2025/05/16

B2.2 mailako 54. eskola, 2025eko maiatzaren 15ekoa (AZKENA)

 

54. eskola: 2025eko maiatzaren15ekoa (AZKEN EGUNA)

- ENTZUNAREN ULERMENA: Zer berri? 7. Sei albistetxo entzun dituzte eta  bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza  albiste horren gaiarekin uztartu behar izan dute, alegia, berri bakoitza zeri buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute; bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein hiztunek esan edo aipatu dituen aukeratu behar izan dute. Ariketa bakoitzerako, behin entzun behar da entzungaia; azken finean, entzungai berak direnez, bi ariketak egitean, azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Nahi izatera, zuzendu ostean, berriro entzun daitezke.

“Zaharrak berri”. Norbaitek “zer berri?” galdetzen dizunean, “zaharrak berri” erantzun diezaiokezu, ez dagoela berririk, ezer ez dela aldatu adierazteko. Gaztelaniazko “sin novedad” euskaraz modu txukunean adierazteko modua.

-       Egitura, esapide eta esamolde jatorrak euskaraz (II). Ikasleek euskarazko egitura, esapide nahiz esamolde jatorra hautatu behar zuten, gaztelaniatiko kalkoak saihestuz. Zuzendu ahala, zenbait ohar egin dizkiet. Ariketa honi aberasgarria deritzot guztiz, euren aberastasun lexikoa hobetzeko. Arreta berezia eskaini diegu honako bi hauei, nahiz eta bere garaian azaldu nizkien (ebazpen orria banatu diet, beharrezko azalpenekin):

Moduzko -ELA(RIK). Gogoan duzue?

Beraz, gaztelaniazko “con…en…” itzultzeko, ez erabili “norekin…non”. Kalko hori saihestu. Nola? –LA(RIK) moduzkoa erabiliz. Adib.: ha entrado a clase con el cigarro en la boca > zigarroarekin ahoan > ahoan zigarroa duELA(RIK) sartu da klasera; nuestro abuelo siempre andaba con la txapela en la cabeza > txapelarekin buruan > gure aitona beti txapela buruan zuELA(RIK) ibiltzen zen. Mendizaleak mendira abiatu dira, motxilekin bizkarrean > Mendizaleak mendira abiatu dira, motxilak bizkarrean dituzteLA(rik) = daramatzateLA(rik)” (nola abiatu dira?). Artzaina bere ardiengana doa, makilarekin eskuan > Artzaina bere ardiengana doa, makila eskuan duELA(rik) (nola doa?). Eztarriko mina duela eta, Miren zapiarekin lepoan etorri da klasera > Eztarriko mina duela eta, Miren zapia lepoan duELA(rik) etorri da klasera (nola etorri da?).

Halaber, jakizue, egitura osoa ezabatu daitekeela: Txapela buruan ibiltzen da Olentzero. Mendizaleak mendira abiatu dira, motxilak bizkarrean. Artzaina bere ardiengana doa, makila eskuan. Miren zapia lepoan etorri da klasera.

Partizipioa + BEHARREAN. Badakizue noiz erabili behar den eta nola? Hau ere azaldu  nizuen bere garaian. Nahiz eta esanahi bakarra duen, hiru erabilera desberdin ditu:

Bi osagai aurkajarriz (adiz bera dutelarik): Uda honetan, Mediterranioko kostaldera joan BEHARREAN, Loyrako gazteluak ikustera joango gara Frantziara.

Bi aditz desberdin aurkajarriz eta bigarren aditza EGINekin  indartuz (egin, egiten, egingo), predikatuan beste osagairik ez dagoenez, aditza delako galdegai edo “protagonista” eta beraz, derrigorrez markatu edo indartu behar delako: Bidaia luzeetan, autobusean noalarik, mugikorrarekin ibili BEHARREAN, irakurri EGITEN dut.

Bi aditz aurkajarriz baina bigarrena indartu gabe, bigarren aditz horrek badaramalako beste osagairen bat eta beraz, aditza ezin delako izan “protagonista” edo galdegaia, beste osagai hori baizik. Ondorioz, aditz horrek ez darama EGIN indartzailerik. Bidaia luzeetan, autobusean noalarik, mugikorrarekin ibili BEHARREAN, libururen bat (ZER?) irakurtzen dut.

-      Igogailuan izeneko ulermen-jarduera zuzendu dugu, astiro, testua neuk irakurri ahala beharrezko azalpenak emanez eta erantzun zuzenak behar bezala argudiatuz.

-    Joan den egunean Subjuntiboko orainaldiko adizkien osaera eta lau erabilera esparruak azaldu nizkien zehatz-mehatz. Gaurkoan, hasteko, errepaso gisa, joan den eguneko teoria laburbildu diet. Eurei kopia bana eman nien.

Zertarako erabiltzen dira Subjuntiboko adizkiak euskaraz? Esan dezagun, lau erabilera-kasu ditugula:

-          1. Helburuzkoa:

o   Zertarako? galderari erantzuten dio.

o   -T(Z)EKO nominalizazioaren parekoa da.

o   Amaieran –(e)N darama.

o   Eskolako idazkaritzatik deitu dute, ni lehenbailehen joateko = joan nadiN (zaitezen, dadin, gaitezen, zaitezten, daitezen)

o   Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik nortasun agiria eramateko = eraman dezadaN (dezazun, dezan, dezagun, dezazuen, dezaten)

o   Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik agiriak aurkezteko = aurkez ditzadaN (ditzazun, ditzan, ditzagun, ditzazuen, ditzaten).

o   Eskolako idazkaritzatik deitu didate, nik haiei nire datu eguneratuak eman diezazkiedaN.

-          2. Nahia edo desioa adierazten duena:

o   Zer? galderari erantzuten dio.

o   Nahia adierazten duten aditzekin erabiltzen da.

o   -T(z)EA nominalizazioaren parekoa da.

o   Amaieran –(e)N darama.

o   Zuek guztiok azterketa gaindi dezazuEN nahi nuke.

o   Eguberri jai zoriontsuak igaro ditzazuN opa dizut.

 

-          3. Aginduak ematekoa:

o   Lehenengo pertsonan: Has gaitezEN lanean! Ikus dezaguN zer dagoen barruan.

o   Hirugarren pertsonan: Etor dadiLA medikuren bat lehenbailehen!! Isil daitezELA behingoz, han atzean dauden ikasleak!

 

-          4. Zehar-aginduak adieraztekoa:

o   Azpian agindu bat dauka.

o   Esan, eskatu, aholkatu, gomendatu, agindu, erregutu

o   Zer? galderari erantzuten dio.

o   -T(z)EKO nominalizazioaren parekoa da.

o   Amaieran –(e)LA darama.

o   Dabidek hiztegia erabil dezaguLA aholkatu digu.

o   Irakasleak ikasleei lanean has daitezELA agindu die.

o   Liburutegian ondoko mutilari mesedez isilik egon dadiLA eskatu diot.

-     Orainaldiko Subjuntibo adizkiak lantzeko ariketetan zalantzarik baduten galdetu eta, izanez gero, argitu. Gaur, etxerako beste bi ariketa bidali dizkiet, orainaldiko Subjuntiboko adizkien erabileran treba daitezen. Bidali diedan 2. ariketa espresuki sortua da aginterako adizkiak eta aginte-subjuntiboa (1. eta 3. pertsonei aginduak emateko) praktika ditzaten, hots, Subjuntiboaren 3. erabilera landu dezaten. Gogorarazteko, zenbait adibide egin ditugu zuzenean:

a.    Xabiiiiii, isil ZAITEZ!!!!! (agintera adizkia, 2. pertsonari emandako agindua delako).

b.    Isil DAITEZELA (3. pl.) han atzean eserita daudenak! (aginte-subjuntiboa, 3. pertsonari emandako agindua delako. –(e)LA darama).

c.     Gu isil GAITEZEN (1. pl.), badaezpada ere, Dabid haserretu baino lehen (aginte-subjuntiboa, 1. pertsonari emandako agindua delako. –(e)N darama).

d.    Pili, ireki EZAZU leihoa!!! (agintera adizkia, 2. pertsonari emandako agindua delako).

e.     Ireki DEZAGUN leihoa (1.pl. ), gela honetan bero izugarria dago eta (aginte-subjuntiboa, 1. pertsonari emandako agindua delako. –(e)N darama).

f.     Norbaitek ireki DEZALA leihoa (3. sing.), bero handia baitago (aginte-subjuntiboa, 3. pertsonari emandako agindua delako. –(e)LA darama).

g.     Miriam, errepasa ITZAZU aditzak!!!!!!!! (agintera adizkia, 2. pertsonari emandako agindua delako).

h.    Errepasa DITZAGUN aditzak (1. pl.) (aginte-subjuntiboa, 1. pertsonari emandako agindua delako. –(e)N darama).

i.      Ikasleek errepasa DITZATELA aditzak (3. pl.) (aginte-subjuntiboa, 3. pertsonari emandako agindua delako. –(e)LA darama).

-   AHOZKO ADIERAZPENA: Internet bidez erostea (30´). Gaurkoan, mintza-fitxa hau izan dute mintzagai. Hiztegi lagungarria banatu diet.

Arriskuak gorabehera, batzuek Internet giza harremanetarako erabiltzen dute, lagun nahiz bikotekideak bilatzeko. Beste askok, berriz, nahiago izaten dute jendea aurrez aurre ezagutu, baina Internetera jotzen dute erosketak egiteko orduan. Egia esan, gero eta gehiago dira Internetez erosten dutenak (arropa, gailu elektronikoak, janaria – supermerkatu batzuek ematen baitute horretarako aukera – eta hamaika gai gehiago  Azken urteotan – eta, batez ere, pandemiak  gure mugikortasuna mugatu zuenetik –  Internet bidezko erosketek egundoko (=sekulako = izugarrizko) hazkunde (=hazkuntza) izan omen dute. Interneten ia denetarik aurki genezake salgai, baita “haziak” ere, kar-kar-kar.

- BITARTEKOTZA: Mugikorraren, Interneten eta ordenagailuen erabilera lurraldeka eta Sare sozial nagusiak eta hauen erabilera 15-29 urte arteko gazteen artean. Ikasleak binaka bildu dira. Ondoren, A ikasleak Internet eta mugikorraren nahiz ordenagailuen erabilerari buruzko hiru grafiko azaldu behar izan dizkio B ikasleari. Hiru grafiko hauek lurraldearen, sexuaren  eta biztanleriaren jarduera nahiz helburuaren araberako Internet, mugikor eta ordenagailuaren erabilerari buruzkoak dira.

Jarraian, B ikasleak A ikasleari sare sozial nagusiei eta 15-29 urteko gazteek egiten duten erabilerari buruzko bi grafiko azaldu behar izan dizkio.

Bitartekotza jarduera honi ekin aurretik, berriz banatu diet bitartekotza ariketetan grafikoak interpretatzeko aholku eta jarraibideen orria. Hor datorkia, esaterako, ehunekoak edo portzentajeak mugagabean deklinatzen direla – salbuespenak salbuespen: biztanleen % 20, % 20k, % 30ek, % 20ri, % 30i, % 30entzat, % 20ren ustez… Halaber, grafikoak interpretatzen dituztenean, superlatiboa erabiltzea ohikoa izaten dela eta berau bi modutara erabiltzen dela: erlatibozko batean txertatuta edo erlatibozkorik gabe esaldi sinpleago batean.

-       AUKERAKO Etxerako lanak

-  NOLA vs. ZERTAN. Ikasleen esaldiak zuzentzeko aukerako ariketa. EBAZPEN orria, blogean eskuragarri.

-       -T(z)EN nominalizazioa lantzeko aukerako ariketa. EBAZPEN orria, blogean eskuragarri.

-   ENTZUNAREN ULERMENA: Haurrak eta Internet (x0,9, x1). Haurrek Interneten izan ditzaketen arriskuen gaineko entzungai hau birritan entzun dezatela, aurretik itemak astiro irakurri ostean. Jarraian, zuzen dezatela erantzun-orriarekin (entzungaia eta erantzun orria, blogean eskuragarri).

-      Gaur, etxerako aukerako bi ariketa bidali dizkiet, orainaldiko Subjuntiboko adizkien erabileran treba daitezen (Subjuntiboko adizkiek eragiten dizkiguten buruhausteak). Bidali diedan 2. ariketa espresuki sortua da aginterako adizkiak eta aginte-subjuntiboa (1. eta 3. pertsonei aginduak emateko) praktika ditzaten, hots, Subjuntiboaren 3. erabilera landu dezaten.

-    Amaitzeko, ikasturte amaierako azterketaren nondik norakoak azaldu dizkiet (atalak, iraupena, trebeziak, puntuazioa…).

B2.2 maila: Subjuntibo adizkien lau erabilerak laburbilduz

B2.2 maila: (H5P) Subjuntiboko adizkiek eragiten dizkiguten buruhausteak