41.
eskola: 2024ko martxoaren 19koa
- Martxoaren 8a aitzakia, Emakume aitzindariak (=aurrendariak =
bide-urratzaileak) izango ditugu hizpide egunotan. Ezagutu genuen jada bere
garaian aitzindaria = aurrendaria = bide-urratzailea izan zen ginekologoa:
Agnodize. Garai berriagoetara itzulita, datozen egunotan lau emakume gogoangarri (gogoangarria: gogoan edukitzea
merezi dutenak, “memorables”) ezagutuko ditugu: Virginia Woolf, Elbira
Zipitria, Coco Chanel eta Clara Campoamor.
Genero berdintasunaren gaian murgilduta, eta Historian zeresana eman duten emakumeen lana eta meritua aitortze aldera, gaur Elbira edo Elbire Zipitriari buruzko ulermen jarduera zuzendu dugu, testua irakurri ahala. Zipitria bere garaian aitzindaria, aurrendaria, bide-urratzailea izan zen eta ikastolen sortzaileetako bat izan zela baiezta liteke.
- Euskal Herritik haratago, beste emakume bide-urratzaile bat Coco Chanel izan zen. Berari buruzko ulermen-jarduera (Coco Chanel: moda-diseinatzaile ausarta baino zerbait gehiago) zuzendu dugu, testua – edo, osoa ez bada, pasarte esanguratsuenak – irakurri ahala.
- Genero berdintasunaren gaiarekin jarraituz, arlo honetan aitzindari, aurrendari edo bide-urratzaile izan zen Clara Campoamor ekarri dugu gurera. Bera izan zen, hain zuzen, Espainian emakumeen boto-eskubidea lortu zuena, hots, sufragio unibertsala ezar zedin (=ezartzea) lortu zuena.
o
Jarduera honen lehenengo ariketan, ikasleek
zenbait herrialde ordenatu behar izan dituzte, euren ustez emakumeek
boto-eskubidea lortu zuten urtearen arabera. Horretan aritu dira eta, ondoren,
arbelean erantzunak jarrita, zuzendu egin dugu.
Zerk eman digu atentzioa edo zer egin zaigu deigarria?: bada, (gaur) egun aurrerakoitzat dauzkagun zenbait herrialdetan – Frantzia eta Suitza, esaterako – emakumeek boto edo bozka eskubidea oso berandu lortu izana (1941ean eta 1944an, hurrenez hurren), eta, herrialde atzeratutzat ditugun beste zenbaitetan, berriz, – Hungarian, Errumanian… – askoz lehenago lortu izana.
o
ENTZUNAREN ULERMENA:
Clara Campoamor, urteurrena
(x0,9x1). Itemak azaldu ostean, birritan entzun dugu audioa eta,
ondoren, zuzendu egin ditugu itemak, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz.
Azkenik, arbelean ipinita, entzungaiko ideia esanguratsuenak
(=adierazgarrienak) irakurri ditugu denon artean.
a. Sufragio unibertsalaren bultzatzailea =
sustatzailea izan zen.
b. Harrigarria da zer garbi zeukan
berdintasuna; izugarria da garai hartarako. Asko irakurtzen zuen… Oso ikasia
zen = kultua zen.
c. Abokatu lanetan hasi zen; gero, politikan
murgildu = sartu zen.
d. Posizio horretatik EKIN zion emakumeen boto
eskubidea lortzeko borrokARI.
e. Izugarrizko eztabaida sortu zen, ea une
egokia zen ala itxoin behar zen, emakumeek ez zutelako heziketa nahikorik, ez
zutelako informazio nahikorik…
f.
Espainian
sufragio unibertsala ezartzea lortu zuen.
g. Erbestera joan behar izan zuen= erbesteratu
egin behar izan zuen.
h. Clara minbiziak jota (nola?) hil zen.
i.
Erraustu
(erre + hauts)
j. Donostiako Polloe hilerrian lurperatu = ehortzi zuten, Monso Riu familiaren panteoian, euren amabitxia = amandrea zelako.
o Bertan agertu zaigu egitura hau (kopia bana eman diet):-AK JOTA + egon, ibili, hil…(“Clara Campoamor minbiziAK JOTA hil zen”). Egitura hau asko erabiltzen da gaixotasunekin eta kontrola ezin ditzakegun egoerekin (antsietateta, beldurra, urduritasuna, nekea, etsipena, nerbioak…). “Nola?” galderari erantzuten dio.
- AHOZKO ADIERAZPENA: Historiako emakume aipagarri horiek…
Emakumeen
eta gizonen arteko berdintasunaren gaia jorratzera goazela eta, goraipatzea
merezi duten emakumeak izango ditugu hizpide, askotan gizarteak euren
lana aitortu ez dien arren edo gizon askok gutxietsiak izan diren arren.
Aukera
ezazue Historiako emakume bat, bere garairako aitzindaria = aurrendaria =
bide-urratzailea zena edota Historian
zeresan handia eman duena. Bildu berari buruzko informazioa. Ondoren, prestatu
lauzpabost minutuko bakarrizketarako gidoitxoa, zure ikaskideari ahoz
azaltzeko. Emakume hori edozein arlotan gailendutako norbait izan
daiteke (politikan, literaturan, medikuntzan, ikerketan, ekonomian, artean,…).
AUKERATU DUDAN EMAKUMEA: ___________________________________________
-
Etxerako lanak:
o Aniztasunari buruzko
bitartekotza-fitxak. Binaka adostuta, lehenengo biak presta ditzatela hurrengo
egunerako.
o
Andreak izeneko ulermen-jarduera, esaldiak testuan txertatzean datzana (Karmele
Jaioren testua da). Dena den, ASTE SANTURAKO GORDE DEZAKETE, EZ BAITUGU OSTEGUNEAN
ZUZENDUKO.
o
Josebe Iturrioz: “Denok izan beharko
genuke oso feminista” izeneko ulermen-jarduera, galderak eta erantzunak uztartzekoa (OSTEGUNERAKO).
o
Egitura, esapide eta esamolde jatorrak
euskaraz (I). Inauterietarako bidali
nien ariketen sortan daukate. Honezkero egina izan behar lukete. Edonola ere,
badaezpada ere, kopia bat eman diet eta blogera berriro igoko dut. OSTEGUNEAN EKARRI.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- Oraindik eginak ez badituzue…
zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit batekin:
o AHALERA: Orainaldiko ahalerako
adizki ezagunenak (nor – naiteke, zaitezke… – eta nor-nork 3. pertsona – dezaket, ditzaket, dezakegu, ditzakete…–)
errepasatzeko ariketa analitiko osagarria + erantzunak.
OHARRA: Norbaitek
nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
o Izenorde
bihurkariak lantzeko ariketa (erantzun-orriarekin).
o
ELKAR lantzeko
indartze-ariketak. 40 esaldi dira, berariaz prestatuak, ELKAR partikulari kasu-marka egokia erants
diezaioten eta adizki egokia ipin dezaten. Erantzun-orria ere banatu diet.
Denak aldi berean ez ditzatela egin aholkatu diet.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
o
Arrasto digitala izeneko cloze-testa.
o “Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara
zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan –
identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako.
Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala)
aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari
eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txertatu behar dira
hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina