18. eskola: 2025eko azaroaren 26koa
-
AHOZKO JARDUERA: Adizkien katea (III). Honako esaldi hau ipini
diet arbelean:
(Nik zuei) joan den asteko kopiak (zer pl.) armairu barruko
erretiluan eskura(garri) utzi NIzkiZUEN.
Ikasle bakoitzari konbinazio bat eskatu diot eta esaldi bera probestuz, beste ikasle batzuei beste zenbait aldaera, ikasleak adizki hauen erabileran treba zitezen. Horrela, iraganeko NOR-NORI-NORK adizkiak lantzen jardun dugu.
- Iraganeko NOR-NORI-NORK adizkiak lantzeko ariketak
egin dituzten edo egiten ari diren galdetu diet. Egitearen garrantzia
azpimarratu diet. Eginak ez badituzte, jarrai dezatela egiten. Horren harira, askotan
azaldu dut NOR-NORI-NORK aditzetan hiru osagai izaten direla (nor edo zer, nori
eta nork), baina izan, badira NOR-NORI-NORK “faltsuak”, sasi-NOR-NORI-NORK
aditzak, objekturik (nor edo zer) ez dutenak. Hauen
azalpena egin diet (azalpenaren kopia badute).
a.
Batetik,
Iparraldean eta Hegoaldean desberdin erabiltzen direnak (biak ongi egon arren):
DEITU, LAGUNDU, ENTZUN (Iparraldean, NOR-NORK
gisa erabiltzen dituzte; Hegoaldean, berriz, NOR-NORI-NORK “faltsu”
gisa).
b.
Bestetik,
bakarrik doazenean NOR-NORK direnak eta NORI edo ZERI daramatenean, berriz, sasi-NOR-NORI-NORK
direnak: BEGIRATU, JARRAITU, ITXARON.
c.
Azkenik,
beti NOR-NORI-NORK “faltsuak” direnak: EUTSI = HELDU, ERASO.
- Garaian
garaikoa: AHOZKO
ADIERAZPENA (25´): Erosketen
zurrunbiloan buru-belarri sartzera garamatzaten (=eramaten gaituzten) egun
seinalatu horiek… Datorren
ostiralean, azaroak 28, ditxosozko Black
Friday (“Ostiral Beltza”) eguna izango dugu, Eguberrietako
erosketa-aldi zoroari hasiera ematen diona. Egun hori aitzakiatzat hartuta,
mintza-fitxan dituzten puntuen gainean solastu dira binaka nahiz hirunaka jarrita (azken puntua falta da).
Bai, datorren ostiralean, azaroak 28,
ditxosozko Black Friday (“Ostiral
Beltza”) eguna izango da, Eguberrietako erosketa-aldi zoroari hasiera
ematen diona (egia den arren saltoki batzuek egun hori asteburura luzatzen
dutela eta, honela, Black Weekend (“Asteburu
Beltza”) delakoa sortu dutela). Ondoren, Cyber Monday – urdina, baina ez ekologikoa – datorkigu, tresna
elektronikoetan Interneten sekulako beherapenak eskaintzen dituen eguna.
Eguberrietako erosketen zurrunbiloaren ostean, otsailaren 14an, San Valentin
eguna ospatzen da, bikotekideari zerbait oparitzeko egun seinalatua. Martxoan,
berriz, San Jose eguna, tradizioz, “Aitaren Eguna”. Maiatzean, Amaren
Eguna. Ezkongabe baldin bazaudete eta bikotekiderik ez baduzue, lasai,
zuentzat ere bai baita egun jakin bat eta igaro berria da, gainera: azaroak 11, Single-en Eguna.
Egun zehatz (=jakin
= konkretu) horien aitzakian, gure ingurukoentzat nahiz geure buruarentzat eros
genitzakeen hamaika balizko[1]
opari (askotan, gutiziak, ez baitira beharrezko gauzak izaten) iragartzen
dizkigute hedabideetan: arropa, lurrinak – sarkorrenetatik freskoenetara – ,
punta-puntako gailu elektronikoak…
- Joan den
eguneko azalpenaren ostean, lokailuekin esaldiak osatzeko ariketa bat bidali nien
etxerako, ideien arteko erlazioa kontuan izanik ideia horiek lokailu
egokiarekin uztar zitzaten. Ebazpen-orria ere atxiki nien. Zalantzarik baduten
galdetu eta balizko zalantzak argitu ditugu.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu edo berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- Etxerako lehenengo iritzi
artikulua bidali diet.
Horretarako, ordea, egokitzat jo dut iritzi artikulua edo argudiozko testuak
idazteko ataza bat klasean lantzea.
Iritzi artikulua edo argudio testua
idazteko azalpenak. Horretarako:
i.
Lehenik, argudio testuen edo iritzi
artikuluen eskema azaldu diet arbel digitalean (eurek kopia bana zuten, noski).
ii.
Gero, sarrera edo gairako hurbilketa nola egiten den
irakurri eta azaldu diet (tesiaren garrantzia eta aukeran dituzten lau
sarrera-teknika mota desberdinak).
iii.
“Zinema gaur” gaia hartuta, eurei
eskema betearazi diet, esaldi bakoitza eskema horretako toki egokian
kokaraziz. Hasieran kosta egiten zaienez, tesia zein den nik esan diet. Hortik
aurrera, nahiko ongi egin dute. Mahaiz mahai ibili naiz zuzentzen.
iv.
Amaitutakoan, zuzenketa orriarekin zuzendu
ahal izan dute. Nik arbel digitalean jarri dut zuzenketa orria edo ariketaren
ebazpena.
v.
Azkenik, eskema horren arabera idatzitako iritzi
artikulua irakurri dugu eta testuan eskemako zatiak identifikatu ditugu – zuzenean
egin dugu – eskema eta testua alboan dituztelarik. Egokiena, arbel digitalean
testua jarri eta neuk zatiak bereiztea, rotulagailuekin. Horrela, argi
ikus dezakete testuak eskemako zati guztiak betetzen dituela (tesia,
sarrera-teknika osatzen duten esaldiak,
arrazoiak, ondorioak, balizko konponbideak edo irtenbideak, norberaren
bizipenak eta konklusio orokorra), alegia, argudio testua, azken batean,
hezurdura edo eskema haragiz edo hitzez hornitzea dela.
Ikusi ahal izan dute iritzi artikulu hori
eskema hartatik atera dela eta eskemako ideia guztiak bertan jasota daudela,
hau da, eskemaren gorputza dela.
Eta, jakina, ideiak elkarrekin behar bezala uztartuta, kohesio elementuak (testu antolatzaileak, lokailuak) behar bezala erabiliz.
o
Etxerako lanak:
- Garaian garaikoa: Azaroaren 25a, Emakumeen
Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, dela-eta, Andoaingo
Udalaren adierazpen instituzionala, gaiarekin lotutako lexikoa ikasteko egokia
(hitz bankua).
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- Garaian garaikoa: Azaroaren 25a, Emakumeen
Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, dela-eta, horrekin lotura
estua duen jarduera, Ciudad de
Juarezen emakumeak hiltzen deritzona, genero indarkeriaren gaia eta
testu antolatzaileen (lokailuen) erabilera uztartzen dituena.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere
eskura dago blogean.
- Iritzi
artikulua. Honako bi gai hauek
aukeran: “Haurrentzat / animalientzat logelarik ez gure ostatuan”
edo “Hondarribia Hilton”.
- Erlatibozko perpausak: Berriki (=duela gutxi)
zuzendutako “Erlatibozkoak perpausak lantzen III” ariketa ikasle
batzuei asko kosta zitzaienez, horren pareko beste ariketa bat bidali nien joan
den egunean: “Erlatibozko perpausak lantzen IV”. Gaur, EBAZPEN
orria banatu diet.
- Kohesioa: Sailkatu lokailuak (Lumi). Ikasleen ekoizpen
idatzian nahiz ahozkoan, gramatika zuzentasuna, aberastasuna eta ideien arteko
koherentzia bezain garrantzitsua da ideia horiek (esaldi nahiz paragrafoak)
behar bezala uztartzea (=lotzea), horretarako testu antolatzaileak
(lokailuak,…) erabiliz, “klipak” balira bezala. Funtsezkoa da
ikasleak ideia, esaldi nahiz paragrafoen arteko kohesio edo loturaz
ohartaraztea. Lokailurik erabilienen teoria azaldu nien joan den egunean.
Orain, Lumi bidez sortutako ariketa bat bidali diet etxerako. Bertan, 30 lokailu
dauzkate eta esanahiaren arabera, sailkatu egin behar dituzte.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
NOIZNAHI EGITEKOA: Garaian garaikoa: Perretxikotara joateko garai berriak deritzon cloze-testa, udazkenerako
aproposa. Honekin batera, ebazpen orriak eta azalpenak ere banatu
nizkien, azalpen guztiekin argudiatuta, jarduera eurek zuzen dezaten; dena den,
zalantzarik izanez gero, galde diezadatela nahi dutenean, eta argituko diet.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
JARRAITU EGITEN eta AMAITU EGITEN: Iraganeko nor-nori-nork lantzeko berariazko ariketa analitikoak, Bakarka liburukoak (erantzun-orriak ere banatu nizkien). Euren nahieran administra ditzatela ariketa hauek. OHARRA: ariketa hauek ez dira blogean eskuragarri egongo.
JARRAITU
EGITEN: Erlatibozko perpausari edota honek
daraman ondoko izenari kasu-marka egokia ipintzen trebatzeko berariaz
(=espreski) prestatutako indartze-ariketa, hau da, erlatibozko deklinatuak lantzekoa,
erlatibozkoa deklinatzeko arazoak dituztenentzat oso egokia. Errepara
diezaiotela beltzez dagoen aditz nagusiari kasu egokia hautatzeko. Erantzunak
ere banatu nizkien, egin ostean eurek zuzentzeko.
OHARRA: Norbaitek
nahiago badu, ariketa hau – osatuagoa, esaldi berriekin – H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago
blogean.
EKARRI:
§
Liburuko 41. gaia
(erlatibozko perpausena)
§
Erlatibozko perpausen
azalpenerako nire txostena (26.
fitxa).
o
Biltegia:
1. Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio. Ulermen-jarduera
honetan, batetik, hitz bankuko hitzak txertatu behar dituzte aholkuen
hutsuneetan eta, bestetik, a), b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo
deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko eta mugagabea errepasatzeko, ariketa
egokia da guztiz.
2. Garaian garaikoa: Ostiral Beltza: kontsumismoak ingurumenean
eragiten dituen ondorio larriak. Testua
osa dezatela, bertatik ateratako zazpi esaldiak hutsune egokietan txertatuz.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau – osatuagoa, esaldi
berriekin – H5P formatuan (interaktiboa)
ere eskura dago blogean.