2025/11/14

B2.2 mailako 14. eskola, 2025eko azaroaren 12koa

 

14. eskola: 2025eko azaroaren 12koa

-       Erlatibozko perpausak lantzen III  zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

ü  10. esaldiari arreta berezia ipini diogu:

Zergatik ageri da “begiz jo dugun gonA” eta “erosi dugun gonA” aditz nagusia “dugu” (UKAN) baldin bada? Ez al luke, bada, UKAN horrek NORK kasua eskatuko? “gonaK”? Ezzzzzzz.

Hamaika aldiz esana diet erlatibozkoaren ondoko izenak edo erreferenteak (edo erlatibozkoak berak, izen hori desagertua bada) aditz nagusiarekin komunztatu behar duela, baina horrek ez du esan nahi aditz nagusia UKAN denean erlatibozkoaren ondoko izen hori (edo erlatibozkoa) beti NORK kasuan agertuko zaigunik. NORK = ZERK kasuan agertuko da, baldin eta ondoko izen hori (edo erlatibozkoa) UKAN aditz nagusiaren subjektua bada; aditz nagusi horren objektua baldin bada, ordea, NOR = ZER kasuan egongo da. Azalpena ulerterrazagoa gerta dakien, honako adibide hauek ipini dizkiet:

Zuloa duEN galtzerdiA (nor,zer) armairuan dago.

Zuloa duEN galtzerdiA (nor,zer)  /AK zaborretara bota dut (nik)(nork)

Zuloa duEN galtzerdiA / AK (nork, zerk) erronboak (zer) ditu.

ü  Ariketa zuzendu ahala, honako ohar hauek egin dizkiet:

·       Diru_ eske(an) (Mugagabea + eske(an) / bila)  (dirua eskatzen). Eguberrietan etxez etxe joaten gara Olentzero hartuta, diru eske(an) (IKUSHemen dugu Halloween ate-joka” jardueraren zuzenketa-oharrak. 50. fitxa ).

·       ondo baino hobeto = ezin hobeto. Zer moduz egin duzu azterketa? Ongi baino hobeto! = Ezin hobeto!

·       adarra jo (ilea hartu)

·       alferrik galdu: “desperdiciar”. Ez zait gustatzen denbora alferrik galtzerik. Batzuek dirua alferrik galtzen dute eta ez dute sosik aurrezten. Alferrik galtzen diren elikagaiak biltzen dituzte elikagaien bankuek, gero, beharrean daudenei banatzeko. Indarra alferrik galtzen ari zara; eskaiozu laguntza norbaiti kaxa astun hori altxatzeko.

·       prakak bete lan + ibili = lanez gainezka + ibili = buruz gain + ibili: Ez dut idazlana egiteko astirik izan, zeren prakak bete lan nabil = lanez gainezka nabil = buruz gain nabil. 

- Dabid, ba al dakizu Jaione haurdun dagoela?

- Bai, jakinaren gainean nago = Badakit = Badut horren berri.

Jakinaren gainean JARRI = jakinARAZI = Zeren berri EMAN = OhartARAZI

(hark gu) Jakinaren gainean jarri gaitu (nor-nork)

= (hark gu) zerbaitetaz ohartarazi gaitu  (nor-nork)

=(hark guri) zerbaiten berri eman digu (nor-nori-nork)

= (hark guri) zerbait jakinarazi digu (nor-nori-nork).

Dabidek (nork) istripu bat gertatu dela (zer) ohartarazi digu.

Dabidek (nork) (gu) horretaz (zertaz) ohartarazi gaitu.

Dabidek istripu baten (zeren) berri eman digu.

Dabidek istripu bat gertatu dela (zer) jakinarazi digu.

Istripua gertatu omen da. Dabidek jakinaren gainean jarri gaitu (Dabidek istripu bat gertatu dela jakinaren gainean jarri gaitu).

“Begi” daramaten zenbait esapide:

Norbait edo zerbait BEGIZ JO dut (begia bota diot).

X ikaslea BEGIKO DUT (=gustuko dut, gogoko dut).

Y ikaslea BEGITAN HARTU DUT (“mania diot”).

-       Beste ez-ohiko euskaldun bat Altzoko Handia izan genuen eta joan den egunean, horrek Altzo herrira erakarri eta erakartzen dituen turistak aitzakia hartuta, turismoaren ondorioez aritu ginen; bestela esanda, gehiegizko turismoak gure herri eta hirietan zer-nolako eragina (onurak / kalteak) izan dezakeen aztertzen ari gara. Horren harira, Galderak beste Donostia horretara izeneko lexiko-jarduera, testua, bertatik ateratako 22 hitzekin osatzekoa – 6 distraktoreak saihestuz – zuzendu dugu, astiro, testuaren ideia nagusiak argiago adieraziz. Hau ongi etorriko zaie etxerako bidaliko diedan ulemen zehatzeko jarduera errazago egiteko.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izango balu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

Hona hemen zenbait ohar (ale bana eman diet eurei):

·       Hartu OHI du = harTZEN du (partizipioa + OHI: ohiturazko aditz aspektua): Gure euskarako irakasleak testuetan hainbat hitzen sinonimoak parentesi artean jarri OHI ditu =jarTZEN ditu. Hegazti migratzaileak, urte-sasoi honetan, Afrikako lurralde epeletara joan OHI dira = joaTEN dira.

·       Lasaitua = lasaitasuna (“tranquilidad”). A-zer lasaitua hartu nuen azterketaren emaitza jakin eta gainditu nuela ikusi nuenean!!

·       Saihestu = ekidin. Zertan ibili? Jendea saihesten = jendea ekiditen.

·       Lehian ibili = norgehiagoka ibili = lehiatu:andar compitiendo

Lehia = norgehiagoka (“competición”, “partido”): Bihar jokatuko da Erreala eta Atlhetic taldeen arteko norgehiagoka = lehia.

lehiaketa (“concurso”)

·       Bizpahiru , hiruzpalau, lauzpabost, bospasei

·       Ordu txikiTAN (“de madrugada”).

·       Hazkundea = hazkuntza (< HAZI): “crecimiento”. % 13ko hazkuntza (= hazkundea) espero dute EAEko enpresek 2025ean.

·       Hezkuntza (< HEZI): “educación

·       NORBERE (“bakoitzaren”). Norbere arazoak ahaztu eta besteen larruan jartzea da enpatia.

·       Ezinegona = egonezina: “inquietud”. Hitzak berak adierazten du: ezin + egon.

·       Norbaiti zerbait leporatu = aurpegiratu = egotzi = zerbaiten errua bota (“responsabilizar, acusar, achacar”). Irakaslea klasera iritsi denerako, norbaitek arbelean irudi lizunak marraztu ditu. Irakasleak Aitziberri leporatu dio hori egin izana, nahiz eta berak behin eta berriro ukatu duen.

·       GKE: Gobernuz Kanpoko Erakundea (ONG)

·       (Tokian) tokiko produktuak jatea gomendatzen dute. (Tokian) tokiko albisteak

(tokian) tokiko ohiturak eta usadioak. Toki bakoitzekoak, alegia.

·       Ezinbestean = derrigorrez  = nahitaez = nahi eta nahi ez.

·       Jarrera zuri-beltzak =  muturreko jarrerak (“posturas o actitudes extremas”)

·       Bidezkoa = onargarria (“justo”) / bidegabea (“injusto”). -T(z)EA nominalizazioa daramate. Adib.: Bidegabea iruditzen zait Udalak eskolaren inguruan aparkatzeagatik ikasleoi kobraTZEA. Bidezkoa izango litzateke politikari ustelek lapurtu duten diru guztia herritarrei itzulTZEA.

·       Partizipioa + BEHARREAN (= ordez): “en vez de..:” Furgoneta bat erosi beharrean, autokarabana bat erostea erabaki dute.

·       Joera: “tendencia”. Askotan, -T(z)EKO nominalizazioarekin doa: Euskal baserrietan hildakoan etxean beilaTZEKO joera (=ohitura) zuten. Egun puri-purian dago sare sozialetan bikotekidea bilaTZEKO joera.

·       Sustatu = bultzatu: “impulsar, promover”. Gobernuak auto elektrikoen erosketa sustatzeko (=bultzatzeko) 2.000 euro arteko dirulaguntzak emango omen ditu.

·       Berezkoa = propioa

·       Lo egiTEA ahalbidetu = lo egiTEKO aukera eman (“posibilitar, dar la posibilidad de…”). Dabidek blogak ariketak etxean berriro egiTEA ahalbidetzen du / digu = …ariketak berriro etxean egiTEKO aukera ematen du / digu.

·       Araudi = arautegi: normativa, reglamento”. Eskolako araudia azaldu nizuen lehenengo klase-egunean.

·       Gatazka:conflicto”. Ekialde Hurbileko gatazkak luze joko duela aurreikusten dute adituek.

·       Partizipioa + EZEAN = EZIK: Gogoan duzue??? Ezezko baldintzak egiteko komodina: arautu ezean = arautu ezik = arautzen ez bada / arautuko ez balitz….

·       Horrenbeste turista etortzearen onurak / alde txarrak (ZEREN + onurak = abantailak = alde onak / ZEREN + eragozpenak = trabak = alde txarrak = desabantailak).

-     ENTZUNAREN ULERMENA: Etxebizitza turistikoak (x1). Zuzendu berri dugun testuan zera irakurri ahal izan dugu, Donostiako udalak onartu duela – hitzez, behintzat – turismoa mugatu beharra dagoela, hots, turismoaren hazkundeari nolabaiteko muga ezarri beharra dagoela; muga-neurri bat izan liteke, esaterako, turismo-tasa bat indarrean jartzea eta beste bat, etxebizitza turistikoak arautzea. Horren gaineko entzungaia izan dugu entzungai. Itemak azaldu dizkiet (eta hauekin batera datozen ohar lexikoak ere bai, atzean dauzkatenak) eta bitan entzun dugu. Ondoren, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz. Lexiko lagungarria:

- “Jarduera-baimena: zeregin horretan jarduteko edo aritzeko baimena. Adibidez, landetxe bat, taberna bat…zabaltzeko beharrezkoa dena. Udalari edo Diputazioari eskatzen zaio normalean.

- “Urratu”: legeari dagokionean, legea ez betetzea esan nahi du, legea “haustea” (“infringir”). Gauza bera eskubideekin:    giza eskubideak urratu: giza eskubideak ez bete (“vulnerar”).

- “Indarrean jarri /egon / jarraitu”: Lege munduan erabiltzen da (legea, araua, araudia, neurria…): “poner /estar en vigor”. Indarrean jarri dute abortuaren aurkako lege berria. Indarrean dagoen araudiaren arabera, debekatuta dago eskolan erretzea.

-  “Bere horretan + utzi / geratu / egon / jarraitu / eutsi…”: lehen zegoen bezala, ukitu gabe, inongo aldaketarik egin gabe. Aurten etxeko horma guztiak margotu ditugu, nire logelakoa izan ezik; nire logelakoa bere horretan utzi dugu.

- “Begi onez ikusten du”: ongi iruditzen zaio /“Ez du begi onez ikusten“ (begi txarrez ikusi).

- “Ustiatu” (“explotar”): Zerbaiti (negozio bati, meategiari, lursail bati…) etekin edo probetxu ekonomikoa ateratzea.

UstiaTEGIa: “explotación”. Adib. “nekazaritza-ustiategia”.

UstiaPENa edo ustiaKETA: “explotación”. Adib. “Baliabide naturalen ustiapena egin zuten errusiarrek Islandian”: “Petrolioaren ustiaketak jende asko aberastu du Dallasen”.

- “-(e)LAKOAN + egon”: gogoratu egitura honek ustea edo iritzia adierazten duela: legezkoak dirELA uste du. Altzoko Handiari buruzko berridazketetan azaldu genuen.

A erabilera):

Gaur nik liburua klasera ekarri dut, erabiliko duguLAKOAN = erabiliko duguLAKO USTEAN = erabiliko duguLA PENTSATUZ.

Maila honetan matrikulatu gara, aurten asko ikasiko duguLAKOAN = ikasiko duguLAKO USTEAN = ikasiko duguLA PENTSATUZ.

B erabilera):

Bihar eguraldi ona egingo duELAKOAN NAGO = egingo duELA USTE DUT.

Ikasle hauek oso jatorrak dirELAKOAN NAGO = dirELA USTE DUT.

Datorren igandeko manifestazioan istiluak sortuko dirELAKOAN NAGO = sortuko dirELA USTE DUT.

Asier jarduera-baimena duten pisu guztiak legezkoak dirELAKOAN DAGO = dirELA USTE DU Asierrek.

- ZERK + “Behera egin” / “Gora egin”: Bihar tenperaturek (zerk) behera egingo dute / gora egingo dute = Bihar tenperaturak (zer) jaitsiko dira / igoko dira. Langabetuen kopuruak (zerk) behera egiten du uda sasoian (uda garaian), baina udazkenean, berriz gora egiten du = Langabetuen kopurua (zer) jaitsi egiten da…igo egiten da.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Etxerako lanak:

1. Galderak beste Donostia horretara II izeneko ulermen-jarduera. Gaurko eguneko azalpenaren ostean testua ulergarriagoa egingo zaielakoan, ulermen jarduera honetan aukera zuzena egin behar dute.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

2.     ASTEKO IRAKURGAIA (artikulu osoa ez bada, hiru zatietako bat – a,b,c – irakurri): Ostalarien aukera, anfitrioien eztabaida. Etxebizitza turistikoei buruzkoa da.

3.     Turismoak goia jo du, donostiar gehienen iritzizizeneko jarduera bikoitza. Batetik, testua osatu behar dute, bertatik ateratako 8 esaldiekin, kontuan izanik 2 distraktore ere badituztela. Bestetik, testuko zenbait esaldi berridatzi behar dituzte, egitura batzuk lantze aldera.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa honen lehen zatia H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

4. E-maila pisu turistikoa. Zinegotziarentzako e-posta, jabeari jarduera baimena uka diezaion.

5.     EKARRI:

§  Liburuko 41. gaia (erlatibozko perpausena)

§  Erlatibozko perpausen azalpenerako nire txostena (26. fitxa).

§  Pernando Amezketarrari buruzko jarduera, joan den astean zuzendu genuena (41. fitxa)

-       Biltegia:

1.     EZ BEZALAKOA(K) eta EZ BEZALA lantzeko bi ariketak. Erantzunak ere badituzte, egin ostean zuzen ditzaten.

2.     Lehen eskola eguna izeneko ariketa, erlatibozkoak lantzekoa. Ikasleek gure HEOeko ikasgela batekoa litzatekeen irudi bat abiapuntutzat harturik, erlatibozko perpaus libreak egin behar dituzte, nahi adina, ahal duten irudimentsuen jokatuz.


3.     Erleak iratzarri, ahaidea itzarritakoan izeneko testutik ateratako 10 esaldi berridatz ditzatela nik emandako egiturak erabiliz (EBAZPENA eta AZALPENAK ere banatu dizkiet, egin ostean eurek zuzen ditzaten).

4.     Agotea, arraza madarikatua deritzon ulermen jarduera. Ikasleek testua osatu behar dute, bertatik ateratako sei esaldiak hutsune egokietan txertatuz. Gaurko entzungaia entzunda, testuko zenbait aipamen ezagunak egingo zaizkie.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina