2022/12/24

B2.2 maila: ARRATSALDEKO TALDEAren 23. eskola eta GOIZEKO TALDEAren 22.a. Abenduak 21 eta 22 (Eguberri aurretiko azkena)

 

Arratsaldekoen  23. eskola eta goizekoen 22.a: Abenduak 21 eta 22 (Eguberri aurretikoa)

-      Bi taldeetan: Madrildik bidalitako eskutitza (Peñiscolatik bidalitakoaren parekoa) zuzendu dugu. Eskutitz horretan ikasleek testutik ateratako hainbat lokailu txertatu behar izan dituzte. Zuzenketak luze jotzen duen arren, oso egokia deritzot ariketa honi. Etxerako jarduera honen pareko indartze-ariketa – Tuteratik bidalitako eskutitza – banatu diet.

Hor atera zaigu honako hau: partizipioa + EZINIK = partizipioa + EZINDA (“nola?” galderari erantzuten dio):

Berandu iritsi naiz klasera, autoa aparkatu ezinIK = aparkatu ezinDA ibili naizelako. Eguberrietako gehiegikerien ondoren, asko urtarrilean, hilabete amaierara iritsi ezinIK = iritsi ezinDA ibiltzen dira.

 Lo hartu ezinIK = Lo hartu ezinDA nabil.

Zarata honekin, gogoa bildu ezinIK gabiltza (= kontzentratu ezinIK) = gogoa bildu ezinDA gabiltza.

Alderantziz ere egin daiteke: EZIN + partizipioa + -(r)IK = -TA:

Berandu iritsi naiz klasera, autoa ezin aparkatuRIK = ezin aparkatuTA ibili naizelako. Eguberrietako gehiegikerien ondoren, asko urtarrilean, hilabete amaierara ezin iritsiRIK = ezin iritsiTA ibiltzen dira.

Lo ezin hartuRIK = Lo ezin hartuTA nabil.

Zarata honekin, gogoa ezin bilduRIK gabiltza (= ezin kontzentratuRIK) = gogoa ezin bilduTA gabiltza.


-   Bi taldeetan: Azkenaldi honetan puri-purian dagoen gaia da Irulegiko Eskuarena. Horri buruzko artikulu bat eman nien, testutik ateratako esaldiak bertan txerta zitzaten eta, ohi bezala, nik emandako sinonimoei eta oin-oharretako azalpenei errepara ziezaieten. Jarduera zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

- Bi taldeetan: IKUS-ENTZUNAREN ULERMENA: Mattin Aiestaran, Irulegiko Eskuaz hizketan. Irulegiko aztarnategia gidatzen duen arkeologoa da Mattin Aiestaran. Irulegiko Eskuaren aurkikuntzaz eta aztarnategiaz hitz egin digu bideo-pasarte honetan. Itemak azaldu ostean, birritan ikusi dugu bideo-pasartea eta, jarraian, jarduera zuzendu dugu, erantzunak behar bezala arrazoituz.

-  Bi taldeetan: ELKAR izenordearen erabilera azaldu nien joan den egunean. Gaur, azalpen horren ideia nagusiak gogorarazi dizkiet (idatziz eman dizkiet).

-   Ongi erreparatu aditzari, horren arabera ondorioztatzeko ELKAR izenordeak esaldi horietako bakoitzean zein kasu-marka hartu behar duen (aditz horrek kasu marka hori eskatzen duelako: Adibidez, “ezkondu”, “egon”, “bizi”, “bidaiatu”, “hitz egin”, “afaldu”, “oheratu”… aditzek NOREKIN kasua eskatzen dute eta beraz, ELKAR izenordea kasu horretan deklinatuko da: ELKARREKIN; “ezagutu”, “agurtu”, “maitatu”…aditzek, berriz, NOR kasua eskatzen dute eta, hortaz, ELKAR izenordea NOR kasuan joango da). Pernandok erosleari esan dio (astoak) elkarrekin egon direla (NOREKIN + egon) eta ezin dutela elkar ikusi (NOR + ikusi).

 

-     Aditz laguntzaile egokia nola ipini zalantzak izanez gero, hona hemen  trikimailutxo bat: ELKAR partikula singularreko 3. pertsona bailitzan hartuta: ipotxa, amona, Irungo alkatea, Aitziber…).

 

-     maite dira”, “ezagutzen dira”, “ikusten gara”, “agurtu dira... bezalako erdarakadak onartezinak dira erreziprokotasuna adierazteko; izan ere, aditz hauek UKAN motakoak dira (transitiboak, alegia) eta ezin dira erabili IZANekin.


-      Arratsaldeko taldean: ELKAR izenorde elkarkaria lantzeko etxean egin dituzten hiru ariketetan lehenengoa zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

 

-       Bi taldeetan: AHOZKO ADIERAZPENA: Eguberrietako gehiegizko kontsumoa hizpide.

1.     Telebistan eta saltoki handietan, Eguberrietako produktuen iragarkiak eta eskaintzak gero eta lehenago hasten dira. Zergatik ote? Gu kontsumitzera bultzatzeko. Eta joera horrekin bat egiten ez duena pertsona “berezitzat” hartzen da[1]. Jendearen jokabidea nolakoa izaten da garai honetan? Zer iruditzen zaizu batzuk gastu horiei aurre egiteko zorpetzea?

2.     Zure jokabidea sasoi (=garai) honetan. Azpian harrapatzen zaitu olatu kontsumistak? Zeure burua gehiegizko kontsumo (=kontsumismo) horren barruan ikusten duzu? Zeure burua kontrolatzeko arazoak izaten dituzu jai hauetan (otorduetan, erosketetan…)?Ala gai zara gehiegizko kontsumo horri aurre egiteko, hau da, kontsumismoa saihesteko (=ekiditeko)?

3.    Horrenbeste kontsumitzeak zer ondorioa izan litzake? (etxeko ekonomian, ingurumenean…). Esaterako, kontsumitzeko modu jasangarriagoa (“sostenible”) bilatu behar genukeela diote adituek eta ezinbestekoa dela gure pentsaera eta jarrera aldatzea, gutxiago kontsumitze aldera (=kontsumitzearren). Zuk ere uste duzu beste kontsumo eredu bat posible dela? Zein?

4.    Eguberrietan gutxiago gastatzeko badira zenbait aholku (aurretiaz zerrenda egitea, erosi aurretik birritan pentsatzea, gastuak idaztea, erosketak garaiz egitea…). Betetzen al dituzu aholkuok?

5.       Zer da Eguberrietan gehien atsegin duzuna? Kaleetako argiak? Etxeak apaintzea? Otorduak? Opariak jaso nahiz egitea? Senideekin elkartzea?... Eta gutxien gustatzen zaizuna?


-       Bi taldeetan: ETXERAKO LANAK

  1. Eguberrietako bideoarekin (blogean ikusgai) – “Zenbat diru gastatuko duzu Gabon hauetan?” – batera datozen lau berridazketak egin itzazue. Ongi etorriko zaizkizue zenbait egitura errepasatzeko eta egitura berri batzuk ikasteko. Gelan zuzentzekoak.
  2. Elikagaien bankuak izeneko cloze-testa. Badirudi urte-sasoi honetan bakarrik gogoratzen garela beharrean edo premian daudenez. Edozein saltoki handiren aurrean topa ditzakegu boluntarioak elikagaien bankurako jangai eske. Elikagaien bankuek, ordea, urte osoan zehar gauzatzen dute euren lan isila. Gelan zuzenduko dugu.
  1. Tuteratik bidalitako eskutitza osa ezazue bertatik ateratako lokailuak hutsune egokietan txertatuz. Jarduera hau Peñiscolako eta Madrilgo gutunen antzekoa da eta, beraz, indartze-ariketa gisa ongi etorriko zaizue (ebazpen orria, itzulitakoan emango dizuet eskura, baina lehenago nahi baduzue, blogean izango duzue eskuragarri).
  1. ELKAR izenordea lantzeko ariketak II (Iñigo Mendiaurreri egindako elkarrizketa eta hutsuneak betetzeko ariketa). Gelan zuzentzekoak.
  1. Aita San Antonio, Urkiolakua izeneko ulermen-jarduera, Onintze Enbeitiak iditzitako artikuluan oinarritua. Gelan zuzenduko dugu.
  1. Familia ereduen azpigaiarekin jarraituz eta homosexualek haurrak izatearen edota adoptatzearen inguruan,  Aran, Ariane eta Olaia, familia bat beste askoren artean izeneko ulermen jarduera. Bertan, haur bat izan duen bikote homosexual baten berri ematen zaigu. Testuaren zati bakoitzari dagokion ideia nagusia ondoen laburbiltzen duen esaldia  aukeratu behar duzue. Oso jarduera egokia da idatziaren ulermenean trebatzeko. Gelan zuzentzekoa.
  1. Perpaus kontzesiboak lantzeko ariketak (5 ariketa dira). Norberak zuzen ditzala.
  1. DEKLINABIDEA:
    1. Batetik, Deklinabidea gogoratzeko txostena banatu dizuet.
    2. Bestetik, Mugagabea noiz erabili? izenekoa.
    3. Txosten horiekin, deklinabidearen eta, bereziki, mugagabearen erabileran trebatzeko, Mugagabeak ematen dizkigun buruhausteak! izeneko ariketa. 51 esaldi dira, deklinabide kasu egokiarekin osa ditzazuen. Erantzunak atzean daude eta erantzun horietako zenbakiek – 4. kasua, 6. kasua… - mugagabearen txosteneko puntuei egiten diete erreferentzia. Zeuek zuzendu.
  1. Iritzi artikulua. Horretarako, bi gai dituzue aukeran: Eguberrietako gehiegizko kontsumoa  / “Bidasoaldea, atomoen bizitoki”.
  1. AUKERAKO JARDUERA I: IKUS-ENTZUNAREN ULERMENA: Zuhaitzen horoskopoa. Horoskoporik ezagunenaz gain,  ba al zenekiten badela zeltiarren horoskopoa ere? Bada, bai, zuhaitzetan oinarritutako horoskopoa da zeltiarrena. Aukerako jarduera honetan, lehenik, irakurri osatu beharreko esaldiak; ondoren, ikus ezazue  bideo-pasartea bitan eta osatu hutsuneak falta den informazioa txertatuz. Jarraian, zeuek zuzendu entzumen-jarduera nik igotako ebazpen orriarekin eta egin berridazketak (ikusiak ditugun hiru egitura errepasatzeko egokiak: a EZ EZIK, b ERE, bi osagai lotzeko balio duena. –TZAT + eduki / hartu / jo / ukan, ustea adierazten duena. EZ BEZALA(KOA), ezezko konparazioak egiteko erabiltzen dena. Zeuek zuzendu berridazketak. OHARRA: Leioako alkatea bizkaieraz mintzo da: “gitxi” (gutxi), “be” (ere)…
  1. AUKERAKO JARDUERA SORTA II, Gabonei buruzkoa (blogean eskuragarri). Erantzun orriak ere badituzue. Jarduera multzo honetatik, nahi dituzuenak egin itzazue                 – komenigarriena denak egitea litzatekeen arren, badakit ariketa asko direla eta beraz, norberak ikusiko du zenbat denbora eta zenbateko gogoa daukan – eta egiten dituzuenak, erantzun-orriekin zeuek zuzendu.
  1. Irakurliburua: Jarraitu Alberto Ladron Aranaren liburua irakurtzen. Gutxi-gorabehera, otsailaren erdialderako irakurri behar da. (Arotzaren Eskuak, Harrian mezua…).
  1. Iraganeko NOR-NORK vs. NOR-NORI-NORK adizkiak bereizteko orain arte eman dizkizuedan ariketak oraindik eginak ez badituzue, egiten jarraitu eta amaitu, itzulitakoan baldintzari helduko baitiogu. Horietako bat duzue eman nizuen azkena (“Anderrek ni Ken Zazpi taldearen kontzertuan ikusi NINDUEN (nor-nork), baina (berak niri) ez ZIDAN (nor-nori-nork) batere kasurik egin”).  Norbaitek gehiago nahi izanez gero, www.santurtzieus.com web-orrian eta www.euskaljakintza.com web-gunean aurki ditzake (nahi baduzue, nire blogetik zuzenean sar zaitezkete orri horietan, esteka edo loturen bidez).


[1] -TZAT + hartu / jo / eduki / ukan. Berezitzat hartzen da = Berezia dela pentsatzen da

B2.2 maila (BI TALDEAK): Irulegiko Eskua, "sorioneku". EBAZPENA

B2.2 maila (BI TALDEAK): Mattin Aiestaran, Irulegiko Eskuaz hizketan

B2.2 maila (BI TALDEAK): Mattin Aiestaran, Irulegiko Eskuaz hizketan

B2.2 maila: Mattin Aiestaran, Irulegiko Eskuaz hizketan. EBAZPENA

B2.2 maila (BI TALDEAK): Madrildik bidalitako gutuna. EBAZPENA

B2.2 maila (BI TALDEAK): ELKAR izenordea behar bezala erabiltzeko jarraibideak / -PEAN atzizkia / EZINIK = EZINDA

B2.2 maila (BI TALDEAK): Eguberrietako gehiegizko kontsumoa mintzagai

B2.2 maila (BI TALDEAK): Eguberrietarako etxerako lanak

B2.2 maila (BI TALDEAK): Zenbat diru gastatuko duzu Gabon hauetan? Girotzeko bideo-pasartea

B2.2 maila (BI TALDEAK): Zenbat diru gastatuko duzu Gabon hauetan? Berridazketak

B2.2 maila (BI TALDEAK): Elikagaien bankuak

B2.2 maila (BI TALDEAK): Tuteratik bidalitako gutuna

B2.2 maila (BI TALDEAK): Perpaus kontzesiboak lantzeko ariketak

B2.2 maila (BI TALDEAK): Perpaus kontzesiboak lantzeko ariketak. EBAZPENA

B2.2 maila (BI TALDEAK): ELKAR izenorde elkarkaria. Ariketak II

B2.2 maila: Aita San Antonio, Urkiolakua

B2.2 maila (BI TALDEAK): Egungo familia ereduen aniztasuna: Aran, Ariane eta Olaia

B2.2 maila: Deklinabidea errepasa dezagun. Txosten orokorra

B2.2 maila (BI TALDEAK): Deklinabidea. Zenbait ohar

B2.2 maila (BI TALDEAK): Deklinabidea. MUGAGABEA noiz erabili? Txostena

B2.2 maila (BI TALDEAK): Deklinabidea. Mugagabeak ematen dizkigun buruhausteak

B2.2 maila (BI TALDEAK): Deklinabidea. Mugagabeak ematen dizkigun buruhausteak. EBAZPENA

B2.2 maila (BI TALDEAK): Iritzi artikulua: Eguberrietako gehiegizko kontsumoa / Bidasoaldeko zentral nuklearra

B2.2 maila (BI TALDEAK): Zuhaitzen horoskopoa

B2.2 maila (BI TALDEAK): Zuhaitzen horoskopoa. AUKERAKO jarduerak (ikus-entzunaren ulermen-jarduera eta berridazketak)

B2.2 maila (BI TALDEAK): Zuhaitzen horoskopoa. Aukerako IKUS-ENTZUN jardueraren EBAZPENA

B2.2 maila (BI TALDEAK). Zuhaitzen horoskopoa. AUKERAKO berridazketen EBAZPENA

B2.2 maila (BI TALDEAK): Gabonak. AUKERAKO jarduera-sorta

B2.2 maila (BI TALDEAK): Gabonak. AUKERAKO jarduera-sortaren EBAZPENA

 

2022/12/20

B2.2 maila. ARRATSALDEKO TALDEAren 22. eskola eta GOIZEKO TALDEAren 21.a. Abenduak 19 eta 20

 

Arratsaldekoen  22. eskola eta goizekoen 21.a: Abenduak 19 eta 20

-       Bi taldeetan: Familia ereduen azpigaiaren barnean, Singleak izeneko cloze-testa zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Izan ere, gaur egungo familia eredu anitzen artean (eredu tradizionala, guraso bakarreko familiak…), bakarrik bizitzeko hautua (=aukeraketa = apustua) egiten dutenak ere baditugu, “single” hitzarekin ezagutzen direnak. Joan den egunean irakurritako testuak zioenez, %23 dira egun  singleak eta bizitzeko bigarren eredu bihurtu da familia eredu tradizionalaren atzetik. Zuzendu ahala, honako ohar hauek egin dizkiet:

o   ERE lokailua. Esaldi batean aditz jokatua dagoenean, ERE bakarrik erabili behar da, eta ez ERE BAI. Izan ere, aditz horrek jada adierazten du baiezko esaldia dela eta, beraz, “BAI”  horren beharrik ez dago.

Neu ere bai bakarrik bizi naiz

o   NOREN hitzetan = NOREN esanetan = NORK dioenez (=esaten duenez). Esate baterako, Asun Garikanori buruzko entzungaiaren (“Kalifornia, Euskal Herriko beste probintzia bat”) zuzenketa-oharretan azaldu nuen.

o   ZENBAT ETA….- ago(a/ak), ORDUAN ETA….-ago(a/ak). Ahozko euskaran “zenbat eta…-ago” “gero eta …–ago”rekin konbinatzeko joera oso zabaldua dagoen arren, berez, zuzena “orduan eta” (=”hainbat eta”) da. Hiru aukera (aditzik gabe, partizipioarekin edota aditz jokatuarekin):

-          Zenbat eta urte gehiago, orduan eta zimur gehiago.

-          Zenbat eta urte gehiago izan (= eduki), orduan eta zimur gehiago dauzkat.

-          Zenbat eta urte gehiago ditudaN = dauzkadaN, orduan eta zimur gehiago dauzkat.

Konparaziozko egitura honek bilakaera adierazten du. Lehenengo zatia areagotzearekin batera, bigarrena ere areagotu egiten da. Honako hauen parekoa litzateke:

Urteak igaro= pasatu AHALA, gero eta zimur gehiago dauzkat.

Urteak igarotzen dirEN NEURRIAN, gero eta zimur gehiago dauzkat.

Urteak igarotzen dirEN HEINEAN, gero eta zimur gehiago dauzkat.

o   Euskaraz: “Egia biribila” / “gezurra galanta”.

o   9. itemeko erantzuna: MERKEEN.

§  MerkeEN dauden jogurtak = jogurt merkeENAK (superlatiboa).

§  Supermerkatuan (a) auzoko dendan (b) baino merkeAGO daude jogurtak (konparaziozkoa).

§  Merke-zurrean ibili / erosi. Hau esapide bat da eta zera adierazten du: ahalik eta merkeen erosi nahian ibiltzea, xuhurra izateagatik. Supermerkatuan merke-zurrean erosi dituzten jogurtak…Galtzerdiak merke-zurrean erosi nituen txinatar denda batean eta orain, begira, estreinatu orduko zulatu zaizkit! 

o   Nolanahi ere = Dena den = Hala ere (balio kontzesiboa daukaten lokailuak).

o   Eutsi aditza euskaraz Nor-nori-nork “faltsua” da: Komunera noa, eutsiko diozu mesedez nire poltsari? Eutsi botila honi. Testuinguru honetan, “eutsi” aditzak “mantendu” esan nahi du (“ekonomiaren kateari eusten diogu” = “ekonomiaren katea “mantentzen” dugu”). “Mantendu” aditza gehiegitan erabili izan dugunez, komeni da gutxiago erabiltzea eta, ahal den neurrian, saihestea.

-        Bi taldeetan: ENTZUNAREN ULERMENA: Kaixomaitia.com (x0,9 x1). Batzuk gustura daude “single” moduan, ezkongabe, baina badira, kosta ahala kosta bikotekide bat topatu nahi dutenak. Horiek hautabide bat baino gehiago dituzte (herriko jaietara jotzea, taberna edo dantzalekuren batera, San Antoniori eskatzea…) eta horietako bat dugu bikotekidea topatzeko berariaz (=espresuki) sortutako web-guneetako batean izena ematea, Kaixomaitia.com web-gunean, esaterako. Itemak azaldu ostean, ikasleek bitan entzun dute web-gune honi buruzko entzungaia. Ondoren, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz.

-         
Entzungaian honako esaldi hau agertu zaigu:

aurrez aurre elkar_ ezagutzeak baino mesfidantza edo errezelo gehiago eragin dezake Internetez ezagutzeak”.

Zergatik ELKAR (nor kasuan) ezagutzea eta ez ELKARRI ezagutzea? Zergatik ez ELKARREKIN ezagutzea?

Bi taldeetan: Esaldi honek aitzakia ezinhobea eman digu ELKAR partikula edo izenorde elkarkaria (erreziprokoa) azaltzekoa eta lantzeko. Horretarako, neure eskemako zortzi batuketak egin ditugu arbelean, azalduz batuketa horietako bakoitzean ELKAR partikulak zein kasu-marka daraman eta zergatik (ikasleei kopia bana eman diet). Hiru arauok laburbildu dizkiet:

·      Ongi erreparatu aditzari, horren arabera ondorioztatzeko ELKAR izenordeak esaldi horietako bakoitzean zein kasu-marka hartu behar duen (aditz horrek kasu marka hori eskatzen duelako: Adibidez, “ezkondu”, “egon”, “bizi”, “bidaiatu”, “hitz egin”, “afaldu”, “oheratu”… aditzek NOREKIN kasua eskatzen dute eta beraz, ELKAR izenordea kasu horretan deklinatuko da: ELKARREKIN; “ezagutu”, “agurtu”, “maitatu”…aditzek, berriz, NOR kasua eskatzen dute eta, hortaz, ELKAR izenordea NOR kasuan joango da).

Pernandok erosleari esan dio (astoak) elkarrekin egon direla (NOREKIN + egon) eta ezin dutela elkar ikusi (NOR + ikusi).


·      Aditz laguntzaile egokia nola ipini zalantzak izanez gero, hona hemen  trikimailutxo bat: ELKAR partikula singularreko 3. pertsona bailitzan hartuta: ipotxa, amona, Irungo alkatea, Aitziber…).


·      maite dira”, “ezagutzen dira”, “ikusten gara”, “agurtu dira... bezalako erdarakadak onartezinak dira erreziprokotasuna adierazteko; izan ere, aditz hauek UKAN motakoak dira (transitiboak, alegia) eta ezin dira erabili IZANekin.

-     Bi taldeetan: Identifikazio pertsonalaren gaiaren barnean, gure izaeraren (izaera: izateko era edo modua)  adierazle izan daitezke horoskopoak. Gaurkoan, Horoskopoak esanda bezalaxeulermen-jarduera zuzendu dugu. Testu osoa irakurri beharrean, zatirik esanguratsuenak irakurri eta neure hitzekin laburbildu dizkiet. Aipagarria iruditu zait testuan ageri den honako egitura hau, kontzesibo kutsua duena:

Datorrena datorrela, prest egon zaitez ( edozer etorrita ere, edozer etorri arren…)

Egiten duzuna egiten duzula, irakaslea ez da zurekin haserretuko (edozer eginda ere, edozer eginik ere, edozer egin arren…)

Zoazen tokira zoazela, hango ohiturak errespeta itzazu (edozein tokitara joanda ere, edozein tokitara joan arren…)

Ikusten duzuna ikusten duzula, zuk ez esan ezertxo ere inori (edozer ikusita ere, edozer ikusi arren…)

Honako ohar hauek ere interesgarriak dira:

§  Ohartu naiz tenperatura jaitsi dela = konturatu naiz tenperatura jaitsi dela = jabetu naiz tenperatura jaitsi dela

Soniak horretaz ohartarazi nau =  Soniak hori jakinarazi dit

Ohartarazpena =jakinarazpena (notificación)

§  Nekeza = nekagarria:  nekatzen duena, nekea eragiten duena.

§  Errua bota = egotzi = leporatu = aurpegiratu

§  Bete-betean asmatu: “acertar de lleno”

§  Sekulakoak eta bi = kristorenak = senperenak bota zizkion

§  Biraoa = maldizioa

§  Ezustean = ustekabean

§  Luze baino lehen = laster

§  Ez zuela amore emango = ez zuela etsiko

§  Supermerkatu horretan aste honetan legatza oso merke erosTEKO PARADA dago / daukazu = erosTEKO AUKERA  dago / daukazu

-  Bi taldeetan: AHOZKO ADIERAZPENA (0´30): Horoskopoa eta etorkizuna hizpide. Identifikazio pertsonalaren gaiaren barnean, gure izaeraren adierazle izan daitezkeen horoskopoei buruz hitz egiten jardun dugu. Horoskopoa, etorkizunaren iragarpena, etorkizun iragarleen lana, gutun astrala, familiar konstelazioak… izan ditugu mintzagai. Horretarako, berariaz prestatutako mintza-fitxa banatu diet eta denon artean solastu gara.

-PEAN atzizkia azaldu diet, “azpian” esan nahi duena:

Maite scorpio zeinuPEAN jaio zen.

Zuek nire arduraPEAN zaudete.

Felipe V.aren aginduPEAN judutarrak Espainiatik kanpora bidali zituzten.

Manifestazio bat egingo dugu “MURRIZKETARIK EZ” leloPEAN.

Karpeta besaPEAN daramat.

Arlote gizagaixoa zubiPEAN bizi da.

UrPEAN, lurPEAN

Hitz autonomo ere izan daiteke:

Etna mendiaren magalean bazen gaztainondo ikaragarri handi bat, ehun zaldi eta ehun zaldun bere pean (=azpian) babesteko gai zen gaztainondoa: Castaño di cento caballi.

Jaiotegunaren arabera, zeinu bat edo beste dagokizu eta zeinu horren pean (=azpian) jaiotakoek ezaugarri komunak omen dituzte.

-          Bi taldeetan: ETXERAKO LANAK:

o   ELKAR izenordea lantzeko lehenengo  hiru ariketak (esaldiak uztartu eta zuzentzekoak), izenordain honen azalpena eurenganatu duten ikusteko eta erabiltzen trebatzeko.

o   Perpaus kontzesiboak: zuzen ditzatela liburuko 162-163. orrialdeetako 1,2 eta 3. ariketak neuk emandako erantzun-orriekin.

o   EGINAK IZAN eta EKARRI:

o Madrildik bidalitako gutuna, lokailuekin osatu beharrekoa (Peñiscolako gutunaren antzekoa).

o   Emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, hiru gazte atxilotu dituzte izeneko ulermen-jarduera, esaldiak testuan txertatzekoa.

o   Irulegiko eskuari buruzko ulermen-jarduera.

o   Eguberrietako gehiegizko kontsumoari buruzko testua irakurria izan dezatela, hurrengo egunean horrezaz mintzatzeko.

o   Goizekoek: ekar dezatela Pernando Amezketarrari buruzko jarduera.

o Arratsaldekoek: ekar dezatela erreklamazioei buruzko jarduera, erdi zuzendua daukaguna.

B2.2 maila (BI TALDEAK): Egungo familia ereduen aniztasuna: bakarrik bizitzeko hautua egiten duten "singleak". EBAZPENA

B2.2 maila (BI TALDEAK): Egungo familia ereduen aniztasuna: bakarrik bizitzeko hautua egiten duten "singleak". Zuzenketa-oharrak

B2.2 maila (BI TALDEAK): Kaixomaitia.com web-gunea

B2.2 maila (BI TALDEAK): Kaixomaitia.com web-gunea

B2.2 maila (BI TALDEAK): Kaixomaitia.com web-gunea. EBAZPENA

B2.2 maila (BI TALDEAK): ELKAR izenorde elkarkaria. Batuketak

B2.2 maila (BI TALDEAK): ELKAR izenorde elkarkaria. Ariketak (I)

B2.2 maila (BI TALDEAK): Horoskopoa, gure izaeraren adierazle eta etorkizunaren iragarle. OHARRAK

B2.2 maila (BI TALDEAK): Horoskopoa, gure izaeraren adierazle eta etorkizunaren iragarle. EBAZPENA

B2.2 maila (BI TALDEAK): Horoskopoa eta etorkizunaren iragarpena mintzagai

B2.2 maila (BI TALDEAK): Eguberrietako gehiegizko kontsumoa

2022/12/16

B2.2 maila: ARRATSALDEKO TALDEAren 21. eskola eta GOIZEKO TALDEAren 20a. Abenduak 14 eta 15

 

Arratsaldekoen  21. eskola eta goizekoen 20.a: Abenduak 14 eta 15

Hurrengo gaiari heldu diogu: FAMILIA EREDUAK.

-    Bi taldeetan: Familia ereduak: bikotean, bakarka, umeekin edo gabe izeneko jardueraren zuzenketarekin ekin diogu gai berriari. Testua irakurri ahala, arbel digitalean jarrita, berridazketak zuzentzen aritu gara. Testuko 14 esaldi ziren eurek beste modu batean berridatzi behar zituztenak. Berridazketa horietan behin eta berriz agertu zaizkigu egitura kontzesiboak. Baita bestelako hainbat eduki ere (eurei kopia bana eman diet).

-     Zertan? + DATZA: Nire  lana klaseak ematean datza. Gizontasunaren eredu berrian datza aldaketaren arrazoia.

-          IZANAGATIK / IZATEAGATIK

Oso langilea IZANAGATIK (ere), ez dute lanean hartu enpresa horretan (= oso langilea izanda ere, izan arren, nahiz eta oso langilea izan…) (kontzesiboa)

Oso langilea IZATEAGATIK  kontratatu dute, ez bere itxuragatik (= oso langilea delako) (kausazkoa)

-          Zerk? + BEHERA EGIN / GORA EGIN

Bihar kantauri isurialdean tenperaturek behera egingo dute; langabetuen kopuruak gora egin du hilabete honetan, udako lan kontratuak amaitu baitira.

-          Noren edo zeren? + ALDEAN konparaziozko egitura.

§  Ni txikia naiz zurekin alderatuta = konparatuta

= Ni zu BAINO txikiAGOA naiz.

= Ni ZURE (NOREN) ALDEAN txikia_ naiz (txikiagoa).

§  Nire autoa dotorea da zure autoarekin (=zurearekin) konparatuta = alderatuta

= Nire autoa zure autoa (=zurea) BAINO dotoreAGOA da.

= Nire autoa zure autoaren (=zurearen) ALDEAN  dotorea da (dotoreagoa).

§  Madril hiri jendetsua da Bilborekin konparatuta = alderatuta.

= Madril Bilbo BAINO hiri jendetsuAGOA da.

= Madril BilboREN ALDEAN (hiri) jendetsua da (jendetsuagoa).

-    NOREN + ESANETAN = NOREN + HITZETAN = NORK + DIOENEZ (* Noren arabera)

Urkullu lehendakariAREN ESANETAN, zergak ez dira igoko.

Urkullu lehendakariAREN HITZETAN, zergak ez dira igoko.

Urkullu lehendakariAK (nork) DIOENEZ, zergak ez dira igoko

(*Urkulluren arabera,…)

AdituEN ESANETAN, azukrea oso kaltegarria da osasunerako.

AdituEN HITZETAN, azukrea oso kaltegarria da osasunerako.

AdituEK (nork) DIOTENEZ, azukrea oso kaltegarria da osasunerako.

(*Adituen arabera,…)

Erabili NOREN + ARABERA beste kasu batzuetarako: datuEN ARABERA, estatistikEN ARABERA, eguraldiAREN ARABERA, izaeraREN ARABERA… Baina ez pertsona baten hitzak testura ekartzeko.

-         NOREN + mesedetan = NOREN + onerako

-         NOREN + kaltetan = NOREN + kalterako

Gobernuak BEZa igo du, herritarrEN KALTERAKO

Etxerako lan asko dituzue, baina ez haserretu, zuEN ONERAKO dira eta.

Eskola honetan, azterketa berrikusteko bi aukera eskaintzea erabaki zen, goizez eta arratsaldez, ikasleEN MESEDETAN.

Adibide hauei beste adibide bat gehitu nahi nieke:

 Nire ustez, telebista pentsatzen zein egiten dutenek eskaintza dibertsifikatu behar lukete; bestela, gazteek Iternetera joko dute, telebistaren kaltetan. Egun jende askok ordainpeko kateak (Netflix, Amazon…) kontratatzen ditu, ohiko telebista-kateen (noren) kaltetan = ohiko telebista-kateen kalterako.

                     Beraz:

Tabernak eta terrazak irekitzea herritarrEN KALTERAKO izango da.

= tabernak eta terrazak irekitzea herritarrENTZAT KALTEGARRIA izango da.

= tabernak eta terrazak irekitzeaK (zerk) herritarrEI KALTE EGINGO die.

Musukoa uneoro jantzita edukitzea ikasleEN ONERAKO da = ikasleEN MESEDETAN da.

= musukoa uneoro jantzita edukitzea ikasleENTZAT ONURAGARRIA da = ikasleENTZAT MESEDEGARRIA da.

= musukoa uneoro jantzita edukitzeaK (zerk) ikasleEI ON EGITEN die = ikasleEI MESEDE EGITEN die.

-    Bi taldeetan: Zuzendu berri ditugun berridazketa horietan agertu den perpaus kontzesibo mordoak horretarako aitzakia emanda, perpaus kontzesiboak nola egiten diren azaldu diet. Joan den egunean, Gramatika eta ariketak II liburuko 160-161. orrialdeetan duten teoria (42. gaia) irakur zezatela agindu nien. Gaur, neure hitzekin azaldu dizkiet orrialde horiek: Sarrera – perpaus kontzesiboak noiz eta zertarako erabiltzen diren – eta erlatibozko perpausak osatzeko menderagailu nagusiak: ARREN, NAHIZ ETA, BA-…ERE, -TA ERE =        -RIK ERE, -AGATIK (ERE), izena + GORABEHERA, izena + ETA GUZTIZ ERE. Egitura kontzesibo bat gehitu diet (liburuan ageri ez dena): partizipioa + GABE ERE (bizkaieraz, BARIK ERE). Azken hau, ezezkoetan bakarrik erabil daiteke. Azalpenerako, neuk prestatutako txostena erabili dut, arbelean ipinita (blogean eskuragarri).

-      Bi taldeetan: AHOZKO ADIERAZPENA.  2. gaian gabiltza: GIZA HARREMANAK: Honen barneko lehen azpigaia: familia ereduak.  Horren harira, mintza fitxa bana eman diet, familia ereduei buruzkoa eta horretaz jardun dute elkarrizketan binaka. Horretarako, abiapuntutzat, testutxo bat irakurri dugu, non Sarkozy Frantziako presidente-ohiak homosexualen arteko ezkontzak eta hauen adopzio eskubideak gaitzesten dituen. Gaurkoan lehenengo bizpahiru puntuak izan ditugu hizpide. Arratsaldeko taldean 25 bat minutuz jardun dugu denon artean gaiaren gainean solasean. Goizeko taldean hiru ikasle baino ez dira etorri  eta berandu; beraz, 10-15 minutuz bakarrik aritu gara.

Honako hau da testutxoaren ideia nagusia: Sarkozy Frantziako presidente-ohiak berriz presidente izanez gero, ez lukeela ezkontza homosexualik onartuko eta seme-alabak izateko “ezinbestekoak” direla gizonezko bat eta emakumezko bat. 

Alegia, Sarkozyk homosexualen arteko ezkontzak eta hauen adopzio eskubideak GAITZESTEN ditu (“gaitzetsi”: txartzat ematea, ez onartzea, “condenar”, “rechazar”, “desaprobar”, “reprobar”). Beste adibide bat: ELKARRETARATZEAK egingo dira udaletxeen aurrean, atzoko hilketa GAITZESTEKO.

Familia tradizionalaren izenean egiten diren elkarretaratzeetan, askotan beste  familia ereduak GUTXIESTEN dira (gutxietsi: gutxiago balio dutela pentsatzea, “menospreciar”). Gaur egun, oraindik, zoritxarrez, gizon batzuek emakumezkoak GUTXIESTEN dituzte.

-          Bi taldeetan: ETXERAKO LANAK:

o   Perpaus kontzesiboak lantzeko ariketak: Gramatika eta ariketak II liburuko 162-3. orrialdeetako 1,2,3. ariketak (eurek zuzentzekoak). 4. ariketa (a eta b) gelan zuzenduko dugu osorik.

o   Singleak deritzon cloze-testa.

o   Asteko irakurgaia: Eguberrietan, kontuan izan, kontuak egin. Irakurri, datorren astean honezaz mintzatzeko.

o   Idazlana. Erreklamazio gutuna: Ezkontza ahaztezina.

o   Identifikazio pertsonalaren gaiaren barnean, gure izaeraren (izaera: izateko era edo modua)  adierazle izan daitezke horoskopoak,  horretan sinetsiz gero, jakina. Gaurkoan, Horoskopoak esanda bezalaxeulermen-jarduera bidali diet, esaldiak testuan txertatzean datzana.

o   JARRAITU EGITEN:

NOR-NORK vs. NOR-NORI-NORK bereizteko berariaz prestatutako ariketa (“Anderrek ni Ken Zazpi taldearen kontzertuan ikusi NINDUEN (nor-nork), baina (berak niri) ez ZIDAN (nor-nori-nork) batere kasurik egin”) (datorren asterako).

o   EGINAK IZAN:

Madrildik bidalitako gutuna, lokailuekin osatu beharrekoa (gaur zuzendu dugun Peñiscolako gutunaren antzekoa) (datorren asterako).

Emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, hiru gazte atxilotu dituzte izeneko ulermen-jarduera, esaldiak testuan txertatzekoa (datorren asterako).

Irulegiko eskuari buruzko ulermen-jarduera.