2025/11/21

B2.2 mailako 16. eskola, 2025eko azaroaren 19koa

 

16. eskola: 2025eko azaroaren 19koa

-      Garaian garaikoa: ENTZUNAREN ULERMENA I: Zizahoriak (0,9). Udazkenean ohikoa izaten da gure mendietara perretxikoTARA (=perretxiko bila) joatea. Perretxiko horietako bat, ezaguneneta(ri)koa agian, zizahoria da. Horri buruzko entzungaia entzun dugu bitan eta, jarraian, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz. Nahi duenak, berriro entzun dezala blogean.

Oharrak:

·         Lurrak ematen dituen produktuak “bildu” egiten dira, ez “hartu”: loreak bildu, perretxikoak bildu, babarrunak bildu, tomateak bildu, sagarrak bildu, gaztainak bildu, marrubiak bildu

·         PerretxikoTARA joan: Mugagabean. –TARA mugagabe horrek adiera edo esanahi berezia dauka: “produktu horren bila” joatea esan nahi du: PerretxikoTARA joango gara datorren igandean (=perretxiko bila = perretxikoak biltzera); ehiztari askok jotzen dute Etxalarrera usoTARA (=uso bila = usoak ehizatzera); Bermeoko arrantzaleak antxoaTARA irten dira goizaldean (=antxoa bila =antxoak arrantzatzera); gure aita askotan joaten da Jaizkibelgo arroketara karramarroTARA (=karramarro bila, karramarroak biltzera); gazte horiek larunbat gauero irteten dira neskaTARA (// neskengana).

·         Non kasuan ere ager daiteke mugagabe hori: Goiz osoa igaro dugu mendian perretxikoTAN (= perretxiko bila = perretxikoak bilatzen). Bi aste hegaluzeTAN (=hegaluze bila = hegaluzeak arrantzatzen) eman = igaro = pasa = egin ondoren, atzo itzuli ziren Lekeitioko arrantzaleak lehorrera (=atzo lehorreratu ziren).

OHARRA: Norbaitek entzumen-jarduera hau berriro egin nahi izanez gero,  H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-   AHOZKO JARDUERA: Adizkien katea. Joan den egunean, Indikatiboko iraganeko NOR-NORI-NORK adizkiak errepasatzeari ekin genion. Gaurkoan, adizki hauen osaeraren zantzu nagusiak gogorarazi ostean, mintza-katea egin dugu, honako esaldi hauekin:

-     Ikasleek ondoko ikaskideari konbinazio bat eskatuz eta esaldi bera probestuz, iraganeko NOR-NORI-NORK adizkiak landu ditugu ahoz gurpilean. Mintza-katea luzatu egin dugu, adizki batetik abiatuta bestelako konbinazioak eskatu baitizkiet ikasleei. Ikasle kopuruaren arabera, itzuli bakarra, bi edo hiru egin litezke. Ariketa egokia da adizkien erabileran trebatzeko.

-    ENTZUNAREN ULERMENA II: Turismoari muga donostiarrik gabe  (x 0´8) Entzungaiaren laburpena (A ariketa) gogorarazi ostean, berriro entzun dugu birritan eta zortzi baieztapen egiazkoak diren ala ez adierazi behar izan dute. Ondoren, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz. 

-          Turismoak goia jo du, donostiar gehienen iritzizizeneko jarduera bikoitza zuzendu dugu.

1.      Lehenengo ariketa zuzendu dugu, testua irakurri ahala eta neure hitzekin azaldu ahala, bertatik ateratako 8 esaldiekin osatzekoa (2 distraktoreak saihestuz).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean. 

2.  Bigarren ariketa – berridazketak – eurek zuzen dezatela nik emandako erantzun-orriarekin: bertan dituzte erantzunak eta beharrezko azalpenak,  hain zuzen ere, honakook:

·         ZEREN edo NOREN ALDEKOA / AURKAKOA + IZAN  = ZEREN edo NOREN ALDE / AURKA + EGON:

… bisitari-kopurua mugaTZEAREN ALDEKOAK DIRA = … bisitari-kopurua mugaTZEAREN ALDE DAUDE.

·         Helburuzkoak: -T(z)EKO = -T(z)EARREN = -T(z)E ALDERA = aditzoina + subjuntiboa:

saturazioa saihesTEKO = saturazioa saihesTEARREN = saturazioa saihesTE ALDERA = saturazioa saiets_  DADIN (inpertsonala).

·         Zerk + Nori + KALTE EGIN / ON EGIN  = Zer + Norentzat + KALTEGARRIA / ONURAGARRIA IZAN:

…jarduera turistikoAK (zerk) beraiei (nori) KALTE EGITEN DIE = …jarduera turistikoA (zer) beraientzat (norentzat) KALTEGARRIA DA.

·         -TZAT + jo / hartu / ukan / eduki:

…galdetu diete ea hori beharrezkoTZAT JOtzen duten.

= ZERI edo NORI + IRITZI aditza:

… galdetu diete ea HORRI (zeri) beharrezkoa DERITZOTEn = IRIZTEN DIOTEn.  

Zuei (nori) zer iruditzen zaizue bihar txango bat egiTEA? (zer)

Zuek (nork) zer DERITZOZUE = IRIZTEN DIOZUE bihar txango bat egiTEARI? (zeri)

-        AHOZKO ADIERAZPENA: Hondarribia Hilton (0´25) II. saioa. Ikasleak hirunaka bildu dira eta honako balizko egoera honi heldu zioten joan den eguneko klasean:

Demagun[1] Hondarribiko  hondartzan luxuzko hotel bat eraiki nahi duela Hilton kateak (talasoterapia, bezeroentzako kai propioa, palmondoz eta hainbat espezie exotikoz betetako lorategiak,  hondartzan etzaulki nahiz eguzkitakoak…eta guzti).


Hirukote bakoitzean, rolak banatu genituen: Batetik, proiektua gauzatzearen aldekoa/k (enpresa sustatzaileko zuzendaritza taldea) eta, bestetik, proiektua gaitzesten[2] zuena / zutenak, IHEIEko (Ingurumenaren aldeko Herritar Ekologista Iraultzaileen Elkartea) kideak.

Hirukote bakoitzean, ikasleek euren artean eztabaidatu behar izan zuten proiektua gauzatzeak nolako ondorioak izan litzakeen herrian eta inguruan (zarata, zikinkeria, prezioen igoera, bertako biztanleen bizi-kalitatearen aldaketa, paisaia eta natura, garraio zerbitzuak, lanpostuen sorrera eta hauen kalitatea, bezeroen / jabeen diru-ekarpena herriko ostatu nahiz dendetan…), euren iritziak behar bezala argudiatuz.

Irakasleak alkatearena egingo du eta berari dagokio, aldeko eta aurkako argudioak entzun eta kontuan hartuta, enpresa sustatzaile-eraikitzaileari jarduera-baimena eman ala ez erabakitzea.

Gaurko klasean, jarduera horrekin jarraitu dute. Hurrengo astean bateratzekotan geratu gara.

o   Etxerako lanak:

1.      Hurrengo astean hizpide izango dugun gaiarekin – umerik gabeko hotelak – zerikusia duen bideo pasartea ikus dezatela eta 1. ariketa egin. IKUS-ENTZUNA: Umerik gabeko hotelak. Egun, gero eta gehiago dira haurrik onartzen ez duten hotelak, turista batzuen lasaitasuna bermatzeko aitzakiarekin, baina gaia aski eztabaidagarria da; izan ere, batzuen ustetan, neurri diskriminatzailea edo baztertzailea da hori. Ikasleek birritan ikus dezatela bideoa eta, ikusi ahala, zortzi esaldiak ordena ditzatela. Ondoren, 2. jarduera egin dezatela: IDATZIAREN ULERMENA: Umerik gabeko hotelak. Artikulu osoa irakurri eta hamabi esaldi osatu, esaldien lehen zatia eta bigarrena uztartuz (=lotuz). Bi ariketak gelan zuzenduko ditugu.

2.      Ikasleen ekoizpen idatzian nahiz ahozkoan, gramatika zuzentasuna, aberastasuna eta ideien arteko koherentzia bezain garrantzitsua da ideia horiek (esaldi nahiz paragrafoak) behar bezala uztartzea (=lotzea), horretarako testu antolatzaileak (lokailuak,…) erabiliz, “klipak” balira bezala. Ikasleak ideia, esaldi nahiz paragrafoen arteko kohesioaren garrantziaz ohartarazi ondoren, euskarazko lokailuen azalpen zehatza biltzen duen txostena banatu diet, eurek etxean irakur dezaten.

3. Garaian garaikoa: Perretxikotara joateko garai berriak deritzon cloze-testa, udazkenerako aproposa. Honekin batera, ebazpen orriak eta azalpenak ere banatu dizkiet, azalpen guztiekin argudiatuta, jarduera eurek zuzen dezaten; dena den, zalantzarik izanez gero, galde diezadatela nahi dutenean, eta argituko diet.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

4. JARRAITU EGITEN: Iraganeko nor-nori-nork lantzeko berariazko ariketa analitikoak, Bakarka liburukoak  (erantzun-orriak ere banatu nizkien). Euren nahieran administra ditzatela ariketa hauek. OHARRA: ariketa hauek ez dira blogean eskuragarri egongo.

5.   JARRAITU EGITEN: Erlatibozko perpausari edota honek daraman ondoko izenari kasu-marka egokia ipintzen trebatzeko berariaz (=espreski) prestatutako indartze-ariketa, hau da, erlatibozko deklinatuak lantzekoa, erlatibozkoa deklinatzeko arazoak dituztenentzat oso egokia. Errepara diezaiotela beltzez dagoen aditz nagusiari kasu egokia hautatzeko. Erantzunak ere banatu nizkien, egin ostean eurek zuzentzeko.

Ederki asperrarazi …nautenei / nautenak (nor plurala) / nautenek …nire lagunak dira.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau – osatuagoa, esaldi berriekin –  H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

6.      EKARRI:

§  Liburuko 41. gaia (erlatibozko perpausena)

§  Erlatibozko perpausen azalpenerako nire txostena (26. fitxa).

§  Pernando Amezketarrari buruzko jarduera, joan den astean zuzendu genuena (41. fitxa)

-          Biltegia:

1.      Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio. Ulermen-jarduera honetan, batetik, hitz bankuko hitzak txertatu behar dituzte aholkuen hutsuneetan eta, bestetik, a), b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko eta mugagabea errepasatzeko, ariketa egokia da guztiz.



[1] Demagun = suposa dezagun…

[2] Gaitzetsi: txartzat eman edo txartzat jo, ez onartu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina