2025/11/09

B2.2 mailako 12. eskola, 2025eko azaroaren 5ekoa

 

12. eskola: 2025eko azaroaren 5ekoa

-   Santu Guztien Egunaren harira bidali nien idatziaren ulermen-jarduera hau zuzendu dugu, testua osorik irakurri ahala: Erleak iratzarri, ahaidea itzarritakoan. Erleei etxean hildakoen berri ematea gaitzat duen testu honetan zenbait esaldi txertatu behar zituzten ikasleek.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izanez gero, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskuragarri dago blogean.

Oharrak:

· “Euskal Herrian nonahi (=edonon) egiten zen errituala, ñabardurak ñabardura.” 

= “berezitasunak berezitasun” (toki bakoitzean bere berezitasunekin edo ñabardurekin).

 

Egitura honek balio kontzesiboa du: “toki bakoitzean ñabardurak edo berezitasunak dauden arren”. 

Hona beste adibide batzuk:

Teoriak teoria, sorginak gure artean bizi izan ziren” (=teoria desberdinak dauden arren).

Salbuespenak salbuespen, ARI aditzak  IZAN darama” (=salbuespenak badauden arren).

Zailtasunak zailtasun, helmugara iristea lortu zuen” (= zailtasunak izan zituen arren).

“Akatsak akats, ikaslearen mezu nagusia ulertzea lortu nuen” (=akatsak egin dituen arren).

·         “baina jada usadio hori ez da ikerlanetan edo literaturan baizik topatzen.”

= “ez da ikerlanetan eta literaturan baizik topatzen”

= “ikerlanetan eta literaturan bakarrik topatzen da”.

· “Hori agintzen du XVII. mendeaz geroztik Erresuma Batuan indarrean dagoen[1] erritualak.”

Indarrean egon / jarri: “estar / poner en vigor” (legea, araudia, protokoloa, neurria…).

·         “Gizaki primitiboak erleak hilen arimatzat zeuzkan.”

Gogoan izan: -TZAT + eduki / ukan / hartu / jo. Ustea adierazten du: “hilen arimatzat zeuzkan = arimatzat zituzten = arimatzat jotzen zituzten = arimatzat hartzen zituzten” = “hilen animak zirela uste zuen”.(IKUS 23. fitxa)

-    Altzotik mundura izeneko jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa, zuzendu dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz (horretarako, zenbait pasarte nabarmendu ditut), erantzun zuzenak eta okerrak argudiatzeko.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izanez gero, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskuragarri dago blogean.

-   Altzoko Handiari buruzko ikus-entzunezko jardueraren atzeko aldean zetozen bi ariketak zuzendu ditugu: batetik, berridazketak. Berridazketa horietan, honako egitura hauek agertu zaizkigu (zuzenketa-oharrak eman dizkiet):

ZERK edo NORK ATENTZIOA EMAN (atentzioa deitu)

= ZER edo  NOR DEIGARRIA IZAN.

·         Egunkarian irakurritako datuAK (zerk) atentzioa eman dit.

= Egunkarian irakurritako datuA (zer) deigarria iruditu zati = deigarria egin zait.

·         Amaiaren poltsAK (zerk) atentzioa eman dit, hain da koloretsua!

= Amaiaren poltsA (zer) deigarria iruditu zait = deigarria egin zait.

·         Amaiaren poltsAK (zerk) atentzioa ematen du.

= Amaiaren poltsA (zer) deigarria da.

Egitura hau erabilgarria gerta dakieki, bai bitartekotza ariketetan grafikoetako ehunekoak edo portzentajeak interpretatzeko (Atentzioa eman dit etxetik kanpo euskara hutsean hitz egiten duten gaztetxoen kopuruak, %24koa baino ez  baita) bai iritzi artikuluan datu objektiboak testuratzeko (Egunkarian goizean irakurri dudan datu batek atentzioa eman dit: euskaldunen %34 etorkinen aurka omen daude).

–(e)LAKOAN  < -(e)LAKO USTEAN = -(e)LA PENTSATUZ

·    Gaur liburua klasera ekarri dut, erabiliko duguLAKOAN. = erabiliko duguLAKO USTEAN = erabiliko duguLA PENTSATUZ.

·      Maila honetan matrikulatu gara, aurten asko ikasiko duguLAKOAN. = ikasiko duguLAKO USTEAN = ikasiko duguLA PENTSATUZ.

 

·         Bihar eguraldi ona egingo duELAKOAN NAGO = egingo duELA USTE DUT.

·         Ikasle hauek oso jatorrak dirELAKOAN NAGO = dirELA USTE DUT.

·         Ukrainako gatazkak luze joko duELAKOAN NAGO = luze joko duELA uste dut.

-T(Z)EARREN = -T(Z)EAGATIK helburuzkoa edo kausazkoa

·  Zurekin egoTEKO etorri naiz = Zurekin egoTEARREN etorri naiz = Zurekin egoTEAGATIK etorri naiz.

·    Haserre dagoenean, Ainarak edozein gauza egingo luke bere aldamenekoak = ondokoak minTZEKO = minTZEARREN = minTZEAGATIK.

BAINA…ez nahastu  “partizipioa + ARREN” kontzesiboarekin: Mirenek bere hitzekin ni mindu ARREN, barkatu egingo diot, hitz haiek esan zizkidanean ez baitzen bere buruaren jabe. Irakasleak birritan azaldu ARREN, ez dut tutik ere ulertu.

EZ DA AHUNTZAREN GAUERDIKO EZTULA esapidea

·         Gaur egun, haurrak behar bezala heztea (hezitzea) ez da AHUNTZAREN GAUERDIKO EZTULA = ez da erraza = ez da txorakeria = ez da txantxetakoa = ez da huskeria = ez da txori-kaka.

ZERI + UKO EGIN = Zerbaiti ezetz esan, zerbait ez egin, zerbaiti muzin egin.

·    Ikasle horrek matrikulARI UKO EGIN DIO eta aurrerantzean ez da klasera etorriko. Ikasle horrek eskolara etorTZEARI UKO EGIN DIO. Gidari horrek alkoholemia kontrola egiTEARI UKO EGIN DIOnez, atxilotuta eraman dute komisaldegira. Kirolari horrek Txapelketa Nagusian parte harTZEARI UKO EGIN DIO. Valentziar Erkidegoko presidenteak zergak igoTZEARI UKO EGINGO omen DIO.

Jarraian, azken ariketa zuzendu dugu. Bertan, ikasleek ikus-entzunezkoan atera zitzaizkigun zenbait hitz baliokideak (sinonimoak) ala aurkakoak diren adierazi behar izan dute.

-  ENTZUNAREN ULERMENA: Agoteak (x0,9). Identifikazio pertsonalaren gaia dugu aztergai. Altzoko Handia euskaldun bitxia zen, berezia, ez-ohikoa. Pernando Amezketarra ere bai. Baziren, ordea, euskaldunen artean ez-ohikoak ziren beste batzuk ere – ez altueragatik, beste arrazoiren batengatik baizik – , agoteak, hain zuzen ere. Gaurkoan, euskaldunon arteko gizatalde berezi honi buruzko entzungaia izan dugu entzungai, agoteei buruzkoa. Hasterako, itemak azaldu, eta bitan entzun dugu. Ondoren, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak eta okerrak argudiatzeko erantzun orria arbelean jarrita. Zuzendu ahala, hirugarren entzunaldia egin daiteke nahi izanez gero, arbelean erantzun zuzenak nahiz okerrak berresteko informazioa azpimarratuz. Berriro entzun nahi duenak entzun dezala blogean.

OHARRA: Entzunaren ulermen-ariketa hau berriro egin nahi duenak blogean izango du eskuragarri H5P formatuan (interaktiboa).

Oharra: Bere burua agoteen oinordekoTZAT = ondorengoTZAT dauka Santxotena eskultoreak (= Agoteen oinordekoa = ondorengoa dela uste du Santxotena eskultoreak).

-       AHOZKO ADIERAZPENA: Telebista, hutsaren hurrengoa (2. saioa)(15´).Banatu nien mintza-fitxa baliatu dugu mintza saio honetarako. Gaurkoan, 4. puntua izan dute mintzagai:

Haur eta gaztetxoentzako dagoen eskaintzari egokia deritzozu[2]? Ba al dago ikusgai saio didaktiko edo hezigarri nahikorik? Telebistako zenbait saiotan agertzen diren neska-mutilak eredugarriak al dira gure haur eta gaztetxoentzat? Haien antzekoak izan nahiko dute?

o   Etxerako lanak:

1.      Beldurrik gabe hartu behar dugu turismoa. Altzoko alkateari Altzoko Handiaren gainean egindako elkarrizketa. Cloze-testa.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

2.  Erleak iratzarri, ahaidea itzarritakoan izeneko testutik ateratako 10 esaldi berridatz ditzatela nik emandako egiturak erabiliz (EBAZPENA eta AZALPENAK ere banatu dizkiet, egin ostean eurek zuzen ditzaten).

 

3.      Agotea, arraza madarikatua deritzon ulermen jarduera. Ikasleek testua osatu behar dute, bertatik ateratako sei esaldiak hutsune egokietan txertatuz. Gaurko entzungaia entzunda, testuko zenbait aipamen ezagunak egingo zaizkie.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

4.      EKARRI:

§  Pernando Amezketarrari buruzko jarduera, joan den astean zuzendu genuena (41. fitxa)

§  Erlatibozko perpausak lantzen III.(39. fitxa)

§  Alde daramaten egiturekin egin beharreko ariketa (49.fitxa)

-          Biltegia:

1.      EZ BEZALAKOA(K) eta EZ BEZALA lantzeko bi ariketak. Erantzunak ere badituzte, egin ostean zuzen ditzaten.

2.      Erlatibozko perpausak lantzen III

3.  AUKERAKOA: Garaian garaikoa: ENTZUNAREN ULERMENA (II): Hilerria online. Gaur egun, harreman asko sortzen dira era digitalean: bikotekidea topatzeko, lanerako, salerosketarako… Andoni Egañaren eskutik ezagutu berri ditugun hileta ohitura edo usadioetatik urrun, hiletak ere iritsi dira online negozioen esparrura, adibidez, hilerri digitalen bidez. Baina zer dira “hilerri digitalak”? Horri buruzko jarduera da honako hau. Itemak arretaz irakurri, entzun bi aldiz eta zuzendu.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

4.   Lehen eskola eguna izeneko ariketa, erlatibozkoak lantzekoa. Ikasleek gure HEOeko ikasgela batekoa litzatekeen irudi bat abiapuntutzat harturik, erlatibozko perpaus libreak egin behar dituzte, nahi adina, ahal duten irudimentsuen jokatuz.



[1] Indarrean egon / jarri: “estar / poner en vigor” (legea, araudia, protokoloa, neurria…).

[2] EskaintzARI egokia DERITZOZU = eskaintzARI egokia IRIZTEN DIOZU = eskaintza egokia IRUDITZEN ZAIZU

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina