2024/03/16

B2.2 mailako 40. eskola, 2024ko martxoaren 14koa

 

40.  eskola:  2024ko martxoaren 14koa

-          Joan den egunean honako egituraok azaldu genituen:

EZ DAUKAZU (=EZ DUZU) + partizipioa + BEHARRIK

= EZ DAUKAZU (= EZ DUZU) + ZERTAN + partizipioa + (-rik)

Hona hemen ohiko adibide bat:

Opari hori niretzat da??? Jooooo, EZ ZENEUKAN (=EZ ZENUEN) ezer oparitu BEHARRIK !!

= EZ ZENEUKAN (=EZ ZENUEN) ZERTAN ezer oparitu(rik) !!

Bi esaldi horietan ez dago opariak egiteko debekurik, iradokizuna baizik, hau da, ez zela beharrezkoa opari hori egitea.

Baina…

Klasean zaudeten bitartean, EZ DUZUE mugikorra erabili BEHAR.

Esaldi honetan badago debekua edo ezintasuna, debekatuta dago mugikorra erabiltzea, ezin da erabili.

 

-   Ondoren, partizipioa + BEHARRIK zeramaten esaldiak ZERTAN + partizipioa + (-rik) erabiliz berridatzi behar zituztenez, ariketa hori zuzendu dugu, arbelean erantzun orria jarrita eta ordena desberdinak zilegi direla azalduz (eurei erantzun orriaren ale bana eman diet).

 

-   Iraganeko baldintza edo irreala (3.a, alegia) lantzeko ariketetan (orotara sei ariketa zituzten, erantzun eta guzti) zalantzarik baduten galdetu eta balizko zalantzak argitu. Ondoren, honako ohar hau egin diet:

Ø  Alegiazko baldintza edo hipotetikoari dagokionez, behin eta berriz azpimarratu diet baldintza hipotetikoak derrigorrez ondorio hipotetikoa eraman behar duela eta ez lehenaldiko adizkia, ezin baita kronologikoki denboran atzera egin (akats hau ohikoa izaten da; saihets dezatela):

Errepide hobeak edukiko bagenitu, istripu gutxiago gertatuko LIRATEKE (ziren).

Europako beste herrialde batzuetan Gobernuek soldata bat ordaintzen diete ikasten aritzen diren ikasleei; hemen ere neurri hori gauzatuz gero (=gauzatuko balitz), gazte gehiagok ikasiko LUKETE (zuten) eta gurasoenetik lehenago joango LIRATEKE (ziren).

Ø  Iraganeko baldintzak edo irrealak (3. Baldintza), orain lantzen ari garen honek, alegia, gehienetan, lehenaldiko ondorioa darama (Atzo gaur bezain eguraldi ona egin izan balu, mendi-ibili bat egitera joango ginen = joango ginatekeen, baina euria egin zuenez, zinemara joatea erabaki genuen) , baina badira salbuespenak: litekeena da baldintza zatia iraganean egotea, hau da, irreala izatea, baina ondorioa hipotetikoa, denbora jauzia gertatu delako iraganetik orainera (gogoan izan: hipotetikotik iraganerako jauzirik sekula ez, kronologiaren aurka joatea litzateke eta). Horrelakoetan, normalean, ondorioan denbora aditzondoren bat ageri da (“orain”, “gaur egun”…) denbora jauzia gertatu dela adierazteko.

Nik Filologia ikasi beharrean, Zuzenbide-ikasketak egin (izan) banitu, orain abokatu ospetsua izango NINTZATEKE, irakasle xume bat izan beharrean.

(IRREALA > HIPOTETIKOA, denbora jauzia gertatu delako).

Gaurko egin beharreko azken hiru ariketetan badira horrelako lau kasu, erantzun orrietan berariaz adierazi ditudanak. Hona hemen horietako bat:

2003an, oposizioak ondo prestatu nituen, baina azterketaren aurreko gauean ezin izan nuen batere lorik egin eta, ondorioz, azterketan ezin izan nuen probetxuzko ezer egin. Ibizara etorri nintzen. Orain pub txiki baten jabea naiz eta zoriontsu bizi naiz hemen. Askotan pentsatu izan dut gau hartan (2003ko gau hartan) ondo lo egin (izan) banu, seguruenik oposizio hura gaindituko nuela = nukeela (denbora jauzirik ez, 2003ari egiten baitio erreferentzia) eta, orain, (2024an) hemen egon beharrean, administrazioko langile tristea izango nintzateke + ela[1] (denbora jauzia gertatu da, 2024ari egiten baitio erreferentzia).

-          Baldintzaren ondoren, zer datorkigu? Bada,….AHALERAko adizkiak!

EUSKAL AHALERA. Azalpen orokorra egin diet, Gramatika eta ariketak II liburuko 10. orrialdean daukatena. Dena den, 10. orrialdeko edukia nahiko nahasia izan daitekeelakoan, nik orrialde horren laburpen bat prestatu diet eta berau erabili dut nire azalpena egiteko, liburuko teoria baino argiago eta ordenatuago dagoelakoan:

§  osaera (nola osatzen den)

§  aditzoinaren erabilera (salbuespenak salbuespen)

§  hiru aldiak (oraina, alegiazko edo hipotetikoa, iragana)

§  eta, azkenik, ezintasuna adierazteko aukera desberdinak:

ezin dut ikusi = ez dezaket ikus_ =  ezin dezaket ikus_ = ezin ikus_ dezaket;

ezin naiz isildu = ez naiteke isil_  = ezin naiteke isil_  = ezin isil_ naiteke.

 

Ø  EZIN DUT kaferik HARTU             EZIN NAIZ kontzentratu

Ø  EZ DEZAKET kaferik HAR_ EZ NAITEKE kontzentra_

Ø  EZIN DEZAKET kaferik HAR_       EZIN NAITEKE kontzentra_

Ø  EZIN HAR_ DEZAKET kaferik        EZIN kontzentra_ NAITEKE

-     Martxoaren 8a aitzakia, Emakume aitzindariak (=aurrendariak = bide-urratzaileak) izango ditugu hizpide egunotan. Ezagutu genuen jada bere garaian aitzindaria = aurrendaria = bide-urratzailea izan zen ginekologoa: Agnodize. Garai berriagoetara itzulita, datozen egunotan hiru emakume gogoangarri (gogoangarria: gogoan edukitzea merezi dutenak, “memorables”) ezagutuko ditugu: Virginia Woolf, Elbira Zipitria eta Coco Chanel.

Gatozen orain emakume aitzindari = aurrendari = bide-urratzaile horietako bat ezagutzera: Virginia Woolf idazle eta pentsalaria. ENTZUNAREN ULERMENA: Virginia Woolf, feminismoaren aitzindari (=aurrendari = bide urratzaile)(x0,9). Virginia Woolf  feminista zen. Euskadi Irratiko erreportaje honetan, bere biografia kontatzen dute eta bere liburu bat (“Gela bat norberarena”) euskaratu duen Maria Colera itzultzailearen iritzia ere bildu dute. Ikasleei itemak azaldu ostean, birritan entzun dute entzungaia eta, jarraian, hirugarren entzunaldia egin eta eten ahala, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak eta hauek berresteko transkripzio zatiak arbel digitalean jarrita.

-     Izenorde bihurkariak: Entzun berri dugun entzungaian, esatariak honako hau zioen: 1941eko martxoan, Bigarren Mundu Gerra betean, berokiko poltsikoak harriz bete eta etxe ondoko Ouse ibaian murgilduta, bere buruaz beste egin zuen Virginia Woolf idazle eta pentsalariak”. Horrek emandako aitzakia baliatuta, izenorde bihurkariak (neure burua, zeure burua, bere burua, geure burua, zeuen burua, beren burua = euren burua) noiz erabiltzen diren gogorarazi diet: ekintza baten subjektua eta objektua, pertsona bera denean, hau da, zerbait egiten duena eta jasaten duena pertsona bera denean.  Horrelakoetan, euskaraz ezingo ditugu UKAN moduko aditzak IZAN gisara erabili: galdetzen naiz, bota zara, ikusten naiz, iragar zaitez

                   Osaera: izenorde indartua (neure, heure, bere, geure,  ,zeure, zeuen, beren = euren) + BURUA (beti singularrean: geure burua…).

                    Aditza: 3. pertsonatzat hartu behar dugu: Goizero, etxetik irteterakoan, ispiluan ikusten dut neure burua (=3. sing. = hura). Gehiago maitatu behar zenuke zeure burua (=3. sing. = hura).

                    Hona adibide batzuk: Udan atzerrira joan nahi dudanez, nire ingeles maila hobetu beharrean ikusten dut neure burua (ikusten naiz). Praka estu hauekin oso ongi ikusten dut neure burua (ikusten naiz). Tranpolin horretatik uretara botako dugu geure burua (botako gara). Gizagaixoak bere burua hil zuen = bere buruaz beste egin zuen. Gure amona zenak askotan hitz egiten zuen bere buruarekin. Zeure buruari galdetu diozu (galdetu zara) zergatik ez duzun lagunik?

                   Salbuespenak: badira “neure burua”  eraman ezin duten aditzak: apaindu, dutxatu, jantzi, erantzi, garbitu, prestatu eta orraztu. Goizero dutxatzen naiz (dutxatzen dut neure burua). Jaikitakoan, berehala jantzi naiz (neure burua jantzi dut).

-   AHOZKO BITARTEKOTZA: UEMAko herrietan, lau ikasletik hiruk gaztelaniaz ikusi dute azkenekoz telesail bat eta Euskararen kaleko erabilera Tolosaldeko herrietan. Etxean prestatuta ekarri dute. Binaka bilduta, elkarri hor dituzten infografiak ahoz interpretatu edo azaldu behar izan dizkiote. Horretarako, grafikoak interpretatzeko jarraibideak eta zenbait gomendio biltzen dituen orria banatu nien eta ongi errepara diezaiotela gomendatu diet.

-          Etxerako lanak:

o   AHALERA: Gramatika eta ariketak II liburuko 11. orrialdeko 1, 2. eta 3. ariketak (3.aren erantzun orria hurrengoan banatuko dizkiet).

o   AHALERA: Gramatika eta ariketak II liburuko 12. orrialdia irakurri eta 13. orrialdeko ariketak egin eta eurek zuzendu, ez baitute zailtasun handirik. Ariketa horietan, ahalerako NOR adizkiak (naiteke, gaitezke…) eta NOR-NORK sistemako 3. pertsonak (dezaket, ditzaket…) baino ez datozenez, erraz egingo dituzte.

o   AHALERA: Orainaldiko ahalerako adizki ezagunenak  (nor – naiteke, zaitezke…  – eta nor-nork 3. pertsona – dezaket, ditzaket, dezakegu, ditzakete…–) errepasatzeko ariketa analitiko osagarria + erantzunak.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Izenorde bihurkariak lantzeko ariketa (erantzun-orriarekin).

o   Historiako emakume aipagarri horiek…” izeneko jarduera, mintzarako prestatu.

o   Hurrengo iritzi artikulua. Horretarako, bi gai dituzte aukeran: Bi aita dauzkat, eta?  / “Haur bat eduki nahi, kosta ahala kosta”. OHARRA: artikuluari ekin aurretik, Zer deritzozu sexu bereko bikoteak ezkondu ahal izateari ? galderari erantzunez, zenbait ikaslek emandako iritzi taulatxoak irakur ditzatela aholkatzen diet, agian euren iritzi artikulua idazteko baliagarriak gerta dakizkielakoan. Arretaz erreparatu azpiko oin-oharrei.

o   Josebe Iturrioz: “Denok izan beharko genuke oso feministaizeneko ulermen-jarduera, galderak eta erantzunak uztartzekoa (OSTEGUNERAKO).

-  Oraindik eginak ez badituzue… zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit batekin:

o   Elbira Zipitria, euskal aitzindaria deritzon jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa.

o   Euskal Herritik haratago, beste emakume bide-urratzaile bat Coco Chanel izan zen. Berari buruzko ulermen-jarduera (Coco Chanel: moda-diseinatzaile ausarta baino zerbait gehiago), esaldiak testuko hutsuneetan txertatzean datzana.

o   Martxoak 8, jarduera-sorta

o   ELKAR lantzeko indartze-ariketak. 40 esaldi dira, berariaz prestatuak,  ELKAR partikulari kasu-marka egokia erants diezaioten eta adizki egokia ipin dezaten. Erantzun-orria ere banatu diet. Denak aldi berean ez ditzatela egin aholkatu diet.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Arrasto digitala izeneko cloze-testa.

o   Egitura, esapide eta esamolde jatorrak euskaraz (I).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o  Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan – identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako. Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala) aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txertatu behar dira hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.



[1] Denbora-jauzia: baldintza irrealetik > hipotetikora

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina