2023/04/25

B2.2 maila. ARRATSALDEKO TALDEAren 48. eskola eta GOIZEKO TALDEAren 47.a. 2023ko apirilak 24 eta 25

Arratsaldekoen  48. eskola eta goizekoen 47.a: 2023ko apirilaren 24 eta 25ekoa

-         Igogailuan izeneko ulermen-jarduera zuzendu dugu, astiro, testua neuk irakurri ahala beharrezko azalpenak emanez eta erantzun zuzenak behar bezala argudiatuz. Oraindik zuzendu ez badute, hurrengo klaserako zuzen dezatela Hernaniko igogailuaren jarduera, nire azalpenei arretaz erreparatuta.

-     Kausazko perpausak lantzeko 3. eta 4. ariketa osagarriak zuzendu ditugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Bi ariketaok –(e)NEZ (GERO) kausazkoa lantzeko dira.  Zuzendu ahala, honako oharrok egin dizkiet (kopia bana eman diet):

·    1. OHARRA: Gogoan izan, -(e)LAKO baino ahulagoa dela eta, beraz, ez dugula erabiliko “Zergatik?” galderari erantzuteko, kausazko azalpen bat emateko baizik; beraz, normalean ez da aditzaren aurrean joango, ez delako galdegaia edo esaldiko osagairik markatuena izaten:

Lanik ez zuenez (gero), guri laguntzeko esan genion

eta ez

Lanik ez zuenez (gero) esan genion guri laguntzeko”).

·   2. OHARRA: 4. ariketa, espresuki (= berariaz = beren beregi) prestatua dago, gaztelaniatiko kalkoa saihets dezaten. Izan ere, oso ohiko akatsa, oso zabaldua dagoena, da gaztelaniaz erabiltzen duten “como...” kausazkoa euskaraz “nola...” itzultzea. Ba, ez!! Euskaraz,  -(e)NEZ erabiliz itzuliko dugu:

(“como estoy cansado...” = “ya que estoy cansado”...) > “nekatuta nagoENEZ,...” (“nola nekatuta nago...”).

Benetan diotsuet (=esaten dizuet), erdarakada itsusi eta trakets hau oso zabaldua dagoela; klasean ere, mintzatzen ari direnean, bati baino gehiagori entzuten diot “nola...” trakets hori. Hona beste bi adibide:

nola nekatuta nago, eseri egingo naiz” > “Nekatuta nagoENEZ, eseri egingo naiz”; “nola berandu da, ohera noa” > “Berandu dENEZ, ohera noa”; “nola ez du gainditu, kurtsoa errepikatuko du” > “Gainditu ez duENEZ, kurtsoa errepikatuko du”.

Ikasle batek baino gehiagok gaztelaniaz erabiltzen den “como”rekin zalantzak izaten dituzte, ez dakitelako euskaraz moduzkoa ala kausazkoa egin. Gaztelaniaz bi “comodesberdin daudela gogorarazi diet: bata, moduzkoa eta bestea, kausazkoa.

o   moduzkoa (“como he leído, el vírus se ira extendiendo”). Kasu honetan, euskaraz –(e)NEZ edo –(e)N BEZALA moduzkoa erabiliko dugu: Irakurri dudaN BEZALA, birusa hedatuz joango da = irakurri dudaNEZ, birusa hedatuz joango da.

o   kausazkoa (“como no lo entendo (=ya que no lo entendo), se lo voy a preguntar al profesor”).  Euskaraz, -(e)NEZ edo –(e)NEZ GERO kausazkoa erabiliko dugu: Ulertzen ez dudaNEZ (GERO), irakasleari galdetuko diot (=ulertzen ez dudalako, ez baitut ulertzen, ez dut ulertzen eta).

-    Goizeko taldean: ENTZUNAREN ULERMENA: Zerbitzu enpresak (x1, 0,9). Itemak astiro azaldu ostean, birritan entzun dugu entzungaia eta, jarraian, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak behar bezala argudiatuz. Horretarako, arbelean ipini diet erantzun orria eta erantzunak ontzat / txartzat emateko argudioak.

-     Goizeko taldean: AHOZKO ADIERAZPENA: Beti pantailari begira bizi gara, ez bakarrik haurrak, baita helduok ere. Joan den jarritako entzungaia laburbildu diet: Amaia Pavon ikus-entzunezko komunikazioko irakaslea dela; autobusaren zain zegoelarik, mugikorra ez hartzeko ariketa nahita egin zuela; ikasleen lanak ikusita ohartu zela – eta beraz, ikasleek ohartarazi zutela – hutsarteak, hots, ezer egin gabe igarotzen ditugun uneak, desagertu egin direla; zenbait hiritan oinez dabiltzanek mugikorra erabiltzea debekatuta daukatela; gizarte honi ezer egin gabe egotea denbora galtzea iruditzen zaiola eta ideia hori burutik kendu behar genukeela…

Ondoren, horko puntuen gainean solastu dira ikasleak. Lau bakarrik zeudenez, elkarrekin jardun dugu puntuz puntu (lehenengo lau puntuak izan ditugu mintzagai).

HITZ EGIZUE HONAKO PUNTU HAUEN GAINEAN:

1.      Batzuek nahiago omen dute etxetik azpiko arroparik gabe atera mugikorrik gabe baino; ezin omen dira eskuko telefonorik gabe inora joan eta etxean ahaztuz gero, etxera itzultzeko gai omen dira. Zu ere horrelakoa zaitugu? Zenbaterainoko menpekotasuna daukazula esango zenuke? Handia? Kontrolaezina?

2.      Amaiaren hitzek zer pentsatua ematen dute, ezta? Kaleko oinezkoei edota autobus, tren…barnean doazenei erreparatu besterik ez dugu ikusteko zenbat eta zenbat doazen mugikorrari begira edo mugikorrez hizketan. Gizakion arteko aurrez aurreko harremanak galduz doaz?

3.      Zuk zertarako erabiltzen duzu eskuko telefonoa: hitz egiteko soilik? Ala bestelako funtzioak ere erabiltzen dituzu, hala nola, WatssAppa, bestelako sare sozialak (Instagram, Tik Tok…), Internet, musika entzuteko, gps moduan, argazki kamera gisa…

4.      Ba al dakizu hotel bat ireki berri dutela eta bertara doazenek mugikorra harrera-gunean utzi behar dutela derrigorrez? Zu gai izango zinateke bertan egonaldi bat egiteko?

5.      Mugikorrak sortzen duen menpekotasuna arriskutsua izan liteke? Oinezkoen harrapatzeak, auto istripuak… eragin ditzakeelako, adibidez? Eta osasun aldetik, ez al dira ba –   hasieran hala esaten zuten –  telefono uhinak guztiz kaltegarriak gure osasunerako? Badirudi ahaztu egin zaigula.

6.      Edozein mugikorrekin konformatzen den horietakoa zaitugu ala azkenekoa, punta-puntakoa erosi behar izaten dutenetakoa?

-          ETXERAKO LANAK:

-      Kausako perpausak. Gramatika eta ariketak II liburuko 53. gaian dute kausazkoei buruzko teoria. Irakur dezatela gomendatu diet, nahiz eta nik bere garaian eman eta azaldu nizkien apunteak osoagoak izan. Ondoren, 196-197. orrialdeetako ariketa egin eta zuzen ditzatela. Horretarako, erantzun orria eta erantzun-orri horren eranskina – zenbait oharrekin – banatu diet.

-       Alegiazko ahalera edo hipotetikoa lantzeko indartze-ariketa (erantzunekin): “Alegiazko ahalerak edo hipotetikoak eragiten dizkigun buruhausteak!”.

-     Oraindik egin edo zuzendu gabe baldin badute, zuzen dezatela Hernaniko igogailuari buruzko cloze-testa, nire azalpenei arretaz erreparatuta.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina