2026/01/21

B2.2 mailako 27. eskola, 2026ko urtarrilaren 19koa

 

27. eskola: 2026ko urtarrilaren 19koa

-    Garaian garaikoa: Urte Berrirako zerrendak izeneko ulermen-jarduera, testu antolatzaileekin osatu beharrekoa, zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Etxean bina esaldi egin ditzatela eskatu diet, honako galdera hauei erantzunez:

J Eta zuk, ikasle, 2026rako egin al duzu asmo, eginkizun, nahi edo

betebehar berrien eta zaharren zerrendarik?

Zer egiTEARI  utziko   DIOZU  aurten?

Eta zer egiTEARI  ekingo DIOZU[1]?

OHARRA: Norbaitek berriz egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-   Zuzendu berri dugun jardueran honako esaldi hau irakurri ahal izan dugu: “Ziur nago urtebeteREN BURUAN pertsona horietako asko eta asko sasoi oneko morrosko desiragarriak izango direla hainbeste ordu gimnasio lekuetan eman edo igaro ostean”. Gauza bera al da “urtebete BARRU” eta “urtebeteREN BURUAN”? Ikasleei galdera hori luzatu ostean, BARRU eta –®EN BURUAN arteko aldea azaldu diet.

BARRU / -®EN BURUAN:

BARRU (“dentro de”) erabiltzeko erreferentzia momentuak oraina izan behar du, hau da, momentu honetatik hasita kontatzen da; -®EN BURUAN (“al cabo de”), berriz, beti erabil daiteke, erreferentzia momentua une hauxe denean, iraganekoa denean eta geroaldikoa denean.

Hamabost urte BARRU erretiroa hartuko dut = hamabost urteREN BURUAN erretiroa hartuko dut = HEMENDIK hamabost urteRA erretiroa hartuko dut.

Abuztuaren 1ean Saloura joan  nintzen eta bi asteREN BURUAN itzuli nintzen Irunera = …HANDIK bi asteRA itzuli nintzen Irunera = Bi aste BARRU itzuli nintzen Irunera.

Datorren igandean oporrak hartuko ditut eta hamar egunEN BURUAN itzuliko naiz lanera = …HANDIK hamar egunERA itzuliko naiz lanera = (*hamar egun BARRU itzuliko naiz lanera) *(beste esanahi bat du, onartuko genuke baldin eta gaurtik hasiko bagina zenbatzen).

-       Garaian garaikoa: Joan den egunean elikagaien bankuen gaineko testu bat irakurri genuen. Batzuek gorriak ikusten dituzte eta estu eta larri ibiltzen dira hilabete amaierara iristeko; hori dela-eta, elikagaien bankuetara jo behar izaten dute elikagai edo jangai(en) bila. Beste herritar askok, aldiz, dirutza (=diru asko) xahutzen dute Eguberrietan eta asko dira era bateko edo besteko gehiegikeriak egiten dituztenak egunotan. Horixe ikusi ahal izan dute girotzeko blogean ikusgai jarri nien bideo-pasartean (Zenbat diru gastatuko duzu Eguberri hauetan?) (Ikasbil db. 18015068).  Bideoa-pasartearekin batera zetozen lau berridazketak zuzendu ditugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez (eurei kopia bana eman diet).

1. en SEINALE:

Udazkenean gauden froga zera da, hostoak erortzen ari direla.

Hostoak erortzen ari dira, udazkenean gaudEN SEINALE.

Gure herri eta  hirietako kaleak argiz josita daude, Eguberriak ate-joka dituguN SEINALE.

(Alegia, horrek erakusten du hori. Ideiak gurutzatu edo trukatu egiten dira)

2.T(Z)EAGATIK (kausazkoa) / partizipioa + -AGATIK (ERE) (kontzesiboa)

Asko ikasTEAGATIK, gainditu du azterketa (= asko ikasi duelako) (kausa adierazten du).

Asko ikasiAGATIK (ere), ez du gainditu (= asko ikasi duen arren) (kontzesiboa).

3.T(Z)EN UTZI // -T(Z)EARI UTZI

-t(z)en utzi: baimena ematea: Dabidek ez digu uzten mobila erabilTZEN; aitak ez digu utzi bere autoa gidaTZEN; gurasoek ez diete uzten asteburuetan gaupasa egiTEN.

- t(z)eari utzi: lehen egiten zen ekintza bat orain jada ez egitea: EdaTEARI utzi diot; erreTZEARI utzi diot; bingoan dirua jokaTZEARI utzi diot; ezkondu nintzenetik, gaupasak egiTEARI utzi diot; ikasle horrek klasera etorTZEARI utzi dio...

4. Partizipioa + AHALA

en HEINEAN = -en NEURRIAN

ZENBAT ETA-AGO, ORDUAN ETA (=HAINBAT ETA)…-AGO

Urteak igaro = pasa(tu) AHALA, gero eta zimur gehiago dauzkat.

Urteak igarotzen dirEN NEURRIAN, gero eta zimur gehiago dauzkat.

Urteak igarotzen dirEN HEINEAN, gero eta zimur gehiago dauzkat.

ZENBAT ETA urte gehiAGO (izan = eduki = ditudan = dauzkadan), ORDUAN ETA (=HAINBAT ETA)  zimur gehiago dauzkat.

Ikasturtea aurrera joan AHALA, gero eta fotokopia gehiago dauzkagu.

Ikasturtea aurrera doaN NEURRIAN, gero eta fotokopia gehiago dauzkagu.

Ikasturtea aurrera doaN HEINEAN, gero eta fotokopia gehiago dauzkagu.

Ikasturtea ZENBAT ETA aurrerAGO joan (= doan), ORDUAN ETA (=HAINBAT ETA) fotokopia gehiago dauzkagu.

Urtetik urtera : de año en año. Urtetik urtera, gero eta zimur gehiago dauzkat begien inguruan.

Urteen joan-etorrian : en el transcurso de los años. Urteen joan-etorrian, Eguberriak ospatzeko ohiturak aldatu egin dira.

-    Agian, urte berria hastearekin batera (= hasteaz batera), ikasleetako norbaitek hegoak astintzea erabaki du, hau da, independizatzea, bere kabuz (=bere kasa = bere kontura) bizitzera joatea, gurasoenetik irtetea, alegia. Horrezaz jardun dugu solasean gaurkoan. Saia daitezela independizatzearen abantailak eta desabantailak bereizten. AHOZKO ADIERAZPENA (30´): Hegatzeko garaia. “EAEko gazteek batez beste 31 urterekin hartzen dute hegoak astintzeko, hots, gurasoen etxetik (=gurasoENETIK) joateko erabakia. Ikasketak berandu arte luzatzen dituzte, eta kualifikazio edo gaitasun-maila handiagoko lanpostuak lortzen dituzte. Bien bitartean, gurasoen etxean (=gurasoENEAN) jarraitzen dute”. Berria.info”. Albiste honetatik abiatuta, gaiaz solasean aritu gara. Bikoteka egin dugu eta, ahal den neurrian, ikasle gaztetxo bat helduago batekin jarrita.


                                                        

-          EUSKAL BALDINTZA. Gaurkoan,  hiru baldintzen (erreala, hipotetikoa, irreala) azalpen orokorra egin diet. Horietako bakoitza zertarako erabiltzen den azaldu diet eta formalki nola osatuta dagoen:

ERREALA: gertatzeko aukera handia dagoenean, posibilitate handia dagoenean, erabiltzen da:

Junkal  etortzen BADA, lehenengo ilaran eseriko DA (si viene,…se sentará).

Formalki, nahikoa da BA- partikula indikatiboko aditzari – orainaldi nahiz lehenaldikoari – eranstea; beraz, ez da osatzen zaila. Hori bai, ohar bitez oraindik gertatu gabeko ekintzak adierazteko, geroaldirako, alegia, ez dela –KO erabiltzen, -TZEN baizik:

Bihar ere euria egiTEN BADU (egingo badu), aterkia ekarri beharko dugu.

 

ALEGIAZKOA edo HIPOTETIKOA: errealean baino aukera edo posibilitate gutxiago dago gertatzeko, baina aukera egon, badago. Hipotesiak egiteko erabiltzen da eta, halaber, amets eta desioak adierazteko:

Kinielan hamabost asmatuKO BANITU, dirutza ederra irabaziKO NUKE.  Hortik datorkio izena.

Junkal etorriKO BALITZ, lehenengo ilaran eseriKO LITZATEKE (si viniera o viniese,…se sentaría).

Errealean baino aukera gutxiago dago Junkal klasera etortzeko, baina etor liteke oraindik. Formalki, bai baldintzaren atalean, bai ondorioarenean, aditz nagusiak KO/-GO darama (“koko”) eta laguntzailea osatzeko indikatiboko iraganeko adizkietatik abiatu behar da. Hauei amaierako –(e)n kendu eta BA- ipini.

 

IRREALA edo LEHENALDIKOA: Horrela deritzo, bere garaian gertatu beharrekoa gertatu ez zenez, orain jada gertatzeko inolako aukera edo posibilitaterik ez dagoelako. Horregatik da “irreala”. Hau barra-barra erabiltzen dugu zerbaitetaz damutzen garenean:

Gehiago ikasi (izan) BAZENU, azterketa gaindituKO ZENUEN = ZENUKEEN, baina alferkerian ibili zarenez, irailean errepikatu beharko duzu.

Hona beste adibide bat:

Junkal etorri (izan) BALITZ, lehenengo ilaran eseriKO ZEN = ZATEKEEN (si hubiera o hubiese venido, …se habría sentado) (baina ez da etorri eta jada ez da etorriko).

Formalki, baldintzaren atalak –KO galduko du aditz nagusian (zentzu osoa du honek, gertatzeko aukerarik ez baldin badago nola eramango du ba geroaldiko –KO?) baina laguntzailea hipotetikoko adizki bera izango da; ondorioaren atalean, berriz, alderantziz:   -KO darama honek ere, baina laguntzailea lehenaldikoa edo iraganekoa da (bi aukera daude: indikatiboko iraganeko adizkiak erabili edo, bestela, ondorio iraganekoak).

-          Etxerako lanak:

§  Alegiazko baldintza edo hipotetikoari buruzko teoria irakur dezatela eta taulei arretaz erreparatu. Hurrengo egunean ekingo diogu azalpenari.

§  EKARRI: Garaian garaikoa: Loteriari buruzko ulermen-jarduera. Gabonetako loteria: ezin (dugu) etsi, jokatu gabe. Eguberrietako loteriari buruzko jarduera bikoitza da: batetik, testu barneko cloze-testa egin behar duzue eta, bestetik, testutik ateratako zazpi esaldiak dagozkien hutsuneetan txertatu.

§  EKARRI: Bitartekotza fitxak Ahozko bitartekotzarako fitxak, bigarren saioa egiteko.UEMAko herrietan, lau ikasletik hiruk gaztelaniaz ikusi dute azkenekoz telesail bat eta Euskararen kaleko erabilera Tolosaldeko herrietan.



[1] Zer egiteari ekin edo Zeri ekin = zer egiten hasi. EKIN = HASI. Baina nori

edo zeri kasua eraman behar du derrigorrez. Lanari ekin diot = Lanean hasi naiz.

Euskara ikasteari ekin diot = euskara ikasten hasi naiz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina