2026/01/29

B2.2 mailako 29. eskola, 2026ko urtarrilaren 26koa

 

29. eskola: 2026ko urtarrilaren 26koa

- Alegiazko Baldintza edo Hipotetikoa.

§  Etxerako zituzten bi ariketetan (NOR sistema lantzekoak) zalantzarik baduten galdetu eta, hala balitz, balizko zalantzak argitu.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau blogean H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dagoela gogorarazi diet.

§   Ondoren, Baldintza Hpotetikoko adizkiak nondik sortzen diren azaldu diet:

Arau orokorra:

§  Indikatiboko iraganeko adizkiei amaierako –(e)N kendu eta aurrean BA- ipini, ñabardurak ñabardura.

§  Hirugarren pertsonako adizkietan (3. pertsona hori izakia nahiz objektua izan daiteke), iraganeko Z- > L- bihurtzen da: zuen > *bazu > baLu; zigun > *bazigu > baLigu).

Adibidez:

·         NOR. Ni atzo mendira joan NINTZEN.

> Ni datorren asteburuan mendira joango BANINTZ_

·         NOR-NORI. Niri mugikorra galdu ZITZAIDAN.

>Niri mugikorra galduko *BAZITZAIDA_ > *BALITZAIDA_ > BALITZAIT_...

·         NOR-NORK: Zuk atzo ogia erosi ZENUEN.

>Zuk gaur ere ogia erosiko  BAZENU_...

Hark gu bere etxean hartu GINTUEN.

>Hark gu bere etxean hartuko BAGINTU_...

Mikelek ogia erosi ZUEN.

>Mikelek ogia erosiko *BAZU_ > BALU_…

·         NOR-NORI-NORK: Zuk guri musu bat eman ZENIGUN.

>Zuk guri musu bat emango BAZENIGU_....

·         Zuk niri musu bat eman ZENIDAN.

>Zuk niri musu bat emango *BAZENIDA_ > BAZENIT_

·         Mikelek guri musu eman ZIGUN.

>Mikelek guri musu emango *BAZIGU > BALIGU_….

§  Azkenik,  teoriaren amaierako taulan duten oharra azpimarratu diet, hagitz garrantzitsua delakoan.

Ohar horrek zera dio, baldintza atalean Alegiazko Baldintza edo Hipotetikoa erabiliz gero, ondorioak ere hipotetikoa izan behar duela derrigorrez (eta ez Indikatiboko lehenaldia): Loteria tokatuKO BALITZAIT, Mirakontxan etxe dotore bat erosiKO NUKE (nuen).

Hona hemen ikasle baten idazlanetik ateratako adibide okerra:

Nire landetxea zabalduKO BANU, inguruko zelaiak garbi egonGO  LIRATEKE (ziren); horrez gain, kanpotarrek Euskal Herriko ohiturak eta kultura ezagutuKO  LITUZKETE (zituzten) eta nekazaritza-sektorea sustatuKO  LITZATEKE (zen), zeren bertako produktuak erosiKO LITUZKETE (zituzten).

    

                 -   AHOZKO ITZULIA: Eguberriekin estuki lotuta dago loteria (joan den egunean zuzendu                      genuen honi buruzko jarduera). Ikasleei loterian sosik tokatu zaien galdetu diet eta datorren                     urtean edo urteren batean tokatuKO BALITZAIE, zer eginGO LUKETEn.

Ahoz banan-banan galdera horri erantzun diote; jakina, erantzuteko esaldi osoa egin zezaten behartu ditut, alegiazko adizkiak sar zitzaten. Erantzun guztiak bildu ditut, eurei emateko.

-          Berdintasunezko konparazioa:

§  Hasteko, joan den egunean azaldutakoa gogorarazi diet,  Berdintasunezko konparazioa errepasa dezagun” orrian daukaten azalpena, alegia. Horri, azalpen zehatzagoa – Gramatika eta ariketak II liburuko 49. gaian (180-181.or.) datorrena – gehitu diot.

§  Ondoren, etxerako zuten ariketa zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ikasleek 30 esalditako hutsuneak osatu behar zituzten, HAIN / BEZAIN / HAINBESTE / ADINA (=BESTE) erabiliz, kontuan izanik:

·         Termino bakarra dagoen ala bi termino konparatzen diren.

·         Kantitatea ala kualitatea adierazten duen.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-     AHOZKO BITARTEKOTZA I (2. saioa): UEMAko herrietan, lau ikasletik hiruk gaztelaniaz ikusi dute azkenekoz telesail bat eta Euskararen kaleko erabilera Tolosaldeko herrietan. Jarduerari ekin aitzin, grafikoak interpretatzeko jarraibideak eta zenbait gomendio biltzen dituen orria berriro banatu eta azaldu diet. Ondoren, binaka bilduta, elkarri hor dituzten infografiak ahoz interpretatu edo azaldu behar izan dizkiote. 

-     ENTZUNAREN ULERMENA: Zer berri? 4. Sei albistetxo entzun dituzte eta  bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza  albiste horren gaiarekin uztartu behar izan dute, alegia, berri bakoitza zeri buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute; bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein hiztunek esan edo aipatu dituen aukeratu behar izan dute. Ariketa bakoitzerako, behin entzun behar da entzungaia; azken finean, entzungai berak direnez, bi ariketak egitean, azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Nahi izatera, zuzendu ostean, berriro entzun daitezke. Zuzentzea falta zaigu.

“Zaharrak berri”. Norbaitek “zer berri?” galdetzen dizunean, “zaharrak berri” erantzun diezaiokezu, ez dagoela berririk, ezer ez dela aldatu adierazteko. Gaztelaniazko “sin novedad” euskaraz modu txukunean adierazteko modua.

-          Etxerako lanak:

§  EKARRI: Eguberrietako Deklinabide txostena eta mugagabea lantzeko ariketa

§  Alegiazko baldintza edo hipotetikoa: NOR sistema lantzeko Euskaljakintza.com web-orriko bi ariketak (neuk egokituak). Klasean zuzentzekoak.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  Garaian garaikoa: Beherapenak edo merkealdia: kalitate bera prezio txikiagoan izeneko cloze-testa.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  Berdintasunezko konparazioa lantzeko ariketak (Gramatika eta ariketak II liburuko 182-3. orrialdeetakoak). Erantzunak ere banatu dizkiet, egin ostean, zuzen ditzaten.

§  NOIZNAHI EGITEKOA: Garaian garaikoa: Dendarik denda, merkeenen bila izeneko cloze-testa; izan ere, garai honetan izan ohi da merkealdia. Ariketarekin batera, zortzi orrialdeko txosten bat banatu diet, non, erantzun zuzenak agertzeaz gain, horiei buruzko azalpenak zehatz-mehatz idatzi dizkiedan. Irakur dezatela arretaz, nahiz eta erantzunak ongi eduki!!

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina