2026/04/19

B2.2 mailako 45. eskola, 2026ko apirilaren 13koa

 

45. eskola: 2026ko apirilaren 13koa

-   Deklinabidea: NOREN eta NONGO kasuen arteko aldea gogorarazi ostean, bi kasuok bereizteko berariaz prestatu nien ariketa zuzendu dugu, beharrezko azalpenak emanez. Ondoren, erantzun-orria banatu diet.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izanez gero, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-   Genero berdintasunaren gaiari heldu diogu bete-betean. Emakume eredugarriak (ereduTZAT hartzeko modukoak, ereduTZAT hartzea merezi dutenak) eta aurrendariak (=aitzindariak = bide-urratzaileak) ezagutzen ari gara. Euskal Herritik haratago, beste emakume bide-urratzaile bat Coco Chanel izan zen. Berari buruzko ulermen-jarduera (Coco Chanel: moda-diseinatzaile ausarta baino zerbait gehiago)  zuzendu dugu, testua – edo, osoa ez bada, pasarte esanguratsuenak –  irakurri ahala.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-  ENTZUNAREN ULERMENA: Berdintasuna ez da dena berdin (x0,9). Gizon eta emakumezkoen berdintasun zein parekidetasunaren (=parekotasunaren) aldeko urratsak eta aurrerapausoak ematen ari diren garai honetan, lan bera egiteko, gizonei eta emakumeei baldintza berdinak eskatzea injustizia (=bidegabekeria) izan litekeela ebatzi du Europako epaitegi batek. Emakume batek jarri zuen helegitea (=errekurtsoa) Grezian, polizia izateko gizonezkoei eta emakumezkoei altuera bera eskatzen zaielako. Horren berri eman digu audio labur honetan Euskadi Irratiko Juanjo San Miguel kazetariak.

Itemak azaldu ostean, hirutan entzun dugu pasartea eta, jarraian, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz.

-          Honako esaldi hau arbeleratu dugu eta esanahiaz ohartarazi ditut:

Altuerak eta gaitasun fisikoak EZ DAUKATE zertan lotuta egon(ik)

= …EZ DAUKATE lotuta egon BEHARRIK.

-    AHOZKO SAIOA: Jarraian, entzungaiak emandako hizpidea probestuz eta ikasle batek albistearekiko adierazi duen desadostasunetik abiatuta, emakume eta gizonei baldintza berak eskatzeari buruz jardun dugu eztabaidan ozenki.

-       AHOZKO BITARTEKOTZA: LMH4ko eta DBH2ko ikasleen hizkuntza erabilera / N-121-A errepidea.

N121-A errepidean, neguko hilabeteetan gertatzen da = dira istripu GEHIEN.

N121-A errepidean, istripu GEHIENAK aste barruan izaten dira, ez asteburuetan.

-          Etxerako lanak:

-     Genero berdintasunari buruz aritu gara azkenaldi honetan. Etxerako bazuten irakurgai bat, “Gaztea, liraina eta argala izan behar duzu…emakumezkoa bazara” izenekoa. Testu horretan argi adierazten da, telebistako emakumezko aurkezleei, gizonezkoei ez bezala, horrelako ezaugarriak eskatzen zaizkiela, berdintasunik ezaren seinale. Emakumeei askotan argalak eta lirainak izatea eskatzen zaie, gizonezkoei ez bezala. Dena den, egia da, halaber, gero eta gizon gehiago direla itxuraz arduratzen direnak. Fashion izan nahi, kosta ahala kosta izeneko ulermen-jarduera bidali diet etxerako.

-       Emakumeei makillatzea eskatzen zaie askotan. Horrekin duen loturagatik, Max Factor(owitz) izeneko ulermen-jarduera bidali diet etxerako, testuko hutsuneak esaldiekin txertatzean datzana.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-       EGINA EZ BADUTE, EGIN DEZATELA Orainaldiko Ahalera lantzeko indartze-ariketa. Bertan, 50 esaldi ipini dizkizuet, AHAL + Indikatiboa erabiliz. Zuek horren baliokidea den Ahalerako adizkia erabili beharko duzue (ahaztu gabe aditzari –I /-TU kentzea, hau da, “aditzoina” erabiltzea, salbuespenak salbuespen). Nahasian dituzue NOR, NOR-NORI (3. pertsonak), NOR-NORK (guztiak) eta NOR-NORI-NORK sistemak. Egin eta zuzen itzazue (erantzunak ere badituzue).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina