2022/04/03

B2.2 mailako 46. eskola, 2022ko martxoaren 30 eta 31koa

 

46. eskola, 2022ko martxoaren 30 eta 31koa

- Genero berdintasunaren gaiarekin jarraituz, arlo honetan aitzindari, aurrendari edo bide-urratzaile izan zen Clara Campoamor ekarri dugu gurera. Bera izan zen, hain zuzen, Espainian emakumeen boto-eskubidea lortu zuena, hots, sufragio unibertsala ezar zedin (=ezartzea) lortu zuena.

  Jarduera honen lehenengo ariketan, ikasleek zenbait herrialde ordenatu behar izan dituzte, euren ustez emakumeek boto-eskubidea lortu zuten urtearen arabera. Horretan aritu dira eta, ondoren, arbelean erantzunak jarrita, zuzendu egin dugu.  Zerk eman digu atentzioa edo zer egin zaigu deigarria?: bada, (gaur) egun aurrerakoitzat dauzkagun zenbait herrialdetan –  Frantzia eta Suitza, esaterako – emakumeek boto edo bozka eskubidea oso berandu lortu izana (1941ean eta 1944an, hurrenez hurren), eta, herrialde atzeratutzat ditugun beste zenbaitetan, berriz, – Hungarian, Errumanian… – askoz lehenago lortu izana.

- ENTZUNAREN ULERMENA: Clara Campoamor, urteurrena (x0,9x1). Itemak azaldu ostean, birritan entzun dugu audioa eta, ondoren, zuzendu egin ditugu itemak, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz. Azkenik, arbelean ipinita, entzungaiko ideia esanguratsuenak (=adierazgarrienak) irakurri ditugu denon artean.

a.      Sufragio unibertsalaren bultzatzailea = sustatzailea izan zen.

b.      Harrigarria da zer garbi zeukan berdintasuna; izugarria da garai hartarako. Asko irakurtzen zuen… Oso ikasia zen = kultua zen.

c.       Abokatu lanetan hasi zen; gero, politikan murgildu = sartu zen.

d.      Posizio horretatik EKIN zion emakumeen boto eskubidea lortzeko borrokARI.

e.       Izugarrizko eztabaida sortu zen, ea une egokia zen ala itxoin behar zen, emakumeek ez zutelako heziketa nahikorik, ez zutelako informazio nahikorik…

f.        Espainian sufragio unibertsala ezartzea lortu zuen.

g.      Erbestera joan behar izan zuen= erbesteratu egin behar izan zuen.

h.      Clara minbiziak jota (nola?) hil zen.

i.        Erraustu (erre + hauts)

j.  Donostiako Polloe hilerrian lurperatu = ehortzi zuten, Monso Riu familiaren panteoian, euren amabitxia = amandrea zelako.

-   Bertan agertu zaigu egitura hau (kopia bana eman diet):-AK JOTA + egon, ibili, hil…: Egitura hau asko erabiltzen da gaixotasunekin eta kontrola ezin ditzakegun egoerekin (antsietateta, beldurra, urduritasuna, nekea, etsipena, nerbioak…). “Nola?” galderari erantzuten dio. Hona zenbait adibide:

-    Iraganeko baldintza edo irreala. Orain arte bidalitako sei ariketetan (lehenik 1 eta 2 eta joan den egunean, 3,4,5 eta 6) zalantzarik baduten galdetu eta, izanez gero, argitu. Nik ohar honen berri eman diet:

Hamaika bider esana dugu baldintza hipotetikoak (2. Baldintza) derrigorrez ondorio hipotetikoa eskatzen duela.

Iraganeko baldintzak edo irrealak (3. Baldintza), orain lantzen ari garen honek, alegia, gehienetan, lehenaldiko ondorioa darama, baina badira salbuespenak: litekeena da baldintza zatia iraganean egotea, hau da, irreala izatea, baina ondorioa hipotetikoa, denbora jauzia gertatu delako (gogoan izan: hipotetikotik iraganerako jauzirik sekula ez, kronologiaren aurka joatea litzateke eta). Horrelakoetan, normalean, ondorioan denbora aditzondoren bat ageri da (orain, gaur egun…) denbora jauzia gertatu dela adierazteko.

Gaurko egin beharreko azken hiru ariketetan badira horrelako lau kasu, erantzun orrietan berariaz adierazi ditudanak.

Nik Filologia ikasi beharrean, Zuzenbide-ikasketak egin (izan) banitu, orain abokatu ospetsua izango NINTZATEKE, irakasle xume bat izan beharrean (IRREALA > HIPOTETIKOA, denbora jauzia gertatu delako).

-   Arratsaldeko taldean: Baldintza irrealaren edo lehenaldikoaren azalpen teorikoa egin nien joan den astean:

o   Lehenik, iraganeko baldintza edo irrealaren esanahiaz eta adieraz ohartarazi nituen (bere garaian gertatu ez zenez, orain ez dago gertatzeko inolako aukerarik edo posibilitaterik. Horregatik deritzo “irreala”).

o Ondoren, zertarako erabiltzen den azaldu nien (askotan, besteen hutsegiteak kritikatzeko edota nork bere damua adierazteko).

o   Jarraian, osaerari erreparatu genion.

o   Gaur, arreta berezia merezi ipini diegu IZAN laguntzaileaz osatutako aditz konposatuei, hau da, behar izan, nahi izan, ahal izan, ezin izan, merezi izan, balio izan, bizi izan, axola izaneta kideko aditz esapideei, hauek derrigorrezkoa baitute “izan” hartzea baldintza irrealean. Aditz arruntek, berriz, aukerakoa dute “izan” hartu ala ez baldintza irrealean (etorri_ banintz = etorri izan banintz).

·         Hipotetikoa. Aditz normala: EtorriKO balitz, hemen eseriKO litzateke

·         Hipotetikoa (nahi izan, behar izan, ahal izan, ezin izan, balio izan, falta izan, …): Hiru aukera:

A)                Etorri NAHIKO BALU, beharKO BAZENU…

B)                Etorri NAHI IZANGO BALU, behar IZANGO BAZENU…

C)                Etorri NAHI­_ BALU…, BEHAR_ BAZENU…

·      Irreala. Aditz normala: Etorri_ (izan) balitz, hemen eseriKO zen. Aukerakoa dute “izan”.

·      Irreala (nahi izan, behar izan, ahal izan, ezin izan, balio izan, falta izan…): Derrigorrez hartu behar dute “izan”: Nahi IZAN BALU, behar IZAN BAZENU…

-  Baldintzaren ondoren, zer datorkigu? Bada….AHALERAko adizkiak!

EUSKAL AHALERA. Azalpen orokorra egin diet, Gramatika eta ariketak II liburuko 10. orrialdean daukatena: osaera (nola osatzen den), aditzoinaren erabilera (salbuespenak salbuespen), hiru aldiak (oraina, alegiazko edo hipotetikoa, iragana) eta, azkenik, ezintasuna adierazteko aukera desberdinak:

ezin dut ikusi = ez dezaket ikus_ =  ezin dezaket ikus_ = ezin ikus_ dezaket;

ezin naiz isildu = ez naiteke isil_ = ezin naiteke isil_ = ezin isil_ naiteke.

Dena den, 10. orrialdeko edukia nahiko nahasia izan daitekeelakoan, nik orrialde horren laburpen bat prestatu diet eta berau erabili dut nire azalpena egiteko, liburuko teoria baino argiago eta ordenatuago dagoelakoan (“Ahalera sarrera). Ezintasuna adierazteko aukera desberdinak:

 

o   EZIN DUT kaferik HARTU             EZIN NAIZ kontzentratu

o   EZ DEZAKET kaferik HAR_          EZ NAITEKE kontzentra_

o   EZIN DEZAKET kaferik HAR_      EZIN NAITEKE kontzentra_

o   EZIN HAR_ DEZAKET kaferik      EZIN kontzentra_ NAITEKE

 

- Jarraian, Goizeko taldean Gramatika eta ariketak II liburuko 11. orrialdeko 1. ariketa egin dugu zuzenean. Aditzoinak sortu behar izan dituzte –I edo –TU aditz-aspektu marka kenduta (gogorarazi izan badirela zenbait salbuespen).

 

-  Goizeko taldean Fashion izan nahi, kosta ahala kosta izeneko ulermen-jarduera zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ulermen itemak ez ezik, sinonimoak ere zuzendu ditugu. Oharrak:

 

o   Ziztu bizian = ziztu batean etorri naiz (= oso azkar).

o   Jo! Autoa bi minutuz utzi (dut) eta isuna jarri didate! Marka da, gero!! = Hori ere ikusi behar ! Hamaika ikusteko jaioak gara!

o   Bertsua (=beretsua) = antzekoa

o   Istripu baten berri izan dut = jakin dut istripu bat gertatu dela

o   Istripu baten berri eman dizuet = jakinarazi dizuet istripu bat gertatu dela.

ZEREN + BERRI +IZAN / EMAN egiturak aditza beti singularrean darama, nahiz eta ZEREN kasua pluralean egon: Arazo batzuEN (pl.) BERRI EMAN DIT (dizkit); Ingurukoei gure asmoEN (pl.) BERRI EMAN GENIEN (genizkien); Hilabete honetako gastuEN (pl.) BERRI EMAN ahal DIDAZU? (dizkidazu).

o   Gai honen harira = gai honekin duen zerikusiagatik… (euren idazlanetarako lokailu egokia).

o   Azkenik, jardueraren amaieran duten taulatxora jo dugu eta taulatxo hori baliatuz,  GERO(Z) ETA... –AGO/-AGOA/-AGOAK konparaziozko egitura, bilakaera adierazten duena azaldu diet. Ohartarazi ditut ohiko akats honetaz ere: zenbat eta... gero eta... eta ordena egokiaz:

GERO(Z) ETA…-AGO/A/AK + aditza. Hona hemen ikasleen idazlanetako pare bat pare akats: Egun, gero eta gehiago hegazkinez bidaiatzen dugu > Egun, gero eta gehiago bidaiatzen dugu hegazkinez. Gaur egungo gaztetxoak gero eta lehenago ordenagailua erabiltzen hasten dira > Gaur egungo gaztetxoak gero eta lehenago hasten dira ordenagaiua erabiltzen.

- Arratsaldeko taldean: AHOZKO ADIERAZPENA: Fashion izan nahi kosta ahal kosta (40-45´) testuaren atzeko aldean datozen mintzarako puntu guztiak izan ditugu mintzagai, bakoitzerako denbora-tarte mugatua utzita.

-       ETXERAKO LANAK:

-          Iritzi artikulua. Bi gai aukeran: Fashion izan nahi, kosta ahala kosta / Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna edo berdintasun eza.

-          Hau korapiloa!”. Datorren egunean egingo dugun jarduera osssso interesgarria eta aberasgarria da, ikasleen artean mintzatzeko eta kausazkoak nahiz adizki hipotetikoak barra-barra erabiltzeko.  Lehenik, etxean familia baten deskribapena irakurri behar da, Urrutikoetxehandia familiarena. Neuk asmatutako familia bat da, inspirazio momentu batean sortu nuena. Irakurri ahala, ikasleek eskematxo bat egin behar dute edo arbola genealogikoren bat, senide bakoitzaren izaera eta gustuekin, kide bakoitzaren ezaugarri nabarmenenekin, hurrengoan familia osoa mahai berean eserrarazteko ika-mikarik sortu gabe.

-          ENTZUNAREN ULERMENA: Berdintasuna ez da dena berdin (gomendatutako abiadura:0,9,0,9). Emakumezkoen eta gizonezkoen artean beti izan behar litzateke berdintasuna? Ziur zaudete?  Itemak arretaz irakurri ostean, bizpahiru aldiz entzun dezatela entzungaia. Ondoren, zuzendu. Azkenik, behin osorik entzun liteke, auziaren ikuspegi orokorra uler dezaten. Ondoren, albistea ongi ulertu duten egiaztatzeko, azpiko taulatxoan ageri den laburpena irakur dezakete. OHARRA: taulatxo horretan datorrena ez irakurri entzumen-ariketa egin aurretik!!

-          AHALERA: Gramatika eta ariketak II liburuko 11. orrialdeko hirugarren ariketa (ezintasuna lantzeko ariketa). Argiago gera dadin, honako eredu hau jarraituz egiteko aholkatu diet, a) eta b) ariketak aldi berean:

o   EZIN DUT kaferik HARTU                       EZIN NAIZ kontzentratu

o   EZ DEZAKET kaferik HAR_        EZ NAITEKE kontzentra_

o   EZIN DEZAKET kaferik HAR_    EZIN NAITEKE kontzentra_

o   EZIN HAR_ DEZAKET kaferik    EZIN kontzentra_ NAITEKE

-  AHALERA: Gramatika eta ariketak II liburuko 12. orrialdia irakurri eta 13. orrialdeko ariketak egin eta eurek zuzen ditzatela, ez baitute zailtasun handirik. Ariketa horietan, ahalerako NOR adizkiak (naiteke, gaitezke…) eta NOR-NORK sistemako 3. pertsonak (dezaket, ditzaket…) baino ez dituztenez, erraz egingo dituzte.

-        AHALERA: Orainaldiko ahalerako adizki ezagunenak  (nor – naiteke, zaitezke…  – eta nor-nork 3. pertsona – dezaket, ditzaket, dezakegu, ditzakete…–) errepasatzeko ariketa analitiko osagarria + erantzunak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina