2022/01/13

B2.2 mailako 25. eskola, 2022ko urtarrilaren 10 eta 11koa (Eguberri osteko lehenengoa)

 

25.  eskola: 2022ko urtarrilaren 10 eta 11koa (Eguberri osteko lehena)

-          AHOZKO ADIERAZPENA: Zer egin duzu Eguberri hauetan?

Zer egin zenuen…

            Gabon-gauean (abenduaren 24an)?

            Eguberri-egunean (abenduaren 25ean)?

            Urtezahar-gauean  = Gabon zaharrean (abenduaren 31n)?

            Urteberri-egunean (urtarrilaren 1ean)?

            Errege-bezperan (urtarrilaren 5ean)?

            Errege-egunean (urtarrilaren 6an)?

Eta Eguberriak (=Gabonak) ospatzen ez badituzu, zer egin duzu bi asteko oporraldi honetan?

Ikasleek galdera horiei erantzun diete binaka nahiz hirunaka jarrita. Galderak arbel digitalean jarri ditugu ikusgai. Lagungarri izango dituztelakoan, honako ohar hauek ere egin dizkiet:

·       koinatu-koinatak, osaba-izebak, anai-arrebak, aitona-amonak, lehengusu-lehengusinak, (aitaginarreba, amaginarreba) aitagin-amaginarrebak. Hitzok pluralean deklinatzen dira, bi generoak biltzen baitituzte (gaztelaniaz ez bezala; gaztelaniaz maskulinoa erabiltzen da bi generoak biltzeko: tíos, primos, abuelos…): aitagin-amaginarrebEN etxean afaldu genuen; osaba-izebEKIN eta koinatu-koinatEKIN bildu ginen; Salamancako aitona-amonEN etxean > aitona-amonENean izan gara Eguberriak igarotzen…

·     LEXIKOA: Kabalgada, kanpaikadak, hamabi mahats-aleak, suziriak, aurrekontua, lagun ikusezina, hogei (senide, lagun,…) eta koska (veinte y pico), bazkalondoan, afalondoan…; mahats aleak zuritu eta haziak kendu. Jaiotza, dirua gastatu = xahutu, dirua alferrik galdu (derrochar), Errege opila edo erroskoa.Gabon-kantak. Otarrainskak. Iloba: sobrino // Biloba: nieto. GehiegiKERIA: exceso. Sendia (=familia) // Senideak (=ahaideak) (“parientes”). Etxeratze agindua (toque de queda).

·      Kiroletan eta mahai-jokuetan, lehia = norgehiagoka edo irabazteko asmoa dagoenez, “JOKATU” egiten da, ez “JOLASTU” (“jolastu” lehiarik ez dagoenean erabiltzen da, adibidez, baloiarekin jolastu, panpinekin…) Gabon gauean, afalondoan musean jokatu genuen (jolastu ginen). Askotan jokatzen dut partxisean, bingoan,…Futbolean, teniseanjokatzen dute nire semeek eta astean bitan izaten dituzte entrenamenduak.  ZERTAN kasua darama /// Haurra  panpinekin jolastu da nik harrikoa egin bitartean. ZEREKIN kasua darama.

Zertan + JOKATU + UKAN // Zerekin + JOLASTU + IZAN

-      Herritar askok dirutza (=diru asko) xahutzen dute Eguberrietan eta asko dira era bateko edo besteko gehiegikeriak egiten dituztenak egunotan. Girotzeko bideo-pasarte bat ikus liteke, nahi izanez gero: Zenbat diru gastatuko duzu Eguberri hauetan?” (Ikasbil db. 18015068). Jarraian, “Zenbat diru gastatuko duzu Gabon hauetan?” bideoarekin batera zetozen lau berridazketak zuzendu ditugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez (eurei kopia bana eman diet).

en SEINALE:

Udazkenean gauden froga zera da, hostoak erortzen ari direla.

Hostoak erortzen ari dira, udazkenean gaudEN SEINALE.

Gure herri eta  hirietako kaleak argiz josita daude, Eguberriak ate-joka dituguN SEINALE.

Elikagai bankuak lanez lepo dabiltza, krisian gaudEN SEINALE.

Nire semearen gelako haur batek bi ama ditu, familia ereduak aldatzen ari dirEN SEINALE.

Mendi gailurrak zurituta daude, neguaren atarian gaudEN SEINALE.

Hedabideetan egunero entzuten ditugu genero indarkeria kasuak, herrialde honetan matxismoa oraindik gainditu ez dEN SEINALE.

(Alegia, horrek erakusten du hori. Ideiak gurutzatu edo trukatu egiten dira)

T(Z)EAGATIK (kausazkoa) / -AGATIK (ERE) (kontzesiboa)

Asko ikasTEAGATIK, gainditu du azterketa (= asko ikasi duelako) (kausa adierazten du).

Asko ikasiAGATIK (ere), ez du gainditu (= asko ikasi duen arren) (kontzesiboa).

T(Z)EN UTZI // -T(Z)EARI UTZI

§  -t(z)en utzi: baimena ematea: Dabidek ez digu uzten mobila erabilTZEN; aitak ez digu utzi bere autoa gidaTZEN; gurasoek ez diete uzten asteburuetan gaupasa egiTEN.

§  - t(z)eari utzi: lehen egiten zen ekintza bat orain jada ez egitea: EdaTEARI utzi diot; erreTZEARI utzi diot; bingoan dirua jokaTZEARI utzi diot; ezkondu nintzenetik, gaupasak egiTEARI utzi diot; ikasle horrek klasera etorTZEARI utzi dio...

§  Partizipioa + AHALA

§  en HEINEAN = -en NEURRIAN

§  ZENBAT ETA…-AGO, ORDUAN ETA (=HAINBAT ETA)…-AGO

Urteak igaro = pasa(tu) AHALA, gero eta zimur gehiago dauzkat.

Urteak igarotzen dirEN NEURRIAN, gero eta zimur gehiago dauzkat.

Urteak igarotzen dirEN HEINEAN, gero eta zimur gehiago dauzkat.

ZENBAT ETA urte gehiAGO (izan = eduki = ditudan = dauzkadan), ORDUAN ETA (=HAINBAT ETA)  zimur gehiago dauzkat.

Ikasturtea aurrera joan AHALA, gero eta fotokopia gehiago dauzkagu.

Ikasturtea aurrera doaN NEURRIAN, gero eta fotokopia gehiago dauzkagu.

Ikasturtea aurrera doaN HEINEAN, gero eta fotokopia gehiago dauzkagu.

Ikasturtea ZENBAT ETA aurrerAGO joan (= doan), ORDUAN ETA (=HAINBAT ETA) fotokopia gehiago dauzkagu.

Urtetik urtera : de año en año. Urtetik urtera, gero eta zimur gehiago dauzkat begien inguruan.

Urteen joan-etorrian : en el transcurso de los años. Urteen joan-etorrian, Eguberriak ospatzeko ohiturak aldatu egin dira.

-    Deklinabidea gogoratzeko txostena banatu nien oporren aurretik. Bertan, deklinabide taulak dituzte (izen arrunt nahiz bereziak, bizidunak  nahiz bizigabeak, bokalez zein kontsonantez amaituak; pertsona izenordeak, leku-adberbioak, erakusleak eta izenordain zehaztugabeak. Baita zenbatzaile zehaztugabeek aditzarekin eskatzen duten komunztadura – singularra / plurala – erakusten duen taulatxo bat ere).  Deklinabidearen inguruan, honako hiru oharrok egin dizkiet:

1.      Arreta berezia ipin dezatela –A berea edo organikoa duten hitzetan, hauek mugagabean ez baitute galtzen –A hori: hainbat tabernaTAN eskatzen dute COVID ziurtagiria. Edozein eskolaTAN matrikula dezakezu haurra. Zein plazaTAN izango da omenaldia? Zenbat alaba dauzka? Zein animalia edukiko zenuke etxean? Zein neskari ahaztu zaio poltsa? Zenbat pertsona (pertson) elkartu da elkarretaratze horretan?

(pluralean bai: pluralean beti A+E > E: tabernEtan, eskolEtan, plazEtan…. Eta ez ahaztu, hitz baten pluralean bi E metatzeko, hitzak amaieran –E propioa behar duela: umeEK, etxeEN, kaleETAN…).

2.       –A berea edo organikoa duten hitzetan, -A hori gal daiteke hitz elkartu eta konposatuetan:

§  Hitz horren amaieran –IA baldin badago: geologi ikasketak, ortografi akatsak, bidai agentzia (=bidaia agentzia                = bidaia-agentzia)…

§  Eliza, burdina, hizkuntza, natura, literatura hitzetan: kultur jarduerak = kultura jarduerak = kultura-jarduerak.

3.      Leku izen

·         batzuek –A berea dute (DonostiA, GetariA…)

·         beste batzuek ez dute –A-rik  (Altsasu, Urretxu…)

·       eta beste batzuek, berriz, -A hori kasu batzuetan bakarrik hartzen dute, ez delako berezko –A, determinatzailea baizik (Azpeiti(a), Hondarribi(a)…):

DonostiA (a berea du): DonostiaN, DonostiaKO, DonostiaRA, DonostiaTIK

GipuzkoA (a berea du): GipuzkoaN, GipuzkoaKO, GipuzkoaRA, GipuzkoaTIK

Hondarribia (a hori ez da berea, determinatzailea baizik. Nor eta Non kasuan agertuko zaigu; beste kasuetan, berriz, ez): HondarribiaN, HondarribiKO, HondarribiTIK, HondarribiRA.

Iruñea (gauza bera): IruñeaN, IruñeKO, IruñeRA, IruñeTIK

Azpeitia (gauza bera): AzpeitiaN, AzpeitiKO, AzpeitiRA, AzpeitiTIK

-       Ondoren, mugabearen erabilera txostenean (“Mugagabea noiz erabili”) zalantzarik baduten galdetu diet. Baita Mugagabeak ematen dizkigun buruhausteak izeneko ariketan ere. Izanez gero, argitu. Oharrak:

1.      14. esaldian: Ene, Maixol, lekuTARA (=tokiTARA) joan zain (hikera) alaba bizitzera! Nora eta Hegoafrikara! LekuTAN (=tokiTAN) dago Kontxintxina!!  Mugagabearen txosteneko 10. Puntuan ageri da. “Leku” = “toki” mugagabean eta inolako zenbatzailerik gabe erabiltzen badugu, “oso urruti(ra)” esan nahi du. Normalean harridura ikurra eramaten du jarraian (!!!!).

Zenbatzailea baldin badarama, bere jatorrizko esanahia dauka: bi lekuTARA bidali dut curriculuma; Europako edozein lekuTARA erdi prezioan joan zaitezke txartel horrekin.

2.      NORA ETA…-(e)RA, NON ETA…-(e)N, NONDIK ETA…-(e)TIK (ni más ni menos que a…). Elurra NON egingo ETA Benidormen!!

3.      Hortzak ederki berdinduak ditut”. Zera adierazten du, ez naizela gaztea, baditudala  urteak eta, horrekin batera, eskarmentua edo esperientzia eta, beraz, ni engainatzea ez dela erraza. Izan ere, urteetan aurrera joan ahala, hortzak gastatuz doazkigu.

-    Iraganeko NOR-NORK adizkiak berariaz lantzeko Eguberrietarako bidali nizkien ariketetan zalantzarik baduten galdetu diet. AHOZKO JARDUERA: MINTZA KATEATUA (III. saioa). Iraganeko NOR-NORK adizkien osaeran egindako bereizketa gogorarazi diet, hots,  NOR edo ZER 3. pertsona denean, adizki horietan NORK edo ZERK subjektuaren pertsona-marka edo morfema aurrean baitoa (nuen, zenuen, genuen, zenituzten…), gainerakoetan ez bezala. Izan ere, gainerakoetan,  atzean doa NORK edo ZERK subjektuaren pertsona marka (ninduzun, zintudan…). Ondoren, honako esaldia hartu dugu abiapuntutzat: Guk zuek gurean afaltzera gonbidatu ZINTUZTEGUN Urtezahar-gauean, Urte Berriari ongi etorria elkarrekin egitearren (=egiteagatik). Ikasle bakoitzari konbinazio bat eskatu diot esaldi bera probextuz; honela, iraganeko NOR-NORK adizkiak landu ditugu ahoz gurpilean.

Goizeko taldean: Ikasle gutxi etorri direnez, beste esaldi batekin egin dugu mintza-kateatua. Esaldi horretan, iraganeko NOR-NORK eta NOR-NORI-NORK erabili ditugu.

-          ETXERAKO LANAK.

1.   Bitartekotza fitxak presta ditzatela: Haurrak txertatu ala ez / Usurbilgo Udalaren aurrekontua.

2.  Iraganeko NOR-NORK eta NOR-NORI-NORK bereizteko ariketa analitikoa (erantzunekin doakie).

3.      Urte Berrirako zerrendak.

4.  Hurrengo egunean helduko diogu giza harremanen barneko bigarren azpigaiari: INTERNET eta SARE SOZIALAK. Horri ekiteko, ulermen jarduera bat egin dezatela etxean: Ciberbullyng-a, sarearen arriskua.

5.      Ekarri Elikagaien bankuak izeneko cloze-testa, hurrengo egunean zuzentzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina