2026/02/13

B2.2 mailako 34. eskola, 2026ko otsailaren 11koa (inaute-astearen aurrekoa)

 

34. eskola: 2026ko otsailaren 11koa

-   Deklinabidea gogoratzeko txostena banatu nien oporren aurretik. Bertan, deklinabide taulak dituzte:

o Izen arrunt nahiz bereziak, bizidunak  nahiz bizigabeak, bokalez zein kontsonantez amaituak.

o   Pertsona izenordeak.

o   Leku-adberbioak.

o   Izenorde erakusleak.

o   Izenordain zehaztugabeak.

o Zenbatzaile zehaztugabeek aditzarekin eskatzen duten komunztadura – singularra / plurala – erakusten duen taulatxo bat.  

Txostena aterarazi eta, esku artean dutelarik, honako  oharrok egin dizkiet:

o   Arreta berezia ipin dezatela –A berea edo organikoa duten hitzetan, hauek mugagabean ez baitute galtzen –A hori:

Edariak erosterakoan, ainbat dendaTAN eskatzen diete gaztetxoei nortasun agiria, adin txikikoak diren ala ez egiaztatzeko.

Edozein eskolaTAN matrikula dezakezu haurra; denetan heziketa ezin hobea jasoko du.

Zein plazaTAN izango da hildako mendizaleari egingo zaion omenaldia? Zenbat alaba dauzka?

Etxe-abere bat aukeratu beharko bazenu, zein animalia edukiko zenuke etxean?

Zein neskari ahaztu zaio poltsa?

Zenbat pertsona (pertson) elkartu da udaletxe aurrean elkarretaratze horretan?

Zein tabernatan egingo dugu hamaiketakoa?

Pluralean bai, galtzen da -A hori: pluralean beti A+E > E: tabernEtan, eskolEtan, plazEtan…. Eta ez ahaztu, hitz baten pluralean bi E metatzeko, hitzak amaieran –E propioa behar duela: umeEK, etxeEN, kaleETAN.

Arretaz erreparatu diogu berezko -A edo -A organikoa duten hitzen     zerrendari, baita -A propioa duten mailegu eta atzizkiei ere. Ondoren, leku izenetara jo dugu:

·         Leku izen

1.      batzuek –A berea dute (DonostiA, GetariA…) eta beraz, beti eutsiko diote -A horri.

2.      beste batzuek ez dute –A-rik  (Altsasu, Urretxu…) eta beraz, ez dute sekula hartuko.

3.      eta beste batzuek, berriz, -A hori kasu batzuetan bakarrik hartzen dute, ez delako berezko –A, determinatzailea baizik (Azpeiti(a), Hondarribi(a), Iruñe(a)…): Zein kasutan? NOR eta NON kasuetan.

DonostiA (a berea du): DonostiaN, DonostiaKO, DonostiaRA, DonostiaTIK

GipuzkoA (a berea du): GipuzkoaN, GipuzkoaKO, GipuzkoaRA, GipuzkoaTIK

Hondarribia (a hori ez da berea, determinatzailea baizik. Nor eta Non kasuan agertuko zaigu; beste kasuetan, berriz, ez): HondarribiaN, HondarribiKO, HondarribiTIK, HondarribiRA.

Iruñea (gauza bera): IruñeaN, IruñeKO, IruñeRA, IruñeTIK

Azpeitia (gauza bera): AzpeitiaN, AzpeitiKO, AzpeitiRA, AzpeitiTIK

-     Alegiazko Baldintza edo Hipotetikoa: NOR-NORK sistema. Neuk berariaz prestatutako ariketa osagarria (5. ariketa) zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean: Alegiazko Baldintza edo Hipotetikoa. NOR-NORK sistema lantzeko ariketak (II).

-          Ariketa zuzendutakoan, honako oharrok egin dizkiet (ale bana eman diet eurei):

a. Estimatu = preziatu, agurtu, besarkatu, maite izan = maitatu, gonbidatu, animatu, bultzatu, tentatu, jipoitu, zigortu, behartu = derrigortu, goraipatu, zaindu, zoriondu, musukatu, besarkatu, engainatu, gorrotatu. Aditzok NOR-NORK gisakoak dira, pertsona bat osorik estimatzen, agurtzen, maitatzen, goraipatzen, zoriontzen… duzulako (kontuz, beraz, gaztelaniaren eraginarekin, gaztelaniaz objektua biziduna denean “a” hartzen baitu):

Zuk ni jipoitu nauzu / ninduzun; haiek gu agurtu gaituzte / gintuzten; nik zuek besarkatu zaituztet / zintuztedan; biek elkar musukatu dute / zuten;  zuek  ni zoriondu nauzue / ninduzuen; guk zu asko estimatzen zaitugu / zintugun…

Esanahi aldetik berdinak izan arren, gramatikalki desberdinak dira honako esaldi hauek, NOR-NORI-NORK eskatzen baitute:

Zuk niri jipoi bat eman didazu / zenidan; haiek guri agur egin digute / ziguten; nik zuei besarkada bat eman dizuet / nizuen; biek elkarri musu eman diote / zioten; zuek niri zorionak eman dizkidazue / zenizkidaten; guk zuri estimu handia dizugu / genizun; haiek guri ziria sartu digute / ziguten.

b.      Aditzari -ARAZI eranstean, hau gradu bat igotzen da:

Hasteko, -ARAZIk adierazten duena zera da, zerbait ez dela nahita hala egiten, beste norbaitek edo zerbaitek eragin duelako edo horretara behartu (=derrigortu) duelako baizik. Horrek ondorioa izango du gramatikan, zeren eragile (“agente”) bat dagoenez (nork edo zerk),  -ARAZI erabiltzen dugunean, beti transitiboa izango da, hau da, nor-nork edo nor-nori-nork, beti nork edo zerk bat daramalako (nahiz eta batzuetan isilean gorde eta espresuki esaldian ez agertu).

Bestalde, -ARAZI partikula aditzari lotuta idatziko dugu beti, aditzoinari lotuta  (-i eta –tu gabe): etorrarazi, ikusarazi, eginarazi, joanarazi, haserrearazi, isilarazi, esnarazi, betearazi, errepikarazi… eta beti da –ARAZI. Salbuespena: adiERAZI (dena den, aditz hau autonomo bihurtu da).

Behin aditzoinari –ARAZI lotzen diogunean, aditz hori beste edozein aditz bezala jokatzen da denboran zehar: Nik ikaslea isilARAZI dut; nik egunero ikaslea isilARAZTEN dut; laster isiltzen ez bada, neuk  isilARAZIKO dut.

Gatozen orain, oinarrizko azalpenera. Aditza gradu bat gora igoko da –ARAZI atxikitzen edo eransten diogunean, eta beraz, Aditza NOR sistemakoa denean, -ARAZI atxikitzean (=eranstean), automatikoki NOR-NORK bihurtuko da. Logika osoa dauka, zeren eragile edo “agente” bat (nork edo zerk) gehitu diogu eta horrek eragina izango du.

Ni (nor) lagunengandik urrundu = aldendu naiz (neuk hala nahi nuelako).

> Zuk (nork) ni (nor) lagunengandik urrunARAZI nauzu, oso jeloskorra baitzara.

Ni (nor) harrotu naiz.

> Zuk (nork) ni (nor) harroARAZI nauzu egin dizkidazun laudorioekin.

Ni neu (nor) ohartu naiz horretaz.

> Zuek (nork) ni (nor) horretaz ohartARAZI nauzue.

Ikasle hori (nor) isildu egin da.

> Irakasleak (nork) ikasle hori (nor) isilARAZI du.

Ni (nor) hemen eseri naiz.

> Haiek (nork) ni (nor) hemen eserrARAZI naute (=eserTZERA BEHARTU naute).

c.   Lagundu. Gogorarazi diet bi modutara erabil daitekeela: hegoaldeko euskalkietan, nor-nori-nork gisa erabiltzen dugu (“faltsua”): Zuk niri lagundu didazu. Zuek guri lagunduko bazenigute,… Ekialdeko euskalkietan, berriz, nor-nork gisa: Zuk ni lagundu nauzu. Zuek gu lagunduko bagintuzue

d.      Dudarik gabe = zalantzarik gabe = ezbairik gabe. Indar gehiago eman nahi izanez gero: duda izpirik gabe = zalantza izpirik gabe; inongo dudarik gabe = inongo zalantzarik gabe; inolako dudarik gabe = inolako zalantzarik gabe.

-       Halaber,  honako honetaz ohartARAZI DITUT: NOR-NORK adizki askok   –T(Z)ERA nominalizazioa eskatzen dute, “zertara?” galderari erantzuten diona: -T(Z)ERA bultzatu, -T(Z)ERA animatu, -T(Z)ERA behartu,-T(Z)ERA derrigortu, -T(Z)ERA gonbidatuZuzendu berri dugun ariketa osagarriaren ebazpen orria arbelean jarrita, aisa ikusi ahal izan dute hori. Horrek emandako aitzakia baliatuta eta nominalizazioen taula arbelean ipinita, -T(z)ERA aditz-izena (nominalizazioa) zein aditzek eskatzen duten gogorarazi diet.

-      Baldintza Hipotetikoa edo Alegiazkoa: NOR-NORI-NORK sistema. Adizki hipotetikoak nola sortzen diren gogorarazi diet. Gaurkoan NOR-NORI-NORK adizkiekin egin dugu proba. Arbel digitalean ipini eta zenbait adibide azaldu dizkiet, Indikatiboko iraganeko adizkietatik alegiazkoetara igarotzeko urratsak gogoraraziz. Jarraian, taulei erreparatu diegu, ikus dezaten ondoriozko adizkietan KE amaieran geratzen dela, nork kasua zuek eta haiek pertsonak direnean izan ezik  (-KEte): nioke, zeniguke, zenidake, genieke, nizuekebaina… zenidakete, ligukete, zeniokete, liekete, lidakete, zenigukete...

-      AHOZKO ADIERAZPENA. ELKARRERAGINA (BATERATZE SAIOA) Irungo udala. Aurrekontu parte-hartzaileen ekimena. Gaurkoan, alderdiek lehenetsi dituzten proiektuak arbeleratu eta eztabaidatu ditugu denon artean.

Urte amaiera gerturatzearekin (=hurbiltzearekin) batera, ekitaldi ekonomikoa[1] ixteko eta datorren ekitaldirako aurrekontuak egiteko garaia iristen da. Egun, hainbat udalek eta Foru Aldundiak herritarrei aurrekontu irekietan esku hartzeko (=parte hartzeko) aukera eskaintzen diete, herritarrek dirua zertara bideratu aholka edo proposa dezaten.

Irungo udala 2026rako aurrekontua egiten ari da. Aurrekontuaren partida bat hiritarren parte-hartze zuzena kontuan hartuta gauzatuko da.  Hona hemen herritarrek aurrekontu parte-hartzaileen ekimen horretan udalari helarazi dizkioten 50 proposamen. Zuen batzordean eztabaidatu eta adostu ezazue proposatutako ekimen horietako zein gauzatuko zenituzketen eta zein ez (zein proposamen lehenesten dituzuen, alegia) eta bakoitzari ekonomikoki zenbateko lehentasuna emango zenioketen (hau da, aurrekontuaren zer ehuneko edo portzentaje bideratuko duzuen horietako bakoitzera),  denona den dirua alferrik galdu (“derrochar”, “despilfarrar”) gabe.

-          Etxerako lanak:

1.    Alegiazko baldintza edo hipotetikoa: NOR-NORI-NORK sistemako adizkiak lantzeko bi ariketa analitikoak (erantzunak atzean).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

2.      -T(z)ERA nominalizazioa errepasatzeko ariketa (erantzun-orria atzealdean).

3.      Deklinabidea errepasa dezagun. Deklinabidea lantzeko ariketa I. Osatu hutsuneak deklinabide atzizki egokiak  erabilita ( Getariako arrantzaleek…) (ebazpen orria ere baduzue, azalpenekin).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

4.  Berdintasunezko konparazioa lantzeko indartze-ariketa (Gramatika eta ariketak II liburuko 187. orrialdeko 4. ariketan eta gelan berariaz egindako ariketan oinarritua). GELAN ZUZENDUKO DUGU.

5.      Garaian garaikoa: Nekazaritza munduko inauteriak.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

6.   Garaian garaikoa: Inauterien historia (idatziaren ulermena) (erantzunak atzean dituzue).

7.      Idatzizko bitartekotza lantzeko idazlantxoa: Estatistika Institutu Nazionala.

8. AUKERAKO JARDUERA: ENTZUNAREN ULERMENA: Faktoria I (blogean entzungai. Ebazpen orria ere blogean ikusgai). Itemak astiro irakurri eta birritan entzun albistegia. Ondoren, zuzendu erantzun orriarekin. OHARRA: Albistegi osoa batera entzun beharrean, arloka entzun daiteke: osasun arloko albisteak lehenik; gero, ekonomia arlokoak; geroago, trafikoari eta errepideei buruzkoak, eta, azkenik, eguraldiaren iragarpena. Hori bai, atal bakoitza bi aldiz entzun, azterketan bezala.

Bestalde, itemak irakurri ahala, oin-oharretako oharrei arretaz erreparatu.

9.      AUKERAKO JARDUERAK: Garaian garaikoa: ENTZUNAREN ULERMENA: San Valentin egunari buruzkoak (blogean dituzue ariketak, entzungaiak eta ebazpenak, norberak zuzen ditzan):

§  San Valentin eguna dela eta

§  Maitasuna adierazteko moduak

§  Maitasun anitza

§  Maitasun istorio bitxiak

§  Noizkoa da San Valentin eguna ospatzeko ohitura?

a.       JARRAITU EGITEN: Konparaziozko perpausak lantzeko ariketak, Gramatika eta ariketak II liburuan oinarrituak (erantzun orriekin).

b.      JARRAITU EGITEN: Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR-NORK sistemako ariketa analitikoak (erantzunekin).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

c.       EGINA BEHAR LUKE:

§  Sasoian sasoikoa deritzon jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  Garaian garaikoa: Otsailak 14, San Valentin eguna izeneko cloze-testa.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.



 

 

[1] Ekitaldi ekonomikoa: “ejercicio económico

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina