52. eskola: 2025eko maiatzaren 8koa
- Nork bere iritzia ematen duenean, dela iritzi artikuluetan edo argudio testuetan, dela solasaldi nahiz eztabaidetan, iritzi edo uste hori argudiatu edo arrazoitu egin behar izaten du eta, horretarako, kausazko perpausak edo esaldiak erabiltzen dira. Gatozen kausazko perpausak egiteko modu desberdinak errepasatzera. Azalpenerako, joan den astean eman eta irakurtzeko esan nien txostena erabili dugu. Horrezaz gain, Gramatika eta ariketak II liburuko gaiaren kopia ere eman diet. Hauetxek dira gaur ikusi ditugun kausazko menderagailuak:
-(E)LAKO
ETA
BAIT-
-T(Z)EAGATIK eta –T(Z)EARREN,
-(e)NEZ (GERO)
-(E)LA ETA
(eta honen kidekoak: -(e)la medio, -(e)la kausa,
-(e)la bide, -(e)la zio)
ZEREN (eta)
Azken honi dagokionez, azalpen zehatza apunteetan daukaten arren,
zera azpimarratu nahi izan diet:
·
Idatziz hiru aukera dituela:
- bera bakarrik erabil daiteke, nahikoa
baita kausaltasuna adierazteko (Bihar
ezin izango naiz klasera etorri, zeren hitzordua daukat espezialistarenean).
- -BAIT kausazkoarekin indartu daiteke (Bihar ezin izango naiz klasera etorri, zeren
hitzordua baitaukat
espezialistarenean).
- –(e)N-ekin konbina daiteke (Bihar
ezin izango naiz klasera etorri, zeren hitzordua daukadan
espezialistarenean).
· Ahoz bat-batean hitz egiten dugunez, hots, inprobisatzeko joera dugunez eta beraz, esaldia noiz amaituko dugun ez dakigunez, barra-barra erabiltzen dela, “ze...” moduan. Aurrean “ze...” esan eta lixto, gero, nahi adina luza dezakezu kausa eta irakurleak edo entzuleak ez dauka amaiera arte itxaron beharrik hori guztia kausa dela jakiteko. Nik neuk askotan erabiltzen dut.
- AHALERA: Hasteko, 306. fitxa baliatuz, Iraganeko
Ahalerako adizkiei buruz azaldutakoa gogorarazi diet. Iraganekoak,
amaieran –EN darama (-te amaiera dutenek, -N baino ez dute hartzen) eta
hirugarren pertsonek, hasieran L- eraman beharrean, Z. Beraz, Alegiazko Ahalera edo Hipotetikotik
Lehenaldira igarotzea nahiko erraza da, bi aldaketa horiek egitea aski baita.
Bestalde, Iraganeko ahalerako
adizkiak AHAL + Indikatiboa egituraren parekoak dira (eta ezezkoetan
EZIN + Indikatiboa):
-
NOR: Gu bilera
hartara joan_ GINTEZKEEN (= joan ahal
ginen); Mikel gurekin bazkaltzera etor_
ZITEKEEN (= etorri ahal zen).
- NOR-NORI: Kontuz
ibili ezean, niri giltzak gal_ ZEKIZKIDAKEEN (= galdu ahal zitzaizkidan); Eskerrak
ertzainek geldiarazi zuten! Bestela, edanda zihoan gidari hari istripu bat gerta_ ZEKIOKEEN (= gertatu ahal zitzaion).
- NOR-NORK: Zuk ni
txikitan airean altxa_ NINTZAKEZUN (= altxatu
ahal ninduzun), baina orain asko pisatzen dut; Guk zu ezin ZINTZAKEGUN behar bezala babes_ (= ezin zintugun behar bezala babestu); Bizilagunek gu sala_ GINTZAKETEN (= salatu ahal gintuzten), baina,
zorionez, azkenean onez onean konpondu genuen arazoa; Mattinek lan hori
azkarrago egin_ ZEZAKEEN (= egin ahal
zuen), horrelako lanetan oso iaioa = trebea baita.
- NOR-NORI-NORK: Barkadazu, atzo deitu zenidanean ezin NIEZAZUKEEN kasurik egin_ (= ezin nizun kasurik egin); Guk berari lagun_ GENIEZAIOKEEN (= lagundu ahal genion), baina ez genion lagundu, ez baitzuen merezi; Ikuskizunerako sarrera erdi prezioan lor_ ZIEZADAKEEN (= lortu ahal zidan), baina ez zuen hala egin.
- Laburbilduz,
Iraganeko edo Lehenaldiko Ahalerak, amaieran –EN darama (-te
amaiera dutenek -N baino ez dute hartzen) eta hirugarren pertsonek, hasieran L- eraman beharrean, Z-.
Adib.:
-
Agian
bihar zurekin afaltzera joan
NINTEKE (“podría ir”), deituko dizut berresteko (alegiazko ahalera edo
hipotetikoa, ni joateko aukera badagoelako).
-
Atzo
zurekin afaltzera joan NINTEKEEN (=joan ahal
nintzen) (“podía ir”, “podía haber ido”), baina ez joatea erabaki nuen” (iraganeko
ahalera edo lehenaldikoa).
-
Mikel gehiago saiatuko balitz, egunen batean abokatu bikaina izan LITEKE (“podría ser”)(alegiazko
ahalera edo hipotetikoa, abokatu izateko aukera badagoelako).
-
Mikel abokatu bikaina izan ZITEKEEN (=izan ahal zen) (“podía ser”, “podía haber sido”),
baina albaitari (bezala) lan egitea erabaki zuen (iraganeko ahalera edo lehenaldikoa, jada abokatu izateko
aukerarik ez daukalako, beste lanbide bat hautatu baitzuen, albaitariarena).
Liburuan jartzen duen bezala, ahalerako iraganeko adizkiek aditz nagusiak aipatzen duen ekintza iraganean egiteko ahalmena edo gaitasuna eta iraganean zerbait gertatzeko aukera edo posibilitatea adierazten dute. Baina ez dakigu azkenean egin zen ala ez. Hortxe dago koska!
- Arestian esan bezala, Iraganeko ahalerako adizkiak AHAL + Indikatiboa egituraren parekoak dira: joan_ gintezkeen = joan ahal ginen; egin_ zenezakeen = egin ahal zenuen; eros_ zitzakeen = erosi ahal zituen; har_ nitzakeen = hartu ahal nituen…; ikus_ nintzakezun = ikusi ahal ninduzun; ekar_ zeniezadakeen = ekarri ahal zenidan…
- Bestalde, ez ditzatela nahas iraganeko ahalera – “etor zitekeen = etorri ahal zen” (“podía venir” edo “podía haber venido”) (etortzeko aukera edo ahalmena adierazten du, baina ez dakigu azkenean etorri zen ala ez, ez dakigu ekintza burutu zen ala ez) – eta “etorri ahal IZAN zen” (“pudo venir”) (hemen, etorri zela adierazten dugu, ekintza amaitua dago eta, horregatik, IZAN hartu du, aditz konposatua delako, ahal izan, behar izan, nahi izan, ezin izan, balio izan, axola izan, merezi izan, inporta izan, bizi izan… aditzen familiakoa: ezin izan nintzen joan (“no pude ir”), ezin izan nuen egin (“no pude hacer”), joan behar izan genuen (“tuvimos que ir”), merezi izan zuen (“mereció”), bizi izan zen (“vivió”)….
- Atzo
lanetik ordu bietan irten nintzenez, erosketak egitera joan NINTEKEEN = joan AHAL NINTZEN (podía ir) (baina ez dakigu joan nintzen, dakigun gauza
bakarra da astia banuela joateko).
- Atzo lanetik ordu bietan irten nintzenez, erosketak egitera joan AHAL IZAN NINTZEN (pude ir) (kasu honetan, erosketak egitera joateko aukera bete edo gauzatu zela adierazten da, erosketak egitera joan zela, alegia).
- Ondoren, berariaz prestatu diedan orria banatu eta ahalmena denboran zehar nola adierazten den azaldu diet, adibideak irakurri ahala.
AHAL NAIZ / DUT
AHAL
IZATEN NAIZ / DUT
AHAL IZANGO NAIZ / DUT = AHALKO NAIZ / DUT
AHAL
NINTZEN / NUEN
AHAL IZATEN NINTZEN / NUEN
AHAL IZANGO NINTZEN / NUEN = AHALKO NINTZEN / NUEN
- Jarraian, família edo multzo horretako aditz konposatuek (AHAL IZAN, EZIN IZAN, NAHI IZAN, BEHAR IZAN, BIZI IZAN, BALIO IZAN, MEREZI IZAN, FALTA IZAN, USTE IZAN...) berdin jokatzen dutela adierazi diet, hots, ekintza amaitua dagoela adierazteko IZAN hartu behar dutela; maiztasuna adierazteko, IZATEN, eta geroa adierazteko, IZANGO: ezin izan nintzen joan (“no pude ir”), ezin izan nuen egin (“no pude hacer”), joan behar izan genuen (“tuvimos que ir”), merezi izan zuen (“mereció”), bizi izan zen (“vivió”)…. Txostena eman diet hauen guztien adibide eta itzulpenekin.
- Beno,
ba… iritsi da ikasturte osoan zehar behin eta berriro hainbat testutan agertuz
joan zaigun euskal subjuntiboa
ikusteko garaia. SUBJUNTIBERA: Gramatika
eta ariketak II 8. eta 9. gaian datorkie. Hasteko, 8. gaian (26-27.
orr.), A atalean sarrera dator, baina hor daukaten taula gris hori ezabarazi
diet, nahasgarria izan daitekeelakoan. B atalean, euskal subjuntiboa
zertarako erabiltzen den azaltzen da. C atalean, nola osatzen diren adizki
hauek. D atalean, taulak. Ondoren, liburuko 9. gaian (30 eta 31.
orrialdeetan), azalpenerakin jarraitzen du eta euskaraz subjuntibo adizkiek
dituzten lau erabilera esparruak azaltzen dira. Dena den, nire apunteak orrialde horiek baino egokiagoak direlako
ustean, horiek banatu eta azaldu dizkiet: “Subjuntiboa. Teoria”.
o Hasteko, ohar bitez ahalera / subjuntiboaren arteko aldeaz: ahalerako
adizkiek derrigorrez –KE
daramate (etor naiteke, egin dezaket, eraman nazakezu,
eros diezaiokegu, hurbil dakiguke…) Subjuntibokoek, berriz, -ke horren ordez, –(e)N daramate,
bai orainaldian, bai lehenaldian (etor nadin,
egin dezadan, eraman nazazun, eros diezaiogun,
hurbil dakigun…). Gainerakoan, ahalerako
adizkiak eta subjuntibokoak, formalki nahiko antzekoak dira eta subjuntiboko adizkiek, ahalerakoek bezalaxe, aurrean aditzoina daramate
(-i eta –tu gabe, alegia),
salbuespenak salbuespen: etor_ zaitezen, ikus_ ditzadan, hurbil_ dakigun,
bidal_ diezazkiogun…).
o Erabilerari
dagokionez, Ahalerak
zerbait gertatzeko aukera edo posibilitatea edota zerbait egiteko ahalmena edo
gaitasuna adierazten du. Subjuntiboak, berriz, zer adierazten du? Zertarako
erabiltzen dira subjuntiboko adizkiak euskaraz? Esan dezagun, lau erabilera
esparru dituela.
i.
1. Helburuzkoa:
1.
Zertarako? galderari erantzuten dio.
2.
-T(Z)EKO nominalizazioaren parekoa da.
3.
Amaieran –(e)N darama.
Eskolako idazkaritzatik deitu dute, ni lehenbailehen
joateko = joan nadiN (zaitezen, dadin, gaitezen, zaitezten, daitezen)
Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik nortasun agiria
eramateko = eraman dezadaN (dezazun, dezan, dezagun,
dezazuen, dezaten)
Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik agiriak
aurkezteko = aurkez ditzadaN (ditzazun, ditzan, ditzagun,
ditzazuen, ditzaten).
Eskolako idazkaritzatik deitu didate, nik haiei nire datu
eguneratuak eman diezazkiedaN.
Agian, ikasleei
erabilerarik ezagunena lehenengoa egingo zaie; izan ere, ikasturtean zehar
askotan agertu izan zaigu helburuzko subjuntiboa, helburua edo xedea
adierazteko helburuzko esaldietan erabiltzen dena, alegia (“zertarako?”
galderari erantzuten diona):
ii.
2. Nahia edo desioa adierazten
duena:
1.
Zer? galderari erantzuten dio.
2.
Nahia adierazten duten aditzekin erabiltzen da.
3.
-T(z)EA nominalizazioaren parekoa da.
4.
Amaieran –(e)N darama.
Zuek guztiok
azterketa gaindi dezazuEN nahi nuke.
Eguberri jai zoriontsuak
igaro ditzazuN opa dizut.
iii.
3. Aginduak
ematekoa:
1.
Lehenengo pertsonan: Has gaitezEN lanean! Ikus dezaguN zer dagoen barruan.
2.
Hirugarren pertsonan: Etor dadiLA
medikuren bat lehenbailehen!! Isil daitezELA
behingoz, han atzean dauden ikasleak!
iv.
4. Zehar-aginduak
adieraztekoa:
1.
Azpian agindu bat dauka.
2.
Esan,
eskatu, aholkatu, gomendatu, agindu, erregutu…
3.
Zer? galderari erantzuten dio.
4.
-T(z)EKO nominalizazioaren parekoa da.
5.
Amaieran –(e)LA darama.
Dabidek hiztegia erabil dezaguLA
aholkatu digu.
Irakasleak
ikasleei lanean has daitezELA agindu die.
Liburutegian ondokoari mesedez isilik egon dadiLA eskatu diot.
Gramatika eta ariketak II liburuko
taulei erreparatuz gero, begiratu hutsarekin jabetuko dira ahalera eta subjuntiboa oso antzekoak direla itxura aldetik, baina
ahalerak –KE daramala;
subjuntiboko adizkiek, berriz, amaieran -(e)N (orainaldian nahiz
lehenaldian). Hau bitxia da, zeren orain arte, aditz batek amaieran –(e)N baldin bazeukan, lehenaldia zen
seinale. Orain, berriz, ikus dezaketenez,
subjuntiboko adizkiek orainaldian ere –(e)N daramate (nadin, dakigun, gaitzazuen, diezaiodan…)
baina…beti??? Ezzzzzzzz. Batzuetan –(e)LA
baitaramate (nadila, dakigula,
gaitzazuela, diezaiodala…). Arestian azaldutako lau erabilera horietan argi ikus dezakete noiz bata
eta noiz bestea.
- Gorpuzkera
ona izateko eta osasuntsu egoteko, kirola egitea bezain garrantzizkoa da
elikadura zaintzea. Horren harira, elikaduraz jardun dugu gaurkoan. AHOZKO ADIERAZPENA: Elkarrizketa (40´): Elikadura
osasungarria, osasuntsu egon gaitezen.
1. Jateko ohituren bilakaera. Garai batean, eltzekoa jaten zen; egun, berriz, aurrez prestatutako janaria eta izoztutakoa. Zergatik ote? Zuk zeuk baduzu horrelako janaria erosteko edo jateko azturarik? Hain kaltegarriak ote dira horrelako jakiak?
2. Kaltzioa duten elikagaiak, bifidusa daukatenak, zuntza dutenak, bitaminak gehitutakoak,… Garai batean ez bezala, sekulako aukera daukagu egun. Hala ere, lehen baino okerrago jaten dela diote adituek. Zer deritzozu honi?
3. Ohartu al zarete hedabideetan janari azkarraren (hanburgesak, pizzak…) zenbat eta zenbat iragarki ematen dituzten? Ez al da kontraesankorra elikadura zaindu behar dugula esatea eta gero horrelakoak iragartzea gu tentatzearren? Jakina, negozio biribila dago hor atzean.
-
Etxerako lanak
o
Kausazko perpausak lantzeko 1. eta 2. ariketak.
o
AHAL IZAN, EZIN IZAN, BEHAR IZAN, NAHI IZAN eta
kidekoak lantzeko ariketa.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
o
Albiste laburrak II (ariketa eta audioa blogean
eskuragarri).
o Arrasto
digitala izeneko cloze-testa, Interneten nabigatzen dugunean oharkabean
utziz goazen arrastoari buruzkoa.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
o Bitartekotza
fitxak, biak ere zibersegurtasunari buruzkoak. Binaka adostuta, bat prestatu
behar dute hurrengo egunerako.
o Orainaldiko
subjuntiboko adizkiak. Neuk prestatu
dizkiedan ariketekin hasiko gara: “Orainaldiko subjuntiboa langai”. Ariketa
horietako subjuntibo adizkiei dagokienez:
Denak dira orainaldiko subjuntiboa lantzeko ariketak.
Lehenengo bietan, NOR sistema praktikatuko dute.
Beste bietan, NOR-NORK (baina 3. pertsonak bakarrik jarri
ditut, zalantzarik gabe, gehien erabiltzen direnak baitira).
Esaldi bakoitzaren ondoren jar dezatela, parentesi artean,
subjuntiboko adizkiak ikusi ditugun lau erabilera horietako zein duen eta,
halaber, saia daitezela nominalizazio batekin berridazten. Adib.: “Oso eguraldi
ona egin behar du ni hondartzara hurbil NADIN”
(=”Oso eguraldi ona egin behar du ni hondartzara hurbilTZEKO” (1. erabilera,
helburuzkoa, “zertarako?” galderari erantzuten diona).
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
§ Igogailuari
buruzko ulermen-jarduera (246. fitxa).
§
Egitura, esapide eta esalmode jatorrak euskaraz
I (Aste Santurako bidalia).
§
Ziberseguruak al gara? deritzon ulermen-jarduera
(317. fitxa, H5P formatuan ere eskuragarri blogean).
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina