2026/03/18

B2.2 mailako 41. eskola, 2026ko martxoaren 16koa

 

41. eskola: 2026ko martxoaren 16koa

-        Begiratzeko moduak izeneko ulermen-jarduera zuzendu dugu, astiro, erantzun zuzenak behar bezala argudiatuz.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean. 

-     Deklinabidea lantzeko 1. orrialdean (“Getariako arrantzaleak…”) (188. fitxa) zalantzarik bai? Hala balitz, argitu. Honako bi ohar hauek egin dizkiet: 

Ø Neska horiek eguzkiTAN (mugagabea) egoten dira egun osoAN (noiz)[1], belztu nahian.

Ni (nor) eskolan egoten naiz egun osoAN (noiz)

Nik (nork) eskolan igarotzen = pasatzen dut egun osoA (zer)

Nafarroan egon naiz = izan naiz asteburu hau / honetan (noiz)

Nafarroan pasa(tu) = igaro dut asteburu hau / honetan (zer)

Mikel (nor) Ingresatuta egon da hiru astetan (noiz).

Mikelek (nork) ingresatuta igaro = pasa(tu) ditu hiru aste (zer)

 

Ø Atzo autobusEZ (nola) = autobusEAN (non) etorri nintzen eskolaRA / eskolaTIK.

Gaur, anaiAREN motorrEAN

= anaiAREN motorrAREKIN

= anaiAREKIN motorrEZ   

(anaiAREN motorrEZ)

Zehazten ez bada, biak ongi, NOLA = NON: trenez = trenean etortzen naiz eskolara; autobusez = autobusean bidaiatzean irakurtzea gustatzen zait; motorrez = motorrean ibiltzea gozamena da, batez ere, eguraldia lagun denean.

Baina zehazten baldin bada informazioa, NON kasuan: 17:00etako trenEAN (17:00etako trenez) etortzen naiz eskolara; Lurraldebus konpainiako autobusEAN bidaiatzean, oso eroso sentitzen naiz; nire anaiaren motorrEAN ibiltzea gozamena da, batez ere, eguraldia lagun denean. 

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

                            Ondoren, deklinabidea lantzeko 2. orrialdean (“Gipuzkoako herrietako alkateak…”)                                 (206. fitxa) izandako balizko zalantzak argitu eta hiru oharrok egin: 

            Hona hemen beste adibide pare bat:

        Ene, Maixol, lekuTARA (=tokiTARA) joan zain (hikera) alaba bizitzera! Nora eta                 Hegoafrikara!

 LekuTAN (=tokiTAN) dago Kontxintxina!!  

Mugagabea noiz erabili” izeneko txostenean (125(bi) zenbakia) datorkizue, zehazki, 10. puntuan. “Leku” = “toki” mugagabean eta inolako zenbatzailerik gabe erabiltzen badugu, “oso urruti(ra)” esan nahi du. Normalean harridura ikurra eramaten du jarraian (!) 

Zenbatzailea daramanean, ordea, jatorrizko esanahia dauka:

Bi lekuTARA bidali dut curriculuma.

Europako edozein lekuTARA erdi prezioan joan zaitezke txartel horrekin. 

Ø  NOR…eta NOR / NORK…eta –(e)K / NORI…eta –(a)RI / NOREKIN…eta        –(a)REKIN / NORA…eta -(e)RA /  NON…eta -(e)N, NONDIK…eta-(e)TIK…

(ni más ni menos que a…).

Ustekabea edo ezusteko zerbait adierazten du.

NORA (joango) eta FinlandiaRA!

NORA (joango) eta HegoafrikaRA!

Elurra NON egingo eta BenidormEN!!

Gaur klasera NOR etorriko ETA Iker! Aspaldiko partez.

NOREKIN ezkonduko ETA bere txikitako lagun minarekin!!

Atzo kalean NOREKIN topo egingo eta nire gaztetako neska-lagunAREKIN!!

Urbasara perretxikotara joan ginenean, ZER ikusiko eta basurde bat!! Hura ezustekoa!

Gabonetako loteria NORI tokatuko eta osaba GilitoRI! Lehen diru gutxi balu bezala!

.

-  konparaziozko perpausak. Berdintasunezko konparazioa lantzeko indartze-ariketatik (Gramatika eta ariketak II liburuko 187. orrialdeko 4. ariketan oinarritua) 16-20 esaldiak egin behar zituzten. Zuzendu egin ditugu:

§  Tele5 katean (A) saio lotsagarriak ematen dituzte; ETB1en (B), hobeak. Beraz,

Tele5 katean (A) EZ  dituzte (ematen) ETB1en (B) BEZAIN saio onak (ematen).

ETB1en (B) EZ dituzte (ematen) Tele5 katean (A) BEZAIN saio txarrak = lotsagarriak.

§  Garbigailu honek orain (A) lehen (B) BAINO OKERRAGO  garbitzen du. Beraz:

Garbigailu honek orain (A) EZ du (garbitzen) lehen (B) BEZAIN ondo = ongi (garbitzen).

Garbigailu honek lehen (B) EZ zuen (garbitzen) orain (A) BEZAIN gaizki = txarto (garbitzen).

Garbigailu honek lehen (B) orain (A) BAINO HOBETO = HOBEKI garbitzen zuen.

§  “Kutsidazu bidea, Ixabel” liburua (A) filma (B) BAINO GEHIAGO gustatu zitzaidan. Beraz,

“Kutsidazu bidea, Ixabel” filma (B) EZ zitzaidan (gustatu) liburua (A) ADINA = BESTE (gustatu).

“Kutsidazu bidea, Ixabel” filma (B) liburua (A) BAINO GUTXIAGO gustatu zitzaidan.

§  Munduko gatazkei buruzko hitzaldia (A) futbolari buruzkoa (B) BAINO interesgarriAGOA izan zen. Beraz:

Futbolari buruzko hitzaldia (B) EZ zen (izan) munduko gatazkei buruzkoa (< buruko hitzaldia) (A) BEZAIN interesgarria (izan).

Futbolari buruzko hitzaldia (B) munduko gatazkei buruzkoa (< buruzko hitzaldia) BAINO aspergarriAGOA izan zen.

§  Haurrekin (A) kontu handia izan behar da; adinekoekin (B) ere bai. Beraz:

Adinekoekin (B) haurrekin (A) ADINAKO = BESTEKO kontua izan behar da.

Adinekoekin (B) haurrekin (A) BEZAIN kontu handia izan behar da.

-  Garaian garaikoa: Martxoak 8. ENTZUNAREN ULERMENA: Parekotasun edo Parekidetasun legea (Belen Altuna). Itemak azaldu ostean, birritan entzun dugu audioa eta, ondoren, jarduera zuzendu dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz.

Horko azken itemean ageri den esapide bat azpimarratu nahi izan diet: “Hamaika ikusteko / entzuteko jaioak gara!” (gaztelaniaz “lo que hay que ver /oír”). Esapide hau dezente erabiltzen da euskaraz. Joan den egunean bertan, gure amari entzun nion, beren burua animaliatzat daukaten Therian-ei buruz hizketan ari ginelarik: “Eneeee, adin honetara heldu eta hau ikusi behar! Hamaika ikusteko jaioak gara!”.

-       Garaian garaikoa: Martxoak 8. AHOZKO ADIERAZPENA (30´): Emakumeak … gizonen pare … ala menpe?. Mintza-fitxako lauzpabost puntuen gainean solastu dira, bakoitzari denbora tarte jakin bat eskainita. Horretarako, gaiaren inguruko hiztegi lagungarria banatu diet.

Emakumeak harrikatzen dituzte (harrikatu: harriak bota): lapidar

Inork ez du auzitan jartzen: auzitan jarri (=zalantzan jarri = dudatan jarri): poner en duda, en entredicho

lanaldi jarraia: jornada continua / lanaldi etena: jornada partida.

Lanaldi osoa / Lanaldi murriztua (lanaldi erdia, lanaldi   herena…)

Haurren kustodia edo zaintza partekatua: custodia compartida

Belaunaldia = gizaldia: generación

Antzinatasuna: antigüedad

Hitzarmena edo ituna: convenio

Tolerantea

Tolerantzia

Esanekoa: obediente, sumisa

Aitzindaria = aurrendaria = bide-urratzailea: pioner@, precursor@

Iraultzailea: revolucionari@

Auzo-lotsa: vergüenza ajena

Parekotasuna = parekidetasuna: paridad

Lana eta familia uztartzea = bateratzea: conciliar, compaginar

-          Etxerako lanak:

§  Iraganeko baldintza edo irreala (3. baldintza). Teoria txostena arretaz irakurri, taulei erreparatu eta egin 3., 4., 5. eta 6. ariketak (norberak zuzen ditzala).

§  Amaitu berdintasunezko konparazioa lantzeko indartze-ariketako berridazketak (189. fitxa).

§  Hurrengo egunetan, Martxoaren 8a Emakumeen Eguna dela aprobetxatuz, zenbait emakume aitzindari edo bide-urratzaile ezagutuko ditugu. Horietako lehenengoa, Agnodize ginekologoa. Berari buruzko ulermen-jarduera: Agnodize, ginekologiaren ama ezkutua.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-          Biltegia:

§  EGINA BEHAR LUKE: Sasoian sasoikoa deritzon jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  ELKAR izenordea lantzeko ariketak II (Iñigo Mendiaurreri egindako elkarrizketa eta hutsuneak betetzeko ariketa).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.



[1] Gaztelaniaz “todo el día” den arren, eta ez “en todo el día”, euskaraz, NOIZ kasuan jarri behar dugu: “egun osoAN”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina