2022/05/05

B2.2 mailako 51. eskola, 2022ko maiatzaren 2 eta 3koa

51. eskola, 2022ko maiatzaren 2 eta 3koa

- ENTZUNAREN ULERMENA: Ontziak birziklatzeko makina. Itemak azaldu ostean, birritan entzun dugu entzungaia; ondoren, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz.

- Joan den egunean, ezezko baldintza egiteko erabiltzen den EZIK = EZEAN, salbuespenak adierazteko IZAN EZIK eta bi osagai uztartzeko erabiltzen den EZ EZIK…ERE arteko aldea azaldu nien. Etxerako bazuten hauek bereizteko berariaz prestaturiko ariketa bat. Hura zuzendu dugu. EZIK = EZEAN / IZAN EZIK / EZ EZIK…ERE bereizteko ariketa honetan,  16 esaldi berridatzi behar zituzten eta ongi etorri zaie hiru horien arteko aldeaz ohartzeko.

·         Ohar berezia merezi izan du aditz trinkoetan ageri den BA- horrek: Arkeologo ingelesa lanean bikaina ez ezik, itxura onekoa ere bada.

Gogoan izan!!!

ERE lokailua aditz trinko baten aurrean – justu aurrean – doanean, aditz hori derrigorrez indartu egin behar da BA- erantsiz:

Zu bihar txangora zoaz? Ni ERE Banoa.

Zure amak ez ezik, nik ERE Badakit zer gertatzen zaizun.

Zakurtxo bat daukazu? Guk ERE Badaukagu.

Zu Errealeko bazkidea zara? Ni ERE Banaiz.

Baina… ERE eta aditz trinkoaren artean zerbait tartekatzen badugu, tarteko osagai horrek hartzen du “protagonismoa” – galdegai bihurtzen da –  eta, beraz, ez dugu aditza indartuko, hau da, aditzari ez diogu BA- erantsiko:

Nik ERE asko (zenbat) dakit gai horri buruz.

Ni ERE Errealeko bazkidea (zer) naiz.

Ni ERE jaio nintzenetik (noiztik) naiz Errealeko bazkidea.

Zuk ez ezik, guk ERE pazientzia handia (zer) daukagu.

Gehienak autobusez joango omen dira. Zu ERE autobusez (nola) zoaz? Ala gurekin autoz? 

·         EZ EZIK…ERE erabiltzeko ikasle batzuek izan dituzten zailtasunak ikusirik, gogorarazi diet bi osagai elkartzeko, lotzeko edo uztartzeko erabiltzen dela egitura hau eta bi osagai horiek ezinbestean kategoria gramatikal berekoak izan behar dutela (bi izen, bi izenondo, bi aditzondo, bi aditz partizipio…). Beste modu batera esanda, “ez ezik” eta “ere”ren aurreko bi osagaiek galdera berari erantzun behar diote (Zer? Noiz? Nola? Norekin? Zer ekintza?...) Gainera, uztartzen diren bi osagaiak aditzak direnean, lehenengoa derrigorrez partizipioa izaten da (ez aditz jokatua!!!: joan naiz ez ezik, ikusi dugu ez ezik, egin ditugu ez ezik…) eta bigarrena nahitaez indartu egin behar da, EGIN indartzailea erabiliz edo aditz bera errepikatuz. Jarraian datozen adibideak arbelean jarrita, azaldutakoaz ohartarazi ditut:

a.       Istripuan autoko giltzak (zer?) EZ EZIK, etxekoak (zer?) ERE galdu nituen, eta ez nituen aurkitu.

b.      Istripuan autoko giltzak galdu (nituen) EZ EZIK, aurkitu ERE egin nituen

= …aurkitu ere aurkitu nituen. Gaitzerdi!! (=Eskerrak!!).

c.       Ni (nor? Izenordea) EZ EZIK, zu (nor? Izenordea) ERE pozik zaude.

d.      Polita (nolakoa? Adjektiboa edo izenondoa) EZ EZIK, azkarra (nolako? Adjektiboa edo izenondoa) ERE bada neska hori.

e.       Hemen (non? Leku aditzondoa edo adberbioa) EZ EZIK, han  (non? Leku aditzondoa edo adberbioa) ERE liskarrak (=istiluak) sortu dira.

f.        Gaur (noiz? Denbora aditzondoa edo adberbioa) EZ EZIK, atzo (noiz? Denbora aditzondoa edo adberbioa) ERE ateri egin zuen.

g.      Sukaldea (zer?) EZ EZIK, etxeko zoko guztiak (zer?) ERE hutsik zeuden.

h.      Sukaldea hutsik (nola? Moduzko aditzondoa edo adberbioa) EZ EZIK, zikin (nola? Moduzko aditzondoa edo adberbioa) ERE bazegoen.

i.        Atzo gramatika ariketak egin (nituen) EZ EZIK, iritzi artikulu bat idatzi ERE egin nuen = …idatzi ERE idatzi nuen. 

·     Ondoren, honako honetaz ohartarazi ditut: (a) EZ EZIK, (b) ERE egitura erabiltzen dugunean, aditza (b) osagaiarekin komunztatu behar da:

j.        Sonia eta Isabel atzean eserita daude (plurala).

Baina…

k.      Iban (a) EZ EZIK, Alba (b) ERE atzean eserita dago.

l.        Iban (a) EZ EZIK, ni (b) ERE atzean eserita nago.

m.    Iban (a) EZ EZIK, zu (b)ERE atzean eserita zaude.

n.      Iban (a) EZ EZIK, David eta Alba (b) ERE atzean eserita daude.

·    Azkenik, aipatu diet EZ EZIK…ERE egitura, oro har, ongi erabiltzen dutela beste edozein kategoria uztartzeko, baina bi aditz lotzerakoan askotan oker egiten dutela; izan ere, ez da batere erraza: batetik, kontuan izan behar da bi aditz horiek partizipioak izan behar dutela eta ez adizki jokatuak; bestetik, derrigorrezkoa da bigarrena indartzea:

Etorkinek hona etortzen direnean, edozein lan onartu (part.) (1. osagaia) EZ EZIK, hemengo askoren mespretxua jasan (part.) (2. osagaia) ERE egiten dute = …jasan (part.) (2. osagaia) ERE  jasaten dute.

Horrelako ur handietan sartu nahi izan ezean, hona hemen beste aukera bat gauza bera adierazteko, samurragoa dena:

Etorkinek hona etortzen direnean, edozein lan onarTZEAZ GAIN, hemengo askoren mespretxua jasaten dute.

Ahalera hipotetikoa errepasatu (part.) EZ EZIK, lehenaldiko ahalera azaldu (part.) ERE egingo dizuet = … lehenaldiko ahalera azaldu (part.) ERE azalduko dizuet.

= Ahalera hipotetikoa errepasaTZEAZ GAIN, lehenaldiko ahalera azalduko dizuet.

- Joan den egunean, Alegiazko ahalera edo Hipotetikoaren lau sistemetako adizkiak nola sortzen diren azaldu nuen, Indikatiboko adizkietatik abiatuta. Hasteko, indikatiboko adizkietatik ahalera hipotetikorako urratsak gogorarazi dizkiet, arbelean zenbait adibide ipiniz:

Nor-nori: orainaldian DAKI-nori-KE > hipotetikoa: LEKI-nori-KE: lekidake, lekizuke, lekizkiguke…

Nor-nork:

o.     indikatibo lehenalditik abiatuta, U > ZAKE eta –N kendu (ninduzun > nintzakezu)

p.     edo orainaldiko  ahaleratik abiatuta, A-ren ordez, -IND/INT (nazakezu > nintzakezu). Hirugarren pertsonek, L-

Nor-nori-nork: orainaldian: DIEZA+ NORI + KE + NORK. Hipotetikoan, NORK aurrera: N + IEZA + NORI  + KE + (TE). Beraz, orainaldian ez bezala, hipotetikoan desberdin hasiko zaizkigu adizkiak, subjektuaren edo nork kasuaren arabera.

Errepaso gisa, zenbait adibide egin ditugu denon artean.

- Ondoren, honako ohar hau egin diet: ikusi genuen orainaldiko ahalera erabil daitekeela baldintza errealarekin konbinatuta (Ingelesez astiro hitz egiten badiote, dena uler_ dezake). Bada, gauza bera gertatzen da alegiazko ahalerarekin: alegiazko baldintza edo hipotikoaren (2. baldintza) ondorio gisa erabil daiteke ahalera hipotetikoa  (ekialdeko euskalkietan joera hori dute), ondorioko adizki hipotetikoen ordez (guk, hegoaldean, gehiago erabiltzen dugu ondorioko aditz hipotetikoa).

ERNE!!! Ohar zaitezte, ordea, baldintzaren ondorioan (egingo, iritsiko, etorriko, ikusiko…) ez bezala, ahalera erabiltzen dugunean aditzoina (egin_, irits_, etor_, ikus_…) baliatuko dugula, -I edo  –TU aditz-aspektu markarik gabe, alegia.

Bihar jai izango bazenu, elkarrekin egun pasa egingo genuke (ondorio hipotetikoa) (“haríamos”)

= Bihar jai izango bazenu, elkarrekin egun pasa egin genezake (ahalera hipotetikoa) (“podríamos hacer”).

Autoz joango banintz, garaiz iritsiko nintzateke bilera horretara (ondorio hipotetikoa) (“llegaría”)

= Autoz joango banintz, garaiz irits­­_ ninteke bilera horretara (ahalera hipotetikoa) (“podría llegar”)

Hona hemen adibide gehiago:

 

Ikasleak gehixeago saiatuko balira, emaitza hobeak lortuko lituzkete (ondorio hipotetikoa) (“conseguirían”).

= Ikasleak gehixeago saiatuko balira, emaitza hobeak lor_ litzakete  (ahalera hipotetikoa) (“podrían conseguir”).

Datorren astebururako eguraldi ona iragarriko balute, Urbasan mendi-ibilia egitera joango ginateke (ondorio hipotetikoa) (“iríamos”).

= Datorren astebururako eguraldi ona iragarriko balute, Urbasan mendi-ibilia egitera joan_ gintezke (ahalera hipotetikoa) (“podríamos ir”).

Erosleentzat aparkatzeko lekua nonbait BALEGO (=egongo BALITZ), auzoko erdigunean ez LITZATEKE arazorik izango eta auzokoek eta eskolako irakasle-ikasleok kotxeak hobeto aparkaTUKO GENITUZKE (ondorio hipotetikoa) (“aparcaríamos”) = aparka_ GENITZAKE (ahalera hipotetikoa)(“podríamos aparcar”).

- Goizeko taldean: AHOZKO ADIERAZPENA: Geroz eta etorkin gehiago gure artean. Jasone Osororen artikulu bat oinarritzat duen mintza-fitxa hau erabili dugu solaserako. Girotzeko bertan datorren testutxoa irakurri ondoren, klasean zeuden lau ikasleekin ozenki gai honen lehenengo bi puntuez aritu gara.. Hurrengoan jarraitzekotan geratu gara.  Hurrengorako, gaiarekin lotutako hiztegitxoa ekartzekotan geratu naiz.

o   Etorkin(a): “inmigrante”

o   Tolerantzia: “tolerancia”

o   Tolerante(a) = jasanbera: “tolerante”

o   Elkartasun(a): “solidaridad”

o   Elkarbizitza = bizikidetza: “convivencia”

o   Solidario(a): “solidario”

o   Zaurgarri(a) = kaltebera: zauritu daitekeena, erraz kalte egin ahal zaiona: “vulnerable”.

o   Bidezkoa (da,iruditzen zait…)… -TZEA (es justo…)

o   Bidegabea (da, iruditzen zait…)…-TZEA (ez injusto…): Bidegabea da   lanbide batzuetan etorkinak izateagatik ez kontratatzea.

o   Onartezina (da, iruditzen zait…)…-TZEA (es inaceptable): Onartezina   iruditzen zait etorkinei gizarte laguntzak ukatzea.

o   Eskubide(a): “derecho”

o   Betebehar(ra): “obligación”

o   Babes Ofizialeko Etxeak

o   Giza Eskubideak: “Derechos humanos”

o   Giza Eskubideak urratu = Giza Eskubideak ez bete

o   Diru-laguntzak: “subvenciones”

o   Aurreiritzi(a): norbait ezagutu aurretik daukagun iritzia (“prejuicio”).

o   Areagotu: gehitu, handitu: “incrementar”.

o   Gauzatu: egin, “realizar, llevar a cabo”.

o   Bermatu: “garantizar”

o   Errezeloz = mesfidati: “con recelo”

o   Bitartekoak (medios) = baliabideak (recursos)

o   Erroldatu: empadronar > erroldatze-agirira.

o   Ongizate(a) = Ongi izatea, “bienestar”. Ongizate estatu batean bizi garenez, badugu Gizarte Segurantza.

o   Pentsaera = pentsamolde(a): pentsatzeko era edomodua, “mentalidad”.

o   Gorabeheratsua: gorabeherak dituena. Adib.:  Gure arteko harremana gorabeheratsua da.

o   Ifrentzu(a): txanponaren beste aldea.

o   Indarrean jarri / indarrean egon. Adib.: Indarrean jarri dute abortuaren aurkako lege berria. Indarrean dago arau hori. Indarrean dagoen legediaren arabera, galarazita dago (=debekatuta dago) kongresuaren aurrean elkarretaratzeak egitea.

o   Gorriak ikustea: asko sufritzea. Gure aitona-amonek gorriak ikusi zituzten gerra garaian.

o   Noren + aldean = Norekin + alderaruta, erkatuta, konparatuta. Donostia txikia da BilboREN ALDEAN = Donostia txikia da BilboREKIN ALDERATUTA = BilboREKIN KONPARATUTA = BilboREKIN ERKATUTA.

o   Luze jo: Kataluniako prozesuak luze joko du = asko iraungo du = asko luzatuko da = Kataluniako prozesua ez da egun batetik bestera konponduko.

-Arratsaldeko taldean: AHOZKO BITARTEKOTZA:  Liburuak oraindik modan eta Dendaz denda. Irakurzaletasuna – gogoan izan dezagun joan den apirilaren 23an Liburuaren eguan izan genuela – eta dendaz denda ibiltzeko nahiz erosketak egiteko gizonezkoen eta emakumezkoen joeren arteko aldea izan dituzte mintzagai. Bikoteak aurretiaz antolatu genituen eta bitartekotza-fitxak etxean prestatu behar izan dituzte gaurko.

- ETXERAKO LANAK:

a.   Ezik // Izan ezik // Ez ezik…ere lantzeko indartze ariketa (erantzunekin). 40 esaldi dira, baldintza, salbuespena ala bi osagairen arteko lotura den identifikatu ostean, partizipioa + EZIK (=ezean), IZAN EZIK nahiz EZ EZIK…ERE erabiliz berridatz ditzaten. Oso ariketa gomendagarria da, batik bat, gaur zuzendutakoak gaizki eginak baldin bazituzten. Norberak ikus dezala zenbat egin. Nik, denak batera ez egiteko aholkatu diet.

b.   Jarri ERE bigarren esaldian” (ariketa hau egiteko, ERE lokailuaren teoria – joan den egunean zehatz-mehatz azaldu niena – laburbiltzen duen orria banatu diet: “ERE lokailuaren erabilera laburbilduz…”).

c.   Igandean izan zen Amaren Eguna. Horren harira, Ama deritzon ulermen-jarduera bidali diet, Imanol Lazkanorena.

d.  Akatsetatik ere ikas daitekeelako. Gaurkoan, 3. akatsa (-OK plural hurbilaren erabilera) eta 4.a (NOREN / NONGO kasuen arteko aldea) datozen azalpen orria irakur dezatela.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina