Arratsaldekoen 20. eskola eta goizekoen 19.a (zubi ostekoa): Abenduak 12, 13
- Bi taldeetan: Igaro berri dugu azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako
Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Andoaingo udalak herrian izandako sexu erasoen harira plazaratutako
ohartarazpen edo adierazpen instituzionala, hutsuneak betetzekoa, zuzendu dugu,
astiro, beharrezko azalpenak emanez. Oharrak:
-
Helarazi (heldu + arazi: hacer
llegar). Oso aproposa gutun formaletan erabiltzeko. Adib.:
Eskutitz honen bidez, nire kexa helarazi nahi nizuke, joan den
astean erositako mikrouhin-labea ez baitabil.
Eskola honetako langile guztiok gure dolumina helarazi nahi genioke auto-istripuan gurasoak galdu dituen ikasleari.
- Aurre egin = kontra egin (“afrontar,
hacer frente a”) // Aurrea
hartu (“prevenir”). Aurre egitea, arazo bat daukagunean arazo hori
konpontzen saiatzea da; aurrea hartzea, berriz, arazoa agertu aurretik
saihestea. Adib.:
Minbiziari aurre egiteko, tratamendu
oldarkorrak erabiltzen dira, kimioterapia eta erradioterapia, esatera baterako.
Minbiziari aurrea hartzeko, komenigarria da urtean behin emakumeek euren bularren azterketa sakon bat egitea.
- Bi taldeetan: ENTZUNAREN ULERMENA: Zer berri? 2. Sei albistetxo entzun dituzte eta bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza albiste horren gaiarekin uztartu behar izan dute, alegia, berri bakoitza zeri buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute; bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein hiztunek esan edo aipatu dituen aukeratu behar izan dute. Ariketa bakoitzerako, behin entzun behar da entzungaia; azken finean, entzungai berak direnez, bi ariketak egitean, azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Nahi izatera, zuzendu ostean, berriro entzun daitezke. Oharra:
“Zaharrak berri”.
Norbaitek “zer berri?” galdetzen dizunean, “zaharrak berri” erantzun
diezaiokezu, ez dagoela berririk, ezer ez dela aldatu adierazteko. Gaztelaniazko
“sin novedad” euskaraz modu txukunean adierazteko modua.
- Bi taldeetan: Kohesioa lantzen: Peñiscolatik bidalitako gutuna, lokailuekin osatzekoa, zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ikasleei ohartarazi diet gutun horretako ideiak – esaldi nahiz paragrafoak – zein ongi dauden uztartuta, euren arteko erlazioa adierazten duten lokailuekin, hauek ideiak lotzeko klipak balira bezala.
- Bi taldeetan: Gramatika: iraganeko NOR-NORI-NORK / iraganeko NOR-NORK. Ariketa honetan, 31 esalditako hutsuneak bete behar zituzten iraganeko adizkiekin, kontuan izanik NOR-NORK ala NOR-NORI-NORK erabili behar zuten. Zalantzarik izan duten galdetu eta ebazpen orria banatu diet eurek etxean zuzen dezaten.
- Bi taldeetan: Gramatika: erlatibozko perpausak. Erlatibozkoak 4 izenpean datozen itzulpenak zuzendu ditugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Horretarako, neuk itzuli eta arbel digitalean jarri dizkiet itzulpenak; ondoren, ikasleek eurenak (=beraienak) nireekin alderatu dituzte eta onar daitezkeen aldaerak onartu ditugu. Bigarren ariketa (erlatibozko deklinatuekin esaldiak amaitzekoa) nahi duenari neuk jasotzekotan geratu naiz, erantzun libreak baitira.
- Bi taldeetan: Itzulpen horietako batzuetan EGIN aditz-indartzailea agertu zaigunez, berau noiz eta nola erabiltzen den azaldu diet:
i.
Txankete gaur
goizean (noiz) hil da.
ii.
Txankete istripu
batean (non) hil da.
iii.
Txankete ustekabean
(nola) hil da.
iv. Txankete hil (part.) EGIN da (predikatuan aditza bakarrik dagoenez, berau bihurtzen da “galdegai” edo “protagonista”, eta beraz, indartu egin behar da “egin” erabiliz).
v.
Maria askotan
(noiz) aspertzen da klasean.
vi.
Maria klasean
(non) aspertzen da.
vii.
Maria gai honekin
(zerekin) aspertzen da.
viii. Maria aspertu (part.) EGITEN da (predikatuan aditza bakarrik dagoenez, berau bihurtzen da “galdegai” edo “protagonista”, eta beraz, indartu egin behar da “egin” erabiliz, kasu honetan, ohiturazko aspektuarekin: egiTEN).
ix.
Mariak etxean
(non) bazkalduko du.
x.
Mariak gurasoekin
(norekin) bazkalduko du.
xi.
Mariak ordu
bietan (noiz) bazkalduko du.
xii.
Mariak lekak
(zer) bazkalduko ditu.
xiii. Mariak bazkaldu (part.) EGINGO du (predikatuan aditza bakarrik dagoenez, berau bihurtzen da “galdegai” edo “protagonista”, eta beraz, indartu egin behar da “egin” erabiliz; kasu honetan, geroaldiko aspektuarekin: eginGO).
xiv.
Klase honek asko
(zenbat) aspertzen nau.
xv. Klase hauek aspertu (part.) EGITEN naute (predikatuan aditza bakarrik dagoenez, berau bihurtzen da “galdegai” edo “protagonista”, eta beraz, indartu egin behar da “egin” erabiliz; kasu honetan, ohiturazko aspektuarekin: egiTEN).
Baina
batzuetan, predikatuan beste osagai bat agertu arren, guk hala nahi dugulako,
marka dezakegu aditza:
xvi. Bihar (noiz) ezkonduko naiz (hemen, “bihar” ezkonduko
naizela azpimarratzen ari gara, ez gaur, ez etzi, ez datorren hilean).
xvii. Bihar ezkondu (part.) EGINGO naiz (hemen, bihar zer egingo dudan ari naiz azpimarratzen, ezkondu egingo naizela eta ez dibortziatu, depilatu, jubilatu… Horrexegatik markatu dugu aditza “egingo” gehituz).
- Goizeko taldean, ENTZUNAREN ULERMENA. Gaztainak eta gaztainondoak. Garaian garaiko gai bati buruzko entzungaia, gaztainei buruzkoa, udazkenean bete-betean sartuta baikaude eta udazkenaren adierazleetako bat baitira gaztainak. Aurreko klasean itemak zehatz-mehatz azaldu nizkien eta lehenengo entzunaldia egin genuen; gaur, itemak azaletik gogorarazi ostean, bigarren aldiz entzun dugu audioa eta, jarraian, zuzendu egin dugu.
- Arratsaldeko
taldean: Erreklamatzen ere jakin egin behar da
izeneko jarduera bikoitza zuzentzen jarraitu dugu, 5. hutsunetik aurrera; tira,
ez dugu asko aurreratu baina, -T(Z)EKOA(k) + IZAN egitura azaltzeko astia izan
dugu, behintzat. Egitura honek zerbait egiteko asmoa edo intentzioa adierazten
du eta erabilera bitxia du; izan ere, singularrean ala pluralean erabiliko
dugu, subjektuaren arabera eta ez objektuaren arabera. Objektua singularra ala
plurala den, bost axola.
EzkonTZEKOA zen = ezkontzekotan zegoen = ezkontzeko asmoz / ezkontzeko asmotan zegoen. Adibide gehiago:
1.Gelakook afari bat egiTEKOTAN
GABILTZA = egiTEKOTAN GAUDE
= …egiTEKO ASMOZ / ASMOTAN
GABILTZA = egiTEKO ASMOZ / ASMOTAN GAUDE
= Gelako ikasleok afari bat egiTEKOAK GARA.
2.Madrilen enpresen
administrazioari buruzko master bat egiTEKOTAN NAGO = egiTEKOTAN NABIL
=egiTEKO ASMOZ /ASMOTAN NAGO= egiTEKO
ASMOZ /ASMOTAN NABIL
= (ni) Madrilen master
bat egiTEKOA NAIZ. (ni) Marilen
bi master egiTEKOA NAIZ.
(gu) Madrilen master bat egiTEKOAK GARA. (gu) Madrilen bi master egiTEKOAK GARA
3. Lesaka inguruan golf-zelai
bat eta, horrekin batera, luxuzko urbanizazio bat eraikiTZEKOTAN DABILTZA
=…eraikiTZEKO ASMOZ / ASMOTAN
DABILTZA
= Lesaka inguruan golf-zelai bat eta, horrekin batera, luxuzko urbanizazio bat eraikiTZEKOAK DIRA.
-
Bi taldeetan: ETXERAKO LANAK:
-
NOR-NORK vs. NOR-NORI-NORK bereizteko berariaz prestatutako ariketa (“Anderrek
ni Ken Zazpi taldearen kontzertuan ikusi NINDUEN (nor-nork), baina (berak niri)
ez ZIDAN (nor-nori-nork) batere kasurik egin”) (datorren asterako).
-
Madrildik bidalitako gutuna, lokailuekin osatu beharrekoa (gaur zuzendu dugun
Peñiscolako gutunaren antzekoa) (datorren asterako).
-
Emakume bati sexu erasoa egitea
egotzita, hiru gazte atxilotu dituzte izeneko ulermen-jarduera,
esaldiak testuan txertatzekoa (datorren asterako).
- Irakurri perpaus kontzesiboei
buruzko teoria. Teoria Gramatika eta ariketak
II liburuko 160-161. orrialdeetan dator. Irakur dezatela neuk klasean
azaltzerako. (hurrengo egunerako).
EKARRI: familia
ereduen jarduera.
EGINA
IZAN: Irulegiko eskuari buruzko jarduera.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina