30. eskola: 2026ko urtarrilaren 28koa
- ENTZUNAREN ULERMENA: Zer berri? 4. Sei albistetxo entzun dituzte eta bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza albiste horren gaiarekin uztartu behar izan dute, alegia, berri bakoitza zeri buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute; bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein hiztunek esan edo aipatu dituen aukeratu behar izan dute. Ariketa bakoitzerako, behin entzun behar da entzungaia; azken finean, entzungai berak direnez, bi ariketak egitean, azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Nahi izatera, zuzendu ostean, berriro entzun daitezke. Joan den egunean zuzentzerik izan ez genuenez, gaurkoan berriro jarri dizkiet entzungaiak. Ondoren, jarduera zuzendu dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz.
“Zaharrak berri”. Norbaitek “zer berri?” galdetzen dizunean, “zaharrak berri” erantzun diezaiokezu, ez dagoela berririk, ezer ez dela aldatu adierazteko. Gaztelaniazko “sin novedad” euskaraz modu txukunean adierazteko modua.
- Alegiazko
baldintza edo hipotetikoa. Hasteko, honako hauek gogorarazi
dizkiet:
1) “KOKO” dela, bai baldintzaren
zatian, bai ondorioarenean, aditz nagusiak –KO/-GO daramalako.
2) Baldintzazko adizki hipotetikoak Indikatiboko iraganeko adizkietatik datozela, oro har, amaierako –(e)N kendu eta aurrean BA- aurrizkia erantsita (eta 3. pertsona baldin bada, hasierako Z- > L- bihurtuko da: Luke, Litzateke, Litzaiguke, Lizkidake …):
i.
NOR. Ni atzo mendira joan NINTZEN.
Ni datorren asteburuan mendira joango BANINTZ_ …
ii.
NOR-NORI. Niri mugikorra galdu ZITZAIDAN.
Niri mugikorra galduko *BAZITZAIDA_ > *BALITZAIDA_ > BALITZAIT_...
3) Ondorioa egiteko, berriz, aski dela BA- hori kendu eta -KE gehitzea (NOR sisteman, -TEKE): LitzaidaKE, nintzaTEKE…
OHARRA: Baldintzaren atalean, aditz
nagusia “izan” denean eta, beraz, “izango” (bere bi esanahiekin: “ser”
eta “tener” – eduki – ), ezabatu egin daiteke, eliptikoki utzi,
zeren hori eginagatik ere, esaldia berdin-berdin ulertzen da. Adibidez:
Ni aberatsa IZANGO BANINTZ, Porsche Macan bat erosiKO NUKE.
= Ni aberatsa _____BANINTZ, Porsche Macan bat erosiKO NUKE.
Hogei urte IZANGO BANITU, Interrail bidaia eginGO NUKE.
= Hogei urte ______BANITU, Interrail bidaia eginGO NUKE.
- Ondoren, NOR sistema lantzeko Euskaljakintza.com web-orriko bi ariketak (neuk egokituak) zuzendu ditugu, beharrezko azalpenak emanez.
1. Pozak
airean
nago (=pozez txoratzen): Lan kontratua beste sei hilabeterako
luzatu didate eta pozak airean nago!
Beldurrak
airean
nago:
Analisien emaitzei buruz hitz egiteko kontsultara joan nadila eskatu dit
medikuak eta beldurrak airean
nago.
Nerbioak
airean
nago = kirioak
airean nago: Bihar
goizean izango dugu B2ko azterketa eta nerbioak airean nago;
ezki-ura edan beharko dut lasaitzeko.
2. Nola?
Moduzko –(e)LA(RIK).
Erratza eskuetan duELA(rik) (erratzarekin
eskuetan) Izan ere, gaztelaniazko “con…en…” kalkatzea erdarakada
litzateke (aurrerago azalduko diet astiroago). Hona hemen beste adibide pare
bat: Merkealdi garaian jende andana
(=jendetza) ikusten da kaleetan gora eta behera, hainbat saltokitako poltsak
eskuetan dituztela(rik) = daramatzatela(rik) (poltsekin eskuetan); goizero makina bat gaztetxo
ikusten ditut eskolarako bidean, euren motxilak bizkarrean dituztela(rik)
= dauzkatela(rik) = daramatzatela(rik) (motxilekin bizkarrean).
-(e)LA hau atera denez, gogorarazi diet euskaraz, gutxienez, hiru –(e)LA desberdin dauzkagula:
a) –(e)LA konpletiboa, beste aditz baten beharra daukana: Uste dut bihar ere hotz egingo duELA.
b) –(e)LA(rik)
denborazkoa (autostop egiten
ari zela sexu-jarpena jasan zuen emakumeari buruzko testuan agertu zitzaigun. IKUS
110. fitxa). Gogorarazi diet denbora
adierazten duela, baina puntukaria dela, eta, beraz
edo ARIrekin erabiliko dugula: dutxatzen ari nintzela(rik), deitu zenuen. Afaltzen ari
ginela(rik) argindar-hornidura moztu ziguten.
edo aditz trinko batekin: eskolara nentorrela(rik) /nindoala(rik) istripua izan nuen. Sofan nengoela(rik), txirrina jo zuten. Korrika nenbilela(rik), orkatila bihurritu nuen. Zure zain geundela(rik), sexu eraso baten lekuko izan ginen.
a) –(e)LA(rik)
moduzkoa, gaur atera zaiguna
eta “nola?” galderari erantzuten diona.
3. Galbidera eraman (okerreko bidetik eramatea. Galdu + bide:
“camino de perdición”).
4. -OK
plural hurbilaren hiru balioak.
5.
Zer gerta ere = badaezpada ere: Zu igerilekura
joango bazina, ni zurekin
joango nintzateke, zer gerta ere, ez baitakizu
igeri ondo egiten (=badaezpada ere).
6.
Mendi-ibiliak egitea
7.
Buru-makur = lur jota (oso triste).
8. Harat-honat: hara(t) eta hona(t).
OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- Zuzendu berri dugun jardueran agertu dela eta, arreta berezia ipini diogu honako egitura honi: -T(z)EKOA(K) + IZAN
-T(Z)EKOA(K) + IZAN ez da komunztatzen objektuarekin, subjektuarekin baizik; beraz, berdin dio objektua singularra ala plurala den; subjektuari (beti NOR kasuan agertuko da) erreparatu behar diogu eta hau singularra edo plurala den ikusi, -T(Z)EKOA DA ala –T(Z)EKOAK DIRA aukeratzeko. Azalpena hobeto ulertarazteko, adibideen orria banatu eta banan-banan aztertu ditugu. Hona hemen adibide batzuk:
EzkonTZEKOA zen = ezkontzekotan zegoen = ezkontzeko asmoz / ezkontzeko asmotan zegoen. Adibide gehiago (IKUS orrialde osagarria):
Gelakook
afari bat egiTEKOTAN GABILTZA = egiTEKOTAN GAUDE.
= …egiTEKO ASMOZ / ASMOTAN
GABILTZA = GAUDE.
= Gelako ikasleok (=gu) afari bat egiTEKOAK GARA.
Madrilen
enpresen administrazioari buruzko master bat egiTEKOTAN NAGO =
egiTEKOTAN NABIL.
=egiTEKO ASMOZ /ASMOTAN NAGO = NABIL.
= Madrilen master bat egiTEKOA NAIZ.
Lesaka
inguruan golf-zelai bat eta, horrekin batera, luxuzko urbanizazio bat
eraikiTZEKOTAN DABILTZA.
=…eraikiTZEKO ASMOZ / ASMOTAN DABILTZA.
= Lesaka
inguruan golf-zelai bat eta, horrekin batera, luxuzko urbanizazio bat eraikiTZEKOAK DIRA.
- Ondoren, NOR-NORI adizki hipotetikoak nola
sortzen diren azaldu diet arbelean, beti
ere, Indikatiboko lehenaldiko
adizkietatik abiatuta. Aldaketak:
a. aditz sistema
guztietan bezala (nor, nor-nori, nor-nork, nor-nori-nork) Indikatiboko
iraganeko adizkien amaierako -(e)N kendu
eta aurrean BA- ipini (ondorioan, amaieran -KE)
b. 3. pertsona denean, pertsona marka
den Z > L bihurtu: balitzaigu, balitzait, balitzaizkie, balitzaizkigu, litzaidake, litzaizkioke, litzaiguke…(guk
ezagutzen ditugun nor-nori guztietan nor edo zer 3. pertsona da, singularra
nahiz plurala, gehienetan objektua, nahiz eta biziduna ere izan daitekeen.
Ondorioz, adizki hipotetiko hauek guztiek L- daramate).
- AHOZKO ADIERAZPENA:
Elkarrizketa: Dena erdi prezioan! A zer mauka! Izeneko
mintza-fitxa baliatuz, binaka aritu dira merkealdiaren gainean hizketan.
Bai,
Errege egunaren biharamunean hasi zen ofizialki merkealdia edo
beherapen-garaia. Mota guztietako saltokiek (bai denda fisikoek, bai on-line
dendek) euren salgaien prezioa merkatzen dute urtean bitan (neguko eta udako
merkealdietan) eta, tarteka topa daiteke maukaren bat (=pagotxaren bat).
Zuk zeuk
ba al duzu merkealdian erosketak egiteko joera(rik)? Ala urte
osoan zehar erosten duzu? Merezi izaten al du merkealdia hasi arte itxarotea,
nahiz eta ordurako gure neurriko edota gustuko arropa agortuta egoteko arriskua
izan?
Horrenbestekoak
izaten al dira saltokiek egiten dituzten beherapenak? Dena den, bada esaten
duenik, beherapenak gorabehera[1], salgai asko aurreko astean garestitu
egiten dituztela, kontsumitzaileoi ziria sartu[2] nahian, izugarrizko mauka (=pagotxa) erosiko dugula pentsaraziz (= erosiko dugulakoan).
Hala ote da?
Zer norabide darama kontsumo gizarte honek? Beste kontsumo eredu bat posible litzateke? Zein eredu? Esaterako, gurean orain dela urte batzuk arrotzak (= ezezagunak) zitzaizkigun bigarren eskuko arropak salerosteko dendak eta azokak. Egun, gero eta gehiago dira horrelakoak (baita plataformak ere). Zuk erosi duzu inoiz bigarren eskuko arroparik?
Hon hemen aipu interesgarri bi:
“Munduari ez zaio lekurik geratzen zabor gehiago jasotzeko; izan
ere, beharrik gabe erosten duguna zaborra besterik ez da”.
“Nahiz eta sekulako beherapena egin, saltzailea beti irabazian ateratzen da, ez da galduan ateratzen”.
- Beherapenak edo merkealdia: kalitate bera prezio txikiagoan izeneko cloze-testa zuzentzeari ekin diogu, baina lehen bi itemak baino ez ditugu zuzendu. Hori bai, hauei dagozkien azalpenak eman dizkiet (zuzenketa-oharren ale bana eman diet).
Posposizioa (nori buruz, noren gainean, noren arabera, -rik gabe, noren inguruan, noren alde, noren aurka…) + -KO + izena. -KO horren beharra daukate, “klip” baten moduan, ondoren datorren izenari lotzeko:
BESTELA = OSTERANTZEAN: gogoan izan bi lokailu hauek baldintza
zentzua (“si no ...”) daukatela: aurreko perpausean esaten dena betetzen ez bada, zer gertatuko
den adierazten dute. Gehienetan, bigarren
esaldiaren hasieran ageri dira.
AITZITIK aurkakotasun lokailua (“al contrario”, “al revés”): ez dago A eta B elementuen arteko aurkakotasunik (horretarako ditugu “berriz”, “ordea”, “aldiz” eta “ostera”), ideia biren artekoa baizik. Normalean, lehenik zerbait ukatzen da eta, ondoren, kontrako ideia adierazten da.
-
Etxerako lanak:
§ EKARRI: Garaian
garaikoa: Beherapenak edo
merkealdia: kalitate bera prezio txikiagoan izeneko cloze-testa.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
§ Zer egingo zenuke datozen Eguberrietan
loteria tokatuko balitzaizu? galderari
erantzunez ikasleek sortutako esaldiak osa ditzatela adizki hipotetikoekin (514 taldeko ikasle ameslariak).
§ Alegiazko
baldintza edo hipotetikoa: NOR-NORI sistema lantzeko ariketa analitikoak
(erantzunekin, norberak zuzen ditzan).
OHARRA: Norbaitek
nahiago badu, ariketa hauek H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura daude
blogean.
§ Iritzi artikulua. Bi gai aukeran: Futbolak pasioa ala erokeria eragiten du?
/ Lesaka Hills golf & spa.
§ -T(z)EKOA(k)
+ IZAN egitura lantzeko espresuki
(= berariaz = beren beregi) prestatutako berridazketak (ebazpen orria ere
badute).
OHARRA: Norbaitek
nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
§ Berdintasunezko
konparazioa lantzeko ariketak egiten jarrai dezatela (Gramatika eta ariketak II liburuko 182-3. orrialdeetakoak).
Erantzunak ere banatu nizkien, egin ostean, zuzen zitzaten. Datorren ostegunean argituko
ditugu balizko zalantzak.
§ NOIZNAHI
EGITEKOA: Garaian garaikoa: Dendarik denda, merkeenen bila izeneko cloze-testa; izan ere, garai honetan
izan ohi da merkealdia. Ariketarekin batera, zortzi orrialdeko txosten bat
banatu nien, non, erantzun zuzenak agertzeaz gain, horiei buruzko azalpenak
zehatz-mehatz idatzi nizkien. Irakur dezatela arretaz, nahiz eta erantzunak ongi eduki!!
OHARRA: Norbaitek
nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina