2023/02/10

B2.2 maila: ARRATSALDEKO TALDEAren 33. eskola eta GOIZEKO TALDEAren 32.a. Otsailak 8 eta 9

 

Arratsaldekoen  33. eskola eta goizekoen 32.a: 2023ko otsailaren 8 eta 9koa

-    Goizeko taldean: ENTZUNAREN ULERMENA: La Palmako sumendiaren erupzioa. Duela urtebete La Palma uharteko Cumbre Vieja sumendiak laba isurtzeari ekin zion (=isurtzen hasi zen) eta hilabeteak eman zituen berriro lokartu arte. Garai hartan puri-purian egon zen gai hori eta horri buruzko entzungaia jarri nien joan den egunean, EITBko “Faktoria” saioan Arturo Apraiz geologoari eta Maribi Iturrino getariarrari egindako elkarrizketa, hain zuzen ere. Testuingurua eta itemak irakurri eta beharrezko azalpenak eman ostean, entzungaia behin bakarrik entzun genuen (nahi zuenak etxean bigarren entzunaldia egin zezala esan nien) eta horko hamar adierazpenak egiak ala gezurrak ziren hautatu behar izan zuten. Gaur, jarduera zuzendu dugu, erantzun zuzenak eta hauek argudiatzeko transkribatutako hainbat zati arbelean jarrita.

-     Joan den egunean, NOLA? eta ZERTAN? galderen arteko aldea azaldu nien, askotan ikasleek biak nahastu egiten baitituzte (izan ere, gaztelaniaz biak izan daitezke gerundio). Gaurkoan, azalpen hura laburbildu diet eta, ondoren, atzeko ariketa zuzendu dugu. Bertan, ikasleen idazlanetatik ateratako zenbait esaldi zituzten eta aukeraketa zuzena egin behar zuten.

-     EZIN IZAN aditza lantzeko egin behar zuten ariketa zuzendu dugu, astiro, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz. Behin eta berriz azpimarratu diet EZIN horrek PARTIZIPIOA daramala ezinbestean, eta denboran zehar jokatzeko, IZAN, IZATEN, IZANGO laguntzaileak gehitu behar zaizkiola.

-   Arratsaldeko taldean: Joan den egunean nominalizazioen taulan –T(z)EN nominalizazioa (“zertan?” galderari erantzuten diona) eskatzen duten aditzak zeintzuk diren gogorarazi nien. Ohar berezia merezi  du “ahaztu” aditzak, bi  nominalizazio desberdin eraman baititzake: 

Argia itzalTZEA ahaztu zait; ni gaurko tortilla bat egitekotan geratu nintzen, baina  tortilla egiTEA ahaztu zait gaurko hamaiketakorako (nahiz eta badakidan tortillak egiten); etxetik irteterako, pertsianak jaisTEA ahaztu zait.

Lehen banekien, baina tortilla egiTEN ahaztu zait, aspaldian ez dut egin eta (alegia, tortilla nola egiten den ahaztu zait); txikitan pianoa jotzen nuen, baina aspaldian ez dut praktikatu eta joTZEN ahaztu zait; ikastolan oso ona nintzen ingelesean, baina ikastolatik atera nintzenetik ez dut ingelesa erabili eta horregatik, ingelesez hitz egiTEN ahaztu zait (alegia, nola hitz egiten den ahaztu zait); Alzehimerra duenari pertsianak jaisTEN (nola jaisten diren) ahaztu zaio.

-   Joan den egunean, ezezko baldintza egiteko erabiltzen den EZIK = EZEAN, salbuespenak adierazteko IZAN EZIK eta bi osagai uztartzeko erabiltzen den EZ EZIK…ERE arteko aldea azaldu nien. Etxerako bazuten hauek bereizteko berariaz prestaturiko ariketa bat. Hura zuzendu dugu. EZIK = EZEAN / IZAN EZIK / EZ EZIK…ERE bereizteko ariketa honetan,  16 esaldi berridatzi behar zituzten eta ongi etorri zaie hiru horien arteko aldeaz ohartzeko.

-       Ohar berezia merezi izan du aditz trinkoetan ageri den BA- horrek: Irulegiko Eskua topatu duen arkeologoa  lanean bikaina ez ezik, oso umila ere bada.

Attention clipart emoji, Attention emoji Transparent FREE for download ...

ERE lokailuaren urrezko arauetako bat honako hau da:

ERE lokailua aditz trinko baten aurrean – justu aurrean – doanean, aditz hori derrigorrez indartu egin behar da BA- erantsiz:

Zu bihar Oiasso museorako txangora zoaz? Ni ERE Banoa.

Zure amak ez ezik, nik ERE Badakit zer gertatzen zaizun.

Apartamentu bat daukazue Saloun? Guk ERE Badaukagu.

Donostia hiri ikusgarria da, baina garestia ERE Bada.

Baina… ERE eta aditz trinkoaren artean zerbait tartekatzen badugu, tarteko osagai horrek hartzen du “protagonismoa” – galdegai bihurtzen da –  eta, beraz, ez dugu aditza indartuko, hau da, aditzari ez diogu BA- erantsiko:

Nik ERE asko (zenbat) dakit gai horri buruz.

Ni ERE Errealeko bazkidea (zer) naiz.

Ni ERE jaio nintzenetik (noiztik) naiz Errealeko bazkidea.

Zuk ez ezik, guk ERE pazientzia handia (zer) daukagu.

Gehienak autobusez joango omen dira. Zu ERE autobusez (nola) zoaz? Ala gurekin autoz?

-    EZ EZIK…ERE erabiltzeko ikasle batzuek dituzten zailtasunak ikusirik, gogorarazi diet bi osagai elkartzeko, lotzeko edo uztartzeko erabiltzen dela egitura hau eta bi osagai horiek ezinbestean kategoria gramatikal berekoak izan behar dutela (bi izen, bi izenondo, bi aditzondo, bi aditz partizipio…). Beste modu batera esanda, “ez ezik” eta “ere”ren aurreko bi osagaiek galdera berari erantzun behar diote (Zer? Noiz? Nola? Norekin? Zer ekintza?...).

 Gainera, uztartzen diren bi osagaiak aditzak direnean, lehenengoa derrigorrez partizipioa izaten da (ez aditz jokatua!!!: joan naiz ez ezik, ikusi dugu ez ezik, egin ditugu ez ezik…) eta bigarrena nahitaez indartu egin behar da, EGIN indartzailea erabiliz edo aditz bera errepikatuz. Jarraian datozen adibideak arbelean jarrita, azaldutakoaz ohartarazi ditut:

o   Istripuan autoko giltzak (zer?) EZ EZIK, etxekoak (zer?) ERE galdu nituen, eta ez nituen aurkitu.

o   Istripuan autoko giltzak galdu (nituen) EZ EZIK, aurkitu ERE egin nituen

= …aurkitu ere aurkitu nituen. Gaitzerdi!! (=Eskerrak!!).

o   Ni (nor? Izenordea) EZ EZIK, zu (nor? Izenordea) ERE pozik zaude.

o   Polita (nolakoa? Adjektiboa edo izenondoa) EZ EZIK, azkarra (nolako? Adjektiboa edo izenondoa) ERE bada neska hori.

o   Hemen (non? Leku aditzondoa edo adberbioa) EZ EZIK, han  (non? Leku aditzondoa edo adberbioa) ERE liskarrak (=istiluak) sortu dira.

o   Gaur (noiz? Denbora aditzondoa edo adberbioa) EZ EZIK, atzo (noiz? Denbora aditzondoa edo adberbioa) ERE ateri egin zuen.

o   Sukaldea (zer?) EZ EZIK, etxeko zoko guztiak (zer?) ERE hutsik zeuden.

o   Sukaldea hutsik (nola? Moduzko aditzondoa edo adberbioa) EZ EZIK, zikin (nola? Moduzko aditzondoa edo adberbioa) ERE bazegoen.

o   Atzo gramatika ariketak egin (nituen) EZ EZIK, iritzi artikulu bat idatzi ERE egin nuen = …idatzi ERE idatzi nuen. 

-     Jarraian, honako hau gogorarazi diet: (a) EZ EZIK, (b) ERE egitura erabiltzen dugunean, aditza (b) osagaiarekin komunztatu behar da:

o   Alvaro eta Iban atzean eserita daude (plurala).

Baina…

o   Alvaro (a) EZ EZIK, Iban (b) ERE atzean eserita dago.

o   Alvaro (a) EZ EZIK, ni (b) ERE atzean eserita nago.

o   Alvaro (a) EZ EZIK, zu (b)ERE atzean eserita zaude.

o   Alvaro (a) EZ EZIK, David eta Iban (b) ERE atzean eserita daude.

-   Azkenik, aipatu diet EZ EZIK…ERE egitura, oro har, ongi erabiltzen dutela beste edozein kategoria uztartzeko, baina bi aditz lotzerakoan askotan oker egiten dutela; izan ere, ez da batere erraza: batetik, kontuan izan behar da bi aditz horiek partizipioak izan behar dutela eta ez adizki jokatuak; bestetik, derrigorrezkoa da bigarrena indartzea:

Etorkinek hona etortzen direnean, edozein lan onartu (part.) (1. osagaia) EZ EZIK, hemengo askoren mespretxua jasan (part.) (2. osagaia) ERE egiten dute = …jasan (part.) (2. osagaia) ERE  jasaten dute.

Horrelako ur handietan sartu nahi izan ezean, hona hemen beste aukera bat gauza bera adierazteko, samurragoa dena:

Etorkinek hona etortzen direnean, edozein lan onarTZEAZ GAIN, hemengo askoren mespretxua jasaten dute.

Ahalera hipotetikoa errepasatu (part.) EZ EZIK, lehenaldiko ahalera azaldu (part.) ERE egingo dizuet = … lehenaldiko ahalera azaldu (part.) ERE azalduko dizuet.

= Ahalera hipotetikoa errepasaTZEAZ GAIN, lehenaldiko ahalera azalduko dizuet.

-         AHOZKO ADIERAZPENA: Sarean, armiarmen modura. Giza-harreman birtualen, hots, aurrez aurrekoak ez direnen gainean solastu dira ikasleak: facebook, Twitter… Lehenengo bi puntuak izan dituzte mintzagai. Arratsaldeko taldean 25 bat minutuz jardun dugu; goizekoan, denbora gehiagoz.

-          Gero eta jende gehiagok erabiltzen omen ditu sare sozialak (facebook, twitter, whatsapp, badoo, meeting...) giza harremanetarako. Zergatik ote? Zuk erabiltzen al dituzu? Menpekotasuna sor dezakete sare sozialek? Gaixotasun izatera hel liteke gehiegizko erabilera hori?

-          Zer deritzozu Internet bidez lagunak edota bikotekidea ezagutzeari? Alderatu (=erkatu = konparatu) aurrez aurreko ezagutzarekin. Nolako jendeak erabiltzen du, zure ustez, sarea jende berria ezagutzeko? Zergatik jotzen ote dute sarera, taberna edota dantzalekuren batera jo beharrean?

-       Arratsaldeko taldean: AHOZKO BITARTEKOTZA: Eguraldi makurrarekin gidatzeko aholku edo gomendioak / Zelan identifikatu fake news bat. Binaka jarrita, joan den egunean adostu bezala, elkarri euren hitzekin azaldu diote testutxoak / infografiak dioena. Gaurkoan, B ikasleak egin du bere saioa, nik aurretik emandako argibideei jarraiki.

-          A) Egunotan hizpide (=mintzagai) izan dugu elurra eta honek eragiten dituen zailtasun nahiz arazoak, errepideetan, batik bat. Auto-gidariek zuhur eta kontu handiz gidatu behar dute horrelako eguraldiarekin, baita euri-jasa nahiz haize-bolada bortitzekin (=indartsuekin) ere. Zure ikaskideak gidabaimena atera berri du eta zuk zenbait aholku ematea erabaki duzu, balizko istripuak saihestearren (=ekiditearren). Labur iezazkiozu.

-          B) Zure lagun batek deitu dizu esanez albiste bat heldu zaiola sare sozialen bidez eta ez ez diola  egiantzik[1] edo sinesgarritasunik[2] hartzen. Irakur ezazu hurrengo dokumentua eta azal iezaiozu, zure ustez eta zure hitzez, zeintzuk diren gomendiorik eraginkorrenak albiste bat fidagarria ala faltsua (“fake”) den jakiteko.

-          ETXERAKO LANAK:

o   Ziberseguruak al gara? izeneko ulermen jarduera, testua bertatik ateratako esaldiekin osatzekoa.

o   Alegiazko baldintza edo hipotetikoa: NOR-NORK sistema lantzeko ariketa osagarria (gelan zuzenduko dugu).

o  Iritzi artikulua: Futbolak pasioa ala erokeria eragiten du? / Telebista, hutsaren hurrengoa. Bi gai hauetako bat aukera dezatela.

o   EZEAN = EZIK // IZAN EZIK // a EZ EZIK, b ERE. Hiru hauen bereizten eta behar bezala erabiltzen treba daitezen, 40 esaldi sortu dizkiet, eurek berridatz ditzaten (erantzun-orriak ere banatu dizkiet). Nolanahi ere, denak egun berean ez egiteko aholkatu diet, pixkanaka eginez joan daitezela.

o   Goizeko taldean: gaurko prestatu behar zuten bitartekotza fitxa hurrengorako utzi dugunez, prestatuta ekar dezatela: Eguraldi makurrarekin gidatzeko aholku edo gomendioak / Zelan identifikatu fake news bat.

o   AUKERAKO JARDUERA: Twitter: komunitate bizi eta indartsua izeneko entzumen jarduera (entzungaia eta ebazpen orria, blogean eskuragarri). Egunotan sare sozialak izango ditugu hizpide. Sare sozialen artean ia gehien erabiltzen den tresna da Twitter edo Txio-herria, eta askorentzat eguneroko tresna bihurtu da, era guztietako informazioa partekatzeko oso erabilgarria. Horri buruzko entzumen-jarduera da.



[1] Egiantza: “verosimilitud”

[2] Sinesgarritasuna: “credibilidad”

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina