2025/05/14

B2.2 mailako 53. eskola, 2025eko maiatzaren 13koa

 

53. eskola: 2025eko maiatzaren13koa

-    Egitura, esapide eta esamolde jatorrak euskaraz (I) zuzendu dugu, beharrezko azalpenak emanez. Ikasleek euskarazko egitura, esapide nahiz esamolde jatorra hautatu behar zuten, gaztelaniatiko kalkoak saihestuz. Zuzendu ahala, zenbait ohar egin dizkiet. Ariketa aberasgarria guztiz euren aberastasun lexikoa hobetzeko (erantzun-orria banatu diet).

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izango balu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

- Kausazko perpausak. Joan den egunean klasean kausazko perpausak osatzeko modu desberdinak azaldu nizkien neure txostena baliatuz: -(e)LAKO, ETA, BAIT, -T(z)EAGATIK eta  -T(z)EARREN, -(e)NEZ (GERO), -(e)LA ETA (= -ela medio =  -ela kausa = -ela zio)  eta ZEREN. Gaurkoan, Gramatika eta ariketak II liburuko teoria banatu diet, kausazko perpausei buruzkoa, norbaitek hortik ikasi nahiago badu. Adibide hauen bidez gogorarazi dizkiet joan den egunean azaldutako kausazkoak:

Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri duELAKO, ukrainarrek etxean egon beharra daukate gaueko 22:00etarako.

= Ukrainarrek gaueko 22:00etarako etxean egon beharra daukate, Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri duELAKO.

Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarTZEAGATIK, ukrainarrek etxean egon beharra daukate gaueko 22:00etarako.

= Ukrainarrek gaueko 22:00etarako etxean egon beharra daukate, Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarTZEAGATIK.

Ukrainarrek gaueko 22:00etarako etxean egon beharra daukate,  Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri  BAITu.

Ukrainarrek gaueko 22:00etarako etxean egon beharra daukate, Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri du ETA.

Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri duENEZ (GERO), ukrainarrek etxean egon beharra daukate gaueko 22:00etarako.

Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri duELA ETA,  ukrainarrek etxean egon beharra daukate gaueko 22:00etarako.

Ukrainarrek etxean egon beharra daukate gaueko 22:00etarako, ZEREN Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri du / BAITu / duEN.

- Errepaso labur horren ostean, bidali nizkien bi ariketak (Euri asko egin duelako  eta Esan duzun guztiarekin ez nago ados) zuzendu ditugu, beharrezko azalpenak emanez.

- Bigarren ariketa zuzendutakoan, ohar garrantzitsu baten berri eman diet: kausazko perpaus kateatuak nola egin behar diren (azalpenaren kopia eman diet): 

 Ikasleok, 2. ariketan, ohartu edo jabetuko zineten euskaraz – gaztelaniaz ez bezala – kausa bat baino gehiago elkarrekin doazenean, bakoitzak bere kausazko marka eraman behar duela ezinbestean (gaztelaniaz nahikoa izaten da lehenengoari jartzea). Adibidez: He llegado tarde, porque me he despertado tarde, no arrancaba el coche y he perdido el autobús” > Berandu heldu naiz, berandu esnatu naizELAKO (1. kausa), autoa ezin nuELAKO (2. kausa) martxan jarri eta autobusa galdu dudaLAKO (3. kausa).

Argi geratu da, beraz, euskaraz kausa bat baino gehiago kateatuta doazenean, kausazko perpaus bakoitzak eraman behar duela bere kausazko partikula edo marka baina… orain honako zalantza hau sor dakizueke zuei… Marka bera eraman behar dute? Ala marka desberdina eraman dezakete?  Hona azalpenerako adibideak:

Berandu iritsi naiz, autoa ez zebilELAKO eta autobusa berandu iritsi dELAKO ( bi kausa autonomo eta, beraz, marka bera).

Buruko minak lehertzen nago, izugarrizko ajea dudaLAKO, bart gauean gaupasa egin BAITut (bi kausak ez dira autonomoak; bata bestearen barruan dago, bata bestearen kausa da; horregatik, aldea nabarmentzeko, marka desberdinak).

Lehenengo adibidean, berandu iristeak bi kausa edo arrazoi autonomo dauzka, ETA lokailuarekin lotuta (=uztartuta). Beraz, marka bera eraman behar dute; biek –(e)LAKO, biek BAIT-, -(e)NEZ (GERO)… (zuzendu berri dugun ariketan ikusi ahal izan dugun bezala).

Zergatik iritsi naiz berandu?

Lehenengo arrazoia edo kausa: autoa ez ibiltzea.

Zergatik iritsi naiz berandu?

Bigarren arrazoia edo kausa: autobusa berandu iritsi izana.

Bigarren adibidean, ordea, egoera bestelakoa da. Bi kausak ez dira autonomoak, bata bestearen menpekoa baizik; bata bestearen kausa dira, ez dira maila berean dauden kausak. Horregatik, bien arteko aldea nabarmentzeko, marka desberdina eraman behar dute:

Zergatik zaude buruko minak lehertzen?

Kausa edo arrazoia honako hau da: Izugarrizko ajea (=bestondoa = biharamuna) edukitzea.

Zergatik daukazu izugarrizko ajea?

Honen kausa edo arrazoia honako hau da: bart gauean gaupasa egin izana.

Beste modu batera esanda, bart gauean gaupasa egin izana ez da zuzenean buruko mina izatearen kausa, ajea edukitzearen kausa baizik.

Ulertu baldin badute, gai izan behar dute adibideotan maila bereko kausak diren ala ez bereizteko:

Ez du ikasturtea gainditu, ikasturte osoan klasera oso gutxitan etorri delako, ia idazlanik egin ez duelako, eskolako liburua erosi ere egin ez duelako eta etxerako lanak oso noizean behin egiten zituelako.

(Lau kausak maila berean daude, lauak dira ikasturtea gainditu ez izanaren arrazoi edo kausa autonomoak. Horregatik daramate marka bera eta horregatik doaz ETA batek lotuta).

Ez du ikasturtea gainditu, ikasturte osoan klasera oso gutxitan etorri delako, ama ospitalean izan baitu luzaroan gaitz sendaezin batek jota.

(Hemengo bi kausak ez dira autonomoak; ikasturtea gainditu ez izanaren kausa klasera gutxitan etorri izana da eta, klasera gutxitan etorri izanaren kausa, berriz,  ama ospitaleratuta eduki izana. Horregatik daramate marka desberdina, kausazko bat bestearen barruan dagoelako, bestearen menpekoa delako).

-  Internet eta sare sozialen gaiari helduta, zibersegurtasunari buruzko ulermen-jarduera – “Ziberseguruak al gara? –, esaldiak testuan txertatzekoa (bi distraktoreak saihestuz), zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izanez gero, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

Honako ohar hauek egin dizkiet:

a.      Indarrean jarri / indarrean egon (lege bat, arau bat, neurri bat,…). Adib.: Indarrean jarri dute abortuaren aurkako lege berria. Indarrean dago arau hori. Indarrean dagoen legediaren arabera, galarazita dago (=debekatuta dago) kongresuaren aurrean elkarretaratzeak egitea. Birusaren hedapenari aurre egiteko, hainbat neurri jarri ditu indarrean Eusko Jaurlaritzak.

 

b.      Pentsatzeak (zerk) beldurrak airean jartzen nau.

 Pentsatze hutsak (zerk, baina indartua) beldurrak airean jartzen nau.

Sugeak ikusteak (zerk) izua eragiten dit.

Sugeak ikuste hutsak (zerk, baina indartua) izua eragiten dit.

 

c.       Beldurrak airean nago (=oso beldurtuta nago)

Kirioak airean nago = nerbioak airean nago (=oso urduri nago).

Pozak airean nago (=oso pozik) = pozez txoratzen nago.

-   AHOZKO BITARTEKOTZA: Nola bihurtu zure etxea ziberleku segurua” eta  Zibersegurtasuna haurrekin”. Ikasleek binaka adostuta, bitartekotza ariketa hau prestatu behar izan dute etxean, asko jota 15 minutuz. Horrelako aholkuak emateko egitura hauek erabil ditzatela aholkatu diet:

Komenigarria da / litzateke = gomendagarria da / litzateke …-T(z)EA

Partizipioa +behar(ko)  ZENUKE

Komeni zaizu…-T(z)EA

Nik, zu izango banintz,…. nuke

…-T(z)EKO aholkatzen = gomendatzen dizut.

-  Joan den egunean Subjuntiboko orainaldiko adizkien osaera eta lau erabilera esparruak azaldu nizkien zehatz-mehatz. Gaurkoan, hasteko, errepaso gisa, joan den eguneko teoria laburbiltzen aritu natzaie (ez dut dena azaltzeko astirik izan). Eurei kopia bana eman diet. Zertarako erabiltzen dira Subjuntiboko adizkiak euskaraz? Esan dezagun, lau erabilera-kasu ditugula:

1. Helburuzkoa:

Zertarako? galderari erantzuten dio.

-T(Z)EKO nominalizazioaren parekoa da.

Amaieran –(e)N darama.

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, ni lehenbailehen joateko = joan nadiN (zaitezen, dadin, gaitezen, zaitezten, daitezen)

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik nortasun agiria eramateko = eraman dezadaN (dezazun, dezan, dezagun, dezazuen, dezaten)

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik agiriak aurkezteko = aurkez ditzadaN (ditzazun, ditzan, ditzagun, ditzazuen, ditzaten).

Eskolako idazkaritzatik deitu didate, nik haiei nire datu eguneratuak eman diezazkiedaN.

2. Nahia edo desioa adierazten duena:

Zer? galderari erantzuten dio.

Nahia adierazten duten aditzekin erabiltzen da.

-T(z)EA nominalizazioaren parekoa da.

Amaieran –(e)N darama.

                        Zuek guztiok azterketa gaindi dezazuEN nahi nuke.

                        Eguberri jai zoriontsuak igaro ditzazuN opa dizut.

 

   3. Aginduak ematekoa:

Lehenengo pertsonan: Has gaitezEN lanean! Ikus dezaguN zer dagoen barruan.

Hirugarren pertsonan: Etor dadiLA medikuren bat lehenbailehen!! Isil daitezELA behingoz, han atzean dauden ikasleak!

 

4. Zehar-aginduak adieraztekoa:

Azpian agindu bat dauka.

Esan, eskatu, aholkatu, gomendatu, agindu, erregutu

Zer? galderari erantzuten dio.

-T(z)EKO nominalizazioaren parekoa da.

Amaieran –(e)LA darama.

Dabidek hiztegia erabil dezaguLA aholkatu digu.

Irakasleak ikasleei lanean has daitezELA agindu die.

Liburutegian ondoko mutilari mesedez isilik egon dadiLA eskatu diot.

-       Etxerako lanak

-    Orainaldiko subjuntiboko adizkiak lantzeko ariketak I: Orainaldiko subjuntiboa langai”.  Joan den astean bidali nizkien. Eginak dituenak zuzen ditzala gaur banatu dizkiedan erantzun-orriekin eta eginak ez dituenak egin eta zuzen ditzala. Hurrengo egunean argituko ditugu balizko zalantzak.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

Ariketa horietako subjuntibo adizkiei dagokienez:

                                                                                   i.       Denak dira orainaldiko subjuntiboa lantzeko ariketak.

                                                                                 ii.      Lehenengo bietan, NOR sistema praktikatuko dute.

                                                                               iii.      Beste bietan, NOR-NORK (baina 3. pertsonak bakarrik jarri ditut, zalantzarik gabe, gehien erabiltzen direnak baitira).

                                                                                iv.      Esaldi bakoitzaren ondoren jar dezatela, parentesi artean, subjuntiboko adizkiak ikusi ditugun lau erabilera horietako zein duen eta, halaber, saia daitezela nominalizazio batekin berridazten. Adib.: “Oso eguraldi ona egin behar du ni hondartzara hurbil NADIN” (=”Oso eguraldi ona egin behar du ni hondartzara hurbilTZEKO” (1. erabilera, helburuzkoa, “zertarako?” galderari erantzuten diona).

a.       Egitura, esapide eta esamolde jatorrak euskaraz (II) (gelan zuzenduko dugu).

b.  Zuzendu Arrasto digitala izeneko cloze-testa, neuk emandako txostenarekin (ebazpena, zuzenketa-oharrak, azalpen horien orrialde osagarriak).

1.      AUKERAKO ariketa (341. fitxa, blogean bakarrik) (ikasleen zenbait esaldi, NOLA vs. ZERTAN bereizteko. Erantzun-orria, blogean eskuragarri).

2. AUKERAKO ariketa (blogean bakarrik) (2. orrialde osagarrian datorrena, EZIN IZAN aditzaren erabileran trebatzekoa. Ebazpena, blogean eskuragarri).

3.    AUKERAKO ariketa (342. fitxa, blogean bakarrik)          (-T(z)EN nominalizazioa errepasatzeko ariketa analitikoa (erantzun-orria, blogean).

OHARRA: Norbaitek  cloze-test hau berriro egin nahi izanez gero, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

c.       EKARRI: Igogailuari buruzko jarduera.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina