22. eskola: 2025eko abenduaren 15ekoa.
- ENTZUNAREN ULERMENA: Zer berri? 2. Sei
albistetxo entzun dituzte eta bi ariketa
egin. Lehenengoan, albiste bakoitza albiste horren gaiarekin uztartu behar
izan dute, alegia, berri bakoitza zeri
buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute;
bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein
hiztunek esan edo aipatu dituen aukeratu behar izan dute. Ariketa bakoitzerako, behin entzun behar da entzungaia; azken finean, entzungai berak
direnez, bi ariketak egitean, azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da.
Nahi izatera, zuzendu ostean, berriro entzun daitezke. Oharrak:
NORTAZ kasuan ohiko
akatsa izaten da izenei -TAZ kasu marka jartzea, pluralean, batik bat: amataz,
umeetaz, loreetaz, arazoetaz… hitz egingo dugu. Oker dago. Singularrean
-AZ da kasu marka eta pluralean, -EZ: amaz, umeez, loreez, arazoez…hitz
egingo dugu.
-TAZ izenordeetan bakarrik erabili behar da: nitaz, zutaz, gutaz, honetaz, horietaz, hauetaz, hartaz…
- Indikatiboko iraganeko NOR-NORK adizkiak. Joan
den astean emandako azalpena laburbildu diet.
a. Horretarako,
hasteko, adizki horien eskema harrarazi eta eta beharrezko azalpenak gogorarazi
dizkiet: eskema nola dagoen egituratua, pertsona markak edo morfemak aurrean
ala atzean doazen…
b. Behin eta berriz gogorarazi diet 5. oharrak
dioena, hau da, kontu izan dezatela NOR edo ZER 3. pertsona denean, adizki
horietan NORK edo ZERK subjektuaren pertsona marka edo morfema aurrean baitoa (nuen,
zenuen, genuen, zenituzten…), gainerakoetan ez bezala.
Izan ere, gainerakoetan, atzean doa
NORK edo ZERK subjektuaren pertsona marka (ninduzun, zintudan…).
Beraz, NOR edo ZER 3. pertsona (hura / haiek) duten adizkiak (betidanik
“ukan” izenez ezagutzen ditugunak) EZINGO DIRA eskema horretatik atera, ezingo
dira eskema horretan “enkajatu” edo txertatu.
c. Taula horizontalari arretaz erreparatu diogu eta ikasleei ohartarazi diet adizki horietan NOR pertsona marka aurrean doala, eta beraz, berdin hasten direla, 3. pertsonetan ez bezala; izan ere, arestian aipatu bezala, hauetan NORK marka da hasieran doana eta, beraz, subjektuaren arabera, modu desberdinean hasten dira 3. pertsonako adizkiok.
- Indikatiboko
iraganeko NOR-NORK adizkiak
lantzeko ariketak eginak dituzten galdetu diet; jarrai dezatela egiten.
Gaurkoan, ahozko jarduera egin dugu: AHOZKO
JARDUERA: MINTZA KATEATUA (I. saioa):
“Dabidek (nork) joan den egunean gu (nor) aditzak ziztu bizian (=oso azkar) esatera (zertara?) behartu (=derrigortu) GINTUEN, adizkien erabileran trebatzeko“.
“Igande goizean zuk (nork) gu (nor) Urbasan ikusi GINTUZUN, perretxikotan genbiltzala(rik)”.
A aukera) Ikasle
bakoitzak ondoko ikaskideari konbinazio bat eskatu dio esaldi bera probestuz;
batzuetan, NORK edo ZERK aldatuta; beste batzuetan, subjektuari eutsi eta NOR
edo ZER aldatuta, eta, besteetan, biak (subjektua eta objektua) aldatuta.
Horrela, iraganeko NOR-NORK adizkiak landu ditugu ahoz gurpilean.
B aukera) Irakasleak ikasle bakoitzari konbinazio bat eskatu dio, esaldi bera probestuz.
- Bidaiatzeko modu berrien (eta merkeen) bila. Testua irakurri ahala, idatziaren ulermena
lantzeko jarduera honen zuzenketa egin
dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ikasleek testuko hutsuneak osatu
behar zituzten, hamalau esaldiak hauei dagozkien lekuan txertatuz.
OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izanez gero, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
Oharra: gogorarazi diet aditz trinkoek BA- daramatela aditz-ekintzaren baiezkotasuna indartzeko: badakit, badaukat, banoa, badatoz… (gaztelaniaz “ya lo sé”, “ya tengo”, “ya voy”, “ya vienen”…). Gehiago indartu nahi bada, nahikoa da adizki trinko horri aurrean dagokion partizipioa jartzea: Lana badaukate (“ya tienen trabajo”) > Lana eduki, badaukate (“tener, ya tienen trabajo”). Nik badakit (“yo ya lo sé”) > “Nik jakin, badakit” (“saber, ya lo sé”).
- AHOZKO ADIERAZPENA: Turista mota (1. saioa) (30´): Aurreko egunetan, turismoa eta honek dakarren masifikazioa mugatu behar litzatekeen ala ez eztabaidatu dugu. Zuzendu berri dugun jardueran (Bidaiatzeko modu berrien (eta merkeen) bila) zenbait ideia agertu zaizkigu, hala nola, gaur egun lehen baino irteera motzagoak egiten ditugula, oporretara joaten garenean gutxiago gastatzen saiatzen garela, askoz lehenagotik erosten ditugula azken momentura arte itxaron beharrean, gazteek nahiago izaten dutela bidaia-txartela erosi eta gero euren kabuz ibili, eta badirela merke bidaiatzeko moduak, esaterako, etxe-trukea, autoa partekatzea eta cochsurfing-a. Zu zeu nolako turista zaitugu? Beste makina bat turista bezala, promozionatzen diren lekuetara joaten den horietakoa ala txoko ezkutuen bila jotzen duten horietakoa? Ikasleak binaka nahiz hirunaka bilduta puntu jakin batzuen gainean solastu dira (puntu bakoitzeko denbora-tarte jakina utzi diet).
Gazteek dena antolatuta daukaten bidaiak egin
beharrean, bidaia-txartela bakarrik erosten omen dute askotan eta gero gerokoak. Zuk zer duzu nahiago,
bidaia antolatuak (hegaldia, egonaldia, otorduak, txangoak...dena barne) egin ala bidaia-txartela bakarrik hartu eta
gero zeure kontura ibili? Zergatik?
Zein izango litzateke zure ametsetako bidaia? Nora joango zinateke dena ordainduta edukiz gero?
Etxerako lanak:
-
Garaian garaikoa: Eguberrietan, kontuan izan, kontuak egin. Artikulua irakur
dezatela, datorren asteazkenean honezaz mintzatzeko, Gabonak ate-joka ditugu
eta. Testu honetan solasaldian erabiltzeko informazio aski esanguratsua topa
dezakete. Bide batez, adituen aholkuak osa ditzatela, bertatik ateratako
esaldiak txertatuz.
- Madrildik
bidalitako eskutitza
osa ezazue bertatik ateratako lokailuak hutsune egokietan txertatuz. Jarduera
hau Peñiscolako gutunaren antzekoa da eta, beraz, indartze-ariketa gisa ongi
etorriko zaizue.
- EKARRI: Bidaiatzeko
zenbait aholku edo gomendio. Ulermen-jarduera honetan, batetik, hitz
bankuko hitzak txertatu behar dituzte aholkuen hutsuneetan eta, bestetik, a),
b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko
eta mugagabea errepasatzeko, ariketa egokia da guztiz.
-
EKARRI: Erlatibozko perpausak lantzen V
- Alberto Ladron Aranaren nobela beltz bat – norberak nahi
duena aukera lezake – irakurtzen has daitezela. Liburutegian dituzte hainbat
ale eskuragarri.
-
EKARRI Kausazkoei
buruzko teoria, irakurria.
- Iritzi
artikulua. Honako bi gai
hauetako baten gainean idatzi: Zoritxarreko (=zorigaitzeko) sexu
jazarpena eta genero indarkeria / Erosketen zurrunbiloan buru-belarri
sartzera garamatzaten egun seinalatu horiek…
- JARRAITU EGITEN:
Iraganeko NOR-NORK adizkiak
lantzeko ariketak, Bakarka liburukoak
(194, 195, 170, 171. orrialde osagarriak) (erantzunak ere banatu dizkiet).
Denak hurrengorako ez egiteko aholkatu diet,
nahieran administra ditzatela ariketa hauek.
OHARRA: ariketa
hauek blogean ere topa ditzakezue H5P formatuan, “Indikatiboko Iraganeko NOR-NORK (1) eta (2)” izenpean.

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina