2023/02/04

B2.2 maila: ARRATSALDEKO TALDEAren 31. eskola eta GOIZEKO TALDEAren 30.a. Otsailak 1 eta 2

 

Arratsaldekoen  31. eskola eta goizekoen 30.a: 2023ko otsailaren 1 eta 2koa

-  Errusian haur bat adoptatzearen abentura. Familia ereduei eta haurrak izateari nahiz adoptatzeari buruz ari garenez, Errusiako haurren adopzioarekin lotutako jarduera honetan, lehenik, albiste bat entzun behar izan dute eta entzungai horrekin bi ariketa egin behar izan dituzte (lehenengoan, erreportajea ondoen laburbiltzen duen esaldia hautatu, eta bigarrenean, a), b) eta c) artean aukeratu). Ondoren, kontrastea adierazteko egituren adibideak biltzen dituen taula arretaz irakurri behar zuten eta sei esaldi berridatzi behar zituzten kontzesiboak erabiliz. Gaur, jarduera osoa zuzendu dugu.

Albistearen laburpena: Blokeoa bertan behera utzi dute = indargabetu dute = baliogabetu dute eta horrek adopzio prozesua arindu eta azkartu du, baina txanponak badu bere IFRENTZUA: bikote homosexualek edo guraso bakarrek adoptatu ezinik jarraitzen dute.

Adierazi dugun zerbaiten kontrastea, zailtasuna, oztopoa edo muga adierazteko BAINA lokailua erabiltzen dugu. Baina, gauza bertsua adierazteko beste egitura batzuk ere erabiltzen ditugu:

§  alde batetik, perpaus kontzesiboak: -NAHIZ ETA / ARREN / BA-... ERE/ -AGATIK (ere), / -TA ERE / -RIK ERE / GABE ERE.

NAHIZ ETA adopzioaren prozesua neketsua izan ( = NAHIZ ETA adopzioaren prozesua neketsua den), adoptatzeak abantaila asko dauzka (bi aukera: aditz jokatu gabea, hau da, partizipioa edo jokatua + -EN).

Adopzioaren prozesua neketsua izanAGATIK (ERE), adoptatzeak abantaila asko dauzka (aditz jokatu gabea, hau da, partizipioa).

Adopzioaren prozesua neketsua izanDA ERE = izanIK ERE, adoptatzeak abantaila asko dauzka (aditz jokatu gabea, hau da, partizipioa).

Haurrak familia berrira egokitzeko arazoak izan BAditu ERE, azkenean ondo moldatu da (Aditza beti jokatzen dugu BA-…ERE erabiltzen dugunean).

Haurrak familia berrira egokitzeko arazoak izan ARREN (=Haurrak familia berrira egokitzeko arazoak izan dituen ARREN), azkenean ondo moldatu da (bi aukera: aditz jokatu gabea, hau da, partizipioa  edo jokatu + -EN).

§  Bestetik, kontzesibo balioa duten lokailuak, klip baten modura bi ideia, bi paragrafo, bi esaldi lotzen dituztenak: HALA ERE / HALA ETA GUZTIZ ERE / DENA DEN / DENA DELA / NOLANAHI ERE / EDONOLA ERE.

Adopzioaren prozesua neketsua da; HALA ERE, haur bat adoptatzeak abantaila asko dauzka.

Adopzioaren prozesua neketsua da; DENA DEN, haur bat adoptatzeak abantaila asko dauzka.

Adopzioaren prozesua neketsua da; NOLANAHI ERE, haur bat adoptatzeak abantaila asko dauzka.

Adopzioaren prozesua neketsua da; EDONOLA ERE, haur bat adoptatzeak abantaila asko dauzka.

Honekin, familia ereduei buruzko gaia amaitutzat jo dugu.

-      Bestalde, joan den egunean Daniela Cutasi egindako elkarrizketatik (Guraso izateko modu asko daude) ateratako berridazketak zuzendu genituenean, baziren hiru (2.,13. eta 18.a) orain arte ikusi gabeko egitura bat zutenak: partizipioa + BEHARRIK. Berau eta bere pareko adiera duen ZERTAN + partizipioa + (rik) azaldu dizkiet.

§  BEHARRIK = ZERTAN // behar:

1.      eta  13. berridazketak:

EZ du ZERTAN txarra edo okerragoa IZAN(ik).

(Horrek) Ez du = ez dauka txarra edo okerragoa izan BEHARRik.

18. berridazketa:

EZ dago ZERTAN diferentziarik EGON(ik) (inperts.)

Ez dago = ez da diferentziarik egon BEHARRik (inpertsonala)

-          BEHAR  vs. BEHARRIK arteko desberdintasuna:

-          Inork EZ DAUKA (=ez du) bere burua ZERTAN arriskuan JARRI (rik) = Inork EZ DAUKA (=ez du) bere burua arriskuan JARRI BEHARRIK (debekurik ez dago, nahi badu, jar dezala).

-          Inork ez du bere burua arriskuan jarri BEHAR (debekua adierazten du).

-          Liburutegian liburu bat mailegatzeko EZ DAUKAZU (=ez duzu) ZERTAN eskolara ETORRI(rik) = EZ DAUKAZU (= ez duzu) eskolara ETORRI BEHARRIK (baina, nahi baduzu, etor zaitezke).

-          Ez duzu eskolara etorri BEHAR, ez baitzaitu inork artatuko (debekua adierazten du).

-          Agiri horiek entregatzeko EZ DAUKAZU (=ez duzu)  ZERTAN udaletxera JOAN(ik) = EZ DAUKAZU (= ez duzu) udaletxera JOAN BEHARRIK, Internet bidez bidal ditzakezu (baina nahi baduzu, joan zaitez udaletxera).

-          Agiri horiek entregatzeko ez duzu udaletxera joan BEHAR, Diputaziora baizik.

-          Gaurko idazlana egin behar zenuten, baina EZ DAUKAZUE (=ez duzue) ZERTAN gaur EMAN(ik) = Idazlana EZ DAUKAZUE (= ez duzue) gaur EMAN BEHARRIK (baina nahi baduzue, eman gaur eta hartuko dizuet).

-          Idazlana ez duzue gaur eman BEHAR, ez dizuet jasoko.

-          Gaur egungo bikoteek EZ DAUKATE (= ez dute) seme-alabak ZERTAN EKARRI(rik) familia bat osatzeko, garai batean ez bezala = Gaur egungo bikoteek EZ DAUKATE (=ez dute) seme-alabak EKARRI BEHARRIK familia bat osatzeko, garai batean ez bezala.

-          Gaur egungo bikote batzuek ez dute = ez lukete seme-alabarik ekarri BEHAR, gero ez baitakite behar bezala hezten.

-          Gaur egun haur bat izateko emakume batek EZ DAUKA (=ez du) ZERTAN gizon bat BILATU(rik), intseminazio bidez izan dezake = Gaur egun haur bat izateko emakume batek EZ DAUKA (= ez du) gizon bat BILATU BEHARRIK, intseminazio bidez izan dezake.

-          Gaur egun haur bat izateko emakume batek ez du gizonik bilatu BEHAR, gizonek buruhausteak baino ez baitituzte eragiten.

J Inpetsonala egiteko: EZ DAGO  (= ez da) ZERTAN + partizipioa = EZ DAGO  (= ez da) + partizipioa + BEHARRIK.

Gaur egun, medikuarenean hitzordua hartzeko EZ DAGO ZERTAN anbulatoriora JOAN(ik), Internet bidez har daiteke

= Gaur egun, medikuarenean hitzordua hartzeko EZ DAGO anbulatoriora JOAN BEHARRIK, Internet bidez har daiteke.


Baina ez  nahastu bi egiturak!!!

Zure azalpena ulertu dugu, EZ DAUKAZU ZERTAN berriro azaldu BEHARRIK”.

Edo: EZ DAUKAZU ZERTAN berriro azaldu(rik)”

Edo: EZ DAUKAZU berriro azaldu BEHARRIK”.

“Nahi ez baduzue, EZ DAUKAZUE ZERTAN etorri BEHAR fardelaren bila, nik etxera bidali ahal dizuet (=bidal diezazueket) eta.”

Edo: EZ DAUKAZUE ZERTAN etorri(rik) fardelaren bila, nik etxera bidali ahal dizuet (=bidal diezazueket) eta.

Edo: EZ DAUKAZUE fardelaren bila etorri BEHARRIK, nik etxera bidali ahal dizuet (=bidal diezazueket) eta.”

Hona hemen ikasle baten idazlanean irakurritako esaldia:  

* Egia esan, Eguberriak beste edozein egun bezalakoak dira, eta EZ DITUGU gehiegikeria izugarriak EGIN BEHAR.

Debekatuta al dago ba, gehiegikeriak egitea? Ez, ezta? Hona esaldi zuzena:

Egia esan, Eguberriak beste edozein egun bezalakoak dira, eta EZ DAUKAGU (= ez dugu) gehiegikeria izugarriak EGIN BEHARRIK .

Alegia, ez daukagula gehiegikeriak egin beharrik, baina norbaitek nahi badu, egin ditzala. Ez dago debekurik.

-         BEHAR vs. BEHARRIK arteko aldea ulertu duten jakiteko, klasean ariketa bat eginarazi diet. 9 esalditan aukeraketa egokia egin behar izan dute. Egin ostean, zuzendu egin dugu, beharrezko azalpenak emanez. Ulertu dutela dirudi.

Esaldi horietako batean agertu zaigu “erosi BERRI duzu”. Hona hemen zenbait sinonimo: 

Erosi BERRI_ duzu , erosi BERRIA da (partizipioa + BERRI(A))

= Orain dela gutxi erosi duzu

= Orain gutxi erosi duzu

= Duela gutxi erosi duzu

= Berriki erosi duzu

= Oraintsu erosi duzu

= Ez da erosi zaharra

-     Alegiazko baldintza edo hipotetikoa: NOR-NORI lantzeko ariketa analitikoetan zalantzarik baduten galdetu eta, izanez gero, argitu. Ohar bitez, bi esalditan, ikusi ez ditugun adizkiak ageri direla (“ni zuri > nintzaizuke) (“ni zuei” > nintzaizueke).

-     Ondoren, Alegiazko NOR-NORI baldintza lantzeko berariaz prestatu nien ariketa zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ohar bitez, nominalizazio bat tartean denean, nahiz eta nominalizazio horrek berekin daraman objektua plurala izan, aditza singularrean doala, nominalizazioak ekintza bakarra adierazten baitu: Gure amari entsaladarako tomateak (objektu plurala) erostea (nominalizazioa) ahaztuKO BALITZAIO,…(balitzaizkio); txokolatezko bonboiak jatea gustatuKO BALITZAIT,…(balitzaizkit).

-      Alegiazko adizkiekin jarraituz, gaurkoan, NOR-NORK sistemari heldu diogu. Indikatiboko iraganeko adizkietatik abiatuta nola sortzen diren gogorarazi diet. Horretarako, hainbat adibide egin ditugu arbelean, eurek ikus zezaten Indikatiboko lehenaldiko adizkietatik baldintzako adizkietara igarotzeko zer-nolako aldaketak egin behar dituzten (amaierako –(e)N kendu, BA- jarri eta 3.  pertsonako Z > L. Bestalde, 1. pertsonako adizkian amaieran –DA geratzen bada, -T bihurtu). Halaber, ondorioko adizkietan –KE non sartu behar duten azaldu diet, oso nahasgarria baita. Eurei azalpen orriaren kopia bana eman diet. Jarraian, baldintzaren apunteetan dituzten taulei erreparatu diegu, adizki  horien osaeraz ohar zitezen eta, bereziki, -KE non tartekatzen den ikus zezaten.

-  AHOZKO ADIERAZPENA: Alokairuko umetokia eta intseminazio bidezko ugalketa mintzagai (2. saioa). Gaurkoan ere, joan den asteko bi hautabide hauek izan ditugu hizpide. Horretarako, joan den astean agertu zitzaizkigun ideia nagusiak bildu nituen eta bakoitzaren gainean denbora jakin batez hitz eginarazi diet. Goizeko taldean ikasle gutxi etorri direnez eta bitartekotza fitxa ia inork prestatua ez zuenez – aurreko klasean ez baitziren etorri – luzatu egin dugu mintza-saio hau. Arratsaldekoan, berriz, motzagoa egin dugu – hala ere, nahikoa – ondoren ahozko bitartekotzari ekiteko (erdi egina geratu zaigu).

-   Arratsaldeko taldean: AHOZKO BITARTEKOTZA: Eguraldi makurrarekin gidatzeko aholku edo gomendioak / Zelan identifikatu fake news bat. Binaka jarrita, joan den egunean adostu bezala, elkarri euren hitzekin azaldu diote testutxoak / infografiak dioena. Hurrengoan jarraitzekotan geratu gara.

-    A) Egunotan hizpide (=mintzagai) izan dugu elurra eta honek eragiten dituen zailtasun nahiz arazoak, errepideetan, batik bat. Auto-gidariek zuhur eta kontu handiz gidatu behar dute horrelako eguraldiarekin, baita euri-jasa nahiz haize-bolada bortitzekin (=indartsuekin) ere. Zure ikaskideak gidabaimena atera berri du eta zuk zenbait aholku ematea erabaki duzu, balizko istripuak saihestearren (=ekiditearren). Labur iezazkiozu.

-          B) Zure lagun batek deitu dizu esanez albiste bat heldu zaiola sare sozialen bidez eta ez ez diola  egiantzik[1] edo sinesgarritasunik[2] hartzen. Irakur ezazu hurrengo dokumentua eta azal iezaiozu, zure ustez eta zure hitzez, zeintzuk diren gomendiorik eraginkorrenak albiste bat fidagarria ala faltsua (“fake”) den jakiteko.

-          ETXERAKO LANAK:

§  Gaurko ariketan BEHARRIK daramaten esaldiak berridatz ditzatela ZERTAN + partizipioa(rik) erabiliz.

§   Begiradak” izeneko ulermen jarduera, Onintze Enbeitiarena.

§  Iritzi artikulua: Erretiroa atzeratuz… / Gurasoen etxea uztea.

§  Hurrengo egunean helduko diogu giza harremanen barneko bigarren azpigaiari: INTERNET eta SARE SOZIALAK. Horri ekiteko, ulermen jarduera bat egin dezatela etxean: Ciberbullyng-a, sarearen arriskua.

-   Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR-NORK sistemako ariketa analitikoak (erantzunekin).


[1] Egiantza: “verosimilitud”

[2] Sinesgarritasuna: “credibilidad”

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina