2025/10/07

B2.2 mailako 3. eskola, 2025eko urriaren 6koa

 

3.      saioa: 2025eko urriaren 6koa

-     Hasteko, –T(Z)EA nominalizazioaren (amaitu gabeko ekintza) eta Partizipioa + IZANA  (ekintza amaitua) arteko aldea gogorarazi diet, adibide hauen bidez:

·         (Zer) + Sentitzen dut afarira ez joaTEA (afaria datorren asteburuan izango da).   

/   Sentitzen dut afarira joan ez IZANA (afaria joan den larunbatean izan zen).

·     (Zer) + Eskertzen dizut igogailua jarri ala ez erabakitzeko atariko bizilagunen bilerara joan IZANA, nik ezin bainuen (bilera joan den astean izan zen).  

 /   Eskertuko nizuke nire ordez atariko bizilagunen bilerara joaTEA, ni ezin izango bainaiz joan (bilera gaur arratsean edo iluntzean izango da).

·   (Zertaz) + Damutuko zara  etxe hori ez erosTEAZ. Birritan pentsatu gabe, erosi!! (Kristoren mauka = pagotxa da) (oraindik zalantzatan dago erosi ala ez) 

/   Ederki damututa nago aukera izan nuenean etxe hura erosi ez IZANAZ, ordutik etxebizitzen prezioak nabarmen gora egin du eta (ez zuen etxea erosi).

·       (Zerk) + Pozten nau zurekin bidaiaTZEAK (zerk). Ea elkarrekin ondo konpontzen (=moldatzen) garen! (eramaten garen) (bidaiari ekin aurretik).

 /   Pozten nau zurekin bidaiatu IZANAK (zerk). Zein ondo konpondu (=moldatu) garen elkarrekin! Hurrengo bidaia ere elkarrekin egin genezake! (bidaia amaitutakoan).

·    (Zerk) + Ilusio handia egiten dit aspaldiko partez zurekin egoTEAK.  (oraintxe nago zurekin, ekintza ez da amaitu, gertatzen ari da).

 / Ilusio handia egin zidan egun hartan zurekin egon IZANAK (zerk). Zenbat txutxu-mutxu kontatu genion elkarri!! A-zer hitz-aspertua egin genuena! (ekintza amaitua dago, egun hartan egon ginen elkarrekin).

·   (Zerk) + Kalte egin zidan perretxiko haiek jan izanaKKK (zerk egin zidan kalte?) (ekintza amaitua, lehenaldian).

·    (Zerk) + Kalte egin dit perretxiko horiek jan izanaKKK (zerk egin dit kalte?) (ekintza amaitua, gaur goizean, esaterako).

·  (Zerk)+ Kalte egiten dit perretxikoak jaTEAKKK (zerk egiten dit kalte?) (ohiturazko ekintza eta, beraz, amaitu gabea).

·  (Zerk) +Kalte egingo dit perretxikoak jaTEAKKK (zerk egingo dit kalte?) (geroaldia, eta beraz, gertatu gabea).

 

Zer adierazten du “aspaldiko partez” egiturak? Bada, aspaldian egin ez zenuen zerbait egin duzula oraingoan. Hona hemen zenbait adibide:

-          Gaur eguzkia atera da, aspaldiko partez (aspaldian ez genuen eguzkirik ikusi, egunero lainotuta baitago zerua).

-         Joan den asteburuan zinemara joan nintzen aspaldiko partez.

-         Bart gauean ongi egin dut lo, aspaldiko partez.

-         Aspaldian ez nintzen elizara joan eta atzo joan  nintzen > Atzo elizara joan nintzen aspaldiko partez.

-         Aspaldian ez nituen jan babarrunak eta gaur jan ditut bazkaltzen > Gaur bazkaltzen babarrunak jan ditut, aspaldiko partez.

-          Gaur goizean 10ak arte ohean egon naiz, aspaldiko partez (normalean lanera joateko goiz jaikitzen naiz eta aspaldian ez nintzen egon hain berandu arte ohean).

 Laburbilduz, honako honetaz ohartarazi ditut:

1.      alde batetik, ekintza amaitua dagoen ala ez erreparatu behar diotela ikasleek, -T(z)EA ala Partizipioa + IZANA hautatzeko

2.  eta, bestetik, aditzari arretaz erreparatu behar diotela, aditz horrekin doan nominalizazioak esaldian zein deklinabide kasu eraman behar duen (zer, zerk, zertaz…) kontuan izateko. Adibidez:

Pozten naiz zu ezaguTZEAZ (zertaz) = Pozten nau zu ezaguTZEAK (zerk) (bietan ekintza amaitu gabe dago, une honetan ari da gertatzen).

Pozten naiz zu ezagutu izanAZ (zertaz) = Pozten nau zu ezagutu izanAK (zerk)  (bietan ekintza amaitua, bukatua dago).

Ezker-eskubiko bi adibideak parekoak dira, baliokideak. Aldea gramatikala da: NAU aditza nor-nork aditz bat denez, NORK edo ZERK kasua eskatzen du derrigorrez.

-          Jarraian, -T(Z)EA nominalizazioa eta PARTIZIPIOA + IZANA arteko aldea lantzeko berariaz prestatu nien ariketa zuzendu dugu. Astiro zuzendu dugu, beharrezko azalpenak emanez.

OHARRA: Ariketa hau berriro egin nahi duenak blogean du eskuragarri H5P formatuan (interaktiboa).

-    Lehen eskola eguna izeneko ariketa, erlatibozkoak lantzekoa. Ikasleek gure HEOeko ikasgela batekoa litzatekeen irudi bat abiapuntutzat harturik, erlatibozko perpaus libreak egin behar izan dituzte, nahi adina, ahal duten irudimentsuen jokatuz.

Adib.: Betaurrekoak daramatzaN ikaslea horman idazten ari dENAREKIN hizketan ari da.

Gaur, zenbait esaldi zuzendu ditugu eta idatziz jaso ditut erantzun guztiak, zuzenketa amaitutakoan eurei banatzeko. Ariketa librea izaki, nahi izanez gero, luze jo dezake, baina merezi du, erlatibozkozkoak lantzeaz gain, beste hainbat gramatika ohar egiteko nahiz ohiko akatsen berri emateko ere balia baitaiteke zuzenketa hau. Ikasle kopuruaren arabera, zuzenketa alda liteke. Hurrengoan bigarren saioa egitekotan geratu gara.

Identifikazio pertsonala eta hizkuntzak: “euskara da euskaldun egiten gaituENA”

-  ENTZUNAREN ULERMENA: Hezkuntza eleanitz bateruntz. Jasone Cenoz Hezkuntza Zientzietako katedraduna da eta EHUko ikertzailea. Hezkuntza eleanitz bateruntz izeneko liburua argitaratu (=plazaratu) du eta saritua izan da. Liburu horretan Euskal Herriko hezkuntza eleaniztuna[1] aztertu du. Itemak azaldu eta bitan entzun dugu. Ondoren, zuzendu egin dugu, beharrezko azalpenak emanez.

OHARRA: Ariketa hau berriro egin nahi duenak blogean izango du eskuragarri H5P formatuan (interaktiboa).

-          [1] Eleaniztun(a): ele (hizkuntza) + anitz (asko): hizkuntza asko hitz egiten dituena: “multilingüe, políglota”.

-          Elebidun(a): bi hizkuntza hitz egiten dituena edo bi hizkuntzatan dagoena: “bilingüe” (pertsona bat, hiztegia, kartela…).

-          Hirueleduna: hiru hizkuntza menperatzen dituena edo hiru hizkuntzatan adierazitakoa.

-          Elebakar(ra): hizkuntza bakarra hitz egiten duena edo hizkuntza bakarrean dagoena.

-       Yolanda Olasagarre: “Irakasleek kontzienteki landu behar dute ahozko komunikazioa ikasleekin“ (IU) deritzon ulermen-jarduera, galderak eta erantzunak uztartzean datzana,  zuzendu dugu, testu osoa irakurri eta behar diren azalpenak eman ahala.

OHARRA: Ariketa hau berriro egin nahi duenak blogean izango du eskuragarri H5P formatuan (interaktiboa).

-          Etxerako lanak:

1.      Lehenengo eskola eguna. Aurreko urteetako ikasleek ekoiztutako zenbait erlatibozko perpaus deklina ditzatela, erlatibozkoei dagokien deklinabide kasu marka erantsita (horretarako, errepara diezaiotela aditz nagusiari).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa H5P formatuan (interaktiboa) egin dezake blogean.

2.      Yolanda Olasagarre: “Irakasleek kontzienteki landu behar dute ahozko komunikazioa ikasleekin“. Testutik ateratako hamar esaldi berridatzi behar dituzte ikasleek, nik emandako lexiko nahiz gramatika egitura erabiliz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina