2013/12/11

Eguberrietan ere, euskaraz gure artean!!!

Eguberrietan zuen lagunak eta senitartekoak euskaraz zoriondu nahi al dituzue? Hona hemen euskarazko postal birtualak topa ditzakezuen hainbat web-gune. Anima zaitezte erabiltzera!

2013/11/30

Euskararen Nazioarteko Eguna

Txiolariok, zabal ezazue euskara mundurat!!

Datorren asteartean, abenduak 3, euskararen eguna dela-eta, honako ekimen honetan parte har dezazuen bultzatu nahi zaituztet. Txiolariak ("twiteroak") baldin bazarete, bidali zuen txioa ("twita") mundo osoko euskaldunei!! Anima zaitezte!! Sartu hemen

Txondorra egin dute Oiartzunen

Ikasleok: joan den astean txondorra zer den azaldu nizuen, gaztainondoei buruzko entzungaian agertu baitzitzaigun. Bada, kasualitatea da, baina joan den asteburuan piztu zuten bat Oiartzunen. Hona hemen horri buruzko bideo ikusgarri hau: Oiartzungo txondorra

Tarteko Maila: gaztainak eta gaztainondoak entzungai

2013/04/14

Perfumea

Perfume edo lurrinei buruzko entzungaia entzun genuen joan den egunean. Honek aitzakia ezinhobea eskaintzen dit zuei iragarki hau hemen txertatzeko, alde batetik, Dolce & Gabbana lurrinak aholkatzen dizkizuedalako eta bestetik, iragarki hau oso polita iruditzen zaidalako: zuri-beltzean egina,irudi bakoitzari, keinu bakoitzari, begirada bakoitzari, musika nota bakoitzari sentsualitate izugarria dario.

Maila Aurreratua: perfumea

Maila Aurreratua: perfumea edo lurrina

2013/03/17

Sentipenak azaleratzeko modukoa

 Bai igande arratsalde tristea. Eguraldi iluna, zerua goibel, negar-malkotan. Euria gogotik ari du eta euri tantek, haizearen laguntzaz, kristala kolpatzen dute. Eskerrak etxe barneko goxotasuna are gehiago goxatzen duten hau bezalako abestiek. Ea atsegin duzuen.

2013/02/04

Maila Aurreratua: Inaute asterako aukerako jarduera

Ikasleok: hemen proposatzen dizuedan ataza hau topatu dut Ikasbil web-gunean. Inauterien gainekoa da. Nahi duenak egin dezala inaute astean. Inauteriak, inauteak, aratusteak...badatoz.

Mintza praktika egiteko beste aukera bat

Ikasleok: Zuetako batek baino gehiagok adierazi dit ez daukala euskaraz norekin hitz eginik. Bada, hona hemen mintzamena lantzeko sarean topatu dudan beste aukera bat: Mintzanet.net. Gaur bertan izan dut ekimen honen berri eta zuei jakinarazi nahi nizueke nire blogaren bidez. Anima zaitezte eta eman izena. Horretarako, klikatu zuzenean esteka honetan: mintzanet.


2013/01/25

Maila Aurreratua: aholkatutako irakurgaiak

Hainbat ikaslek galdetu didate eskolan derrigorrez irakurri beharreko irakurgaiez gain zein liburu irakur lezaketen maila honetan. Hona hemen aholkatutako zenbait irakurgairen zerrenda. Eskolako liburutegian dauzkazue mailegagai.


Maila Aurreratuko ikasleei aholkatutako zenbait irakurgai:
Amaren eskuak. Jaio, Karmele. Elkar.
Morto Vivace. Arretxe, J., Elkar.
Zer barkaturik ez. Ladron Arana, Alberto. Elkar.
Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian. Atxaga B. Elkar.
Sugeak txoriari begiratzen dionean. Atxaga B. Elkar.
Gorroto haut. Batzuk. Alberdania.
Hitz eginen balute. Herriot J. Elkar.
Ezer baino lehen. Iturbe A. Elkar.
Ai ama! Iturbe A. Alberdania.
Lehenago zen berandu. Iturbe A. Alberdania.
Urtebete itsasargian Meabe, M.A. Elkar.
Mandelaren Afrika. Olasagarre J. Susa.
110 Street-eko geltokia. Zabaleta I. Susa.
Ainhoari gutunak. Sarrionaindia J. Elkar.
Atlas sentimentala. Zubizarreta P. Alberdania.
Jeans-ak hozkailuan. Zubizarreta P. Alberdania

2013/01/20

EUSKARA IKASLEAREN TXARTELA

Ikasleok:
Aurreko ikasturteetan bezala, Irungo Udalak Euskara Ikaslearen Txartela jarri du martxan, Irunen euskara ikasten ari zareten guztiontzat. Txartel hau aurkeztuz, ikasleok euskarazko hainbat produktu eta zerbitzuri buruzko informazioa jaso ahal izango duzue eta hainbat erakunde eta argitalpenek eskaintzen dituzten produktu eta sarreretan beherapenak izango dituzue, hala nola, Amaia Kultur Zentroan, Oiasso Museoan, Eureka Zientzia Museoan eta Aquarium-ean; halaber, baldintza bereziak  izango dituzue Berria egunkariaren eta Luma, Argia nahiz Gaztezulo aldizkarien harpidetzan, baita Elkar eta Oskarbi liburu-dendetan ere.
Aurten, ordea, aurreko urteetan ez bezala, txartel hau eskuratzeko eskabide-orriak zeuek jaitsi beharko dituzue www.irun.org web-gunetik; inprimatu eta datu pertsonalekin bete ostean, hizkuntza eskolara eraman itzazue, bertako zuzendariak hango ikasleak zaretela ziurtatzeko. Eman, beraz, euskara irakasleari.
Dabid