2022/12/16

B2.2 maila: ARRATSALDEKO TALDEAren 21. eskola eta GOIZEKO TALDEAren 20a. Abenduak 14 eta 15

 

Arratsaldekoen  21. eskola eta goizekoen 20.a: Abenduak 14 eta 15

Hurrengo gaiari heldu diogu: FAMILIA EREDUAK.

-    Bi taldeetan: Familia ereduak: bikotean, bakarka, umeekin edo gabe izeneko jardueraren zuzenketarekin ekin diogu gai berriari. Testua irakurri ahala, arbel digitalean jarrita, berridazketak zuzentzen aritu gara. Testuko 14 esaldi ziren eurek beste modu batean berridatzi behar zituztenak. Berridazketa horietan behin eta berriz agertu zaizkigu egitura kontzesiboak. Baita bestelako hainbat eduki ere (eurei kopia bana eman diet).

-     Zertan? + DATZA: Nire  lana klaseak ematean datza. Gizontasunaren eredu berrian datza aldaketaren arrazoia.

-          IZANAGATIK / IZATEAGATIK

Oso langilea IZANAGATIK (ere), ez dute lanean hartu enpresa horretan (= oso langilea izanda ere, izan arren, nahiz eta oso langilea izan…) (kontzesiboa)

Oso langilea IZATEAGATIK  kontratatu dute, ez bere itxuragatik (= oso langilea delako) (kausazkoa)

-          Zerk? + BEHERA EGIN / GORA EGIN

Bihar kantauri isurialdean tenperaturek behera egingo dute; langabetuen kopuruak gora egin du hilabete honetan, udako lan kontratuak amaitu baitira.

-          Noren edo zeren? + ALDEAN konparaziozko egitura.

§  Ni txikia naiz zurekin alderatuta = konparatuta

= Ni zu BAINO txikiAGOA naiz.

= Ni ZURE (NOREN) ALDEAN txikia_ naiz (txikiagoa).

§  Nire autoa dotorea da zure autoarekin (=zurearekin) konparatuta = alderatuta

= Nire autoa zure autoa (=zurea) BAINO dotoreAGOA da.

= Nire autoa zure autoaren (=zurearen) ALDEAN  dotorea da (dotoreagoa).

§  Madril hiri jendetsua da Bilborekin konparatuta = alderatuta.

= Madril Bilbo BAINO hiri jendetsuAGOA da.

= Madril BilboREN ALDEAN (hiri) jendetsua da (jendetsuagoa).

-    NOREN + ESANETAN = NOREN + HITZETAN = NORK + DIOENEZ (* Noren arabera)

Urkullu lehendakariAREN ESANETAN, zergak ez dira igoko.

Urkullu lehendakariAREN HITZETAN, zergak ez dira igoko.

Urkullu lehendakariAK (nork) DIOENEZ, zergak ez dira igoko

(*Urkulluren arabera,…)

AdituEN ESANETAN, azukrea oso kaltegarria da osasunerako.

AdituEN HITZETAN, azukrea oso kaltegarria da osasunerako.

AdituEK (nork) DIOTENEZ, azukrea oso kaltegarria da osasunerako.

(*Adituen arabera,…)

Erabili NOREN + ARABERA beste kasu batzuetarako: datuEN ARABERA, estatistikEN ARABERA, eguraldiAREN ARABERA, izaeraREN ARABERA… Baina ez pertsona baten hitzak testura ekartzeko.

-         NOREN + mesedetan = NOREN + onerako

-         NOREN + kaltetan = NOREN + kalterako

Gobernuak BEZa igo du, herritarrEN KALTERAKO

Etxerako lan asko dituzue, baina ez haserretu, zuEN ONERAKO dira eta.

Eskola honetan, azterketa berrikusteko bi aukera eskaintzea erabaki zen, goizez eta arratsaldez, ikasleEN MESEDETAN.

Adibide hauei beste adibide bat gehitu nahi nieke:

 Nire ustez, telebista pentsatzen zein egiten dutenek eskaintza dibertsifikatu behar lukete; bestela, gazteek Iternetera joko dute, telebistaren kaltetan. Egun jende askok ordainpeko kateak (Netflix, Amazon…) kontratatzen ditu, ohiko telebista-kateen (noren) kaltetan = ohiko telebista-kateen kalterako.

                     Beraz:

Tabernak eta terrazak irekitzea herritarrEN KALTERAKO izango da.

= tabernak eta terrazak irekitzea herritarrENTZAT KALTEGARRIA izango da.

= tabernak eta terrazak irekitzeaK (zerk) herritarrEI KALTE EGINGO die.

Musukoa uneoro jantzita edukitzea ikasleEN ONERAKO da = ikasleEN MESEDETAN da.

= musukoa uneoro jantzita edukitzea ikasleENTZAT ONURAGARRIA da = ikasleENTZAT MESEDEGARRIA da.

= musukoa uneoro jantzita edukitzeaK (zerk) ikasleEI ON EGITEN die = ikasleEI MESEDE EGITEN die.

-    Bi taldeetan: Zuzendu berri ditugun berridazketa horietan agertu den perpaus kontzesibo mordoak horretarako aitzakia emanda, perpaus kontzesiboak nola egiten diren azaldu diet. Joan den egunean, Gramatika eta ariketak II liburuko 160-161. orrialdeetan duten teoria (42. gaia) irakur zezatela agindu nien. Gaur, neure hitzekin azaldu dizkiet orrialde horiek: Sarrera – perpaus kontzesiboak noiz eta zertarako erabiltzen diren – eta erlatibozko perpausak osatzeko menderagailu nagusiak: ARREN, NAHIZ ETA, BA-…ERE, -TA ERE =        -RIK ERE, -AGATIK (ERE), izena + GORABEHERA, izena + ETA GUZTIZ ERE. Egitura kontzesibo bat gehitu diet (liburuan ageri ez dena): partizipioa + GABE ERE (bizkaieraz, BARIK ERE). Azken hau, ezezkoetan bakarrik erabil daiteke. Azalpenerako, neuk prestatutako txostena erabili dut, arbelean ipinita (blogean eskuragarri).

-      Bi taldeetan: AHOZKO ADIERAZPENA.  2. gaian gabiltza: GIZA HARREMANAK: Honen barneko lehen azpigaia: familia ereduak.  Horren harira, mintza fitxa bana eman diet, familia ereduei buruzkoa eta horretaz jardun dute elkarrizketan binaka. Horretarako, abiapuntutzat, testutxo bat irakurri dugu, non Sarkozy Frantziako presidente-ohiak homosexualen arteko ezkontzak eta hauen adopzio eskubideak gaitzesten dituen. Gaurkoan lehenengo bizpahiru puntuak izan ditugu hizpide. Arratsaldeko taldean 25 bat minutuz jardun dugu denon artean gaiaren gainean solasean. Goizeko taldean hiru ikasle baino ez dira etorri  eta berandu; beraz, 10-15 minutuz bakarrik aritu gara.

Honako hau da testutxoaren ideia nagusia: Sarkozy Frantziako presidente-ohiak berriz presidente izanez gero, ez lukeela ezkontza homosexualik onartuko eta seme-alabak izateko “ezinbestekoak” direla gizonezko bat eta emakumezko bat. 

Alegia, Sarkozyk homosexualen arteko ezkontzak eta hauen adopzio eskubideak GAITZESTEN ditu (“gaitzetsi”: txartzat ematea, ez onartzea, “condenar”, “rechazar”, “desaprobar”, “reprobar”). Beste adibide bat: ELKARRETARATZEAK egingo dira udaletxeen aurrean, atzoko hilketa GAITZESTEKO.

Familia tradizionalaren izenean egiten diren elkarretaratzeetan, askotan beste  familia ereduak GUTXIESTEN dira (gutxietsi: gutxiago balio dutela pentsatzea, “menospreciar”). Gaur egun, oraindik, zoritxarrez, gizon batzuek emakumezkoak GUTXIESTEN dituzte.

-          Bi taldeetan: ETXERAKO LANAK:

o   Perpaus kontzesiboak lantzeko ariketak: Gramatika eta ariketak II liburuko 162-3. orrialdeetako 1,2,3. ariketak (eurek zuzentzekoak). 4. ariketa (a eta b) gelan zuzenduko dugu osorik.

o   Singleak deritzon cloze-testa.

o   Asteko irakurgaia: Eguberrietan, kontuan izan, kontuak egin. Irakurri, datorren astean honezaz mintzatzeko.

o   Idazlana. Erreklamazio gutuna: Ezkontza ahaztezina.

o   Identifikazio pertsonalaren gaiaren barnean, gure izaeraren (izaera: izateko era edo modua)  adierazle izan daitezke horoskopoak,  horretan sinetsiz gero, jakina. Gaurkoan, Horoskopoak esanda bezalaxeulermen-jarduera bidali diet, esaldiak testuan txertatzean datzana.

o   JARRAITU EGITEN:

NOR-NORK vs. NOR-NORI-NORK bereizteko berariaz prestatutako ariketa (“Anderrek ni Ken Zazpi taldearen kontzertuan ikusi NINDUEN (nor-nork), baina (berak niri) ez ZIDAN (nor-nori-nork) batere kasurik egin”) (datorren asterako).

o   EGINAK IZAN:

Madrildik bidalitako gutuna, lokailuekin osatu beharrekoa (gaur zuzendu dugun Peñiscolako gutunaren antzekoa) (datorren asterako).

Emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, hiru gazte atxilotu dituzte izeneko ulermen-jarduera, esaldiak testuan txertatzekoa (datorren asterako).

Irulegiko eskuari buruzko ulermen-jarduera.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina