2022/02/02

B2.2 mailako 31. eskola, 2022ko urtarrilaren 31 eta otsailaren 1ekoa

31.  eskola, 2022ko urtarrilaren 31 eta otsailaren 1ekoa

-     ENTZUNAREN ULERMENA: Zer berri? 2. Sei albistetxo entzun dituzte eta  bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza  albiste horren gaiarekin uztartu behar izan dute, alegia, berri bakoitza zeri buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute; bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein hiztunek esan edo aipatu dituen aukeratu behar izan dute. Ariketa bakoitzerako, behin entzun behar da entzungaia; azken finean, entzungai berak direnez, bi ariketak egitean, azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Nahi izatera, zuzendu ostean, berriro entzun daitezke. Oharra:

“Zaharrak berri”. Norbaitek “zer berri?” galdetzen dizunean, “zaharrak berri” erantzun diezaiokezu, ez dagoela berririk, ezer ez dela aldatu adierazteko. Gaztelaniazko “sin novedad” euskaraz modu txukunean adierazteko modua.

-          Alegiazko baldintza edo hipotetikoa.

o   Lehenik, txostenaren azkenean duten oharraren berri eman diet, oso garrantzitsua delakoan.

Ohar horrek zera dio, baldintza atalean baldintza hipotetikoa erabiliz gero, ondorioak ere hipotetikoa izan behar duela derrigorrez (eta ez lehenaldia): Loteria tokatuKO BALITZAIT, Mirakontxan etxe dotore bat erosiKO (nuen) NUKE.

Ikasleetako batek landetxea zabaltzeko Diputaziora bidalitako eskabide-gutunean honako hau idatzi zuen:

Nire landetxea zabalduKO BANU, inguruko zelaiak garbi egonGO (ziren) LIRATEKE; horrez gain, kanpotarrek Euskal Herriko ohiturak eta kultura ezagutuKO (zituzten) LITUZKETE eta nekazaritza-sektorea sustatuKO (zen) LITZATEKE.

o   Ondoren, NOR sistemako adizkiak errepasatu ditugu (orria arbelean jarrita). Ohar bitez, sistema honetan, ondorioak –TEKE daramala.

o   Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR motakoak lantzeko espreski bidalitako ariketa analitikoetan zalantzarik baduten galdetu eta balizko zalantzak argitu. Esate baterako, alegiazko baldintza “KOKO” dela esaten dugu, bai baldintzaren zatian, bai ondorioarenean, aditz nagusiak –KO daramalako. Baldintzaren atalean, ordea, aditz nagusi hori “izan” denean eta, beraz, “izango” (bere bi esanahiekin: “ser” eta “tener” – eduki – ), ezabatu egin daiteke, eliptikoki utzi, zeren hori eginagatik ere, esaldia berdin-berdin ulertzen da. Adibidez:

Ni aberatsa IZANGO BANINTZ, Mercedes bat erosiko nuke

= Ni aberatsa _____BANINTZ, Mercedes bat erosiko nuke.

Hogei urte IZANGO BANITU, interrail bidaia egingo nuke

 = Hogei urte ______BANITU, interrail bidaia egingo nuke.

o   Nor sistema lantzeko www.euskaljakintza.com web-orriko ariketak (neuk moldatuak) zuzendu ditugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

-    Esaldietako batean, egitura hau atera zaigunez, honen erabilera azaldu diet (azalpena eta adibideak dituen orria banatu diet) (Gramatika eta ariketak II liburuko 89. orrialdean ere badute azalpen labur bat). Bitxia da; izan ere,  -TZEKOA/K ez da komunztatzen objektuarekin, subjektuarekin baizik:

Herriko zineman botaTZEKOAK DIREN filma (sing.) = botaTZEKOTAN dauden filma = botaTZEKO ASMOA DUTEn filma (haiek botako dute, antolatzaileek).

Pello eta Miren (=haiek) ezkonTZEKOAK DIRA = ezkonTZEKOTAN DAUDE edo DABILTZA = ezkonTZEKO ASMOA DUTE.

Etxe berria erosTEKOA NAIZ = erosTEKOTAN NABIL edo NAGO = erosTEKO ASMOA DUT.

Kirolerako zapatila berriak erosTEKOA NAIZ = erosTEKOTAN NABIL edo NAGO = erosTEKO ASMOA DUT.

·         Irungo Udala (subjektua: nor sing.) Palmera-Montero gunean babes ofizialeko etxebizitzak (objektu plurala) egiTEKOA DA = egiTEKOTAN DABIL = egiTEKO ASMOA DU.

·         Udal agintariak (subjektua: nor plurala) Palmera-Montero gunean babes ofizialeko etxebizitzak (objektu pl.) egiTEKOAK DIRA.

·         Irungo Udala (subjektua: nor sing.) orube horretan doako aparkalekua (objektu sing.) egiTEKOA DA.

·         Udal agintariak (subjektua: nor plurala) orube horretan doako aparkalekua (objektu sing.) egiTEKOAK DIRA.

·         Gure aita (subjektua: nor sing.) datorren urtean etxeko leihoak (objektu pl.) aldaTZEKOA DA.

·         Nire gurasoak (subjektua: nor plurala) datorren urtean etxeko leihoak (objektu pl.) aldaTZEKOAK DIRA.

·         Gure aita (subjektua: nor sing.) datorren urtean auto berria (objektu sing.) erosTEKOA DA = Gure aitak…auto berria erosteko asmoa du = Gure aita… auto berria erosTEKOTAN DAGO = erosTEKOTAN DABIL.

·         Nire gurasoak (subjektua: nor plurala) datorren urtean auto berria (objektu sing.)  erosTEKOAK DIRA.

Ikusten den bezala, subjektua singularra baldin bada, -T(Z)EKOA DA erabiliko dugu; subjektua plurala bada, berriz, -T(Z)EKOAK DIRA. Berdin dio objektua (autoa, leihoak, etxebizitzak, aparkalekua) singularra ala plurala den.

Honen berri ere eman diet:

Zu igerilekura joango  bazina, ni zurekin joango nintzateke,  zer gerta ere, ez baitakizu igeri ondo egiten (=badaezpada ere).

-      Ondoren, NOR-NORI adizkiekin adizki hipotetikoak nola sortzen diren azaldu diet arbelean, beti ere, Indikatiboko lehenaldiko adizkietatik abiatuta. Aldaketak: aditz sistema guztietan bezala (nor, nor-nori, nor-nork, nor-nori-nork) amaierako -(e)N kendu eta BA- ipini (ondorioan, -KE) eta jakina, 3. pertsona denean (guk ezagutzen ditugun nor-nori guztietan nor edo zer 3. pertsona da, singularra nahiz plurala, gehienetan objektua, nahiz eta biziduna ere izan daitekeen) Z hori L bihurtu (eurei kopia bana eman diet): balitzaigu, balitzait, balitzaizkie, balitzaizkigu, litzaidake, litzaizkioke, litzaiguke…

-   Internet eta sare sozialen gaiari jarraiki, zibersegurtasunari buruzko ulermen-jarduera – “Ziberseguruak al gara? –, esaldiak testuan txertatzekoa (bi distraktoreak saihestuz), zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Honako ohar hauek egin dizkiet:

o   Indarrean jarri / indarrean egon (lege bat, arau bat, neurri bat…). Adib.: Indarrean jarri dute abortuaren aurkako lege berria. Indarrean dago arau hori. Indarrean dagoen legediaren arabera, galarazita dago (=debekatuta dago) kongresuaren aurrean elkarretaratzeak egitea. Birusaren hedapenari aurre egiteko, hainbat neurri jarri ditu indarrean Eusko Jaurlaritzak.

o   Pentsatzeak (zerk) beldurrak airean jartzen nau.

Pentsatze hutsak (zerk, baina indartua) beldurrak airean jartzen nau.

o   Beldurrak airean nago (=oso beldurtuta nago)

o   Kirioak airean nago = nerbioak airean nago (=oso urduri nago).

o   Pozak airean nago (=oso pozik) = pozez txoratzen nago.

-     Goizeko taldean: AHOZKO BITARTEKOTZA: Nola bihurtu zure etxea ziberleku segurua” eta Zibersegurtasuna haurrekin”. Ikasleak binaka jarrita, bitartekotza ariketa hau egin dute. Horretarako, joan den egunean elkarrekin adostu zuten nork zein fitxa prestatuko zuen eta etxean, asko jota 15 minutuz presta zezatela esan nien. Gaurkoan euren hitzekin laburbildu diote batak besteari. Interesgarria izan da.

-          Komenigarria da / litzateke = gomendagarria da / litzateke …-T(z)EA

-          Partizipioa +behar(ko)  ZENUKE

-          Komeni zaizu…-T(z)EA

-          Nik, zu izango banintz,…. nuke

-          …-T(z)EKO aholkatzen = gomendatzen dizut.

-          Arratsaldeko taldean: AHOZKO ADIERAZPENA: Internet bidez erostea (20-25´). Gaurkoan, mintza-fitxa honen lehenengo bi puntuak izan dituzte mintzagai. Hiztegi lagungarria banatu diet.

Arriskuak gorabehera, batzuek Internet giza harremanetarako erabiltzen dute, lagun nahiz bikotekideak bilatzeko. Beste askok, berriz, nahiago izaten dute jendea aurrez aurre ezagutu, baina Internetera jotzen dute erosketak egiteko orduan. Egia esan, gero eta gehiago dira Internetez erosten dutenak (arropa, gailu elektronikoak, janaria – supermerkatu batzuek ematen baitute horretarako aukera – eta hamaika gai gehiago  Eta birus madarikatu honek gure mugikortasuna mugatu duenetik, Internet bidezko erosketek egundoko (=sekulako = izugarrizko) hazkunde (=hazkuntza) izan omen dute. Interneten ia denetarik aurki genezake salgai, baita “haziak” ere, kar-kar-kar.

-          ETXERAKO LANAK:

o   NOR-NORI alegiazko baldintza lantzeko ariketa analitikoak  (erantzunekin doazkizue).

o   Zer egin behar nuke Googlek nitaz dakien informazio guztia ezabatzeko? deritzon cloze-testa.

o   Arratsaldeko taldean: -T(z)EKOA(K) + IZAN egitura, asmoa adierazten duena, lantzeko, berariaz prestatutako berridazketak.

o   EGINAK izan behar dituzue:

§  Tuteratik bidalitako eskutitza osa dezatela bertatik ateratako lokailuak eta testu antolatzaileak hutsune egokietan txertatuz.

§  Arrasto digitala. Testuko zenbait esaldi berridatz ditzatela neuk emandako egitura erabiliz.

§  Deklinabidea lantzeko egin behar zuten lehenengo orrialdea (Getariako arrantzaleek) zuzentzeko erantzun-orria banatu nien joan den astean. HURRENGO EGUNEAN ZALANTZAK ARGITUKO DITUGU!!!!!

§  Dendarik denda, merkeenen bila izeneko ulermen jarduera (cloze-testa). Ariketarekin batera, zortzi orrialdeko txosten bat banatu diet, non, erantzun zuzenak agertzeaz gain, horiei buruzko azalpenak zehatz-mehatz idatzi dizkiedan).

§  AUKERAKO JARDUERA: Twitter: komunitate bizi eta indartsua izeneko entzumen jarduera (entzungaia eta ebazpen orria, blogean eskuragarri). Egunotan sare sozialak ditugu hizpide. Sare sozialen artean ia gehien erabiltzen den tresna da Twitter edo Txio-herria, eta askorentzat eguneroko tresna bihurtu da, era guztietako informazioa partekatzeko oso erabilgarria. Horri buruzko entzumen-jarduera da.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina