2022/02/12

B2.2 mailako 34. eskola, 2022ko otsailaren 9 eta 10ekoa

 

34.  eskola, 2022ko otsailaren 9 eta 10ekoa

-     Joan den eguneko entzumen jardueraren – “Beti pantailari begira” – erantzunak arbeleratu eta ikasleei gogorarazi ostean, lehenengo itemean agertu zitzaigun esaldi batek eman digu abiapuntua: Amaiak ez du mugikorra begiratzerik izan = ezin izan du begiratu. Abiapuntu hori hartuta, honakook azaldu dizkiet:

§     BADAGO…-T(Z)EA (=BADA…-T(Z)EA) (inpertsonalak)

§    BADAUKAT…-T(Z)EA (=BADUT…-T(Z)EA) ahalerazko egiturak (subjektua den pertsona bat daramatenak)

§      EZ DAGO…-T(Z)ERIK (=EZ DA…-T(Z)ERIK) (inpertsonalak)

§ EZ DAUKAT…-T(Z)ERIK (=EZ DUT…-T(Z)ERIK) (subjektudunak) ezintasuna adieraztekoak

(galderetan, ezezko erantzunetan eta baiezkoetan).

Eta, ondoren, ahalera / ezintasun egitura hauen erabilera denboran zehar:

§  EZ DUT IZAN…        -T(Z)ERIK = EZ DUT…-T(Z)ERIK IZAN (ekintza amaitua dagoenean)

§  EZ DUT IZANGO…-T(Z)ERIK = EZ DUT…-T(Z)ERIK IZANGO (geroaldiko ezintasuna adierazteko)

§  EZ DUT IZATEN…-T(Z)ERIK = EZ DUT…-T(Z)ERIK IZATEN (ohiturazkoa, maiztasuna adierazten duena). 

-     Joan den egunean zuzendu genuen Zer egin behar nuke Googlek nitaz dakien informazio guztia ezabatzeko?  cloze-testa erreferentziatzat hartuta, lehenik, HAU GUZTIA / HAUEK GUZTIAK deklinabide taula ipini diet arbelean eta eurek zuzentzeko taula osatua eman diet.

-        Ohar berezia merezi izan du NORTAZ edo ZERTAZ kasuak; izan ere,  honetaz guztiaz” da eta ez “honez guztiaz”. Hau da, gaia adierazteko, zertaz ari garen adierazteko, HONETAZ / HORRETAZ / HARTAZ GUZTIAZ erabiltzen da (eta ez HONEZ / HORREZ / HAREZ GUZTIAZ):

Gaur hainbat arazoZ (mugagabea, izenekin -Z) hitz egingo dugu = hainbat arazoRI BURUZ hitz egin dugu (arazoTAZ)

Gaur zure arazoAZ (sing.) aritu gara hizketan = zure arazoARI BURUZ aritu gara hizketan.

Gaur zure arazoEZ (plurala) hitz egingo dugu = zure arazoEI BURUZ hitz egin dugu.

Gaurko solasaldian,  HONETAZ hitz egingo dugu = HONI BURUZ hitz egingo dugu (honez hitz egingo dugu).

Baina egia da “honez” forma izan badela. Kontua da testu antolatzaile edo lokailu gisara erabiltzen dela, hau da, ideia bati beste bat eransteko edo gehitzeko, eta ez gaia adierazteko. Testu antolatzaile gisa erabiltzen dugunean, hiru aukera dira zilegi: HONEZ GAIN = HONETAZ GAIN = HONEZAZ GAIN:

Gaurko klasean, hasteko, baldintza lantzeko ariketak zuzenduko ditugu; gainera, entzungai bat jarriko dizuet; halaber, gramatika azalpen batzuk emango dizkizuet eta, HONEZ GAIN = HONETAZ GAIN = HONEZAZ GAIN, mintza saio bat egingo dugu sare sozialen gainean.

-    Ondoren, zuzendu beharreko perpausak zuzendu ditugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Berriro gogorarazi diet lehenik erakuslea doala eta jarraian “guzti” zenbatzailea, aurrekoaren kasu berean deklinaturik. Baina erakuslea  mugagabean deklinatzen den bezala, “guzti” singularrean nahiz pluralean deklinatu beharko dutela. Horrek nahasaraz litzake.

-    Oroitarazi diet, halaber, ohikoa dela hauetakoak iritzi artikulu nahiz gutun formalen azken ondorio edo konklusioa adierazteko lokailu gisa erabiltzea: HAU GUZTIA DELA ETA, HONEGATIK GUZTIAGATIK, ARRAZOI HAUENGATIK GUZTIENGATIK, HONEN GUZTIAREN ONDORIOZ…

-     Arreta berezia eskaini diogu IRITZI aditzari. Aditz honek, trinkoa izan ala ez, ZERI edo NORI eskatzen du, IRUDITU aditzak ez bezala (nahiz eta biak esanahi berekoak izan). Hona hemen zenbait adibide:

§  HONI guztiARI zer DERITZOdan (= zer IRIZTEN DIOdan) galdetu dit = HAU guztiA zer IRUDITZEN ZAIdan galdetu dit.

§  Zer DERITZOZUE (= zer IRIZTEN DIOZUE) hurrengo klasea eskola ondoko zelaian emaTEARI? = Zer IRUDITZEN ZAIZUE hurrengo klasea eskola ondoko zelaian emaTEA?

§  Dabid, oso ongi DERITZOGU (=IRIZTEN DIOGU) hurrengo klasea kanpoan emaTEARI = Dabid, oso ongi IRUDITZEN ZAIGU hurrengo klasea kanpoan emaTEA.

-  Bestalde, zuzendu dugun esaldietako bat honako hau izan da: Leku HORIETARA GUZTIETARA joan beharko nuke mundua ezagutuKO BADUT.

Azkeneko egitura honi erreparatu diogu, atentzioa ematen baitu. Izan ere, ez da baldintza erreala (ezagutzen badut), ezta hipotetikoa ere (ezagutuko banu), bien arteko nahasketa bat baizik. Egitura berezia da. Aditz nagusiak –KO darama (baldintza hipotetikoak bezala) eta laguntzailea, berriz, Indikatiboko adizki erreala da (badut). Konbinazio bitxi honek adiera edo esanahi berezia du, helburuzkoa, “Zertarako?” galderari erantzuten diona:

“… mundua ezagutuKO BADUT = mundua ezaguTZEKO = mundua ezaguTZEARREN =  mundua ezagutu nahi badut”.

Hona hemen beste adibide pare bat:

Lana gogor egin beharko dut, gaindituKO BADUT (=gaindiTZEKO = gaindiTZEARREN = gainditu nahi badut).

Betaurrekoak jantzi beharko dituzu, ongi ikusiKO BADUZU (= ikusTEKO = ikusTEARREN  = ikusi nahi baduzu). 

-     Alegiazko baldintza edo hipotetikoa: NOR-NORI lantzeko ariketa analitikoetan zalantzarik baduten galdetu eta, izanez gero, argitu. Ohar bitez, bi esalditan, ikusi ez ditugun adizkiak ageri direla (“ni zuri > nintzaizuke) (“ni zuei” > nintzaizueke).

-    Ondoren, Alegiazko NOR-NORI baldintza lantzeko berariaz prestatu nien ariketa zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ohar bitez, nominalizazio bat tartean denean, aditza singularrean doala, nahiz eta nominalizazio horrek berekin daraman objektua plurala izan, nominalizazioak ekintza bakarra adierazten baitu: Gure amari entsaladarako tomateak (objektu plurala) erostea (nominalizazioa) ahaztuKO BALITZAIO,…(balitzaizkio); txokolatezko bonboiak jatea gustatuKO BALITZAIT,…(balitzaizkit).

-     Alegiazko adizkiekin jarraituz, gaurkoan, NOR-NORK sistemari heldu diogu. Indikatiboko iraganeko adizkietatik abiatuta nola sortzen diren gogorarazi diet. Horretarako, hainbat adibide egin ditugu arbelean, eurek ikus zezaten Indikatiboko lehenaldiko adizkietatik baldintzako adizkietara igarotzeko zer-nolako aldaketak egin behar dituzten (amaierako –(e)N kendu, BA- jarri eta 3.  pertsona baldin bada, Z > L. Bestalde, 1. pertsonako adizkian amaieran –DA geratzen bada, -T bihurtu). Halaber, ondorioko adizkietan –KE non sartu behar duten azaldu diet, oso nahasgarria baita. Eurei azalpen orriaren kopia bana eman diet. Jarraian, baldintzaren apunteetan dituzten taulei erreparatu diegu, adizki  horien osaeraz ohar zitezen eta, bereziki, -KE non tartekatzen den ikus zezaten.

-   Goizeko taldean: Deklinabidea lantzeko lehenengo orrialdea zuzendua izango dute honezkero (“Getariako arrantzaleek…”). Balizko zalantzak argitu ostean, nik neuk ohar pare bat egin diet.

-       AHOZKO ADIERAZPENA (30-35´): Beti pantailari begira bizi gara, ez bakarrik haurrak, baita helduok ere. Hor dituzten puntuen gainean solastu dira ikasleak; puntu bakoitzerako denbora-tarte jakina utzi diet.

§  Batzuek nahiago omen dute etxetik azpiko arroparik gabe atera mugikorrik gabe baino; ezin omen dira eskuko telefonorik gabe inora joan eta etxean ahaztuz gero, etxera itzultzeko gai omen dira. Zu ere horrelakoa zaitugu?

§  Amaiaren hitzek zer pentsatua ematen dute, ezta? Kaleko oinezkoei edota autobus, tren…barnean doazenei erreparatu besterik ez dugu ikusteko zenbat eta zenbat doazen mugikorrari begira edo mugikorrez hizketan.

§  Zuk zertarako erabiltzen duzu eskuko telefonoa: hitz egiteko soilik? Ala bestelako funtzioak ere erabiltzen dituzu, hala nola, watsappa, internet, musika entzuteko, gps moduan, argazki kamera gisa…

§  Ba al dakizu hotel bat ireki berri dutela eta bertara doazenek mugikorra harrera-gunean utzi behar dutela derrigorrez? Zu gai izango zinateke bertan egonaldi bat egiteko?

§  Mugikorrak sortzen duen menpekotasuna arriskutsua izan liteke? Oinezkoen harrapatzeak, auto istripuak… eragin ditzakeelako, adibidez? Eta osasun aldetik, ez al dira ba –   hasieran hala esaten zuten –  telefono uhinak guztiz kaltegarriak gure osasunerako? Badirudi ahaztu egin zaigula.

§  Edozein mugikorrekin konformatzen den horietakoa zaitugu ala azkenekoa, punta-puntakoa erosi behar izaten duten horietakoa?

-          ETXERAKO LANAK:

§  BADAGO…-T(Z)EA, BADAUKAT…-T(Z)EA… EZ DAGO…      -T(Z)ERIK, EZ DAUKAT…-T(Z)ERIK egiturak, nominalizazioekin ahalera / ezintasuna adieraztekoak, lantzeko berridazketak (erantzun orria ere banatu diet).

§  Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR-NORK sistemako ariketa analitikoak (erantzunekin).

§  Deklinabidea lantzeko bigarren orrialdea (“Zenbait herritan = herrik ez dituzte Inauteriak ospatzen”) zuzentzeko ebazpen orria banatu diet.

§  Iritzi artikulua. Bi gai hauetako bat aukeran: Futbolak pasioa ala erokeria eragiten du? eta Amazon gabe ezin izango nintzateke bizi.

§  Maitasunaren arriskuak izeneko ulermen-jarduera.

§  Otsailak 14, San Valentin eguna izeneko cloze-testa.

§  AUKERAKO ENTZUNGAIAK, San Valentin egunari buruzkoak (blogean dituzue ariketak, ebazpen orria eta entzungaiak):

§  San Valentin eguna dela eta

§  Maitasuna adierazteko moduak

§  Maitasun anitza

§  Maitasun istorio bitxiak

§  Noizkoa da San Valentin eguna ospatzeko ohitura?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina