2025/12/20

B2.2 mailako 23. eskola, 2025eko abenduaren 17koa (Eguberri aurretikoa)

 

23. eskola: 2025eko abenduaren 17koa (Eguberri aurretikoa)

-  Gramatika: erlatibozko perpausak. Erlatibozko perpausak lantzen V izenpean datozen itzulpenak zuzendu ditugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Horretarako, neuk itzuli eta arbel digitalean jarri dizkiet itzulpenak eta aipagarriak diren oharrak egin dizkiet; ondoren, ikasleek eurenak nireekin alderatu dituzte eta onar daitezkeen aldaerak onartu ditugu. Bigarren ariketa (erlatibozko deklinatuekin esaldiak amaitzekoa) nahi duenak niri eman diezadala, erantzun libreak baitira.

- Itzulpen horietako batzuetan EGIN aditz-indartzailea agertu zaigu: Diru asko dutenak (=daukatenak) aspertu EGITEN dira. Eskolan geratu direnak (< diren ikasleak) aspertu EGIN dira. Hortaz,  EGIN indartzailea noiz eta nola erabiltzen den azaldu diet:

Esaldi bateko predikatuan (subjektua kontatu gabe) aditza bakarrik dagoenean eta, beraz, “protagonismoa” kenduko dion beste osagai bat ez dagoenean (non, noiz, nola, zergatik, zenbat…), aditza bera izaten da protagonista (“galdegai”) eta, beraz, derrigorrez, markatu edo indartu egin behar da “EGIN” gehituta (edo, aspektuaren arabera, “egiten”, “egingo”).

Dena den, “egin” horrek ez du aditzaren erregimena aldatzen, IZAN / UKAN izaten jarraitzen du: 

·         Txankete gaur goizean (noiz) hil  da.

·         Txankete istripu batean (non) hil da.

·         Txankete ustekabean (nola)  hil da.

·         Txankete   hil (part.) EGIN da (predikatuan aditza bakarrik dagoenez, berau bihurtzen da “galdegai” edo “protagonista”, eta beraz, indartu egin behar da “egin” erabiliz).

·         Maria askotan (noiz) aspertzen da klasean.

·         Maria klasean (non) aspertzen da.

·         Maria gai honekin (zerekin) aspertzen da.

·         Maria aspertu (part.) EGITEN da (predikatuan aditza bakarrik dagoenez, berau bihurtzen da “galdegai” edo “protagonista”, eta beraz, indartu egin behar da “egin” erabiliz, kasu honetan, ohiturazko aspektuarekin: egiTEN).

·         Mariak etxean (non) bazkalduko du.

·         Mariak gurasoekin (norekin) bazkalduko du.

·         Mariak ordu bietan (noiz) bazkalduko du.

·         Mariak lekak (zer) bazkalduko ditu.

·         Mariak bazkaldu (part.)  EGINGO du (predikatuan aditza bakarrik dagoenez, berau bihurtzen da “galdegai” edo “protagonista”, eta beraz, indartu egin behar da “egin” erabiliz; kasu honetan, geroaldiko aspektuarekin: eginGO).

·         Klase honek asko (zenbat) aspertzen nau.

·   Klase hauek aspertu (part.) EGITEN naute (predikatuan aditza bakarrik dagoenez, berau bihurtzen da “galdegai” edo “protagonista”, eta beraz, indartu egin behar da “egin” erabiliz; kasu honetan, ohiturazko aspektuarekin: egiTEN).

OHARRA: Baina batzuetan, predikatuan beste osagai bat agertu arren, guk hala nahi dugulako, marka dezakegu aditza:

-        Bihar (noiz) ezkonduko naiz (hemen, “bihar” ezkonduko naizela azpimarratzen ari gara, ez gaur, ez etzi, ez datorren hilean).

-  Bihar ezkondu (part.) EGINGO naiz (hemen, bihar zer egingo dudan ari naiz azpimarratzen, ezkondu egingo naizela eta ez dibortziatu, depilatu, jubilatu… Horrexegatik markatu dugu aditza “egingo” gehituz).

-    Kohesioa: Madrildik bidalitako eskutitza (Peñiscolatik bidalitakoaren parekoa) zuzendu dugu. Eskutitz horretan ikasleek testutik ateratako hainbat lokailu txertatu behar izan dituzte. Zuzenketak luze jo duen arren, oso egokia deritzot ariketa honi. Etxerako jarduera honen pareko indartze-ariketa – Tuteratik bidalitako eskutitza – banatu diet (erantzun-orriarekin batera).

-    Hor atera zaigu honako hau: partizipioa + EZINIK = partizipioa + EZINDA (“nola?” galderari erantzuten dio):

Berandu iritsi naiz klasera, autoa aparkatu ezinIK = aparkatu ezinDA ibili naizelako.

Eguberrietako gehiegikerien ondoren, asko urtarrilean, hilabete amaierara iritsi ezinIK = iritsi ezinDA ibiltzen dira.

Lo hartu ezinIK = Lo hartu ezinDA nabil.

Zarata honekin, gogoa bildu ezinIK gabiltza (= kontzentratu ezinIK) = gogoa bildu ezinDA gabiltza.

Alderantziz ere egin daiteke: EZIN + partizipioa + -(r)IK = -TA:

Berandu iritsi naiz klasera, autoa ezin aparkatuRIK = ezin aparkatuTA ibili naizelako.

Eguberrietako gehiegikerien ondoren, asko urtarrilean, hilabete amaierara ezin iritsiRIK = ezin iritsiTA ibiltzen dira.

Lo ezin hartuRIK = Lo ezin hartuTA nabil.

Zarata honekin, gogoa ezin bilduRIK gabiltza (= ezin kontzentratuRIK) = gogoa ezin bilduTA gabiltza.

-       KAHOOT jolasa: Indikatiboko iraganeko NOR-NORK adizkiak lantzeko.

-     Garaian garaikoa: Eguberrietan, kontuan izan, kontuak egin testura jo dugu. Bertan, adituek Gabon garaian gastuak murrizteko ematen dituzten bost aholkuak osatu behar zituzten, testutik ateratako esaldiak txertatuz. Zuzendu egin dugu. Ongi etorri zaigu aholkuok aipatzea ondorengo mintza-saiorako.

-     Garaian garaikoa: AHOZKO ADIERAZPENA: Eguberrietako gehiegizko kontsumoa hizpide (30´). Lehenengo bizpahiru puntuak izan ditugu mintzagai. Girotzeko ikasbil dokumentu biltegiko bideo-pasartetxo bat jar dakieke (edo, bestela, Eguberri osteko lehenengo klase-egunean).

1.      Telebistan eta saltoki handietan, Eguberrietako produktuen iragarkiak eta eskaintzak gero eta lehenago hasten dira. Zergatik ote? Gu kontsumitzera bultzatzeko. Eta joera horrekin bat egiten ez duena pertsona “berezitzat” hartzen da[1]. Jendearen jokabidea nolakoa izaten da garai honetan? Zer iruditzen zaizu batzuk gastu horiei aurre egiteko zorpetzea?

2.      Zure jokabidea sasoi (=garai) honetan. Azpian harrapatzen zaitu olatu kontsumistak? Zeure burua gehiegizko kontsumo (=kontsumismo) horren barruan ikusten duzu? Zeure burua kontrolatzeko arazoak izaten dituzu jai hauetan (otorduetan, erosketetan…)?Ala gai zara gehiegizko kontsumo horri aurre egiteko, hau da, kontsumismoa saihesteko (=ekiditeko)?

3.      Horrenbeste kontsumitzeak zer ondorioa izan litzake? (etxeko ekonomian, ingurumenean…). Esaterako, kontsumitzeko modu jasangarriagoa (“sostenible”) bilatu behar genukeela diote adituek eta ezinbestekoa dela gure pentsaera eta jarrera aldatzea, gutxiago kontsumitze aldera (=kontsumitzearren). Zuk ere uste duzu beste kontsumo eredu bat posible dela? Zein?

4.      Eguberrietan gutxiago gastatzeko badira zenbait aholku (aurretiaz zerrenda egitea, erosi aurretik birritan pentsatzea, gastuak idaztea, erosketak garaiz egitea…). Betetzen al dituzu aholkuok?

5.      Zer da Eguberrietan gehien atsegin duzuna? Kaleetako argiak? Etxeak apaintzea? Otorduak? Opariak jaso nahiz egitea? Senideekin elkartzea?... Eta gutxien gustatzen zaizuna?



[1] -TZAT + hartu / jo / eduki / ukan. Berezitzat hartzen da = Berezia dela pentsatzen da


B2.2 maila 2025-2026: Indikatiboko iraganeko NOR-NORK adizkiak lantzeko Kahoot jolasa

 Ikasleok: 

Indikatiboko iraganeko NOR-NORK adizkiak lantzeko klasean egin dugun Kahoot ariketa berriro egin nahi bauduzue, klikatu  HEMEN

B2.2 maila 2025-2026: Erlatibozko perpausak lantzen V. EBAZPENA + EGIN indartzailea

B2.2 maila 2025-2026: Abenduko zubia Madrilen. EBAZPENA

B2.2 maila 2025-2026: Partiz. + EZINIK = EZINDA egitura eta BARRU vs. -(r)EN BURUAN bereizketa

B2.2 maila 2025-2026: Eguberrietan, kontuan izan, kontuak egin. Adituen aholkuak (EBAZPENA)

B2.2 maila 2025-2026: Eguberrietako gehiegizko kontsumoa hizpide

B2.2 maila 2025-2026: Eguberrietarako etxerako lanak

B2.2 maila 2025-2026: Zenbat diru gastatuko duzu Gabon hauetan? (bideoa)

B2.2 maila 2025-2026: Zenbat diru gastatuko duzu Gabon hauetan?

B2.2 maila 2025-2026: Gabonetako loteria: ezin etsi, jokatu gabe

B2.2 maila 2025-2026: Elikagaien bankuak

B2.2 maila 2025-2026: Elikagaien bankuak (H5P)