2026/04/26

B2.2 mailako 48. eskola, 2026ko apirilaren 22koa

 

48. eskola: 2026ko apirilaren 22koa 

-   Egitura, esapide eta esamolde jatorrak euskaraz (I) zuzendu dugu, beharrezko azalpenak emanez. Ikasleek euskarazko egitura, esapide nahiz esamolde jatorra hautatu behar zuten, gaztelaniatiko kalkoak saihestuz. Zuzendu ahala, zenbait ohar egin dizkiet. Ariketa aberasgarria guztiz euren aberastasun lexikoa hobetzeko (erantzun-orria banatu diet).

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izango balu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-       Genero berdintasunaren gaiarekin jarraituz, ikasleei adierazi diet Historian zehar aitzindariak = aurrendariak = bide-urratzaileak izan diren emakumeak ezagutzen ari garela (Agnodize, Virginia Woolf, Elbire Zipitria, Coco Chanel, Remigia Etxarren…),  baina egun ere, izan badirela emakume aitzindariak, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunIK eza gaitzesten (gaitzetsi: txartzat jo, ez onartu) dutenak eta bi sexuen artean erabateko berdintasuna aldezten (= defendatzen) eta aldarrikatzen dutenak. Horietako bat dugu, besteak beste, Josebe Iturrioz. Josebe Iturrioz: “Denok izan beharko genuke oso feminista” izeneko ulermen-jardura, galderak eta erantzunak uztartzekoa, distraktoreak saihestuz, zuzendu dugu. Zuzenketa-oharrak ere banatu dizkiet eta, jarduera zuzendu ahala, ohar horiek – gehienak, ikasturtean zehar agertuak – egin dizkiet.

a.     NOREN ONERAKO = NOREN ONURARAKO = NOREN MESEDERAKO  = NOREN HOBE BEHARREZ

/ NOREN KALTERAKO = NOREN KALTETAN.

b.      ZERTAZ / -(e)LA + jabetu = ohartu = konturatu: Feminismoaren garrantziaz gero eta gehiago jabetzen gara = ohartzen gara = konturatzen gara. Ikasle kopuruak behera egin duELA jabetu naiz = ohartu naiz = konturatu naiz.

                         Baina ez biak!!!!!: Ikasle kopuruak behera egin duELAZ jabetu naiz.

c.       Mugagabea + ESKE(AN): Bozka_ eske (=boto_ eske).

d.   -T(z)EKE + EGON = -T(z)EKO + EGON:  oraindik egin edo gertatu gabe egotea. “estar por ver”

e.       Izena + GORABEHERA egitura kontzesiboa:

f.       ZERTAN + JOKATU (kiroletan nahiz mahai-jokoetan, lehia = norgehiagoka edo irabazteko asmoa dagoenez, “JOKATU” egiten da, ez “JOLASTU”):

g.      Trebatu = prestatu = hezi > trebakuntza-ikastaroak edo prestakuntza-ikastaroak > Mikel oso trebea da bere lanean.

h.      Adierazgarria = esanguratsua (significativo).

i.        Gailendu = azpimarratu (destacar)

j.        Norberak (=bakoitzak) jakingo du azterketa egin ala ez.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izango balu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-    Gaurkoan Gramatika eta ariketak II liburuko 16. orrialdera jo dugu. Bertan dugu  AHALERA HIPOTETIKOA edo ALEGIAZKO AHALERA: izan eta ukan (3. pertsonak baino ez). Taula bat prestatu diet azalpenekin eta azalpena eman diet. Ohar bitez, baldintza hipotetikoan gertatzen den bezalaxe,  Ahalera Hipotetikoan ere 3. pertsonek L- daramatela hasieran, alegiazko adizkiak edo hipotetikoak diren seinale:

Hura gurekin etor_ LITEKE.

Haiek hitzaldia entzutera joan_ LITEZKE, gaia oso interesgarria iruditzen zaielako.

Hark ogia ekar_ LEZAKE otorduetarako.

Hark azukrerik gabeko galletak ekar_ LITZAKE gosaltzeko.

Haiek jauregi hori eros_ LEZAKETE diruz ongi baitabiltza.

Haiek luxuzko bitxiak eros_ LITZAKETE bitxi-denda ospetsu horretan.

 

Alegiazko Ahalera edo Hipotetikoa – Orainaldiarekin alderatzen badugu – noiz edo zertarako erabiltzen da?

 

a) Alde batetik, zerbait gertatzeko orainaldian baino aukera gutxiago dagoenean edo norbaitek zerbait egiteko daukan ahalmena hain garbi ez dagoenean, zalantzazkoagoa denean:

Adituen esanetan, datozen urteetan koronabirusaren aldaera desberdinak ager_ LITEZKE (“podrían aparecer”).

Klima aldaketaren ondorioz, gero eta hondamendi natural gehiago gerta_ LITEZKE (“podrían suceder”).

Lanpostu horretan jarduteko, ni egokia izan NINTEKE.

Horrela jokatzen jarraituz gero (=jarraituko bagenu), denon artean hainbat animalia-espezie desagerraraz_ GENEZAKE (“podríamos hacer desaparecer…”).

b) Bestetik, baimenak nahiz mesedeak kortesiaz edo era leunean (modu “edukatuan”) eskatzeko erabiltzen da:

 

BAIMENA:

Ireki dezaket leihoa? (gure artean konfiantza handia baldin badago) (“puedo abrir? “can I open?”).

Ireki nezake leihoa? (adibidez, ezagutzen ez dudan jendearekin    nagoenean) (“podría abrir?” “could I open?”).

MESEDEA:

Etor zaitezke nirekin gauza bat ikustera?  Ken dezakezu autoa hortik? (adibidez, ikaskide bati esango nioke).

Etor zintezke nirekin gauza bat ikustera? Ken zenezake autoa hortik?(adibidez, ezagutzen ez dudan norbaitek bere autoa nirearen parean utziko  balu).

c) Planak egiteko:

Datorren asteburuan Soriara joan GAITEZKE / GINTEZKE eta han txerrikumea proba DEZAKEGU / GENEZAKE eta onddoak nahiz boilurrak bil DITZAKEGU / GENITZAKE.

     

OHARRA: praktikan, batez ere, planak edo proposamenak egiten ditugunean, orainaldikoak eta alegiazkoak berdintsuak dira, hots, neutralizatu egiten da bien arteko aldea eta, beraz, nahas genitzake gure planei buruz ari garenean. Adib: Datorren asteburuan Tuterara joan gintezke = gaitezke eta han zainzuriak, kukuluak  eta orburuak eros ditzakegu = genitzake.

-       Ondoren,  Alegiazko Ahalera edo Hipotetikoarekin jarraitu dugu, baina erregimen edo sistema guztiak ikusi ditugu (Gramatika eta ariketak II liburuko 5. gaia, 18-19. orr.):

Nor

Nor-nori (3. pertsonak)

Nor-nork

Nor-nori-nork

Gramatika eta ariketak II liburuko 18. orrialdera jo dugu. Indikatibotik Ahalerako adizkietara igarotzeko urratsen berri eman diet sistemaz sistema. Horretarako, orri osagarria banatu diet (Orainaldiko Ahalerarekin egin nuen bezalaxe), urrats edo pauso horiek garbi ikus ditzaten.

Azalpenerako, hasteko, Indikatiboko Orainalditik abiatu eta Orainaldiko Ahalerako adizkiak nola sortzen diren gogorarazi diet eta oroitarazi diet, halaber, hauek eta AHAL + Indikatiboa parekoak direla (nauzu > ikus NAZAKEZU = ikusi AHAL nauzu).

Ondoren, Alegiazko Ahalera edo Hipotetikoko adizkiak nola eta nondik sortzen den eta formalki Orainaldiarekiko zer desberdintasun dituzten azaldu diet.

            Lehenik, NOR.

            Gero, NOR-NORI (3. pertsonak baino ez).

            Ondoren, NOR-NORK. Azken hauetara heltzeko, bi bide dituzue:

            (a) Indikatibo lehenaldiko adizkietatik abiatu (ninduzun, zintudan, nuen, gintuzuen, niduten, zintugun…), amaierako –N kendu eta -U- > -ZAKE- bihurtu, edo

            (b) Ahalerako orainalditik abiatuta (nazakezu, zaitzaket, gaitzakezue…), orainaldiko -A- > -INT- bihurtu).

   Azkenik, NOR-NORI-NORK sistema. 

1.      Nor sistema: ninteke, gintezke, zintezke

2.      Nor-nori: Ahalerako orainaldian, DAKI-nori-KE > Hipotetikoan: LEKI-nori-KE: lekidake, lekizuke, lekizkiguke…(ikusiko ditugun bakarrak nor edo zer 3. pertsona dutenak – objektu singularra /plurala – direnez, denak hasiko zaizkigu L-rekin).

3.     Nor-nork: Hauetara heltzeko, bi bide:

a) Indikatibo lehenalditik abiatuta, -U- aditz  erroa > -ZAKE- eta Indikatiboko lehenaldiko aditzek amaieran izan ohi duten –N kendu (ninduzun > nintzakezu)

b) edo Ahalerako orainalditik abiatuta, -A-ren ordez, -INT- (nazakezu > nintzakezu).

Hirugarren pertsonek, L-,noski.

4.      Nor-nori-nork: Ahalerako orainaldian: DIEZA+ NORI + KE + NORK. Ahalera Hipotetikoan, NORK aurrera igaroko da (Indikatiboko nor-nori-nork aditzetan gertatzen den bezala: nion, zenidan, genizun, zenioten,…): Nork pertsona marka + -IEZA- + NORI pertsona marka  + -KE + (TE): niezaioke, zeniezadake, geniezazkieke, zeniezagukete, liezazkioke… Beraz, orainaldian ez bezala, hipotetikoan desberdin hasiko zaizkigu adizkiak, subjektuaren edo nork kasuaren arabera. Horregatik dira hauek orainaldikoak baino askoz zailagoak. 

           Azalpena egin ahala, Gramatika eta ariketak II liburuko 18. orrialdeko taulak banan-banan aztertu ditugu, astiro, zehatz-mehatz, taulaz taula, ikasleak orrialde horretako tauletako adizkien osaeraz ohar zitezen (pertsona marken kokalekua, zertan diren erregularrak eta zertan ez...). OHARRA: Ez dakit ikasleen liburuetan – agian argitaraldi desberdinekoak izango baitira – baina nirean, behintzat, azkeneko taula, NOR-NORI-NORK adizkiei dagokiena,  ez da zuzena, NOR-NORK taularen errepikapena baizik. Neuk banatu diet NOR-NORI-NORK adizkien taula.

- AHOZKO BITARTEKOTZA: Irakurzaletasuna /  Plastiko motak: Binaka bilduta, batak, apirilaren 23a Liburuaren Naziorteko Eguna dela eta, irakurzaletasunari buruzko infografiak azaldu dizkio bikotekideari (“Liburuak oraindik modan?); besteak, plastiko motei buruzkoak. Jarduera honetan, ahal dituzten konparaziozko gehienak osa ditzatela aholkatu diet, saia daitezela konparaziozko perpausak egiten. Adib.

- Irakurleek paper euskarrian (A) euskarri digitalean (B) BAINO GEHIAGO irakurtzen dute (zenbat? > kantitatea).

- 15-25 urte arteko gazteak dira GUTXIEN irakurtzen duteNAK (superlatiboa + erlatibozkoa konbinatuta)

- Goi-mailako ikasketak dauzkatenek (A) ikasketarik gabekoek (B) BAINO GEHIAGO irakurtzen dute. (zenbat? > kantitatea).

- Ikasketarik gabekoek (B) EZ dute irakurtzen goi-mailako ikasketak dauzkatenek (A) ADINA = BESTE = BEZAINBESTE  (zenbat? > kantitatea).

- Emakumeek (A) gizonek (B) BAINO gogokoAGO dute irakurtzea.

- Gizonek (B) EZ dute emakumeek (A) BEZAIN gogoko_ irakurtzea.

-          Etxerako lanak:

-          Egitura, esapide eta esamolde jatorrak euskaraz (II) (gelan zuzenduko dugu).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-     Alegiazko Ahalera edo Hipotetikoa. Gramatika eta ariketak II liburuko 17. orrialdeko ariketak (nor eta nor-nork 3. perts.) egin eta nik emandako erantzun-orriarekin zuzendu.

-          Alegiazko Ahalerak edo Hipotetikoak eragiten dizkigun buruhausteak!

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-  AUKERAKO JARDUERA: ENTZUNAREN ULERMENA: Landa-eremua: “Bidea” dokumentala. Aritz Ganboa artzainari eta Xabier Unanue ilustratzaileari elkarrizketa egin diete Euskadi Irratian, bi hauek ekoiztu duten dokumental baten gainean. Itemak astiro irakur itzazue, bitan entzun eta, entzun ahala, egin aukeraketa zuzena.

-          Bitartekotza idazlana (Naima).

-          Biltegia: EGINAK BEHAR LUKETE:

§  Sasoian sasoikoa deritzon jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  Alegiazko Ahalera edo Hipotetikoa lantzeko indartze ariketa (NOR eta NOR-NORK 3. pertsona errepasatzekoak). Hauekin ere ez dut uste zailtasun handirik izango duzuenik hauek egiteko, maila baxuagoetan jada lantzen baitira (hurrengo egunean, sistema guztiak ikusiko ditugu eta haiek bai, haiek  zailagoak dira).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  Fashion izan nahi, kosta ahala kosta izeneko ulermen-jarduera bidali diet etxerako.

§  Emakumeei makillatzea eskatzen zaie askotan. Horrekin duen loturagatik, Max Factor(owitz) izeneko ulermen-jarduera bidali diet etxerako, testuko hutsuneak esaldiekin txertatzean datzana.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  Bidegorriak bai, baina… izeneko cloze-testa (erantzun orriak eta azalpenak ere banatu dizkiet eta, zuzentzeaz gain, azalpen horiek arretaz irakur ditzatela aholkatu diet).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  Perpaus kontzesiboei buruzko teoria (Gramatika eta ariketak II liburuko 42. gaia) irakur dezatela. Hurrengo egunean azalduko diet.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina