15. eskola: 2025eko azaroaren 17koa
- Identifikazio pertsonala > euskaldunok > ez-ohiko
euskaldunak. Agotea, arraza madarikatua deritzon ulermen-jarduera
(esaldiak testuan txertatzean zetzana) zuzendu dugu, testua irakurri ahala
beharrezko azalpenak emanez. Jarraian, testu amaierako esaldia arbeleratu eta
azaldu diet, oso aipu polita delakoan.
“Animalia
eta lurren jabe zenak
garrantzitsuagoa zela pentsatzen zuen, nahiz eta jakituriak eta trebeziak
jabetzak baino balio gehiago izan”.
OHARRA: Norbaitek ariketa hau berriro egin nahi izanez gero, H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago
blogean.
- Galderak beste Donostia horretara II izeneko ulermen zehatzeko jarduera zuzendu dugu, beharrezko azalpenak emanez. Aurretik lexikoa jorratzeko testu hau landua dugunez, eta orduan zehatz-mehatz testuaren edukia aztertu genuenez, horrek erraztu die, ustez, ulermen jarduera egitea. Ez dugu testu osoa irakurri. Hori bai, item bakoitza zuzendu ahala, testuan erantzun zuzena eta okerrak arrazoitzeko pasarteak azpimarratu dizkiet.
OHARRA: Norbaitek idatziaren ulermen zehatzeko jarduera hau berriro egin nahi izanez gero, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- ENTZUNAREN ULERMENA II: Turismoari muga donostiarrik gabe (x 0´8) Gaur zuzendu dugun jarduerarekin (Galderak beste Donostia horretara) zerikusi estua duen entzumen-jarduera bat da honako hau ere. Entzungaia behin entzun eta, batetik, hiru aukeretatik entzungaian adierazten dena ondoen laburbiltzen duen esaldia hautatu behar izan dute ikasleek; bestetik, berriro entzun eta zortzi baieztapen egiazkoak diren ala ez adierazi behar dute (hurrengo klasean egingo dugu bigarrren zati hau). Entzumenari ekin aitzin (=ekin baino lehen), atxiki dudan hiztegi lagungarriari arretaz erreparatu diogu. Hiztegi lagungarria:
Irlak hiriari SO jarraitzen zuen (NORI + so
= NORI begira).
SO EGIN = begiratu.
Igeldoko xarmak ere BERE HORRETAN zela zirudien.
(BERE HORRETAN + UTZI / EGON / JARRAITU / EUTSI / GERATU = LEHEN BEZALA = DAGOEN edo LEHEN ZEGOEN BEZALA = inolako aldaketarik gabe). Agertu berri zaigu, etxebizitza turistikoei buruzko entzumen jardueran. Adib.: Ez ezazu ukitu hori, utz ezazu bere horretan. Asierrek etxibitza turistikoak arautuko dituen ordenantza bere horretan onartzea nahi du. Etxeko logelak eta egongela berriztatu nituen, baina komuna bere horretan utzi nuen.
Bertako donostiarren ZANTZUAK (=arrastoak; “indicio, rastro, señal, pista”). Adib.: Hasieran gizon hark bere burua hil zuela pentsatu arren, gero, poliziek hilketa baten zantzuak topatu zituzten.
Mamia = erroa = sustraía
Goraipatu (=laudatu = goretsi)(alabar, elogiar) zenbat eta zenbat turista pasa diren aldiro.
Hutsal(a) = hutsaren hurrengoa (garrantzirik gabea, funtsik gabea; “efímero, vano, vacío”) bihurtu da.
Izerdi larria sentitu du bizkarrean behera (larritasunak eragiten duen izerdia da, ez nekeak eragindakoa; adibidez, istripu bat ozta-ozta saihesten duzunean).
- AHOZKO ADIERAZPENA: Hondarribia
Hilton (45´). Ikasleak hirunaka
bildu dira eta honako balizko egoera honi heldu diote:
Demagun[1]
Hondarribiko hondartzan luxuzko hotel
bat eraiki nahi duela Hilton kateak (talasoterapia, bezeroentzako kai propioa,
palmondoz eta hainbat espezie exotikoz betetako lorategiak, hondartzan etzaulki nahiz eguzkitakoak…eta
guzti).
Hirukote bakoitzean, rolak
banatu ditugu: Batetik, proiektua
gauzatzearen aldekoa/k (enpresa sustatzaileko zuzendaritza taldea) eta,
bestetik, proiektua gaitzesten[2]
duena / dutenak, IHEIEko (Ingurumenaren aldeko Herritar Ekologista
Iraultzaileen Elkartea) kideak.
Hirukote bakoitzean, ikasleek
euren artean eztabaidatu behar izan dute proiektua gauzatzeak nolako ondorioak
izan litzakeen herrian eta inguruan (zarata, zikinkeria, prezioen
igoera, bertako biztanleen bizi-kalitatearen aldaketa, paisaia eta natura,
garraio zerbitzuak, lanpostuen sorrera eta hauen kalitatea, bezeroen / jabeen
diru-ekarpena herriko ostatu nahiz dendetan…), euren iritziak behar bezala
argudiatuz.
Irakasleak alkatearena
egingo du eta berari dagokio, aldeko eta aurkako argudioak entzun eta kontuan
hartuta, enpresa sustatzaile-eraikitzaileari jarduera-baimena eman ala ez
erabakitzea.
Mintza-saio
honetarako oso erabilgarriak gerta lekizkieke:
a)
konparaziozko esaldiak: Proiektua
gauzatuz gero, orain baino askoz ere ur gehiago beharko litzateke
golf-zelaiak ureztatzeko eta badakigu lehorte garaian gaudela. Hondarribiko
herritarrek ez lukete edukiko gaur egun adina leku hondartzan. Etxeen
alokairua egun baino garestiagoa izango litzateke eta herritarrek ez
lituzkete aurkituko orain bezain merke.
b) adizki hipotetikoak: balitz, balute, ginateke, genuke, genituzte, litzaiguke… (hauen taulak itsatsi dizkiet mintza-fitxan).
- Joan den eguenean zuzendu genuen Erlatibozko perpausak lantzen III. Ariketa hartako lehenengo esaldiari heldu diogu:
“Hona noizean behin diru eske(an) etortzen zitzaidanari sos batzuk eskaintzen NIzkiON“ (nik hari)
Esaldi hori aitzakiatzat harturik, iraganeko NOR-NORI-NORK adizkiak errepasatzeari ekin diogu. Horretarako, adizki horien eskema eta taulak (horizontala (I) zein bertikala (II)) banatu eta beharrezko azalpenak eman dizkiet: eskema nola dagoen egituratua, pertsona markak edo morfemak aurrean ala atzean doazen,…
o
Etxerako lanak:
1.
Iraganeko
nor-nori-nork lantzeko berariazko
ariketa analitikoak, Bakarka liburukoak (erantzun-orriak ere banatu dizkiet). Denak
hurrengorako egitea ez dela derrigorrezkoa adierazi diet, euren nahieran administra ditzatela ariketa hauek. OHARRA: ariketa hauek ez dira blogean eskuragarri
egongo.
2. Erlatibozko
perpausari edota honek daraman ondoko izenari kasu-marka egokia ipintzen
trebatzeko berariaz (=espreski) prestatutako indartze-ariketa, hau da, erlatibozko deklinatuak lantzekoa,
erlatibozkoa deklinatzeko arazoak dituztenentzat oso egokia. Errepara
diezaiotela beltzez dagoen aditz nagusiari kasu egokia hautatzeko. Erantzunak
ere banatu dizkiet, egin ostean eurek zuzentzeko.
OHARRA: Norbaitek
nahiago badu, ariketa hau – osatuagoa, esaldi berriekin – H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago
blogean.
3. Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio. Ulermen-jarduera
honetan, batetik, hitz bankuko hitzak txertatu behar dituzte aholkuen
hutsuneetan eta, bestetik, a), b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo
deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko eta mugagabea errepasatzeko, ariketa
egokia da guztiz.
4.
EKARRI:
§
Liburuko 41. gaia
(erlatibozko perpausena)
§
Erlatibozko perpausen
azalpenerako nire txostena (26.
fitxa).
§ Pernando Amezketarrari buruzko jarduera, joan den astean zuzendu genuena (41. fitxa)
-
Biltegia:
1. “Turismoak
goia jo du, donostiar gehienen iritziz” izeneko jarduera bikoitza. Batetik, testua
osatu behar dute, bertatik ateratako 8 esaldiekin, kontuan izanik 2 distraktore
ere badituztela. Bestetik, testuko zenbait esaldi berridatzi behar dituzte,
egitura batzuk lantze aldera.
OHARRA: Norbaitek
nahiago badu, ariketa honen lehen zatia H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura
dago blogean.
2. E-maila pisu turistikoa. Zinegotziarentzako
e-posta, jabeari jarduera baimena uka diezaion.
3. EZ BEZALAKOA(K) eta EZ BEZALA lantzeko bi ariketak. Erantzunak ere badituzte, egin ostean zuzen ditzaten.
4.
Erleak iratzarri, ahaidea itzarritakoan izeneko testutik ateratako 10 esaldi berridatz
ditzatela nik emandako egiturak erabiliz (EBAZPENA eta AZALPENAK ere banatu
dizkiet, egin ostean eurek zuzen ditzaten).



iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina