49. eskola, 2022ko apirilaren 25 eta 26koa (Aste Santuaren ondoko lehena)
- ENTZUNAREN ULERMENA: Zer berri? (4) Sei albistetxo entzun dituzte eta bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza albiste horren gaiarekin uztartu behar izan dute, alegia, bakoitza zeri buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute; bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein hiztunek esan edo aipatu dituen aukeratu behar izan dute. Ariketa bakoitzerako, behin entzun dugu entzungaia; azken finean, entzungai berak direnez, bi ariketak egitean, azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Nahi izatera, zuzendu ostean, berriro entzun daitezke. Zuzentzeko, albisteen transkribaketak arbelean ipini dizkiet, erantzun zuzenak arrazoitzeko asmoz. Oharra:
“Zaharrak berri”. Norbaitek “zer berri?” galdetzen dizunean, “zaharrak berri” erantzun diezaiokezu, ez dagoela berririk, ezer ez dela aldatu adierazteko. Gaztelaniazko “sin novedad” euskaraz modu txukunean adierazteko modua.
- “Lacoste eta bere krokodilo famatua” jarduera zuzendu dugu. Bertan, hainbat esaldi txertatu behar zituzten; bestalde, testuan agertutako hainbat hitz euren sinonimoekin uztartu behar zituzten. Azkenik, 3. ariketa (esaldiak berridaztekoa) zuzendu dugu, beharrezko azalpenak emanez. Besteak beste, berridazketa horietan BERRIren hainbat erabilera desberdin agertu zaizkigu:
Adibidez:
Denda hori zabaldu berria da ; lehen, lokal horretan ileapaindegi bat zegoen.
«Printze txikia » musikala estreinatu berria da.
Aneren bigarren semetxoa jaioberria da.
Ezkonberriek ezin izango dute bidaiarik egin.
Politikari ustel hori zigortu berri_ dute = orain dela gutxi zigortu dute = duela gutxi zigortu dute = berriki zigortu dute = oraintsu zigortu dute.
Denda hau zabaldu BERRIA da.
Denda hau zabaldu BERRI(a) dute; lege hori indarrean jarri BERRI(a) dute; ariketa zuzendu BERRI(a) dugu.
Bitxilore hauek zelaian bildu BERRI(ak) ditut.
OHARRA: Euskaldun zaharrek badute honen kontrakoa esateko joera ere: Ez da etorri zaharra.
B) “apustu honen berri izan zuen”: ZEREN berri izan: Zerbaiti buruzko informazioa jasotzea, jakitea edo “enteratzea” / ZEREN berri eman: zerbaiti buruzko informazioa ematea, besteei jakinaraztea. Adib.: Badut horren berri (=badakit). Renon euskara ikasteko beka baten berri izan dut. Irratiak istripu baten berri eman du. Euskara ikasle-txartelaren berri eman nizuen orain dela hilabete.
OHARRA: Beti singularrean darama aditza, nahiz eta ZEREN kasua pluralean egon:
Arazo batzuEN (pl.) BERRI EMAN DIT (dizkit); Ingurukoei gure
asmoEN (pl.) BERRI EMAN GENIEN (genizkien); Hilabete honetako gastuEN
(pl.) BERRI EMAN ahal DIDAZU? (dizkidazu).
- Orainaldiko ahalerako adizkiak lantzeko Aste Santurako bidalitako indartze-ariketa zer moduz egin duten galdetu eta balizko zalantzak argitu. Egina ez badute, egin dezatela aholkatu.
- Gaurkoan Gramatika eta ariketak II liburuko 16. orrialdera jo dugu. Bertan dugu AHALERA HIPOTETIKOA edo ALEGIAZKO AHALERA: izan eta ukan (3. pertsonak baino ez). Ohar bitez, baldintza hipotetikoan gertatzen den bezalaxe, ahalera hipotetikoan ere 3. pertsonek L- daramatela hasieran, alegiazko adizkiak edo hipotetikoak diren seinale:
Hura gurekin etor_ LITEKE.
Haiek hitzaldia entzutera joan_ LITEZKE, gaia oso interesgarria iruditzen zaielako.
Hark ogia ekar_ LEZAKE otorduetarako.
Hark azukrerik gabeko galletak ekar_ LITZAKE gosaltzeko.
Haiek jauregi hori eros_ LEZAKETE diruz ongi baitabiltza.
Haiek luxuzko bitxiak eros_ LITZAKETE bitxi-denda ospetsu horretan.
- Alegiazko ahalera edo hipotetikoa – orainaldiarekin alderatzen badugu – noiz edo zertarako erabiltzen da?
- Alde batetik, zerbait gertatzeko orainaldian baino aukera gutxiago dagoenean edo norbaitek zerbait egiteko daukan ahalmena hain garbi ez dagoenean, zalantzazkoagoa denean:
Adituen esanetan, datozen urteetan koronabirusaren aldaera desberdinak ager_ LITEZKE (“podrían aparecer”).
Klima aldaketaren ondorioz, gero eta hondamendi natural gehiago gerta_ LITEZKE (“podrían suceder”).
Lanpostu horretan jarduteko, ni egokia izan NINTEKE.
Horrela jokatzen jarraituz gero (=jarraituko bagenu), denon artean hainbat animalia-espezie desagerraraz_ GENEZAKE (“podríamos hacer desaparecer…”).
- Bestetik, planak nahiz proposamenak egiteko eta baimenak nahiz mesedeak kortesiaz edo era leunean (modu “edukatuan”) eskatzeko erabiltzen da:
Ø BAIMENA:
Ireki dezaket leihoa? (gure artean konfiantza handia baldin badago) (“puedo abrir? “can I open?”).
Ireki nezake leihoa? (adibidez, ezagutzen ez dudan jendearekin nagoenean) (“podría abrir?” “could I open?”).
Ø MESEDEA:
Etor zaitezke nirekin gauza bat ikustera? Ken dezakezu autoa hortik? (adibidez, ikaskide bati esango nioke).
Etor zintezke nirekin gauza bat ikustera? Ken zenezake autoa hortik?(adibidez, ezagutzen ez dudan norbaitek bere autoa nirearen parean utziko balu).
Ø PLANAK:
Datorren asteburuan Soriara joan GAITEZKE / GINTEZKE eta han txerrikumea proba DEZAKEGU / GENEZAKE eta onddoak nahiz boilurrak bil DITZAKEGU / GENITZAKE.
OHARRA: praktikan, batez ere, planak edo proposamenak egiten ditugunean, orainaldikoak eta alegiazkoak berdintsuak dira, hots, neutralizatu egiten da bien arteko aldea eta, beraz, nahas genitzake gure planei buruz ari garenean. Adib: Datorren asteburuan Tuterara joan gintezke eta han zainzuriak, kukuluak eta orburuak eros ditzakegu.
- AHOZKO ADIERAZPENA: Osakidetza, euskal osasun sistema publikoa (2. saioa) (30´). Osasun arloari helduta, gaurkoan ere Osakidetza izan dugu hizpide, aurreko saioan gehiago hitzegiteko gogoz geratu zirelakoan. Binaka nahiz hirunaka bilduta (talde txikia izanez gero, denon artean), gai honetaz jardun dute solasean. Osakidetzaren funtzionamendua eraginkorra den ala ez, zertan egiten duen huts, zertan goraipa daitekeen, beste erkidego eta herrialde batzuetako sistemaren aldean zer abantaila eta desabantaila dituen, osasun sistema pribatuaren aldean zeintzuk, medikuen iraupena gaixo bakoitzarekiko, itxaron-zerrendak, Osakidetzako giza nahiz material baliabideak, prebentzio kanpainak, murrizketak…
- Akatsetatik ere ikas daitekeelako. Ikasleei euren idazlanetan bati baino gehiagori zuzendu dizkiodan bi akats azaldu dizkiet, horretarako berariaz prestatutako orria baliatuz.
a) ASKO vs. HANDIA
Gai honi dagokionez, publizitateak eragin asko
HANDIA izan du.
Batzuek proteina handiko ASKOko elikagaiak edo pilulak hartzen
dituzte giharrak handitzeko.
Dena den, errua ez da publizitatearena soilik;
publizitateak ez ezik, guk ere hainbat HAINBATEKO garrantziA ematen
diogu alderdi fisikoari.
b) BEHARREAN vs. ORDEZ (Goizeko taldean).
- Arratsaldeko taldean: Joan den asteko jarduera batean, ikasleek familiako 26 kideak elkarrekin eserrarazi behar izan zituzten, elkarren arteko ika-mika edo sesiorik gerta ez zedin (=ez gertatzeko). Horrek emandako aitzakia baliatuz, -ARAZI aditz arazlea azaldu diet, ez baita gauza bera “ESERI” eta “ESERRARAZI”. “Ana Kandida eta Fidela elkarren ondoan ESERI DIRA (beraiek hala nahi izan dutelako)”, baina… “Ana Kandida eta Fidela elkarren ondoan ESERRARAZI DITUGU (=elkarren ondoan esertzera behartu ditugu, beraiek nahi izan ala ez)”.
Hasteko, -ARAZIk adierazten duena zera da, zerbait ez dela nahita hala egiten, beste norbaitek edo zerbaitek horretara behartuta edo derrigortuta baizik. Horrek ondorioa izango du gramatikan, zeren eragile (“agente”) bat dagoenez (nork edo zerk), -ARAZI erabiltzen dugunean, beti transitiboa izango da, hau da, nor-nork edo nor-nori-nork, beti nork edo zerk bat daramalako (nahiz eta batzuetan isilean gorde eta espresuki esaldian ez agertu).
-ARAZI partikula aditzari lotuta idatziko dugu beti, aditzoinari lotuta (-i eta –tu gabe): etorrarazi, ikusarazi, eginarazi, joanarazi, haserrarazi, isilarazi, esnarazi, betearazi, errepikarazi… eta beti da –ARAZI. Salbuespena: adiERAZI.
Behin aditzoinari –ARAZI lotzen diogunean, aditz hori beste edozein aditz bezala jokatzen da denboran zehar: Nik ikaslea isilARAZI dut; nik egunero ikaslea isilARAZTEN dut; laster isiltzen ez bada, neuk isilARAZIKO dut.
Gatozen orain, oinarrizko azalpenera. Aditza gradu bat gora igoko da –ARAZI atxikitzen edo eransten diogunean:
ü Aditza NOR sistemakoa denean, -ARAZI atxikitzean (=eranstean), automatikoki NOR-NORK bihurtuko da. Logika osoa dauka, zeren eragile edo “agente” bat (nork edo zerk) gehitu diogu eta horrek eragina izango du.
Azkenean, zu (nor) isildu zara (zuk nahi duzulako) > Irakasleak (nork) zu (nor) isilARAZI ZAITU.
Gurasoak (nor) haserretu dira (auskalo zergatik) > Haurrak (nork) gurasoak (nor) haserrARAZI DITU.
Ni (nor) oso gustura sentitu naiz (auskalo zergatik) > Zuek (nork) ni (nor) oso gustura sentiARAZI NAUZUE.
ü Aditza NOR-NORK sistemakoa denean, berriz, -ARAZI atxikitzean (=eranstean) NOR-NORI-NORK bihurtuko da. Hemen ere eragile edo “agente” bat (nork edo zerk) gehituko dugu eta aurretik geneukan NORK kasua, automatikoki NORI bihurtuko da, ezin baitira bi NORK egon.
Klasean bero egiten duenez, Sandrak (nork) leihoa (zer) zabaldu du (berak erabaki du, berak nahi duelako ireki du) > Gainerako ikasleek (nork) Sandrari (nori) leihoa (zer) zabalARAZI = irekiARAZI DIOTE (=zabaltzera behartu dute).
Zuk (nork) gaur goizean komuna (zer) garbitu duzu (zuk erabaki duzu hori egitea) > Nik (nork) zuri (nori) komuna (zer) garbiARAZI DIZUT (=garbitzera behartu zaitut).
- ETXERAKO LANAK:
- Gramatika eta ariketak II liburuko 17. orrialdeko ariketak, alegiazko ahalera edo hipotetikoa lantzekoak. Ez dut uste arazo handirik izango dutenik, denak baitira IZAN edo UKAN (3. pertsona). Egin eta eurek zuzen ditzatela (erantzun orria banatu diet).
- Alegiazko ahalera edo hipotetikoa lantzeko indartze ariketak (NOR eta NOR-NORK 3. pertsona). Hauekin ere ez dut uste zailtasun handirik izango dutenik hauek egiteko, maila baxuagoetan jada lantzen baitira (hurrengo egunean, sistema guztiak ikusiko ditugu eta haiek bai, haiek zailagoak dira).
- Atalak liburuko 37. fitxa (62. orrialdea): Gogo handiA eta horrenbesteKO gogorik (erantzun orria ere badute).
- Hernaniko igogailuari buruzko cloze-testa zuzen dezatela, neuk emandako ebazpen orria (erantzun zuzena arrazoitzeko eta okerreko erantzunak baztertzeko behar diren azalpen zehatzak ere badituena) erabiliz.
- Etorkinen jarrerari buruzko ulermen jarduera: Etorkinen aurkako jarrera. Ikasleek testutik ateratako hainbat esaldi txertatu behar dituzte hutsune egokietan, soberan dauden biak saihestuz.
- Gaur Osakidetzaz aritu gara solasean, baina medikuntza tradizionaletik haratago badira bestelako sendabideak ere, medikuntza naturista eta akupuntura, besteak beste. Horiei buruzko bakarrizketa fitxak eman dizkiet, binaka adostuta, hurrengo eskolan elkarri horretaz hitz egin diezaioten.
- Bitartekotza-fitxa bi, hauek ere, euren artean adostuta, mintzarako presta ditzaten. Bata, apirilaren 23a, hots, Liburuaren Naziorteko Eguna igaro berria dela eta, irakurzaletasunari buruzkoa (“Liburuak oraindik modan?”); bestea, erosteko ohituren gainekoa (“Dendaz denda”).