ongi iruditzen zaizue hainbat ostatu eta hoteletan – oraindik, gehienetan – ez onartzea? Eta onartzeagatik gehigarri bat ordaindu behar zatea?
5. Non debekatu behar litzateke animaliekin ibiltzea eta non ez? (garraio publikoan, jatetxeetan, dendetan, hondartzan...)
- AHOZKO ADIERAZPENA II: Hondarribia
Hilton (0´25) (bateratze-saioa).
Ikasleak hirunaka
bildu eta honako balizko egoera honi heldu zioten:
Demagun[3]
Hondarribiko hondartzan luxuzko hotel
bat eraiki nahi duela Hilton kateak (talasoterapia, bezeroentzako kai propioa,
palmondoz eta hainbat espezie exotikoz betetako lorategiak, hondartzan etzaulki nahiz eguzkitakoak…eta
guzti).
Hirukote bakoitzean, rolak banatu genituen: Batetik, proiektua gauzatzearen aldekoa/k
(enpresa sustatzaileko zuzendaritza taldea) eta, bestetik, proiektua gaitzesten[4]
zuena / zutenak, IHEIEko (Ingurumenaren aldeko Herritar Ekologista
Iraultzaileen Elkartea) kideak.
Hirukote bakoitzean,
ikasleek
euren artean eztabaidatu behar izan zuten proiektua gauzatzeak nolako ondorioak
izan litzakeen herrian eta inguruan (zarata, zikinkeria, prezioen
igoera, bertako biztanleen bizi-kalitatearen aldaketa, paisaia eta natura,
garraio zerbitzuak, lanpostuen sorrera eta hauen kalitatea, bezeroen / jabeen
diru-ekarpena herriko ostatu nahiz dendetan…), euren iritziak behar bezala
argudiatuz.
Irakasleak alkatearena
egingo du eta berari dagokio, aldeko eta aurkako argudioak entzun eta kontuan
hartuta, enpresa sustatzaile-eraikitzaileari jarduera-baimena eman ala ez
erabakitzea.
Gaurko klasean, bi alderdien argudioak bateratu eta eztabaidatu ditugu denon artean. Ikasleek egitasmoaren aldeko / aurkako argudioak eman ahala, taulan jaso ditut. Halaber, zenbait alde on eta txar planteatu dizkiet, euren iritzia eman zezaten.
o
Etxerako lanak:
- Garaian garaikoa: Ostiral Beltza: kontsumismoak ingurumenean
eragiten dituen ondorio larriak. Testua
osa dezatela, bertatik ateratako zazpi esaldiak hutsune egokietan txertatuz.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau – osatuagoa, esaldi
berriekin – H5P formatuan (interaktiboa)
ere eskura dago blogean.
- Erlatibozko perpausak: Berriki (=duela gutxi) zuzendutako
“Erlatibozkoak perpausak lantzen III” ariketa ikasle batzuei asko
kosta zitzaienez, horren pareko beste ariketa bat bidali diet: “Erlatibozko
perpausak lantzen IV” (ebazpen orria ere banatu / banatuko diet).
- Kohesioa: Lokailuekin esaldiak osatzeko ariketa.
33 esaldi dira, ideien arteko erlazioa kontuan izanik lokailu egokia sar
dezaten ideia horiek elkarri lotzeko (=uztartzeko). EBAZPEN orria ere
eman diet.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
NOIZNAHI EGITEKOA: Garaian garaikoa: Perretxikotara joateko garai berriak deritzon cloze-testa, udazkenerako
aproposa. Honekin batera, ebazpen orriak eta azalpenak ere banatu
nizkien, azalpen guztiekin argudiatuta, jarduera eurek zuzen dezaten; dena den,
zalantzarik izanez gero, galde diezadatela nahi dutenean, eta argituko diet.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
JARRAITU EGITEN: Iraganeko nor-nori-nork lantzeko berariazko ariketa analitikoak, Bakarka liburukoak (erantzun-orriak ere banatu nizkien). Euren nahieran administra ditzatela ariketa hauek. OHARRA: ariketa hauek ez dira blogean eskuragarri egongo.
JARRAITU
EGITEN: Erlatibozko perpausari edota honek
daraman ondoko izenari kasu-marka egokia ipintzen trebatzeko berariaz
(=espreski) prestatutako indartze-ariketa, hau da, erlatibozko deklinatuak lantzekoa,
erlatibozkoa deklinatzeko arazoak dituztenentzat oso egokia. Errepara
diezaiotela beltzez dagoen aditz nagusiari kasu egokia hautatzeko. Erantzunak
ere banatu nizkien, egin ostean eurek zuzentzeko.
OHARRA: Norbaitek
nahiago badu, ariketa hau – osatuagoa, esaldi berriekin – H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago
blogean.
EKARRI:
§
Liburuko 41. gaia
(erlatibozko perpausena)
§
Erlatibozko perpausen
azalpenerako nire txostena (26.
fitxa).
o
Biltegia:
1. Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio. Ulermen-jarduera honetan, batetik, hitz bankuko hitzak txertatu behar dituzte aholkuen hutsuneetan eta, bestetik, a), b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko eta mugagabea errepasatzeko, ariketa egokia da guztiz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina