2022/05/01

B2.2 mailako 50. eskola, 2022ko apirilaren 27 eta 28koa

 

50. eskola, 2022ko apirilaren 27 eta 28koa

- Hernaniko igogailuari buruzko testuan honako esaldi hau agertu zaigu: “Irisgarritasunean urrats edo pauso bat gehiago emateaz gain, aparkalekuen arazoa arintzeko lagungarri ere bada”. Ongi aukeratu zenuten erantzun zuzena? Hona hemen nik gehitutako oharra:

1 b) ERE BAda.

ERE partikula inoiz ez doa adizki jokatu baten ondoren eta, beraz, c) aukera guztiz oker dago. Bestalde, ERE lokailuaren urrezko arau batek dio ERE justu adizki trinko baten aurrean doanean, honek BA- hartu behar duela derrigorrez: nik ere badakit hori; gu ere bagoaz txangora; zuek ere baduzue horren berri…

- Gatozen ERE lokailua hobeto aztertzera. Adibide hori oinarritzat edo aitzakiatzat hartuta, ERE lokailuaren teoriako punturik esanguratsuenak azaldu dizkiet.

- Jarduera berean, esaldi hau irakur daiteke: “Era berean, leku aldaketa honen ondorio zuzena izan da igogailua Renferen tren-geltokiko erabiltzaileentzat EZ EZIK, inguruko auzoetako biztanleentzat ERE erabilgarria izatea”. Alegia, norentzat izango da erabilgarria? Erabiltzaileentzat + biztanleentzat. Bi osagai horiek uztartu ditu EZ EZIK… ERE lokailuak. Ongi zenuten? Hona azalpena:

8 c) EZ EZIK.

Gogoan izan, “A ez ezik, B ere” egiturak bi osagai uztartzen edo lotzen dituela. Hamaika bider agertu zaigu ikasturte honetan zehar: tren geltokiko erabiltzaileentzat (A osagaia) EZ EZIK, inguruko auzoetako biztanleentzat (B osagaia) ERE baliagarria izango da igogailu hori = EZ BAKARRIK tren geltokiko erabiltzaileentzat (A), inguruko auzoetako biztanleentzat (B) ERE baliagarria izango da igogailu hori = Tren geltokiko erabiltzaileentzat NAHIZ = ZEIN = ETA inguruko auzoetako biztanleentzat baliagarria izango da igogailu hori = BAI tren geltokiko erabiltzaileentzat, BAI inguruko auzoetako biztanleentzat, baliagarria izango da igogailu hori.

EZIK = EZEAN. Partizipioarekin joan ohi da eta ezezko baldintzak egiteko “komodina” da: Zuk egin EZIK, neuk egingo dut / nuke / nukeen” = Zuk egiten ez baduzu / egingo ez bazenu / egin (izan) ez bazenu,…”

IZAN EZIK = SALBU. Salbuespena adierazten du eta beti darama “Izan”: Gune horretan ezin da aparkatu, elbarriek IZAN EZIK = elbarriek SALBU.

Azalpena emateko, neure orri osagarria banatu diet: “Ezik vs. Izan ezik vs. Ez ezik…ere”

- Goizeko taldean: Giza harremanen azkeneko azpigaiari heltzera goaz: INMIGRAZIOA eta KULTURA- nahiz ARRAZA-ANIZTASUNA. Hastapen gisa, Etorkinen aurkako jarrera  deritzon ulermen-jarduera zuzendu dugu, zenbait esaldi-zati testuan txertatzean datzana, beharrezko azalpenak emanez eta bi distraktoreak saihestuz. Oharrak:

a.       EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa

b.      Adierazleak: zerbait adierazten dutenak (indicadores)

c.       NOREN + ALDEKOA(k) / AURKAKOA(k) + IZAN

= NOREN + ALDE / AURKA + EGON:

Zirkulazio libreAREN ALDEKOAK DIRA

= Zirkulazio libreAREN ALDE DAUDE.

DiskriminazioAREN AURKAKOA NAIZ

 = DiskriminazioAREN AURKA NAGO.

d.      NORI edo ZERI + AURRE EGIN (= AURKA EGIN): ArazoARI AURRE EGIN behar DIOZU, negar egin beharrean. ArazoEI AURRE EGIN behar DIEZU, negar egin beharrean. Donuts bat jan dut, goseARI AURRE EGITEKO. ZailtasunEI AURRE EGITEN jakin behar dugu. BeldurrARI AURRE EGIN behar DIOZU.

e.       HAZI > Hazkundea = hazkuntza (crecimiento).

f.        HAZI > Haztegia: arrain haztegia, oilasko haztegia…

g.      HEZI > Heziketa = Hezkuntza (educación)

h.      HEZI > Hezitzailea (educador)

i.        Kontuz HEZI aditza jokatzean: Bikote homosexualek ere haurrak ongi hezten (hezitzen) dituzte. Gurasoek ikastaro bat egin behar lukete haurrak ongi hezteko (hezitzeko).

j.        Era berean = Halaber = Gainera

k.       Antzeman = nabaritu = sumatu = igarri: Antzematen da = nabaritzen da = sumatzen da neska hori atzerritarra dela.

l.        HORREN HARIRA… (al hilo de eso…)

- Arratsaldeko taldean: ARAZI. Etxean egin beharreko ariketa zuzendu dugu, astiro, ikasleak –arazi aditzak jatorrizko aditza gradu bat igoarazten duela behin eta berriz ohartaraziz.

·         (Ni)(nor) Udaletxeko 2. solairuraino igo naiz agiriak uztera  > “La secretaria me ha hecho subir hasta el segundo piso”  > Idazkariak (nork sing.) ni (nor) Udaletxeko 2. solairuraino igoARAZI NAU agiriak uztera.

·         (Zu)(nor) hobeto sentituko zara  > “Esa infusión te hará sentirte mejor”  > Infusio = belar-ur honek (zerk) zu (nor) hobeto sentiARAZIKO ZAITU.

·         (Ni)(nor) oker nagoela ohartu naiz >“Tú me has hecho darme cuenta de que estoy equivocado”  > Zuk (nork) ni (nor) oker nagoela ohartARAZI NAUZU.

·         Autobusa (zer) eskolaren aurrean gelditu da >“El viajero ha hecho parar el autobús” > Bidaiariak (nork sing.) autobusa (zer) eskolaren aurrean geldiARAZI DU.

·         Ikasleak (nor pl.) bat-batean isildu dira > “El profesor ha hecho callar de repente a los alumnos” > Irakasleak (nork) ikasleak (nor pl.) bat-batean isilARAZI DITU.

·         (Ni) izugarri aspertuko naiz > “Esas conferencias me aburrirán muchísimo” > Hitzaldi horiek (zerk pl.) ni (nor) izugarri asperrARAZIKO NAUTE.

·         Ikastolara joateko, haurra (nor) zortzietan esnatzen da > “Los padres suelen despertar al niño/a a las ocho”  > Ikastolara joateko, gurasoek (nork pl.) haurra (nor) zortzietan esnARAZTEN DUTE.

·         Alabak (nork) soinekoa (zer) aldatu du > “los padres le han hecho cambiar el vestido a la hija”  > Gurasoek (nork pl.) alabari (nori) soinekoa (zer)  aldARAZI DIOTE.

·         (Guk)(nork) 2 orduz itxaron dugu > “Ellos nos han hecho esperar durante dos horas”  > Haiek (nork) guri (nori) bi orduz itxaronARAZI DIGUTE (OHARRA: “itxaron” aditza nor-nori-nork “faltsua” denez, ez dauka “zer?” galderari erantzuten dion objekturik).

·         Ikasleak (nork sing.) ariketak (zer) errepikatu ditu > “Dabid le ha  hecho repetir los ejercicios al alumno”  > Dabidek (nork) ikasleari (nori) ariketak (zer) errepikARAZI DIZKIO.

·         (Zuk) (nork) zer gogoratzen duzu?  > “Esta música qué te hace recordar?” > Musika honek (zerk) zuri (nori) zer gogorARAZTEN DIZU?

·         Ikasleek (nork pl.) matrikula-orriak beteko dituzte > “La secretaria hará que los alumnos y las alumnas rellenen los impresos de matrícula”  > Idazkariak (nork sing.) ikasleei (nori pl.) matrikula-orriak (zer pl.) beteARAZIKO DIZKIE.

- AHOZKO JARDUERA I (bakarrizketa-elkarrizketa): Medikuntza naturista eta Akupuntura. Etxean prestatutako bakarrizketan jardun dute binaka jarrita. Amaitutakoan, mintzaldia luzatu egin dugu, elkarrizketan aritu zitezen.

- Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. Gramatika eta ariketak II liburuko 17. orrialdeko ariketetan zalantzarik izan duten galdetu eta, izan badituzte, argitu. Ondoren,  alegiazko ahalera edo hipotetikoarekin jarraitu dugu, baina erregimen edo sistema guztiak ikusi ditugu (nor, nor-nori (3. pertsonak), nor-nork eta nor-nori-nork). Horretarako, Gramatika eta ariketak II liburuko 18. orrialdera jo dugu. Indikatibotik ahalerako adizkietara igarotzeko urratsen berri eman diet sistemaz sistema. Horretarako, orri osagarria banatu diet (orainaldiko ahalerarekin egin nuen bezalaxe), urrats edo pauso horiek garbi ikus ditzaten.

Lehenik, NOR.

Gero, NOR-NORI (3. pertsonak baino ez).

Ondoren, NOR-NORK. Azken hauetara heltzeko, bi bide dituzue:

               (a) Indikatibo lehenaldiko adizkietatik abiatu (ninduzun, zintudan, nuen, gintuzuen, niduten, zintugun…), amaierako –N kendu eta U > ZAKE bihurtu, edo

               (b) Ahalerako orainalditik abiatuta (nazakezu, zaitzaket, gaitzakezue…), orainaldiko A > INT bihurtu).

Azkenik, NOR-NORI-NORK sistema. 

Azalpena egin ahala, Gramatika eta ariketak II liburuko 18. orrialdeko taulak banan-banan aztertu ditugu, astiro, zehatz-mehatz, taulaz taula, ikasleak orrialde horretako tauletako adizkien osaeraz ohar zitezen (pertsona marken kokalekua, zertan diren erregularrak eta zertan ez...). OHARRA: Ez dakit ikasleen liburuetan – agian argitaraldi desberdinekoak izango baitira – baina nirean, behintzat, azkeneko taula, NOR-NORI-NORK adizkiei dagokiena,  ez da zuzena, NOR-NORK taularen errepikapena baizik. Neuk banatu diet NOR-NORI-NORK adizkien taula.

o   Nor sistema: ninteke, gintezke, zintezke

o   Nor-nori: Ahalerako orainaldian, DAKI-nori-KE > Hipotetikoan: LEKI-nori-KE: lekidake, lekizuke, lekizkiguke…(ikusiko ditugun bakarrak nor edo zer 3. pertsona dutenak – objektu singularra /plurala – direnez, denak hasiko zaizkigu L-rekin).

o   Nor-nork: Hauetara heltzeko, bi bide:

a) Indikatibo lehenalditik abiatuta, U aditz  erroa > ZAKE eta Indikatiboko lehenaldiko aditzek amaieran izan ohi duten –N kendu (ninduzun > nintzakezu)

b) edo Ahalerako orainalditik abiatuta, A-ren ordez, -IND/INT (nazakezu > nintzakezu).

Hirugarren pertsonek, L-,noski.

o   Nor-nori-nork: Ahalerako orainaldian: DIEZA+ NORI + KE + NORK. Ahalera Hipotetikoan, NORK aurrera igaroko da (Indikatiboko nor-nori-nork aditzetan gertatzen den bezala: nion, zenidan, genizun, zenioten,…): Nork pertsona marka + IEZA + NORI pertsona marka  + KE + (TE): niezaioke, zeniezadake, geniezazkieke, zeniezagukete, liezazkioke… Beraz, orainaldian ez bezala, hipotetikoan desberdin hasiko zaizkigu adizkiak, subjektuaren edo nork kasuaren arabera. Horregatik dira hauek orainaldikoak baino askoz zailagoak.

- ETXERAKO LANAK:

·         ENTZUMEN JARDUERA: Oliba-olioa, guztiz osasungarria.

·         Alegiazko ahalera edo hipotetikoa lantzeko, Gramatika eta ariketak II liburuko 19. orrialdeko ariketak (erantzunak, hurrengoan emango dizkizuet).

·          EZIK (=EZEAN) / IZAN EZIK / a EZ EZIK…b ERE bereizteko berridazketak (gelan zuzenduko ditugu).

·         Guraizeen ahoan harrapatuta  izeneko ulermen-jarduera, etorkinek osasun arloan pairatu dituzten murrizketen gainekoa.

·         Idazlana:Idatzizko bitartekotza. Naimari idatzitako whatsapp-a.

·         -ARAZI aditz arazlea lantzeko indartze-ariketak. Gaurkoan, espreski prestatu dizuedan indartze-ariketa dakarkizuet (ariketa aproposa eta egokia da guztiz, baina luzea ere bada, eta astuna gerta dakizueke; horregatik, nik egunero esaldi batzuk baino ez nituzke egingo). Jarduera bikoitza da:

a.       batetik, Indikatiboko orainaldiko nahiz lehenaldiko  nor-nork adizkiekin osatzeko hainbat esaldi dituzue, BEHARTU, BULTZATU (=animatu) eta GONBIDATU aditzak dituztenak eta, beraz,       -T(Z)ERA nominalizazioa eskatzen dutenak

b.       eta bestetik, esaldi horietako batzuk – ez denak –  -ARAZI erabiliz berridazteko jarduera. Horretarako, neuk eman dizkizuet oinarrian dauden esaldiak (parentesi artean dauzkazue), beharrezko aldaketak eginez esaldi horiek  arazle bihur ditzazuen (bestela, hutsetik egitea zailegia izan litekeelakoan).

OHARRA: kontuan izan, “bultzatu”, “behartu” nahiz “gonbidatu” aditzekin BETI NOR-NORK erabili behar dela!!!! (beraz, alde horretatik, ez duzue inolako zalantzarik izan behar).

–ARAZIrekin, berriz, jatorrizko aditzaren arabera (nor + -ARAZI > nor-nork) (nor-nork + -ARAZI > nor-nori-nork).

Adibidez:

Zuk (nork) ni (nor, osorik) kristalak garbiTZERA BEHARTU NAUZU (didazu).

Nik (nork) kristalak (zer) garbitu ditut, nahi nuelako >

Zuk (nork) niri (nori) kristalak (zer) garbiARAZI DIZKIDAZU.

Garrantzitsua da hau oso argi edukitzea; osterantzean, kosta egin dakizueke ariketa behar bezala egitea. Horregatik eman dizuet nik bigarren ariketa egiteko oinarrizko esaldia, hortik abiatuta –ARAZI erants diezaiozuen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina