Arratsaldekoen 45. eskola eta goizekoen 44.a: 2023ko martxoaren 29 eta 30ekoa
- KAUSAZKO
PERPAUSAK. Nork bere iritzia ematen
duenean, dela iritzi artikuluetan edo argudio testuetan, dela solasaldi nahiz eztabaidetan, iritzi edo uste hori
argudiatu edo arrazoitu egin behar izaten du eta, horretarako, kausazko
perpausak edo esaldiak erabiltzen dira. Gatozen kausazko perpausak egiteko
modu desberdinak errepasatzera. Azalpenerako, bere garaian eman eta irakurtzeko
esan nien txostena erabili dugu. Hauetxek dira gaur ikusi ditugun kausazko
menderagailuak:
-(E)LAKO
ETA
BAIT-
-T(Z)EAGATIK eta –T(Z)EARREN,
-(e)NEZ (GERO)
-(E)LA ETA
(eta honen kidekoak: -(e)la medio, -(e)la kausa,
-(e)la bide, -(e)la zio)
ZEREN (eta)
Azken honi
dagokionez, azalpen zehatza apunteetan daukaten arren, zera azpimarratu nahi
nuke:
-
Idatziz hiru aukera dituela:
o
bera
bakarrik erabil daiteke, nahikoa baita kausaltasuna adierazteko (Bihar ezin izango naiz klasera etorri, zeren
hitzordua daukat espezialistarenean).
o
-BAIT kausazkoarekin indartu daiteke (Bihar ezin izango naiz klasera etorri, zeren
hitzordua baitaukat
espezialistarenean).
o –(e)N-ekin konbina daiteke (Bihar ezin izango naiz klasera etorri, zeren hitzordua daukadan espezialistarenean).
- Ahoz bat-batean hitz egiten dugunez, hots, inprobisatzeko joera dugunez eta beraz, esaldia noiz amaituko dugun ez dakigunez, barra-barra erabiltzen dela, “ze...” moduan. Aurrean “ze...” esan eta lixto, gero, nahi adina luza dezakezu kausa eta irakurleak edo entzuleak ez dauka amaiera arte itxaron beharrik hori guztia kausa dela jakiteko. Nik neuk askotan erabiltzen dut.
- Arratsaldeko taldean:
NOREN vs. NONGO ZaborrAREN kudeaketa ala zaborrEKO kudeaketa? Mugi
txartelAREN abantailak ala Mugi txartelEKO abantailak?
OntzikiEN balioa ala ontzikiETAKO balioa? HiriAREN abantailak ala hiriKO abantailak?
Baina zergatik
“ZaborrAREN
kudeaketa”, “txartelAREN abantailak” eta “ontzikiEN balioa” , baina ez “zaborrEKO
kudeaketa”,“txartelEKO abantailak” edo “ontzikiETAKO balioa”? Zergatik
“HiriAREN edo
hirian bizitzeAREN
abantailak” eta ez “HiriKO abantailak”?
Bada, abantailak ez daudelako txartelean,
txartelak dauzka abantailak; balioa ez dago ontzikietan, ontzikiek daukate
balioa; abantailak ez daude hiriAN
zuhaitzak, eliza, udaletxea eta parkeak bezala; abantailak hiriAK edo hirian
bizitzeAK ( zerk edo nork) dauzka edo ditu.
Beste modu batera adierazita: erlatibozko
bat egin beharko bagenu, honako hau egingo genuke: “Mugi txartelAK
(zerk) dauzkan abantailak”, “ontzikiEK (zerk) daukaten balioa”, HiriAK edo hirian bizitzeAK (zerk edo nork) dauzkan abantailak” eta ez “HiriAN
(non) dauden abantailak”.
Beraz,
adibideokin, ikasle batzuek duten uste
okerra – NOREN kasua bizidunekin bakarrik erabiltzen delakoa – baztertu dugu,
zaborra, txartela eta hiria ez baitira izen bizidunak. Gatozen bada, NOREN (=ZEREN)
eta NONGO kasuak behar bezala erabiltzeko zertzelada nagusi batzuk ematera
(bereizketa hau B1 mailan ikusten dugun arren, agian ikasleei on egingo die
gogorarazteak).
Pertsonekin eta animaliekin, hau da, bizidunekin, beti NOREN kasua erabiliko dugu, ez NONGO (salbuespenen bat bada. Adib. “gazteetako bat hurbildu zitzaigun” (“uno de los jóvenes”).
Baina horrek ez du esan nahi NOREN (=ZEREN) kasua bizidunekin bakarrik erabiltzen denik. Adib.: EskolaREN izen ona zabaldu da Irun osoan; hiriAREN abantailak; zaborrAREN kudeaketa...
NONGO kasuak lekua adierazten du. Izan ere, NON
kasuaren gainean eraikia dago.
NOREN kasuak, berriz, jabetza edo propietatea adierazten du.
Kolorea, tamaina, altuera, sakonera, izena, usaina, dimentsioak, egoera, ospea edo fama, kualitateak, propietateak, ezaugarriak, prezioa, balioa, abantailak, eragozpenak, alde onak, alde txarrak... NOREN kasuan.
NOREN eta NONGO kasuak erlatibozko
perpaus batekin
interpretatu beharko bagenitu:
NOREN: NORK duen, daukan…zerbait edo norbait adierazten du:
Aitona-amonEN baserria: Aitona-amonEK DAUKATEN baserria.
NONGO: NON dagoen….zerbait edo norbait adierazten du: AlkizaKO eliza: AlkizaN DAGOEN eliza.
Jarraian, hainbat adibide egin ditugu ozenki denon artean. Ikasleek horietako bakoitzean NOREN ala NONGO kasua ipini behar den aukeratu behar izan dute.
- Goizeko taldean: Orainaldiko ahalerako adizkiak. Gramatika eta ariketak II liburuko 14. orrialdera jo dugu eta Indikatibotik Ahalerara igarotzeko urratsak gogorarazi dizkiet. Indikatiboko adizkietatik Ahalerako adizkietara igarotzeko urrats nagusiak honakook dira:
- Nor orainaldiko adizkiak (ez dute zailtasunik eta honezkero badakizkizue).
14. orrialdeko lehenengo taulari erreparatu diogu.
- Nor-nori orainaldikoak, singular nahiz pluralean (baina nor = zer 3. pertsona
dutenak bakarrik) (14. orrialdeko 2. taula): Indikatiboko orainaldiko ZAI > DAKI bihurtzen da+ nori pertsona marka + -KE. Adib.: zait > dakiDAke; zaizu>
dakiZUke; zaie > dakiEke; zaizkigu > dakizkiGUke; zaizkio >
dakizkiOke… Adib.: mugikorra lurrera erori
ahal zaizu = mugikorra lurrera eror_
dakiZUke; orain hartzen ez badituzu, giltzak bulegoan ahaztu ahal zaizkizu = …giltzak bulegoan ahaztu dakizkiZUke; eskale hori diru eske hurbildu ahal zaigu = eskale hori diru eske hurbil_ dakiGUke…
- Nor-nork orainaldikoak: horretarako, Indikatiboko erroa -U-
automatikoki –ZAKE bihurtzen
da. Gainerakoan, ez da ezer aldatzen, ez pertsona marken ordena, ez deus. 14.
orrialdeko 3. taulako adizkiei banan-banan erreparatu diegu, ikasleak ohar
daitezen, alde batetik, aipatutako aldaketa hori gertatu dela denetan (Indikatiboko U> ahalerako ZAKE) eta, bestetik, pertsonen
markek Indikatiboko orainaldiko nor-nork adizkietako ordena bera jarraitzen
dutela, hau da, hasieran nor pertsona
markak datozela eta amaieran, nork edo subjektuaren markak. Adib.: naUzu
> naZAKEzu; zaitUgu > zaitZAKEgu; dUzu > deZAKEzu; gaitUzte >
gaitZAKEte; zaitUztet > zaitZAKEtet; ditUzue > ditZAKEzue… Adib.: Eraman ahal naUzu autoz
eskolaraino? = Eraman naZAKEzu autoz
eskolaraino?; nahi baduzu, guk zu bazkaltzera gonbidatu ahal zaitUgu = …guk zu bazkaltzera gonbida_ zaitZAKEgu; irakasleak ariketak egitera derrigortu ahal gaitU = irakasleak
ariketak egitera derrigor_ gaitZAKE
> haiek zuek haserrarazi ahal zaitUztete > haiek zuek haserraraz_ zaitZAKEtete…
- Nor-nori-nork orainaldikoak. Aditz hauek nola daude osatuta Indikatiboko orainaldian? Lehenik, NOR=ZER (beti 3. pertsona, singularra nahiz plurala); gero, NORI pertsona morfema eta, azkenik, NORK edo subjetuaren marka: dizut, didazu, diguzu, diet, diegu…Ordena horretatik datorkio aditzari NOR-NORI-NORK izena. Ba ahaleran ez dugu ordena aldatuko. Bi aldaketatxo bakarrik egingo ditugu: DI horri –EZA gehituko diogu (pluralean ere bai) eta NORI eta NORK pertsona marken artean, -KE tartekatuko dugu: Beraz: DIEZA(zki) + NORI pertsona marka + KE + NORK pertsona marka. (14. orrialdeko laugarren taula) Adib: dizut > diEZAzuKEt; diguzue > diEZAguKEzue; didate > diEZAdaKEte; dio > diEZAioKE; dizuegu > diEZAzueKEgu… Adib.: Dabid, fotokopia bat eman ahal didazu? = Dabid, fotokopia bat eman diEZAdaKEzu?; nik zuei materiala blogean ipini ahal dizuet = nik zuei materiala blogean ipin_ diEZAzueKEt; haiek guri lagundu ahal digute = haiek guri lagun_ diEZAguKEte; zuk guri zalantzak argitu ahal dizkiguzu = zuk guri zalantzak argi_ diEZAzkiguKEzu; haiek haiei apunteak utzi ahal dizkiete = haiek haiei apunteak utz_ diEZAzkieKEte…
- Goizeko taldean: Sistema bakoitzean, Indikatiboko adizkietatik Ahalerako adizkietara igarotzeko urrats nagusiak gogorarazi ahala, praktiko bat egin behar izan dute ikasleek Indikatiboko adizkiak Ahalerara pasatzeko, taulei erreparatu gabe eta nik emandako trikimailuak aplikatuz. Jarraian, zuzendu egin dugu.
- Goizeko taldean: Orainaldiko ahalera (nor, nor-nori, nor-nork eta nor-nori-nork) lantzeko Gramatika eta ariketak II liburuko 15. orrialdeko ariketak eginak izan behar lituzkete. Eginak dauzkanak zuzen ditzala nik emandako erantzun-orriarekin, eta egin ez dituenak, egin eta zuzen ditzala.
- ENTZUNAREN ULERMENA: Antsietatea, ezinegona baino zerbait gehiago (x1). Aurretiaz itemak azaldu ondoren, bitan entzun dugu entzungaia eta, jarraian, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz.
- AHOZKO ADIERAZPENA: Osasun
arloa: Osakidetza, medikuntza naturista eta akupuntura. Antsietatea
zer den azaldu digute entzun berri dugun entzungaian. Antsietateak jota
bageunde, medikuarenera jo beharko genuke, baina…noizko emango ligukete
hitzordua? Gure betiko medikuarekin ala ordezkoren batekin? Akaso anbulatoriora
joan beharrean kontsulta pribatu batera joatea hobe? Ala belarzaleren
batengana?
Joan den egunean Osakidetzaz jardun genuen hizketan, baina medikuntza tradizionaletik haratago badira bestelako sendabideak ere, medikuntza naturista eta akupuntura, besteak beste. Horiei buruzko bakarrizketa fitxak eman nizkien etxean presta zitzaten, baina hainbat arrazoirengatik – ikasle gutxi, batzuk prestatu gabe – elkarrizketan jardun dugu Osakidetzaren funtzionamenduaz eta bestelako terapia horien eraginkortasunaz.
-
ETXERAKO LANAK:
IKUS Aste Santurako eta Pazko Asterako etxerako lanen
zerrenda dakarren orri osagarria.
Aste Santu eta Pazko Asterako etxeko lanak
1.
Baldintza Hipotetikoa eta Irreala errepasatzeko ariketak (eta erantzunak).
2. Orainaldiko
Ahalera lantzeko indartze-ariketa. Bertan, 50 esaldi ipini dizkizuet,
AHAL + indikatiboa erabiliz. Zuek horren baliokidea den ahalerako adizkia
erabili beharko duzue (ahaztu gabe aditzari –I /-TU kentzea, hau da,
“aditzoina” erabiltzea, salbuespenak salbuespen). Nahasian dituzue NOR,
NOR-NORI (3. pertsonak), NOR-NORK (guztiak) eta NOR-NORI-NORK sistemak. Egin
eta zuzen itzazue, erantzunak ere badituzue.
3.
Kausazko perpausak. Lehenengo bi ariketak. Printzipioz, klasean zuzentzeko.
4. Hernaniko igogailua. Badira
eraikinen barruko igogailuak, baina baita hirian hiritarren mugikortasuna
(mugitzeko erraztasuna: “movilidad”) eta irisgarritasuna (norabait iristeko edo
heltzeko erraztasuna: “accesibilidad”) errazteko eraikitzen direnak ere. Horien
artean, aurrenekoetakoa (=lehenengoetakoa) izan zen Hernanin jarri zutena,
hernaniarren mugikortasuna eta
irisgarritasuna errazte aldera (=erraztearren = errazteko), zehazki, Karabel
auzotik goiko kaxkora igotzeko. Horri buruzko jarduera bat duzue: Igogailua, irisgarritasuna eta aukera
berriak deritzon cloze-testa. Erantzun-orriak,
oporretatik itzulitakoan emango dizkizuet (baina blogean izango dituzue eskura).
5.
Igogailuan izeneko jarduera, idatziaren ulermena
lantzekoa. Klasean zuzentzekoa.
6. Telefono
kabinak izeneko jarduera,
esaldiak txertatzean datzana. Printzipioz, klasean zuzenduko dugu.
7. Luis eta
Benjamin Gomez arkitektoak. Entzunaren ulermena lantzeko ariketa
(entzungaia eta erantzun-orria, blogean eskuragarri).
8.
Idazlana:
Iritzi artikulua. Aukeratu bi gaietako bat:
a. Osakidetzaren
argi-ilunak: (klasean mintzagai izan dugun fitxako puntuetatik nahi
dituzunak gara ditzakezu).
b.
Txinatarren
inbasioa: Zure auzoko dendarien elkarteko burua zara eta Berria
egunkarian zure kexa adieraztea erabaki duzu; izan ere, auzoan txinatarrek
izugarrizko pabilioia hartu dute errentan eta bertan, euren saltokia – El Corte
Chino – irekitzekoak dira (=irekitzekotan dabiltza = irekitzeko asmoa dute)
luze baino lehen. Jakina, horrek ez lizueke inolako mesederik egingo auzoko
dendarioi (zu barne). Argudiatu zure iritzia, irakurleak zure alde jar daitezen
eta udalak txinatar horiei jarduera-baimena uka diezaien.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina