2022/04/13

B2.2 mailako 47. eskola, 2022ko apirilaren 4 eta 5ekoa

47. eskola, 2022ko apirilaren 4 eta 5ekoa

- Orainaldiko ahalerarekin hasi gara:

o   Arratsaldeko taldean: Gramatika eta ariketak II liburuko 11. orrialdeko 1. ariketa egin dugu zuzenean. Aditzoinak sortu behar izan dituzte –I edo –TU aditz-aspektu marka kenduta (gogorarazi izan badirela zenbait salbuespen).

 

o   Bi taldeetan: Gramatika eta ariketak II liburuko 11. orrialdeko 2. ariketa egin dugu zuzenean. Ahalera adizki horiek orainaldian, alegiazko = hipotetikoan ala iraganean dauden adierazi behar izan dute. Pistatxo bat: Hasieran D- baldin badauka, orainaldia den seinale; hasieran L- baldin badauka, alegiazko edo hipotetikoa den seinale eta amaieran –EN baldin badarama, iraganekoa den seinale. 

o   Bi taldeetan: Gramatika eta ariketak II  liburuko 11. orrialdeko  3. ariketan – ezintasuna nola adierazi – aukera bat baino gehiago daudenez, erantzun-orria banatu diet eta arbelean gogorarazi dizkiet erabil ditzaketen lau aukerak. Ohar bitez honako honetaz: Indikatiboa darabilgunean (“dut”, “naiz”…), partizipioa gehitu beharko diogu: “hartu”, “kontzentratu”; Ahalerako adizkiak (“naiteke”, “dezaket”…) erabiltzean, aldiz, aditzoina: “”har_”, “kontzentra_”.

EZIN DUT kaferik HARTU           EZIN NAIZ kontzentratu

EZ DEZAKET kaferik HAR_         EZ NAITEKE kontzentra_

EZIN DEZAKET kaferik HAR_    EZIN NAITEKE kontzentra_

EZIN HAR_ DEZAKET kaferik    EZIN KONTZENTRA_ NAITEKE

 

o   Bi taldeetan: Gramatika eta ariketak II liburuko 12. orrialdera jo dugu ondoren; bertan, orainaldiko ahaleraren erabilera eta taula ezagunenak dituzte: NOR eta NOR-NORK 3. pertsona. Orainaldiko ahalera zertarako erabiltzen den ere azaltzen du (posibilitate hurbila, gerta daitekeen zerbait eta ahalmen edo gaitasun egiaztagarri bat adierazteko, baimena eskatzeko, mesedea eskatzeko eta proposamenak nahiz planak egiteko). Eurek etxean irakurria izan beharko lukete.

 

o   Bi taldeetan: Horiek lantzeko, 13. orrialdeko ariketak eta nik emandako ariketa analitiko osagarriak egin dituzten galdetu diet eta zalantzarik baduten. Izanez gero, argitu. Nik ohartxo bat egin nahi izan diet:

OHARRA:  Errepara diezaiotela 13. orrialdeko 2. ariketako adibideari: Ingelesez astiro hitz egiten badiote, dena ulertzen du

= Ingelesez astiro hitz egiten badiote, dena uler dezake.

 Hemendik zer ondorio atera daiteke? Ba, ahalera hau erabil daitekeela baldintza errealaren bigarren zatian, ondorio gisa:

o   Euria egiten badu, busti egingo gara = Euria egiten badu, busti egin_ gaitezke.

o   Ulertzen ez baduzu, irakasleari galde_ diezaiokezu.

o   Antsietateak jota baldin bazabiltza, pastilla hau har_ dezakezu.

o    Bi taldeetan: Ondoren, Gramatika eta ariketak II liburuko 14. orrialdera jo dugu. Orainaldiko ahalerarekin jarraitu dugu, bai, baina oraingoan, sistema guztiak ikusi ditugu: nor / nor-nori / nor-nork (pertsona guztiak) / nor-nori-nork. Hau arbelean azaldu diet, nire azalpena (“Orainaldiko ahalera igarobidea”) eta eskema (“Indikatibotik ahalerarako urratsak orainaldia”) arbelean jarrita, urratsez urrats edo pausoz pauso.Laburbilduz, Indikatiboko adizkietatik Ahalerako adizkietara igarotzeko urrats nagusienak honakook dira:

o   Nor orainaldiko adizkiak (ez dute zailtasunik eta honezkero badakizkizue). Erreparaiozue 14. orrialdeko lehenengo taulari.

o   Nor-nori orainaldikoak, singular nahiz pluralean (baina nor = zer 3. pertsona dutenak bakarrik) (14. orrialdeko 2. taula):  Indikatiboko orainaldiko          ZAI > DAKI bihurtzen da+ nori pertsona marka + -KE. Adib.: zait > dakiDAke; zaizu> dakiZUke; zaie > dakiEke; zaizkigu > dakizkiGUke; zaizkio > dakizkiOke… Adib.: mugikorra lurrera erori ahal zaizu = mugikorra lurrera eror_ dakiZUke; orain hartzen ez badituzu, giltzak bulegoan ahaztu ahal zaizkizu = …giltzak bulegoan ahaztu dakizkiZUke; eskale hori diru eske hurbildu ahal zaigu = eskale hori diru eske hurbil_ dakiGUke                                     

o   Nor-nork orainaldikoak: horretarako, Indikatiboko erroa -U- automatikoki        –ZAKE bihurtzen da. Gainerakoan, ez da ezer aldatzen, ez pertsona marken ordena, ez deus. Erreparaiezue 14. orrialdeko 3. taulako adizkiei banan-banan. Ohartuko zarete, alde batetik, aipatutako aldaketa hori gertatu dela denetan (Indikatiboko U> ahalerako ZAKE) eta, bestetik, pertsonen markek Indikatiboko orainaldiko nor-nork adizkietako ordena bera jarraitzen dutela, hau da,  hasieran nor pertsona markak datozela eta amaieran, nork edo subjektuaren markak. Adib.: naUzu > naZAKEzu; zaitUgu > zaitZAKEgu; dUzu > deZAKEzu; gaitUzte > gaitZAKEte; zaitUztet > zaitZAKEtet; ditUzue > ditZAKEzue… Adib.: Eraman ahal naUzu autoz eskolaraino? = Eraman naZAKEzu autoz eskolaraino?; nahi baduzu, guk zu bazkaltzera gonbidatu ahal zaitUgu = …guk zu bazkaltzera gonbida­_ zaitZAKEgu; irakasleak ariketak egitera derrigortu ahal gaitU = irakasleak ariketak egitera derrigor_ gaitZAKE > haiek zuek  haserrarazi ahal zaitUztete > haiek zuek haserraraz_ zaitZAKEtete 

o   Nor-nori-nork orainaldikoak. Aditz hauek nola daude osatuta Indikatiboko orainaldian? Lehenik, NOR=ZER (beti 3. pertsona, singularra nahiz plurala); gero, NORI pertsona morfema eta, azkenik, NORK edo subjetuaren marka: dizut, didazu, diguzu, diet, diegu…Ordena horretatik datorkio aditzari NOR-NORI-NORK izena. Ba ahaleran ez dugu ordena aldatuko. Bi aldaketatxo bakarrik egingo ditugu: DI horri –EZA gehituko diogu (pluralean ere bai) eta NORI eta NORK pertsona marken artean, -KE tartekatuko dugu:                              DIEZA(zki) + NORI pertsona marka + KE + NORK pertsona marka. (14. orrialdeko laugarren taula) Adib: dizut > diEZAzuKEt; diguzue > diEZAguKEzue; didate > diEZAdaKEte; dio > diEZAioKE; dizuegu > diEZAzueKEgu… Adib.: Dabid, fotokopia bat eman ahal didazu? = Dabid, fotokopia bat eman diEZAdaKEzu?; nik zuei materiala blogean ipini ahal dizuet = nik zuei materiala blogean ipin_ diEZAzueKEt; haiek guri lagundu ahal digute = haiek guri lagun_ diEZAguKEte; zuk guri zalantzak argitu ahal dizkiguzu = zuk guri zalantzak argi_ diEZAzkiguKEzu; haiek haiei apunteak utzi ahal dizkiete = haiek haiei apunteak utz_ diEZAzkieKEte

o  Sistema bakoitzeko urratsen berri eman ahala, ariketa praktiko bat egin behar izan dute ikasleek Indikatiboko adizkiak Ahalerara pasatzeko, liburuko taulei erreparatu gabe eta nik emandako trikimailuak aplikatuz. Ongi egin dute. Arratsaldeko taldean: Nor-nori-nork sistema lantzea falta da.

- Arratsaldeko taldean:  Fashion izan nahi, kosta ahala kosta izeneko ulermen-jarduera zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ulermen itemak ez ezik, sinonimoak ere zuzendu ditugu. Oharrak:

 

o   Ziztu bizian = ziztu batean etorri naiz (= oso azkar).

o   Jo! Autoa bi minutuz utzi (dut) eta isuna jarri didate! Marka da, gero!! = Hori ere ikusi behar ! Hamaika ikusteko jaioak gara!

o   Bertsua (=beretsua) = antzekoa

o   Istripu baten berri izan dut = jakin dut istripu bat gertatu dela

o   Istripu baten berri eman dizuet = jakinarazi dizuet istripu bat gertatu dela.

ZEREN + BERRI +IZAN / EMAN egiturak aditza beti singularrean darama, nahiz eta ZEREN kasua pluralean egon: Arazo batzuEN (pl.) BERRI EMAN DIT (dizkit); Ingurukoei gure asmoEN (pl.) BERRI EMAN GENIEN (genizkien); Hilabete honetako gastuEN (pl.) BERRI EMAN ahal DIDAZU? (dizkidazu).


o   Gai honen harira = gai honekin duen zerikusiagatik… (euren idazlanetarako lokailu egokia).

o   Azkenik, jardueraren amaieran duten taulatxora jo dugu eta taulatxo hori baliatuz,  GERO(Z) ETA... –AGO/-AGOA/-AGOAK konparaziozko egitura, bilakaera adierazten duena azaldu diet. Ohartarazi ditut ohiko akats honetaz ere: zenbat eta... gero eta... eta ordena egokiaz:

GERO(Z) ETA…-AGO/A/AK + aditza. Hona hemen ikasleen idazlanetako pare bat pare akats: Egun, gero eta gehiago hegazkinez bidaiatzen dugu > Egun, gero eta gehiago bidaiatzen dugu hegazkinez. Gaur egungo gaztetxoak gero eta lehenago ordenagailua erabiltzen hasten dira > Gaur egungo gaztetxoak gero eta lehenago hasten dira ordenagaiua erabiltzen.

- Bi taldeetan: AHOZKO JARDUERA: Hau korapiloa!! Urrutikoetxehandiatarren Urrezko Ezteiak.

" Urrutikoetxehandia familia garai bateko familia ugari haietakoa da, hamaika seme-alaba izan zituztenetakoa. Datorren asteburuan aitona-amonak ezkondu zireneko 50. urteurrena – Urrezko Ezteiak – ospatzekoak dira baserrian. Horretarako, familia osoa gonbidatu dute, baina aitona-amonak beldur dira senitartekoen artean liskarren bat edo beste sor ote daitekeen. Hain dira euren artean desberdinak! Horregatik, oturuntza hori arrakastatsua izatea nahi dutenez, ongi antolatu beharko dute nor noren ondoan eserrARAZI. Izan ere, beheko suaren aurreko mahai biribilean denak kabituko diren arren, ongi pentsatu beharra dago nor noren ondoan jarri.Gai izango zinatekete sendi osoa behar bezala kokatzeko inolako ika-mikarik edo sesiorik gerta ez dadin? Nor noren ondoan eserraraziko zenukete? Zergatik?

Ikasleak taldetxoetan  bildu eta 26 senide horiek mahaian eserrarazi behar izan dituzte, hots, elkarrekin bazkaltzen jarri behar izan dituzte mahai berean, baina konturatu dira batzuk ezin direla beste batzuen ondoan eseri, euren izaerak nahiz zaletasunak bateragarriak ez direlako eta, ondorioz, haserretu egin daitezkeelako. Beraz, nor noren ondoan eserrarazi erabakitzeko, kontuan izan dituzte kide bakoitzaren izaera, zaletasunak, sekretuak, maniak, gustuak...  Ikasleek euren artean ahoz eztabaidatu eta senide bakoitza non eseriko den erabaki behar izan dute, kausazkoen bidez arrazoituz. Gonbidatuak euren artean ahalik eta ondoen konpontzeko moduan eserrarazi dituzte, kontuan izanik oso desberdinak direla pertsonaia hauek. Mintzamen librerako eta adizki hipotetikoak nahiz kausazkoak lantzeko – argudioa lantzeko, beraz – oso jarduera egokia delakoan nago. Hori bai, errazkerian eror ez zitezen, iritzia emateko egitura desberdinak, adizki hipotetikoak eta kausazko perpausak erabilarazi dizkiet.

Hona hemen lau eredu:

o   Xek eta Yk elkarren ondoan eseri behar luketela uste dut.

o   Xek Yren ondoan eseri behar lukeela uste dut.

o   X eta Y elkarren ondoan eserraraziko nituzke.

o   X Yren ondoan eserraraziko nuke.

o   X eta Y ongi konponduko = moldatuko lirateke elkarrekin.

o   X ongi moldatuko  = konponduko litzateke Yrekin.

- Goizeko taldean. Amaitu berri dugun jardueran, ikasleek familiako 26 kideak elkarrekin eserrarazi behar izan dituzte, elkarren arteko ika-mika edo sesiorik gerta ez zedin (=ez gertatzeko). Horrek emandako aitzakia baliatuz, -ARAZI aditz arazlea azaldu diet, ez baita gauza bera “ESERI” eta “ESERRARAZI”. Ana Kandida eta Fidela elkarren ondoan ESERI DIRA (beraiek hala nahi izan dutelako)”, baina… “Ana Kandida eta Fidela elkarren ondoan ESERRARAZI DITUGU (=elkarren ondoan esertzera behartu ditugu, beraiek nahi izan ala ez)”.

Hasteko, -ARAZIk adierazten duena zera da, zerbait ez dela nahita hala egiten, beste norbaitek edo zerbaitek horretara behartuta edo derrigortuta baizik. Horrek ondorioa izango du gramatikan, zeren eragile (“agente”) bat dagoenez (nork edo zerk),      -ARAZI erabiltzen dugunean, beti transitiboa izango da, hau da, nor-nork edo nor-nori-nork, beti nork edo zerk bat daramalako (nahiz eta batzuetan isilean gorde eta espresuki esaldian ez agertu).

-ARAZI partikula aditzari lotuta idatziko dugu beti, aditzoinari lotuta (-i eta –tu gabe): etorrarazi, ikusarazi, eginarazi, joanarazi, haserrarazi, isilarazi, esnarazi, betearazi, errepikarazi… eta beti da –ARAZI. Salbuespena: adiERAZI.

Behin aditzoinari –ARAZI lotzen diogunean, aditz hori beste edozein aditz bezala jokatzen da denboran zehar: Nik ikaslea isilARAZI dut; nik egunero ikaslea isilARAZTEN dut; laster isiltzen ez bada, neuk  isilARAZIKO dut.

Gatozen orain, oinarrizko azalpenera. Aditza gradu bat gora igoko da –ARAZI atxikitzen edo eransten diogunean:

ü  Aditza NOR sistemakoa denean, -ARAZI atxikitzean (=eranstean), automatikoki NOR-NORK bihurtuko da. Logika osoa dauka, zeren eragile edo “agente” bat (nork edo zerk) gehitu diogu eta horrek eragina izango du.

Ana (nor) eseri da (berak nahi duelako) > Dabidek (nork) Ana (nor) eserrARAZI DU (eserrARAZTEN du, eserrARAZIKO du…). 

Azkenean, zu (nor) isildu zara (zuk nahi duzulako) > Irakasleak (nork) zu (nor) isilARAZI ZAITU.

Gurasoak (nor) haserretu dira (auskalo zergatik) > Haurrak (nork) gurasoak (nor) haserrARAZI DITU.

Ni (nor) oso gustura sentitu naiz (auskalo zergatik) > Zuek (nork) ni (nor) oso gustura sentiARAZI NAUZUE.

 

ü  Aditza NOR-NORK sistemakoa denean, berriz, -ARAZI atxikitzean (=eranstean) NOR-NORI-NORK bihurtuko da. Hemen ere eragile edo “agente” bat (nork edo zerk) gehituko dugu eta aurretik geneukan NORK kasua, automatikoki NORI bihurtuko da, ezin baitira bi NORK egon.

Mathieuk (nork) koadernoa (zer) ireki du (berak nahi duelako) > Dabidek (nork) Mathieuri (nori) koadernoa (zer) irekiARAZI DIO (irekiARAZTEN dio, irekiARAZIKO dio…)

Klasean bero egiten duenez, Sandrak (nork) leihoa (zer) zabaldu du (berak erabaki du, berak nahi duelako ireki du) > Gainerako ikasleek (nork) Sandrari (nori) leihoa (zer) zabalARAZI = irekiARAZI DIOTE (=zabaltzera behartu dute).

Zuk (nork) gaur goizean komuna (zer) garbitu duzu (zuk erabaki duzu hori egitea) > Nik (nork) zuri (nori) komuna (zer) garbiARAZI DIZUT (=garbitzera behartu zaitut).

Laburbilduz: Adibide hauen bidez, agerian geratu da jatorrizko esaldian dagoen aditza gradu bat igotzen dela: NOR baldin bada, NOR-NORK bihurtzen da eta, NOR-NORK izanez gero, NOR-NORI-NORK.

- ETXERAKO LANAK:

ü  Orainaldiko ahalera: Gramatika eta ariketak II liburuko 15. orrialdeko ariketak.

ü  Outlet-ak: urte osoan zehar merkealdian dauden saltokiak izeneko ulermen jarduera.

ü  Goizeko taldean: ARAZI lantzeko ariketak

ü  EKARRI Igogailuaren ulermen jarduera!!!!!!

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina