2025/05/09

B2.2 mailako 52. eskola, 2025eko maiatzaren 8koa

 

52. eskola: 2025eko maiatzaren 8koa

-  Nork bere iritzia ematen duenean, dela iritzi artikuluetan edo argudio testuetan, dela solasaldi nahiz eztabaidetan, iritzi edo uste hori argudiatu edo arrazoitu egin behar izaten du eta, horretarako, kausazko perpausak edo esaldiak erabiltzen dira. Gatozen kausazko perpausak egiteko modu desberdinak errepasatzera. Azalpenerako, joan den astean eman eta irakurtzeko esan nien txostena erabili dugu. Horrezaz gain, Gramatika eta ariketak II liburuko gaiaren kopia ere eman diet. Hauetxek dira gaur ikusi ditugun kausazko menderagailuak:

-(E)LAKO

ETA

BAIT-

-T(Z)EAGATIK  eta  –T(Z)EARREN,

-(e)NEZ (GERO)

-(E)LA ETA (eta honen kidekoak: -(e)la medio, -(e)la kausa, -(e)la bide, -(e)la zio)  

ZEREN (eta)

Azken honi dagokionez, azalpen zehatza apunteetan daukaten arren, zera azpimarratu nahi izan diet:

·         Idatziz hiru aukera dituela:

- bera bakarrik erabil daiteke, nahikoa baita kausaltasuna adierazteko (Bihar ezin izango naiz klasera etorri, zeren hitzordua daukat espezialistarenean).

- -BAIT kausazkoarekin indartu daiteke (Bihar ezin izango naiz klasera etorri, zeren hitzordua baitaukat espezialistarenean).

-  –(e)N-ekin konbina daiteke (Bihar ezin izango naiz klasera etorri, zeren hitzordua daukadan espezialistarenean).

·      Ahoz bat-batean hitz egiten dugunez, hots, inprobisatzeko joera dugunez eta beraz, esaldia noiz amaituko dugun ez dakigunez, barra-barra erabiltzen dela, “ze...” moduan. Aurrean “ze...” esan eta lixto, gero, nahi adina luza dezakezu kausa eta irakurleak edo entzuleak ez dauka amaiera arte itxaron beharrik hori guztia kausa dela jakiteko. Nik neuk askotan erabiltzen dut.

-  AHALERA: Hasteko, 306. fitxa baliatuz, Iraganeko Ahalerako adizkiei buruz azaldutakoa gogorarazi diet. Iraganekoak, amaieran –EN darama (-te amaiera dutenek, -N baino ez dute hartzen) eta hirugarren pertsonek, hasieran L- eraman beharrean, Z.  Beraz, Alegiazko Ahalera edo Hipotetikotik Lehenaldira igarotzea nahiko erraza da, bi aldaketa horiek egitea aski baita.

  Bestalde, Iraganeko ahalerako adizkiak AHAL + Indikatiboa egituraren parekoak dira (eta ezezkoetan EZIN + Indikatiboa):

-          NOR: Gu bilera hartara joan_ GINTEZKEEN (= joan ahal ginen); Mikel gurekin bazkaltzera etor_ ZITEKEEN (= etorri ahal zen).

-     NOR-NORI: Kontuz ibili ezean, niri giltzak gal_ ZEKIZKIDAKEEN (= galdu ahal zitzaizkidan); Eskerrak ertzainek geldiarazi zuten! Bestela, edanda zihoan gidari hari istripu bat gerta_ ZEKIOKEEN (= gertatu ahal zitzaion).

-     NOR-NORK: Zuk ni txikitan airean altxa_ NINTZAKEZUN (= altxatu ahal ninduzun), baina orain asko pisatzen dut; Guk zu ezin ZINTZAKEGUN behar bezala babes_ (= ezin zintugun behar bezala babestu); Bizilagunek gu sala_ GINTZAKETEN (= salatu ahal gintuzten), baina, zorionez, azkenean onez onean konpondu genuen arazoa; Mattinek lan hori azkarrago egin_ ZEZAKEEN (= egin ahal zuen), horrelako lanetan oso iaioa = trebea baita.

-  NOR-NORI-NORK: Barkadazu, atzo deitu zenidanean ezin NIEZAZUKEEN kasurik egin_ (= ezin nizun kasurik egin); Guk berari lagun_ GENIEZAIOKEEN (= lagundu ahal genion), baina ez genion lagundu, ez baitzuen merezi; Ikuskizunerako sarrera erdi prezioan lor_ ZIEZADAKEEN (= lortu ahal zidan), baina ez zuen hala egin.

-  Laburbilduz, Iraganeko edo Lehenaldiko Ahalerak, amaieran –EN darama    (-te amaiera dutenek -N baino ez dute hartzen) eta hirugarren pertsonek, hasieran L- eraman beharrean, Z-. 

Adib.:

-          Agian bihar zurekin afaltzera joan NINTEKE (“podría ir”), deituko dizut berresteko (alegiazko ahalera edo hipotetikoa, ni joateko aukera badagoelako).

-          Atzo zurekin afaltzera joan NINTEKEEN (=joan ahal nintzen) (“podía ir”, “podía haber ido”), baina ez joatea erabaki nuen” (iraganeko ahalera edo lehenaldikoa).

-          Mikel gehiago saiatuko balitz, egunen batean abokatu bikaina izan LITEKE (“podría ser”)(alegiazko ahalera edo hipotetikoa, abokatu izateko aukera badagoelako).

-          Mikel abokatu bikaina izan ZITEKEEN (=izan ahal zen) (“podía ser”, “podía haber sido”), baina albaitari (bezala) lan egitea erabaki zuen (iraganeko ahalera edo lehenaldikoa, jada abokatu izateko aukerarik ez daukalako, beste lanbide bat hautatu baitzuen, albaitariarena).

Liburuan jartzen duen bezala, ahalerako iraganeko adizkiek aditz nagusiak aipatzen duen ekintza iraganean egiteko ahalmena edo gaitasuna eta iraganean zerbait gertatzeko aukera edo posibilitatea adierazten dute. Baina ez dakigu azkenean egin zen ala ez. Hortxe dago koska!

-     Arestian esan bezala, Iraganeko ahalerako adizkiak AHAL + Indikatiboa egituraren parekoak dira: joan_ gintezkeen = joan ahal ginen; egin_ zenezakeen = egin ahal zenuen; eros_ zitzakeen = erosi ahal zituen; har_ nitzakeen = hartu ahal nituen…; ikus_ nintzakezun = ikusi ahal ninduzun; ekar_ zeniezadakeen = ekarri ahal zenidan

-      Bestalde, ez  ditzatela nahas iraganeko ahalera – “etor zitekeen = etorri ahal zen” (“podía venir” edo “podía haber venido”) (etortzeko aukera edo ahalmena adierazten du, baina ez dakigu azkenean etorri zen ala ez, ez dakigu ekintza burutu zen ala ez) – eta “etorri ahal IZAN zen” (“pudo venir”) (hemen, etorri zela adierazten dugu, ekintza amaitua dago eta, horregatik, IZAN hartu du, aditz konposatua delako, ahal izan, behar izan, nahi izan, ezin izan, balio izan, axola izan, merezi izan, inporta izan, bizi izan… aditzen familiakoa: ezin izan nintzen joan (“no pude ir”), ezin izan nuen egin (“no pude hacer”), joan behar izan genuen (“tuvimos que ir”), merezi izan zuen (“mereció”), bizi izan zen (“vivió”)….

-  Atzo lanetik ordu bietan irten nintzenez, erosketak egitera joan NINTEKEEN = joan AHAL NINTZEN (podía ir) (baina ez dakigu joan nintzen, dakigun gauza bakarra da astia banuela joateko).

-    Atzo lanetik ordu bietan irten nintzenez, erosketak egitera joan AHAL IZAN NINTZEN (pude ir) (kasu honetan, erosketak egitera joateko aukera bete edo gauzatu zela adierazten da, erosketak egitera joan zela, alegia).

-   Ondoren, berariaz prestatu diedan orria banatu eta ahalmena denboran zehar nola  adierazten den azaldu diet, adibideak irakurri ahala.

     AHAL NAIZ / DUT

    AHAL IZATEN NAIZ  / DUT

    AHAL IZANGO NAIZ / DUT = AHALKO NAIZ / DUT

    AHAL NINTZEN / NUEN

    AHAL IZATEN NINTZEN / NUEN

    AHAL IZANGO NINTZEN / NUEN = AHALKO NINTZEN / NUEN

-    Jarraian, família edo multzo horretako aditz konposatuek (AHAL IZAN, EZIN IZAN, NAHI IZAN, BEHAR IZAN, BIZI IZAN, BALIO IZAN, MEREZI IZAN, FALTA IZAN, USTE IZAN...) berdin jokatzen dutela adierazi diet, hots, ekintza amaitua dagoela adierazteko IZAN hartu behar dutela; maiztasuna adierazteko, IZATEN, eta geroa adierazteko, IZANGO: ezin izan nintzen joan (“no pude ir”), ezin izan nuen egin (“no pude hacer”), joan behar izan genuen (“tuvimos que ir”), merezi izan zuen (“mereció”), bizi izan zen (“vivió”)…. Txostena eman diet hauen guztien adibide eta itzulpenekin.

-     Beno, ba… iritsi da ikasturte osoan zehar behin eta berriro hainbat testutan agertuz joan zaigun euskal subjuntiboa ikusteko garaia. SUBJUNTIBERA: Gramatika eta ariketak II 8. eta 9. gaian datorkie. Hasteko, 8. gaian (26-27. orr.), A atalean sarrera dator, baina hor daukaten taula gris hori ezabarazi diet, nahasgarria izan daitekeelakoan. B atalean, euskal subjuntiboa zertarako erabiltzen den azaltzen da. C atalean, nola osatzen diren adizki hauek. D atalean, taulak. Ondoren, liburuko 9. gaian (30 eta 31. orrialdeetan), azalpenerakin jarraitzen du eta euskaraz subjuntibo adizkiek dituzten lau erabilera esparruak azaltzen dira. Dena den, nire apunteak orrialde horiek baino egokiagoak direlako ustean, horiek banatu eta azaldu dizkiet: “Subjuntiboa. Teoria”.

o  Hasteko, ohar bitez ahalera / subjuntiboaren arteko aldeaz:  ahalerako adizkiek derrigorrez –KE daramate (etor naiteke, egin dezaket, eraman nazakezu, eros diezaiokegu, hurbil dakiguke…)  Subjuntibokoek, berriz,  -ke horren ordez,  –(e)N daramate, bai orainaldian, bai lehenaldian (etor nadin, egin dezadan, eraman nazazun, eros diezaiogun, hurbil dakigun…). Gainerakoan, ahalerako adizkiak eta subjuntibokoak, formalki nahiko antzekoak dira eta subjuntiboko adizkiek, ahalerakoek bezalaxe, aurrean aditzoina daramate (-i eta  –tu gabe, alegia), salbuespenak salbuespen: etor_ zaitezen, ikus_ ditzadan, hurbil_ dakigun, bidal_ diezazkiogun…).

o  Erabilerari dagokionez, Ahalerak zerbait gertatzeko aukera edo posibilitatea edota zerbait egiteko ahalmena edo gaitasuna adierazten du. Subjuntiboak, berriz, zer adierazten du? Zertarako erabiltzen dira subjuntiboko adizkiak euskaraz? Esan dezagun, lau erabilera esparru dituela.

                                                                                      i.      1. Helburuzkoa:

1.      Zertarako? galderari erantzuten dio.

2.      -T(Z)EKO nominalizazioaren parekoa da.

3.      Amaieran –(e)N darama.

 

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, ni lehenbailehen joateko = joan nadiN (zaitezen, dadin, gaitezen, zaitezten, daitezen)

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik nortasun agiria eramateko = eraman dezadaN (dezazun, dezan, dezagun, dezazuen, dezaten)

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik agiriak aurkezteko = aurkez ditzadaN (ditzazun, ditzan, ditzagun, ditzazuen, ditzaten).

Eskolako idazkaritzatik deitu didate, nik haiei nire datu eguneratuak eman diezazkiedaN.

Agian, ikasleei erabilerarik ezagunena lehenengoa egingo zaie; izan ere, ikasturtean zehar askotan agertu izan zaigu helburuzko subjuntiboa, helburua edo xedea adierazteko helburuzko esaldietan erabiltzen dena, alegia (“zertarako?” galderari erantzuten diona):

                                                                                   ii.      2. Nahia edo desioa adierazten duena:

1.      Zer? galderari erantzuten dio.

2.      Nahia adierazten duten aditzekin erabiltzen da.

3.      -T(z)EA nominalizazioaren parekoa da.

4.      Amaieran –(e)N darama.

 

                        Zuek guztiok azterketa gaindi dezazuEN nahi nuke.

                        Eguberri jai zoriontsuak igaro ditzazuN opa dizut.

 

                                                                                 iii.      3. Aginduak ematekoa:

1.      Lehenengo pertsonan: Has gaitezEN lanean! Ikus dezaguN zer dagoen barruan.

2.      Hirugarren pertsonan: Etor dadiLA medikuren bat lehenbailehen!! Isil daitezELA behingoz, han atzean dauden ikasleak!

 

                                                                                  iv.      4. Zehar-aginduak adieraztekoa:

1.      Azpian agindu bat dauka.

2.      Esan, eskatu, aholkatu, gomendatu, agindu, erregutu…

3.      Zer? galderari erantzuten dio.

4.      -T(z)EKO nominalizazioaren parekoa da.

5.      Amaieran –(e)LA darama.

 

                                    Dabidek hiztegia erabil dezaguLA aholkatu digu.

                                    Irakasleak ikasleei lanean has daitezELA agindu die.

                                    Liburutegian ondokoari mesedez isilik egon dadiLA eskatu diot.


Gramatika eta ariketak II liburuko taulei erreparatuz gero, begiratu hutsarekin jabetuko dira ahalera eta subjuntiboa oso antzekoak direla itxura aldetik, baina ahalerak –KE daramala; subjuntiboko adizkiek, berriz,  amaieran         -(e)N (orainaldian nahiz lehenaldian). Hau bitxia da, zeren orain arte, aditz batek amaieran  –(e)N baldin bazeukan, lehenaldia zen seinale. Orain, berriz, ikus dezaketenez, subjuntiboko adizkiek orainaldian ere –(e)N daramate (nadin, dakigun, gaitzazuen, diezaiodan…) baina…beti??? Ezzzzzzzz. Batzuetan –(e)LA baitaramate (nadila, dakigula, gaitzazuela, diezaiodala…). Arestian azaldutako lau erabilera horietan argi ikus dezakete noiz bata eta noiz bestea.

 

-       Gorpuzkera ona izateko eta osasuntsu egoteko, kirola egitea bezain garrantzizkoa da elikadura zaintzea. Horren harira, elikaduraz jardun dugu gaurkoan. AHOZKO ADIERAZPENA: Elkarrizketa (40´): Elikadura osasungarria, osasuntsu egon gaitezen.

 Elikadura osasunGARRIA[1], osasunTSU egon gaitezen

1.   Jateko ohituren bilakaera. Garai batean, eltzekoa jaten zen; egun, berriz, aurrez prestatutako janaria eta izoztutakoa. Zergatik ote? Zuk zeuk baduzu horrelako janaria erosteko edo jateko azturarik? Hain kaltegarriak ote dira horrelako jakiak?

2.       Kaltzioa duten elikagaiak, bifidusa daukatenak, zuntza dutenak, bitaminak gehitutakoak,… Garai batean ez bezala, sekulako aukera daukagu egun. Hala ere, lehen baino okerrago jaten dela diote adituek. Zer deritzozu honi?

3.   Ohartu al zarete hedabideetan janari azkarraren (hanburgesak, pizzak…) zenbat eta zenbat iragarki ematen dituzten? Ez al da kontraesankorra elikadura zaindu behar dugula esatea eta gero horrelakoak iragartzea gu tentatzearren? Jakina, negozio biribila dago hor atzean.

-       Etxerako lanak

o   Kausazko perpausak lantzeko 1. eta 2. ariketak.

o   AHAL IZAN, EZIN IZAN, BEHAR IZAN, NAHI IZAN eta kidekoak lantzeko ariketa.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Albiste laburrak II (ariketa eta audioa blogean eskuragarri).

o   Arrasto digitala izeneko cloze-testa, Interneten nabigatzen dugunean oharkabean utziz goazen arrastoari buruzkoa.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Bitartekotza fitxak, biak ere zibersegurtasunari buruzkoak. Binaka adostuta, bat prestatu behar dute hurrengo egunerako.

o  Orainaldiko subjuntiboko adizkiak. Neuk prestatu dizkiedan ariketekin hasiko gara: “Orainaldiko subjuntiboa langai”.  Ariketa horietako subjuntibo adizkiei dagokienez:

Denak dira orainaldiko subjuntiboa lantzeko ariketak.

Lehenengo bietan, NOR sistema praktikatuko dute.

Beste bietan, NOR-NORK (baina 3. pertsonak bakarrik jarri ditut, zalantzarik gabe, gehien erabiltzen direnak baitira).

Esaldi bakoitzaren ondoren jar dezatela, parentesi artean, subjuntiboko adizkiak ikusi ditugun lau erabilera horietako zein duen eta, halaber, saia daitezela nominalizazio batekin berridazten. Adib.: “Oso eguraldi ona egin behar du ni hondartzara hurbil NADIN” (=”Oso eguraldi ona egin behar du ni hondartzara hurbilTZEKO” (1. erabilera, helburuzkoa, “zertarako?” galderari erantzuten diona).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

 o   EKARRI:

§  Igogailuari buruzko ulermen-jarduera (246. fitxa).

§  Egitura, esapide eta esalmode jatorrak euskaraz I (Aste Santurako bidalia).

§  Ziberseguruak al gara? deritzon ulermen-jarduera (317. fitxa, H5P formatuan ere eskuragarri blogean).



[1] OsasunGARRIa: osasuna eragiten edo ematen duena.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina