2023/05/06

B2.2 maila: GOIZEKO TALDEAren 49. eskola (maiatzak 2koa) eta ARRATSALDEKO TALDEAren 50.a (maiatzak 3koa)

 

Goizeko taldearen 49. eskola (maiatzak 2) eta Arratsaldeko taldearen 50a (maiatzak 3)

- Bi taldeetan: ENTZUNAREN ULERMENA: Zer berri? (5). Sei albistetxo entzun dituzte eta  bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza  albiste horren gaiarekin uztartu behar izan dute, alegia, berri bakoitza zeri buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute; bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein hiztunek esan edo aipatu dituen aukeratu behar izan dute, beti ere, dauden distraktoreak saihestuz. Ariketa bakoitzerako, behin entzun behar da entzungaia; azken finean, entzungai berak direnez, bi ariketak egitean, azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Nahi izatera, zuzendu ostean, berriro entzun daitezke. Oharra:

“Zaharrak berri”. Norbaitek “zer berri?” galdetzen dizunean, “zaharrak berri” erantzun diezaiokezu, ez dagoela berririk, ezer ez dela aldatu adierazteko. Gaztelaniazko “sin novedad” euskaraz modu txukunean adierazteko modua.

- Bi taldeetan: Aspektu burutu bereziak. Joan den egunean etxerako bidali nien esaldia zuzendu dugu. “Ese libro de Bernardo Atxaga ya lo tengo leído” = “…ya lo he leído”. Amaitutako ekintza, hots, burutua adierazten duen esaldi hau ahal duten modu desberdin gehien erabiliz euskaratu behar zuten, joan den eguneko azalpena kontuan izanik.

-         Bernardo Atxagaren liburu hori IRAKURRIA NAIZ.

-         Liburu hori IRAKURRIA NAGO.

-         Liburu hori IRAKURRIA DUT /… liburu horiek irakurriAK ditut.

-         Liburu hori IRAKURRIA DAUKAT /…horiek irakurriAK dauzkat.

-         Liburu hori IRAKURRITA NAGO.

-   Liburu hori IRAKURRITA DAUKAT /... liburu horiek irakurriTA dauzkat          (-TAK).

-         Liburu hori IRAKURRITA DUT /… liburu horiek irakurriTA ditut (-TAK).

-         Liburu hori JADA(NIK) irakurri dut.

-         Liburu hori DAGOENEKO irakurri dut.

-  Bi taldeetan: BADAGO…-T(Z)EA, BADAUKAT…-T(Z)EA… EZ DAGO…-T(Z)ERIK, EZDAUKAT…-T(Z)ERIK egiturak, nominalizazioekin ahalera / ezintasuna adieraztekoak, lantzeko berridazketak zer moduz egin dituzten galdetu  (erantzun orria ere banatu nien) eta balizko zalantzak argitu dizkiet, batez ere, ordenarekin zerikusia dutenak; izan ere, erantzun horriko ordenaz gain, bai baitira onargarriak diren beste batzuk ere.

-    Bi taldeetan: Berriki, Alegiazko ahalera edo Hipotetikoaren lau sistemetako adizkiak nola sortzen diren azaldu nuen, Indikatiboko adizkietatik abiatuta. Hasteko, Indikatiboko adizkietatik orainaldiko Ahalera eta hipotetikorako urratsak gogorarazi dizkiet, arbelean zenbait adibide ipiniz:

1.Nor-nori:

Orainaldian DAKI-nori-KE: erori ahal zait = eror­_ dakidake

 

Hipotetikoa: LEKI-nori-KE: eror_  lekidake, lekizkiguke…

 

2.Nor-nork:

Orainaldian U > ZAKE: nik zu zigortu ahal zaitut = …zigor_ zaitZAKEt, ekar_ naZAKEzu, ikus_ gaitZAKEzue…

 

Hipotetikoan:

o   Indikatibo lehenalditik abiatuta, U > ZAKE eta –N kendu: nindUzun > nintZAKEzu; gintUzten > gintZAKEte; zintUztegun > zintZAKEtegu

 

o   edo orainaldiko  ahaleratik abiatuta, A-ren ordez, -INT: nazakezu > nintzakezu; gaitzakete > gintzakete; zaitzaketegu > zintzaketegu. Hirugarren pertsonek, L-

 

3.Nor-nori-nork:

Orainaldian: DIEZA+ nori + KE + nork: erosi ahal didazu = eros_ diEZAdaKEzu; utzi ahal dizkiet = utz_ diEZAzkieKEt

 

Hipotetikoan, NORK aurrera: Nork + IEZA + nori  + KE + (TE). Beraz, orainaldian ez bezala, hipotetikoan desberdin hasiko zaizkigu adizkiak, subjektuaren edo nork kasuaren arabera: eros_ zenIEZAdaKE; utz_ nIEZAzkieKE

 

-    Bi taldeetan: Ondoren, Gramatika eta ariketak II liburuko 19. orrialdeko ariketak eginak eta zuzenduak dituztelakoan, honako ohar hau egin diet: ikusi genuen orainaldiko ahalera erabil daitekeela baldintza errealarekin konbinatuta (Ingelesez astiro hitz egiten badiote, dena uler_ dezake).

Bada, gauza bera gertatzen da alegiazko ahalera edo hipotetikoarekin: alegiazko baldintza edo hipotikoaren (2. baldintza) ondorio gisa erabil daiteke ahalera hipotetikoa  (ekialdeko euskalkietan joera hori dute), ondorioko adizki hipotetikoen ordez (guk, hegoaldean, gehiago erabiltzen dugu ondorioko aditz hipotetikoa).

 

Bihar jai izango bazenu, elkarrekin egun pasa egingo genuke (ondorio hipotetikoa) (“haríamos”)

= Bihar jai izango bazenu, elkarrekin egun pasa egin genezake (ahalera hipotetikoa) (“podríamos hacer”).

 

Autoz joango banintz, garaiz iritsiko nintzateke bilera horretara (ondorio hipotetikoa) (“llegaría”)

= Autoz joango banintz, garaiz irits­­_ ninteke bilera horretara (ahalera hipotetikoa) (“podría llegar”)

 

Hona hemen adibide gehiago:

 

Ikasleak gehixeago saiatuko balira, emaitza hobeak lortuko lituzkete (ondorio hipotetikoa) (“conseguirían”).

= Ikasleak gehixeago saiatuko balira, emaitza hobeak lor_ litzakete  (ahalera hipotetikoa) (“podrían conseguir”).

 

Datorren astebururako eguraldi ona iragarriko balute, Urbasan mendi-ibilia egitera joango ginateke (ondorio hipotetikoa) (“iríamos”).

= Datorren astebururako eguraldi ona iragarriko balute, Urbasan mendi-ibilia egitera joan_ gintezke (ahalera hipotetikoa) (“podríamos ir”).

 

Erosleentzat aparkatzeko lekua nonbait BALEGO (=egongo BALITZ), auzoko erdigunean ez LITZATEKE arazorik izango eta auzokoek eta eskolako irakasle-ikasleok kotxeak hobeto aparkaTUKO GENITUZKE (ondorio hipotetikoa) (“aparcaríamos”)

=…auzokoek eta eskolako irakasle-ikasleok kotxeak hobeto aparka_ GENITZAKE (ahalera hipotetikoa)(“podríamos aparcar”).

ERNE!!! Ohar zaitezte, ordea, baldintzaren ondorioan (egingo, iritsiko, etorriko, ikusiko…) ez bezala, ahalera erabiltzen dugunean aditzoina (egin_, irits_, etor_, ikus_) baliatuko dugula, -I edo  –TU aditz-aspektu markarik gabe, alegia.

-      Bi taldeetan: Ahalera ikusten ari gara eta ikusiak nahiz landuak ditugu, bai Orainaldia (naiteke, dakiguke, dezakezu, zaitzakegu, diezaioket...), bai Alegiazkoa edo Hipotetikoa (ninteke, lekiguke, zenezake, zintzakegu, niezaioke...). Gaurkoan lehenaldiaren azaleko aipamena egin diet, hipotetikoarekiko aldea nabarmenduz.  Horretarako, Gramatika eta ariketak II liburuko 20. orrialdera jo dugu; aldi berean, 16. orrialdea ere irekiarazi diet eta, honela, Alegiazko ahalera (edo hipotetikoa)  eta Iraganekoaren (edo lehenaldikoaren) arteko aldeez ohartarazi ditut. Bai, formalki, bien artean ez dago desberdintasun handirik (esanahi aldetik bai, noski).

Laburbilduz, Iraganeko edo Lehenaldiko Ahalerak, amaieran –EN darama (-te amaiera dutenek -N baino ez dute hartzen) eta hirugarren pertsonek, hasieran L- eraman beharrean, Z-. 

Adib.:

Agian bihar zurekin afaltzera joan NINTEKE (“podría ir”), deituko dizut berresteko (alegiazko ahalera edo hipotetikoa).

Atzo zurekin afaltzera joan NINTEKEEN (=joan ahal nintzen) (“podía ir”, “podía haber ido”), baina ez joatea erabaki nuen” (iraganeko ahalera edo lehenaldikoa).

Mikel gehiago saiatuko balitz, egunen batean abokatu bikaina izan LITEKE (“podría ser”)(alegiazko ahalera edo hipotetikoa).

Mikel abokatu bikaina izan ZITEKEEN (=izan ahal zen) (“podía ser”, “podía haber sido”), baina albaitari (bezala) lan egitea erabaki zuen (iraganeko ahalera edo lehenaldikoa). 

Gramatika eta ariketak II liburuko 20. orrialdean ditugu Iraganeko edo Lehenaldiko Ahalerako adizki errazenak: NOR sistema eta NOR-NORK sistemako 3. pertsonak. Gramatika eta ariketak II liburuko 22. orrialdean, berriz, gainerako guztiak (nor, nor-nori sistemako 3. pertsonak, nor-nork sistemako pertsona guztiak eta nor-nori-nork adizkiak). Liburuan jartzen duen bezala, ahalerako iraganeko adizkiek aditz nagusiak aipatzen duen ekintza iraganean egiteko ahalmena edo gaitasuna eta iraganean zerbait gertatzeko aukera edo posibilitatea adierazten dute. Baina ez dakigu azkenean egin zen ala ez. Hortxe dago koska!

Iraganeko ahalerako adizkiak AHAL + Indikatiboa egituraren parekoak dira: joan_ gintezkeen = joan ahal ginen; egin_ zenezakeen = egin ahal zenuen; eros_ zitzakeen = erosi ahal zituen; har_ nitzakeen = hartu ahal nituen…; ikus_ nintzakezun = ikusi ahal ninduzun; ekar_ zeniezadakeen = ekarri ahal zenidan

Bestalde, ez  ditzatela nahas iraganeko ahalera – “etor zitekeen = etorri ahal zen” (“podía venir” edo “podía haber venido”) (etortzeko aukera edo ahalmena adierazten du, baina ez dakigu azkenean etorri zen ala ez, ez dakigu ekintza burutu zen ala ez) – eta “etorri ahal IZAN zen” (“pudo venir”) (hemen, etorri zela adierazten dugu, ekintza amaitua dago eta, horregatik, IZAN hartu du, aditz konposatua delako, ahal izan, behar izan, nahi izan, ezin izan, balio izan, axola izan, merezi izan, inporta izan, bizi izan… aditzen familiakoa: ezin izan nintzen joan (“no pude ir”), ezin izan nuen egin (“no pude hacer”), joan behar izan genuen (“tuvimos que ir”), merezi izan zuen (“mereció”), bizi izan zen (“vivió”)….

                         Atzo lanetik ordu bietan irten nintzenez, erosketak egitera joan NINTEKEEN = joan AHAL NINTZEN (podía ir) (baina ez dakigu joan nintzen, dakigun gauza bakarra da astia banuela joateko).

                         Atzo lanetik ordu bietan irten nintzenez, erosketak egitera joan AHAL IZAN NINTZEN (pude ir) (kasu honetan, erosketak egitera joateko aukera bete edo gauzatu zela adierazten da, erosketak egitera joan zela, alegia).

-   Goizeko taldean: Hernaniko igogailuari buruzko testuan honako esaldi hau agertu zaigu: “Irisgarritasunean urrats edo pauso bat gehiago emateaz gain, aparkalekuen arazoa arintzeko lagungarri ere bada”. Ongi aukeratu zenuten erantzun zuzena? Hona hemen nik gehitutako oharra:

1 b) ERE BAda.

-          ERE partikula inoiz ez doa adizki jokatu baten ondoren eta, beraz, c) aukera guztiz oker dago. Bestalde, ERE lokailuaren urrezko arau batek dio ERE justu adizki trinko baten aurrean doanean, honek BA- hartu behar duela derrigorrez: nik ere badakit hori; gu ere bagoaz txangora; zuek ere baduzue horren berri…


              Adibide hori oinarritzat edo aitzakiatzat hartuta, ERE lokailuaren teoriako punturik esanguratsuenak azaldu dizkiet. Gaurkoan, lehenengo hiru arauak. Hurrengoan jarraituku dugu azalpenarekin.

-          Bi taldeetan: AHOZKO BITARTEKOTZA: Mintza librea.

-          ETXERAKO LANAK:

-    Bi taldeetan: Gramatika eta ariketak II liburuko 21. eta 23. orrialdeetako ariketak (norberak zuzen ditzala, neuk banatu dizkiedan erantzun-orriekin), iraganeko edo lehenaldiko ahalerako adizkiak lantzekoak. 21. orrialdeko ariketen oharrak:

o   2. ariketan: 1. esaldian: ZENEZAKETEN + ela > ZENEZAKETELA

o   2. ariketan: 3. esaldian: eros_ ZITEZKEEN (“erosi” aditza transitiboa, UKAN, den arren, hemen IZAN darama, balio inpertsonala duelako: “se podían comprar”).

o   2. ariketan: 5. esaldian: lau aukera desberdin: EZIN NEZAKEEN azterketa hura GAINDI_; EZ NEZAKEEN azterketa hura GAINDI_; EZIN GAINDI_ NEZAKEEN azterketa hura; azterketa hura EZIN GAINDI_ NEZAKEEN.

o   2. ariketan: 6. esaldian: aukera bat baino gehiago: EZIN ZEZAKEEN koilara ahora ERAMAN_; EZ ZEZAKEEN koilara ahora ERAMAN_; (koilara) (ahora) EZIN ERAMAN_ ZEZAKEEN (koilara) (ahora).

o   2. ariketan: 7. esaldian: autoa barrura sar_ ZITEKEEN, baita sua piztu ere = autoa barrura sar_ ZITEKEEN eta sua piztu ere bai = autoa barrura sar_ ZITEKEEN eta sua piz_ ZITEKEEN.

o   2. ariketan: 8. esaldian: (lagunekin) EZIN GINTEZKEEN (lagunekin) hain erraz GERA_; (lagunekin) EZ GINTEZKEEN (lagunekin) hain erraz GERA_; (lagunekin) EZIN GERA GINTEZKEEN (lagunekin) hain erraz.

-   Arratsaldeko taldean: Igandean izango da Amaren Eguna. Horren harira, Ama deritzon ulermen-jarduera bidali diet, Imanol Lazkanorena.

-          Arratsaldeko taldean: Fashion izan nahi, kosta ahala kosta izeneko ulermen-jarduera.

-          Arratsaldeko taldean: Idazlana: Iritzi artikulua (genero berdintasuna / genero indarkeria).

-   Arratsaldeko taldean: Berdintasunezko konparazioa: HAIN / BEZAIN / HAINBESTE / ADINA. Hauek errepasatzeko ariketa (erantzun-orriarekin batera).

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina